Gros auzoko zabalgunea (III): Zurriolako lehen lerro eraikietan…

Espazio publikoaren urbanizazioak itsas bazterreko fenomeno urbanoari lotura emango lioke bai Grosekin eta baita Zurriola zein Kursaal aldeko ur-fronte enblematikoekin ere, distantziak salbu, Bilboko Abandoibarran Guggenheim museoarekin eta Euskalduna Jauregiarekin gertatzen den edo gertatu denaren antzean.

Proiektu global horrek, itsas lerroko hirigintzaren tratamenduaz gain ekipamenduen afera eta auzoetako antolakuntza egokituko lituzke. Horretarako ezinbestekoa ikusten zen konkurtso publikoa, kalitatezko proposamen arkitektonikoak itsas bazterreko espazio esanguratsuen tratamendu sinboliko eta adierazgarriarekin bateratuko lituzkeena. 2007an Donostiako alkateak mugarri urbano lez funtzionatuko lukeen hotelaren alde apustua egiten zuen bitartean, Xabier Ezeizabarrena surf-taldeak, liburutegia eta bestelako jarduerak posible egingo zituen eraikin askozaz apalagoa eta publikoa hobesten zuen, itsasoko olatuekin zuzeneko elkarrekintza edukiko zuen espazioan (Euskal Herriko Unibertsitatean, Donostiako Arkitektoen Goi Eskola Teknikoan irakasle diren Juan José Arrizabalaga eta Iñigo Viarek esku hartu zuten proiektua planteatzeko orduan).

1. Construcción de muro, 1922 (p.194)

2. Zurriola 1950 (p.191)

1-2. Zurriolako hondartzako eta ur-fronteetako obrak XX. mendeko lehen erdian, 1922an eta 1950ean urrenez urren, hona ekarri ditugun argazkietan.

 

Hiriaren eta itsasoaren arteko borrokan interes kontrajarriak

Iraganera itzuliz, Zurriola aldeko itsas bazterreko espazioan egon ziren, baita ere, huts egindako zenbait asmo urbanistiko, XIX. mendeko amaiera eta XX. mendeko hasiera artean. Besteak beste, Goikoa udal arkitektoari enkargatu zioten 1883an Zurriolako pasealekuko lurretako plano bat altxa zezala erakusketa probintziala antolatzeko, eraikinaren kokapenerako azalera libre utziz. Proiektua ez zen aurrera eraman, Udalak beste obra urbanistiko batzuk baitzituen egiteke urte horietan. Baina une horretan bertan partikular batek beirazko jauregi bat eraikitzeko baimena eskatu zion Udalari, Zurriolako hondartzan bainuetxea ezartzeko. Jauregiak pasealekua izango zuen bere ingurumari guztian eta horrez gain zaldain-zubi estali bat ere atxikia, zenbait metro irteten baitzen kostaldetik itsasora. Ideia honek Kontxako hondartza izan zuen lehenengo eta behin kokagune aproposa, baina badiako ainguralekua eta portuaren proiektuak donostiarren pentsamenduan zeuden oraindik, lehenago esan dugun hiri komertzialaren eta turismoari zuzenduriko hiri ikuspegiaren arteko eztabaida beroetan. Beraz, Zurriola aldeko zabalgunearen aukerak ikusirik, bertako parajea aintzakotzat hartu zuten. Nola edo hala, itsas bazterrean hiriko zonalde horretan aurreikusi zitzaketen arazoak ez zituzten, dirudienez, dimentsio egokian aztertu eta erreflexionatu.

3. p. 86 (Lafarga, 1869; Kortazar, 1864; Zurriola)3. Zurriolako itsasbazterra hartuko zuen ahaztutako proiektu urbano batzuen planoak (1831, Kortazar 1864, Lafarga 1869).

XX. mendea hastearekin batera, 1900ean Kursaala, udako antzokia, neguko jauregia eta lorategiak, aisialdirako saloiak eta hotela bilduko zituen konplexua eraiki nahi izan zuten Zurriolan, ingurunea hiri-altzariekin eta arkitekturatxoekin egokituz (iturriak eta kioskoak). Ordurako, hiri turistikoaren ideiak indar harturik, erabat busti zituen donostiarren mentalitateak. Kursaalaren ideia, beraz, bizi-iturri garrantzitsua izango zen Donostiarentzat, urte horietan zeukaten dilema ikusita. Zeren eta udatiarrak erakartzea jadanik ez zen nahiko eta negurako ere hiri atsegina bilakatu nahi izan zuten; bai udako eta beste urtaroetako hilabeteetan ere turista dirudunak espero zituzten eta. Batzuk Zurriolako pasealekua proiektu honek hobetuko zuela defendatzen zuten. Beste batzuk, aldiz, ur ertzeko eraikinek itsasoaren eta hodeiertzaren ikuskizuna oztopatuko zeudelakoan zeuden, Kontxan zeuzkaten lehen ikusitako ardura berberekin. Proiektuaren aldekoek Zurriolako pasealekuaren onurak erakusten zituzten, itsas bazterraren balioztapenak ibaiaren beste aldeko hiri historikoarekin eta zabalgunearekin bat egingo zuelakoan, kostako lerroaren norabideak betiko irekiz:

4. p. 28 (Urumea bis)4. Urumea ibaiaren bokalea Zurriolako azken zuzenketak burutu ostean.

Kursaalarekin batera 1912an Itsasoko Perlaren administrazio kontseiluak Zurriolako zabalgunea burutu ostean bertako hondartzan bainuetxe berria kokatzeko eskaria egin zuen, Kontxako beste bainuetxearen gutxi gora beherako erreprodukzioa izanik, batik bat eraikinaren tipologia arkitektonikoaren aldetik. Garai hartan Kontxako bainuetxeak zeuzkan antzerako dorreak Zurriolan ere agertzeak, Kursaalaren aldameneko espazioan, ez zion Udalari inolako poztasunik eman eta pasealekuak itsasora zeuzkan bista oparoak zeharo murriztuko zituela argudiatu zuten berriro ere.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

5. R. Moneoren Kursaal eraikina, gaur egunekoa, zubiko dorretxo esanguratsuekin.

Gros aldean izandako anabasa erlatiboa izango da Antiguako lurzoruaren erabilera nahasketarekin konparatuta, itsas bazterreko espazio lauetan; Donostian industriak edukiko zuen agertoki oparoena izan baitzen XIX. mendearen hasieran eta erdialdean. Hortik aurrera, lehenengo itsas lerro baliotsuetatik industria aldentzea lehendabiziko eginbeharra izango zen, periferiako zonaldeetan ustez ezkutaturik. Denborak aurrera egin ahala, periferia industrial horrek izaera metropolitarra aldarrikatuko du, ibaiertzetako ur-fronteen urbanizazio prozesuak eraginez.

66. Antiguako ikuskizun industriala (negu elurtua) itsasbazterreko lurzoru lauetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude