UEUren hirusta

Hirutan laburbilduko nuke UEUrekin urteotan izan dudan harremana; hosto oso ezberdineko hirusta, hamarkadaz hamarkada. Irakasle, saltzaile eta ikasle.

1998an, Madrilen ikasketak amaitu berritan, udan Iruñean ikastaroa ematera gonbidatu ninduen Mikel Zurbano irakasle ohi eta lagunak. Aurrezki kutxen eta bankuen dibidendu banaketaren ezberdintasunak. Han joan nintzen, irakasle, gorbata eta guzti. Ikustekoak ziren galtza motzetan harrituta begira neuzkan ikasleen aurpegiak, batipat batukari infinitoa zuen formula paratu nienean. Gainontzeko gaietatik aparte samar, baina ikuspuntu berri bat bertaratuz. Giro onean, pasa genuen lehen hartueman hura. Aurrezki kutxez hitzegin nahi duen hurrengoak, Historia Sailarekin jardun beharko du.

2002aren bueltan edo, Durangoko azokaren karietarat, Ander laguna eta biok UEUren standean txanda egin genuen. Liburu saltzaile. Best sellerrik izango ez zela jakin arren, euskarazko argitalpenen aniztasun eta maila teknikoa nabarmentzen zen. Ez saltzaileongatik, baina bai liburuen tematikagatik eta hurbiltzen zitzaizkigun bezeroengatik ere. Durango erakusleiho polita da UEUrentzat.

Eta 2011an, falta zitzaidan erpina probatu nuen, ikaslearena. Estresaren gaineko ikastaro oso interesgarria jaso genuen Eibarko Markeskoan Itziar Salegiren eskutik. Larunbat bakarreko saio luzean, diru gutxiren truke, irakaspen argigarriak jaso genituen egunerokoan bidaide dugun estresaz. Euskaraz, txukun eta giro ezinhobean. Edonork probatu beharko luken esperientzia.

Oraingoz laugarren hostorik izan ez arren, ezin uka UEUn hirusta magikoa bizi izan dudala. Berezia, beharrezkoa.

Joseba Barandiaran (UEUko Ekonomia sailkidea) / Argazkia: bfishadow

Iruzkinak (1)

  • Aupa, Joseba! Bada laugarren hostoa. Izan ere, Joseba Barandiaranek Kazetari aditua unibertso digitalean (UEU, 2009) izeneko liburuan “Kazetaritza ekonomikoa: bankari eta hauteskundeez harago” atala idatzi baitzuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude