DONOSTIA HIRIA METROPOLIRAKO BIDEAN (V): BADIAKO ANABASA URBANORANTZ XX. MENDEKO HIRI-PUZTEA BITARTEKO

Gipuzkoako aro industrialaren arkitektura gogaikarrienen artean beste fabrika eta eraikin anitz ere baleudeke, hirigintzaren hazkundeaz desagertzeko auzitan leudekeenak. Arrasto industrialek, izan ere, XIX. menderaino garamatzate Donibaneko Bizkaia auzoan eraikia izan zen Baignol portzelana lantegiko tximiniarekin, beronek toki horretako industrializazioaren lehen hastapen galduak gordez, elementu sinboliko hauekin beste ezein lekutan gertatu izan den gisan (XX. mendeko bigarren hamarkadan desagertua).

  1. Antzinako tximiniak Donibaneko espazioan dirau. Alboko argazkian zentral termikoaren ke-hodia.

XXI. menderako jarduera ekonomiko berrien sistema integratuak planteatzen dituzte, hiri ehundura berriak proposatuz antzinako fabrikak traza urbanotik desagertzean, paisaiaren eraldaketa estetiko bortitzak gauzatuz. Herrerako poligonoan aktibitate berritzaileek industria teknologikoei ateak zabalduko badizkiete, beste berreskurapen gune batzuetan lurraldearen berezko baliabideak eta paisaiari atxikitako interes-gune natural zein kulturalak hobesten ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoru Industrialaren (eta Aktibitate Ekonomikoen) Arloko Planak.

  1. Ontzien eraiketa eta konponketarako ditxoak, Pasaiako eremu industriadunean eta Bilboko Abandoibarra deritzon itsasadarreko lautadaren erpinean.

Nola edo hala, itsas bazterreko industria horren zenbait mugarri alderdi estetikotik ez ezik erreferentziazko monumentu bilakaturik aurkitu ditzakegu Pasaian: Estalpeko garabi elektrikoa 1932an ezarri zuten La Herrerako ditxoan (Babcock & Wilcox enpresak Pasaiako porturako eraiki zituen hamarretako bakarra[1]. Bilbon ere antzeko zerbait genuke Astilleros Euskaldunaren ditxoetako Carola garabiarekin). Garabiaren aldamenean Jaizkibel draga ere bazegoen, Eusko Jaurlaritzak Kultur Ondasun izendatua 1990eko hamarkadaren hasieran. Euskalduna Konpainiak eraiki zuen 1934an[2]. Hauez gain, Astilleros de Pasaia enpresaren dike flotagarriak 1925ean eraiki zituzten Alemanian (Lubecker ontzioletan). 1933an Pasaiara heldu aurretik Cadizen erabili zituzten dike lehorreko hormigoi armatuzko kajoiak eraikitzeko (Astilleros Euskaldunaren bat edo beste kontserbatu izan da Bilboko Abandoibarran ere)[3]. Beatriz Herreras-ek portuko ondare industrialaz jardutean itsas bazterreko bizibidea eta kultura atondu dituzten elementu eklektiko horiek goraipatzen ditu, “hasiak baitira Pasaiako egungo nortasun kolektiboa itxuratzen. Eta berezko nortasun hau, badiaren inguruan hedatu delarik, herri-guneez, etxe armarridunez, trenbideaz, enpresarien etxeez eta arrantzaleen egoitzez, oso kontuan hartu behar dugu aurrerantzean zerbaiti ekiteko asmotan garenean, baitan daramatzan balio guzti-guztiak gogoan betiere”[i]. Aurreko lerroetara joz, XX. menderako iragapidearekin eklektikotasunak arrazionalismorantz begiratuko du batez ere industriari atxikitako eraikuntza estiloetan, pabilioi funtzionalak nonahi garatuz. Jende-ugaritzearen beharrak ere etxebizitzaren gorakada ekarriko zuen, horrekin batera ekipamendu publikoak ugarituz (1922ko eskola unitarioaren proiektua, Instituto Social de la Marina…). Askozaz berriagoak lirateke testuinguru historikoak nola edo hala hausten dituzten tipologiez eraikitako arkitektura-eredu nabariak (batik bat azken hamarkadetako hirigintza barreiatuari duintasun izpirik barneratzen dietenak; Pasaiako Itsas eta Arrantzako Institutu Politeknikoa –Lahorga eta López Zanón, 1966–, 1984ko Kultur Etxea –Miguel Garay–, e. a.).

  1. Jaizkibel draga-ontziaren egoera eta kokapena Ondartxoko dikeetan.

  1. Jaizkibel dragaren zaharberritzea eta aldamenean, Bilbon zegoen Titán draga ia bikia.

Lehenagotik, 1940 eta 1950eko hamarraldietan konkretuki, portua zeharo berritu eta birmoldatu zuten, dragatze lanekin batera instalazio osagarriak eraikiz, arrantzarako kaia eta lonjak, sarrerako ubidearen hobekuntza, ekialdeko eta aurrealdeko kaiak, Molinaoko eta Kaputxinoetako ditxoen konponketa, Biltegi Frankoa (Bilboko Uribitartekoa XXI. mendearen hasieran eraitsi zuten, Isozaki arkitektoaren dorre enblematikoak moila historikoetako ur-fronteetan altxatzeko) eta ontziak konpontzeko fabrikak. Ontzigintzari dagozkion jarduera hauetako asko San Pedroko parrokiaren ondoko sakonunean kokatu ziren mendeetan (Erregearen ontzitegi zaharra lekuko[4]), XX. mendearen erdialderantz arrantzako azpiegiturek bereganatua. Gerra zibilaren urteetatik aurrera Pasaiako portuan altxatutako eraikin asko, arrazionalismoaren izpiritua jarraituz nabarmendu ditzakegula esan dugu (bai bulegoak, biltegiak edota osasun zentroa ere). Obra hauek gaur eguneko portuaren irudia konfiguratuko zuten, segurtasuna eta kapazitatea handitzen zihoazen neurrian. Horrekin batera, portuetako hiri-altzari industrialen ikuskizuna bertako fabrika, ontziola eta ontzitegiekin areagotuko da Pasaian: portuko sarreraren baliza-dorretxoak, moiletako garabi elektrikoak, zoladura berria eta portuko argiztapena, beste eskala baten Bilboko itsasadarrean eguneroko ogia izaten ziren garabiz hornituriko hodeiertzak irudikatuz. Hirigintzaren eskalan nozitutako aldaketarik handienetako bat itsas frontearen eraldaketa izan zela ezin dugu ahaztu. Bordalabordako inguruan hainbat eta hainbat industria kokatuko ziren orduan, horietan enblematikoenak Astilleros Luzuriaga eta zentral termikoa:

“Espazio hau, aztertzen aritu garen itsas fronte deitu hau, hots, gaur egun lanean ari diren enpresak eta erabilera berriak behar dituzten inguruak, esate baterako MEIPI, PYSBE edo Donibaneko ontzitegiak, elkarrekin direna, eraldaketa garrantzitsu zenbaiten gune nagusia izango da datozen urteotan. Pasaiak ez baitu itsas fronte hau bazterrean lagata bizi izaten segitu behar, eta honetara hurbiltzen hasi behar du, estetika edo pragmatika hutsetik haruntzago joz inondik ere. Ezen espazio honek ez du hurrean ditugun aldaketetan espazio askotariko eta zabala izateko aukera galdu behar. Donibaneko paisajean ikusten dugun industri garapen garrantzitsu honek beharturik, enpresek etxebizitzaren arazoari heldu behar izan zioten. Eta halaz sortu ziren, Instituto Nacional de la Vivienda haren eta enpresa desberdinen eskutik, Donibane modu ikusgarrian aldarazi zuten etxebizitza sailak”[ii].

  1. Zentral termikoaren kokapena eta estanpa urbanoari gainjarritako industriaren ikurra.

Etxe horien teilatuetatik birfindegiko tximiniaren bat edo beste agertuko zen portuak eskaintzen zituen lurzoru egokietan eta 1960ko hamarraldian, Bilboko burdina koloredun iluntze gorrixkak baino egunsentiko lanbro artean marrazturik, itsas usaindun estrukturak antxeten hegal azpiko espazio lurrintsuan hezurmamituz. Pasaiako portua, Gipuzkoako sektore siderurgikoaren ‘kate begi’ izandakoa, merkataritzako portu handi bakarra izango da eta Zumaia bigarren mailakoa, beste garai batzuetan hura ere Gipuzkoako merkataritza gune nagusi izandakoa (9. atalean ikusiko dugunez). Bitartean, 1805eko planoak Molinaoko marea-errotak izan zitezkeenak kokatzen zituen ingurunean[5] sortuko zen Pasai Antxoko nukleo urbanoa ere, badiako uren ertzetan:

“Gaur egun Antxo izenez ezagutzen dugun espazioa, XIX. mendea oso sartuta egon arte badiaren adar txiki bat izan zen, eta Altzako udal barrutian sartzen zelarik Molinao izeneko senaia bat itxuratzen zuen. Paraje hau, itsasbeheran, padura zingiratsu bat zen, itsasgora heltzean urez betetzen baitzen, eta errepide nagusia eta Norteko trenbidea eraiki zituztelarik isolatuta geratu zen. Gutxi gora behera hiruki baten itxura zuen: hegoko zatian, oinarrian, errepide nagusia zuen, eta iparrekoan, erpinean alegia, Altzako Molinao auzoa. Ekialdean Txoritokietako gotorlekurako bide militarra egin zuten, eta mendebaldean probintzi mailako herri bidea, errepide nagusitik petrolio fabrikara zihoana”[iii].

Hala bada, trenbidea azkar baten gurutzatuko zuen ingurune guztia hiri-bilbean isolamenduak probokatzeko arriskuaz, Bilboko itsasadarraren kasuan oso argi, Donostian modu apalagoan eta Baionan beste era batetan nabaritzen den bezala. Pasaian, aipatu Antxoko bide-zubi ospetsua eraikiko zuten zortzi metroko altueran arkupetatik beheko kaleei pasabidea emateko. Hormigoi armatuzko eraikin honen irudiaren indar ikonografikoa erabakigarria da Antxoko sare urbanoan. Bestalde, klase aberats berriei erantzuten zien Osinalderen zabalgunea betez zihoan neurrian bestelako azpiegiturak ere hasiko ziren agertzen (1904ko eskolak, 1912ko frontoia…), egoitzetarako espazioa industria-espazioarekin etengabe konpartituz, gaur eguneko hiri-egituraketaren oinarriak finkatzen zihoazen heinean. Horrela, hainbat fabrikatzar leudeke Molinaoko itsasadarraren aldamenean lerrokaturik eta trenbidearen trazatuak mugatuta.

Etorkizunera begira, Pasaiako badiatik kanpo kokatu nahi den portutzarraren proiektu polemikoak itsas bazterreko azpiegituretan Gipuzkoako kostaldean orain arte planteatu den inbertsiorik indartsuena eta, adi berean, ur-fronteetako paisaia historikoaren eraldaketarik handiena suposatuko luke:

“Pasaia fisikoki mugatuta dagoela eta muga horiek bere hazkundea ito dezaketela aintzat harturik, agintariek ditxo berri bat eraikitzeko proiektua jarri dute abian; oraingo sarbidearen eta Jaizkibel mendiaren bizkarraren artean egitekoak dira portu berri hori, eta, ustez, azpiegitura berri horrek salgaien joan-etorria halako moduan handituko du, non Pasaia Atlantiko aldeko bost portu garrantzitsuenen artean jarriko baitu”[iv].

  1. Pasaian egitekotan zebiltzan kanpo-portutzarraren aurre-diagrama infografikoak.

 

[1] Garabi portikoduna, kaietako zamalanetarako diseinua (luma motakoa, balantzin artikulatuarekin, bere egitekoa norabide erradialean eta horizontalki zama garraiatzea zen. Aukera ematen du garaiko sistemak, materialak eta errematxeak ikusteko.

[2] Jaizkibel Draga errematxedun txapaz eraikia zen; horixe baitzuen bitxitasunik nabarmenetakoa. 1980ko hamarkadan erabiltzeari utzi zitzaion, bere funtzionamendu ez baitzen jadanik batere praktikoa (auto-propulsiorako sistemarik apenas zuenez, sokekin lotzen zen moilaren bi alderdietara, mugimendu oso geldoak eta oztopo ikaragarriak eraginez). San Pedron kokatua, espazio arazo larriak zituztenez desegin eta txatarra bihurtzea erabaki zuten. Zorionez, momentu horretan Monumentu Artistiko deklaratu zuen Eusko Jaurlaritzak, babes legala eskainiz. Hala ere, 1995ean oso egoera kaskarrean zegoen eta konponketa batzuk egin zizkioten urperatu ez zedin. Gaur egun diru kopuru handia beharko litzateke erabat zaharberritu eta museo bilakatzeko, presupuesto horri urteroko mantenua gehituz. Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiak eta Pasaiako Portuak akordio bat lortu omen dute 2009-2010. urteetan zaharberritzea gauzatzeko (Pasai San Pedroko Ondartxon hamazortzi urteko geldiunearen ostean). Hala ere, Bilboko itsasadarreko industriaren ondare izan diren zenbait elementuen antzean, berreskurapena itxurazkoa izango da, funtzionamendua eragozten duten pieza klabe batzuk falta dira eta (garabia eta motoreak kendu zizkioten, besteak beste). Inoiz ez da berriro uretara bueltatuko eta elementu batzuk kanpotik ikusiak izateko baino ez dira eraberrituko. Itsas ondarearen kontserbaziorako zentroak elementu estetiko legez mantenduko du, beraz, Ondartxoko Azkorreta ontziola zaharretan (bertan finkatuko dute Ontziola izen propiodun erakundea ere, Donibanen dagoen ontziteria tradizionalaren ikerketa eta berreraikitze zentroa, Oarsoaldeako eskualdearen garapenerako Albaola agentziak sorturikoa). Hogei urte atzera eginez, atal honetan geuk ere aipatzen dugun aingura-eskultura jartzekotan zebilen Ricardo Ugarte artistak txatarra bihurtu nahi zuten Jaizkibel dragari arreta eskaini zion. Orduan Donostiako Untzi Museoan Gipuzkoako itsas ondarearen katalogazio lanetan zebiltzan José María Unsain eta Soco Romano-k albiste horren berri izan bezain laster Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkartearen laguntza izan zuten babes-espedientea bultzatzeko. Bestalde, portu askotan lez, Ondarroan Euskal Herria draga aritu izan zen lanean batez ere XX. mendeko lehenengo erdialdean.

[3] Hasieran San Pedron kokatua, Donibanera eraman zuten geroago. ‘U’ formako krosko bereziarekin, andelak urez betez sakonera jakineraino urperatzen da ontzia barnean sartzeko. Ondoren andelak hustu eta dikeak flotagarritasun gorena berreskuratzen du.

[4] Pasaiako ontzitegirik ezagunenak Torreatzia, Kondesmasti, San Pedroko Ondartxo (gaur egun berreskuratzeko prozesuan), Bordalaborda-koak eta Donibaneko Kalabutzakoak ziren.

[5] Trintxerpeko landa ingurunean ere errota zegoela uste da, hiri-bilbe berria antolatu aitzin, 1915. urtearen inguruan bertara ontzi eta arrantza enpresak hurreratzean. Toki erosoa eta oparoa zen negozioen ezarpenerako, itsasontzi handien maniobra zaila baitzen bertan. Arrantza-baporeentzako zerbitzuak, kai eta biltegi modernoekin ezarriko zituzten ordutik aurrera. Gerora, lur-sailak onak hemen ere eskasak izanik, altuera garaiko eraikin mordoa egin zituzten mendi-magalean gora. Industriak eta etxebizitzek sinbiosi boteretsua dute elkarren segidan, tradiziozko arkitektura arrazionalismoarekin eta funtzionalismoaren aldaera guztiekin konbinatuz. Zonalderik inportanteena Herrerako parajea genuke, apurka-apurka eraikinez josia.

[i] HERRERAS MORATINOS, B. “Pasaia bere ondareaz”, in: AA. AA. Pasaia… op. cit., 254. or

[ii] Idem, 228. or.

[iii] Ibídem.

[iv] Idem, 208. or.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude