DONOSTIA HIRIA METROPOLIRAKO BIDEAN (VII): IZANAREN ONDAREA ETA GARENAREN IKURRAK, ZEINUAK, SINBOLOAK…

Duela hamar bat urtetik hona aldika-aldika ezaguturiko berrikuntza proiektuak badirudi zaku urratuan erori direla behin eta berriro. Azkenaldian, La Herrerako aldean planteatzen den hiri-berreskurapenak bi partzelatan desberdintzen du bertako azalera, elementu adierazgarri lez utzitako ur-lerro edo kanalarekin (Bilboko Zorrotzaurre penintsulan pentsatu zuten halako zerbait, azkenean asko itxuraldatuta).

Trintxerpetik hurbilen legokeen partzelan, traza urbanoari atxikiz, ordenazio urbanistikoaren ondoriozko hiri-ehundura berria sortuko litzateke bertako pabiloiak eraitsita (pabiloi berriak hegoaldeko zonaldean kontzentratuko lirateke). Horien ordez, etxebizitzak, komertzioak eta aktibitate ‘garbidun’ jarduera ekonomikoak ezarriko lirateke. Hirigintza, garraioa eta ingurugiroaren zaintza integratuz, Jaizkibia erakunde publikoak Jaizkibeleko korridorearen berreskurapenaren alde egiten du administrazio publikoekin konpromisoak lortuz, Pasaiako espazioan La Herrerako ordenazioa, Molinaoko berrikuntzak etorkizuneko badiaren transformaziorako gogoetak eraginez. Hala ere, hiritarren parte-hartze kolektiboa historikoki esanguratsua izan den tokietan, proposamen globalagoen beharra faltan botatzen dela dirudi. Hori dena Donostia bezalako zerbitzu-hiri turistikoaren metropolian finkaturik.

Intentzio horiek guztiek ikusteko dago oraindik zer-nolako gorpuzkera izango duten, ez bakarrik ingurune natural baliotsuaren ustezko hondamendian baizik eta espazio urbanoaren eta Donostiako metropoliaren konfigurazio morfologikoan ere. Itsasora gerturatutako hiriak adeitasun historikoz taiutu ditu ur-fronteetako paraje urbanoak eta kostako muga-lerroak. Superportuak berriro itsasoari lurra irabaztea ez ezik paisaiaren izugarrizko itxuraldaketa aurreikusten du. Kontua da nola posible izango den hiri-eskenatoki berri horretan kultur ondareko elementuak gordetzea eta zaintzea, kultur ondarea monumentuez, behin behineko elementuez eta arkitektura ikusgarriez gain itsas bazterreko eta ibaiertzeko hiriaren ikuskizun bitxi eta estetiko nahiz kulturala bere osotasunean izanik. Halaber, paisaia etnografiko narriatu horretako ondare arkitektoniko, historiko, kultural, industrial eta sinboliko ikonografikoaren balioztapenak aberastasunari eta garapenari ateak zabaldu ahal dizkio etorkizunean.

1-2. Pasaiako portuko bokaletik gora atzemandako itsastar paisaia urbanoak, ondare gainjarriaren baitako eskultura-elementuekin.

 

Pasaiako ‘hiru mosketariak’ akabuan lau baldin badira (Trintxerpe ‘laugarren’ mosketaria eta Galiziako ‘bosgarren probintzia’), ‘mosketari’ horietako baten dorre ondoratuaren aurrietatik Nestor Basterretxea euskal eskuturgilearen monumentua jaio zen 1971n (“Homenaje a los pescadores y navegantes muertos en la mar”). Antxoko beste ‘mosketariak’, aldiz, ezpataren ordez Ricardo Ugarteren “Portu baterako aingura” deituriko eskultura hartu zuen zeinu gisa hogei urte geroago (1991), bertako kai aurreratuan kokatua[1]. Baliza-argiek eta gainontzeko portuko egitura zein altzariek dagoeneko lan honen hasieran komentatu ditugun elementu eskultoriko eta monumentuetan isla lukete; itsas kultura sakon eta gogaikarri baten zeinu sinboliko bilakatuak[2].

3-4. Nestor Basterretxea artistaren eskultura zuta, Euskal Herriko garai bateko eite artistikoarekin erlazio zuzena duena eta era berean, pasaia San Pedroko eraikuntzaren alderdi historikoei keinua egiten diena zutabearen euskarriko oroimen-plakaz.

 

Urak modelaturiko bizimoduak eta mendeen joan etorriak zizelkaturiko kulturak sano eragin baitu hiriaren bilakaeran, kostaldeko fenomeno urbanoaren egituraketa fisikoan eta irudikapen sinbolikoan denboraren iraganak eta espazioak esku hartuz. Kostako bizimodua itsasoaren probetxagarritasunean sostengatu izan da beti, tira-bira horrek definitu duelarik bai kultura eta baita paisaia ere. Lan harremanetan beste kultur adierazpide batzuk ere Euskal Herrian nola finkatuak izan diren oparo aztertu izan da zenbait kasutan diziplina desberdinetako autoreen partetik. Auzolanaren kategoria edo kontzeptuan euskarritutako laguntasun eta elkarkidetzaz gain lehiak eta norgehiagokak ere lekua izan dute gure herriko parajeetan, kostaldean estropaden antolakuntzan sinbolikoki azalduz. Honetan beti izan dira etsaiak Pasaia San Pedro eta Pasaia Donibane[3], portuko espazio berberean hain gertu baina horren urruti izanik; batik bat beste lotura-hari sinbolikoago batzuei bidea eginez.

5. Ricardo Ugartek planteaturiko itsas ondarearen pieza erraldoi funtzionala, elementu estetiko bilakatua.

 

[1] Itsas nabigazioaren eta industriaren boterea irudikatzen duen aingura handia Trintxerpeko sarreran kokatu zuten 2008an (Gomistegiko bide-gurutzearen errotondan).

[2] Bilbon ere atzeman genezakeen beste agerpen kultural interesgarria Donejakuerako bidearen presentzia litzateke. Pasaian hasi eta Plata-ko faroraino igoz, mugarriak aurkituko ditugu ibilbide osoan. Ulia mendian, ‘ingelesen iturria’ iraganda (ura garraiatzeko harrizko zubitik Errotazar-eko tuneleraino eta handik Donostiako kaleetara heltzen zen ur edangarria) antzinako tranbiaren markekin bat egingo luke, Monpas-eko zonalderaino ailegatuz Donostiako itsas bazterreko lurretan.

[3] Halako desafio baten lehen datu idatzia Pasaia eta Hondarribiaren artekoa izan zela diote.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude