DONOSTIA HIRIA METROPOLIRAKO BIDEAN (VI): PASAIAKO GAURKO HIRI-ITSASTAR PAISAIETATIK GEROARI SO

Gaur egun jakina da Pasaian, batez ere Antxo eta Trintxerpeko barrutietan jarduera industrial handiena kontzentratu izan dela, zonalde hauek berreskuratzeko ikono identifikagarrien beharrizan nabariak sumatuz. San Pedro eta Donibaneko barruti historikoek aldiz arrantzarekiko harreman estuagoa izan dute (nahiz eta XX. mendeko arrantza ‘industriala’ Trintxerpen ere kokatu[1], batik bat Galiziatik emigratutako marinel etorkin gazteekin), horrek Bilboko itsasadarrean baino paisaiaren pertzepzio tipiko eta erromantikoagoak eraginez eta ur-fronteetako estetika bereziak baldintzatuz[2].

 

Azken hogeita hamar urteotan industriaren galerak jotako lurraldeetan (1970etik aurrera), gainbehera industrialaren zeinu urbanoak aurkitzen ditugu nonahi, garai bateko memoriaren islak oroimen kolektiboak astinduz. Honekin batera, Pasaiako barruti historikoak bisitariari eskainiak izaten dira iragandako arrantzale izaeraren museo-bizi bezala, elementu urbano, monumentu eta kaleko altzarietan arreta nabaria jarriz.

1. Tradiziozko arrantza-portu izatetik arrantza industriala deituaren bultzatzaile izatera pasa zen Pasaia, Euskal Herriko litoralean kosta-lerroko beste zenbait portu-herritan gertatu den legez.

 

Bilboko metropolian eta Euskal Autonomia Erkidegoko beste zenbait konurbazio industrialetan gertatu izan den bezala, Eusko Jaurlaritzako Aurri Industrialen Eraispenerako Programak 1995etik 2006ra bitartean hainbat eraikin desagertu arazi ditu Pasaian. Berreskurapen industrialaren osteko paisaiak begi bistan dauden Gipuzkoako itsas bazterreko zonalderik inportanteenetarikoa izaki, etorkizunerako proiektuak (portutzarra, komunikazio bideen loturarako intermodala, horren guztiaren alternatiba den natur ekosistemen birmoldatzea, e. a.) ezbaian dauden egitasmoak lirateke oraindik, neurri batean bederen, akordiorik eta parte hartze handirik gabeko asmoak gaur bai eta bihar ere nonahi agertuz.

2-3. Pasaiako kanpo-portu handiaren eta barruko hiri-ordenamenduaren lehen irudi eta maketa bidez hobetsitako antolakuntza proposamenak.

 

Portuak lurraldeen garapenerako zentro inportanteak dira gaur egun, bai esparru ekonomiko eta sozialean. Pasaian, Badia Indartzeko Erakunde-arteko Batzordea Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gobernu Zentralak eratu zuten bertan parte hartze zuzena duten Udalerriekin (Pasaia eta Errenteria). Batzordeak, ingurunearen narriadura bortitzaz kezkatua, laguntza konbinatuak bultzatu nahi ditu arrantza-sektoreak, merkantzia-garraioak eta ontzi-eraiketa inplikatuz. Egitasmoa hauetan, itsas bazterreko espazioen hiri-antolaketa berria eta hirugarren sektoreari ateak irekitzea ere aurreikusten dute, garraioekin batera lehen mailako zentro intermodala bihurtuz. Donostia ekialdeko metropoli-barrutia osatuz, argi dago oraindik ere Kontxako badiak turismoari eta zerbitzuei dagozkien rolak eta irudiak eskaintzen dizkigula, Pasaiako industria eta merkataritzaren aldean:

 

“Halere, portuak duen nagusitasun-izaera horrek pribilegiozko toki bat eskaintzen dio inguruko hiriak onera ekartzeko edo eraberritzeko eragile gisako rola joka dezan. Oso zaila da gaur egun Badiako hiriko sarea sakonean berriztea, San Pedroko kaia, Donibaneko kaia bezalako eremuek eta oro har portuko esparru osoak jokatzen duten rola, kontuan hartu gabe. […] URBAN ekimen komunitariaren fondoak eskatzeko, Pasaiako Badiaren proposamenak egiteko oinarri izan genuen Pasaia Badiako Hiri-Berriztapenerako Egitarau Estrategikoak […] hirigintzako arloan bi mailako proposamenak egiten ditu, ‘egituraketarako lanak’ deitutakoak: Portu-hiria Plan Estrategikoa, lehenengo proposamen multzoan sartuta, eta gainerako guztiak, hau da, portuko eremuarekin zuzeneko loturarik ez dutenak”[i].

4. Itsasontzien eraiketa eta konponketarako oraindik ere bizirik dirauten portuko egitura industriak.

 

URBAN proiektu horien gerizpean, hain zuzen, 1990. hamarkadako azkenaldian hainbat instituzio eragileren parte-hartzeaz zabalkunde politikak abian jarri ziren, hitzarmenak sinatuz Oarsoaldea Eskualdeko Garapenerako Elkartearekin eta Donostiako Udalarekin. Ekonomia arloan turismoak duen zereginaz kontziente eta Donostia-Bidasoa-Côte Basque pribilegiozko lotunean, portuko hondamen egoerari aurre egiteko aisialdirako eremuen eta zonalde ‘berdeen’ premia nabaritzen zen kalitate urbano eskasa hobetu bidean, garraioen kontzentrazio handiegia ere neurri batean desabantaila izanik. Itsasoarekin harremana izan dezaketen jarduerak bultzatuko lituzkeen Pasaiako hiri-eremua (herri-gune historikoa barne) ‘parke tematiko’ gisa erabiltzeko ideiak ere bazeuden, alde batetik itsasoaren balore kulturak berreskuratzeko (mendez-mendeko bilakaeraren testigantzarekin) eta bestetik Pasaiako badia suspertze ekonomikoaren paradigma legez aurkezteko. Portuko kai zaharren bat edo beste kirol-ontzietarako egokitzeko inbertsioa zilegi litzatekeela uste zuten, izan ere, beste alternatiba posibleak martxan jartzeko diru kopuru askozaz handiagoa beharko zelakoan.

5. Pasaiako portuaren birmoldaketarako aurre-egitasmoak, planoetan marraztuak eta aurkeztuak.

 

Trintxerpen Herrerako lur-sailen parte zabal bat zentro urbano lez hartzeko aukera zegoela zirudien, portuko jardueretan gutxien erabilia legokeena sakonera eskasagatik, baita atrakalekua eta Donibaneko zenbait espazio ere. Gogoeta hauek ‘jarduera berritzaileen’ etiketarekin jantziak leudeke, berrikuntza hori paisaiaren estetikari eta diseinu urbanoari bete-betean dagokiolarik. ‘Arkitekturaren eskasia’, ‘ingurumariaren zahar itxura’ eta antzeko hitz nahiz esaldiak erabiltzen zituen delako plangintza estrategikoak, birmoldaketaren apustuak ‘paraje gogor’ historiko eta kultural horiek ‘paisaia bigun’ ponposo eta ustez ‘erakargarriagoetan’ leunduz (errepidearen eta trenbidearen lurperatzea, oinezkoentzako eta txirrindularientzako bide-sareak, kirol-portua eta aisialdirako gune zein azpiegiturak), ‘eragin txit kaltegarriak’ dituzten erabileren ordezkapenarekin:

 

“Gaur egun industriek okupatzen duten lursailak Zentralitate Berriko Eremu bihurtzeko bokazioa du. Trintxerpe auzotik gertuen dagoen zatia bertako hiri-egituran integratu beharko da, egungo pabilioiek eragite duten inpaktu negatiboa erabilera berriekin murriztuz. Helburu hau betetzen laguntzeko egokiak lirateke berdeguneak, aisialdi-esparruak, ekipamendu sozialak eta kulturalak eta antzeko erabilerak. […] Era berean, itsasoarekin lotutako beste hainbat iharduerei ere lekua egingo litzaieke, hala nola, hezkuntza nahiz ikerkuntza zentruei, akuarioei, zentru sozialei, itsas arloko ikasketei eta abar. […] Egungo iharduera ekonomikoak mantendu eta indartu nahi badira, eraldaketa prozesuaren ondorioz lekuz aldatu beharrean aurkitzen diren enpresei kokapen berriak eskaini ahal izateko alternatibak bilatzera behartzen gaitu. Izan ere, eskualdeak duen hirigintzako arazo larrienetako bat industria askoren kokapen desegokia da, hiriguneen barrualdean baitaude hainbat kalte eraginez. Aspalditik datorren arazo hobek hiri-ingurunearen bizi-kalitatea erabat hondatu du, eta enpresen funtzionalitatea bera ere kinka larrian dago zirkunstantzia honengatik. Apurka-apurka erabilera industrial bateraezinak hiri-eremutik kendu eta egokituriko esparruetara eraman ahal izateko industriaren lekualdatze programa burutzea proposatzen da”[ii].

 

Pasaiako badiaren saneamendu proiektu horren baitan burutapen estrategikoekin baino itsas bazterreko tradiziozko espazio historikoen erabilera erreal eta sinbolikoarekin erlazio handiagoa eduki zezakeen Ondartxoko hondartzaren berreskurapena ere eskatzen zuten San Pedroko biztanleek, badiak antzina-antzina izan zuen bainu-lekua, Astilleros Askorreta enpresaren emakida berreskuratuta[3]. Pasaiako hirigintzako arau subsidiarioen barnean legokeena (plan estrategikoak baino neurri apalago eta operatiboagoan berretsia), honekin ere ‘itsasoak eta mendiak bat egingo lukete’ berriro. Plangintzari dagokionean, aurreko atalean aipatzen genuen ildoan kudeaketa Eusko Jaurlaritzak duen portuetan babes berezikotzat jotzen dira horietako espazio batzuk, edozein jardun gauzatu baino lehen Portuak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plangintza aintzakotzat hartu beharko litzatekeelarik, teorian. Estatu espainiarrak kudeaturiko portuetan (Bilbo eta Pasaia) ezinbestekoa izango da proposatutako jardueren ‘justifikazio soziala’ eta aukeren azterketa. Onarpenerako Jaurlaritzak nahitaezko balorazioa egingo luke, Euskal Herriko Lurraldearen Antolamendurako Batzordearen txostena eskuan izanda.

 

Bien bitartean, fabrikaren, lurrin-makinaren, baporezko ontzien eta, oro har, industriaren paisaiak ‘aurrerapenaren estetika’ markatzen bazuen, bai Pasaian eta bai industriaren gainbeheraren ondorengo ezein paisaietan atzeman dezakegun panorama ‘itsusitasunaren’, ‘hondatzearen’ eta ‘narriaduraren estetikaren’ pareko zerbait litzateke. Gure begirada ‘estetikoaren’ azpian, errealitate gordinari dagozkion arazoak ezkutatzen edota erraz azpiratzen direla esan nahi du horrek.

6. Garabi berdintsuak funtzio berberak betetzeko bai Pasaian eta baita Bilboko itsasadarrean ere.

 

[1] Arrantza mota horren finkapena errepide nazionalaren eraiketaren eta trenbidearen ezarreraren eraginez gertatu zen Trintxerpen (XX. mendearen hasieran oraindik padurak zeuden bertan). 1919-1936 urteen bitarteko flotaren hazkundeak herri-gunea sortzea ahalbidetuko zuen, denbora gutxiren buruan biztanle kopurua zeharo ugarituz. Bertako egitura gehienak jarduera honi (arrantza konplexuari) lotuak zeuden. Hala ere, iragan dira dagoeneko bi edo hiru hamarkada Trintxerpek Euskal Herriko lehen arrantza-portu izateari utzi zionetik, Ondarroaren alde.

[2] P. Pérez Aldasoro eta J. Elberdin-ek diotenez, Pasaiako nortasunaz hitz egitean ezin dezakegu migrazioaren fenomenoa alde batera utzi. Denboran luze hedatuz, antzinako gaskoi herrietako etorkinen erara Portugal, Galizia, Gaztela eta Extremaduratik etorritakoek haien pausuak jarraitu zituzten. Kultur pilaketa eta nahasketa horrek gizarte kultur anitza moldatu du, erreferente desberdinetako nortasunak toki berean elkarbizitza baimendu beharrak dituen ondorioekin; bertako komunitatearen kide izatearen edukiak eta irizpideak zalantzatan geratuz.

[3] Operazio horrek ontziola zaharraren instalazio batzuk eraistea eskatzen zuen, Portuko Agintaritzak eta Kostaldeko Zuzendaritza Nagusiak gauzatu beharreko portu-lanak.

[i] NEBREDA DÍAZ DE ESPADA, Fernando. “Pasaiako portuaren etorkizuna: eztabaidara zuzendutako hainbat ohar eta hausnarketa”, in: AA. AA. Pasaia. Iraganaren oroigarri…, op. cit., 366. or.

[ii] Idem, 394, 396. orr.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude