Askatasuna

1)Lehen kontaktua:
Kanpotik 1986an etorri nintzen, Montrealdik. Uda horretan kontaktatu nuen UEU. Geroztik hamaika bider egon naiz harremanetan. Bizipenik? Giro aparta, irakasle-ikasleen arteko harreman desberdinak, ikasteko gogoa, baita ongi pasatzeko eta disfrutatzeko aukerak ere.

2)Poztasuna:
Pozik askotan egon naiz UEUn. Batez ere, UEU delakotik lehen U hori kentzen ahalegindu ginenean Euskal Unibertsitatea bilaka zedin. Hamaika bilera, neurtezinezko saioak, jendearen gogoa…
Kontua da UEU urtetan UPVko zenbait irakaslerentzako ridiculun vitae loditzeko edo besterik ez dela izan. Hortaz, hori gainditzeko, kontaezinezko ahalegin bereziak gauzatu behar izan dira. Eginahal horretan murgildu eta murgiltzen direnaz oso pozik nago. Jende zintzo horiei nire begiramen eta eskerrik handi eta beroenak.
‘Publish or perish’ leloa ezagutu nuen Kanadan. Hona etorri eta UPVko irakasle bati mekanika kuantikoari buruzko oso lantxo txiki bat utzi nion, eta handik gutxira lantxo hori aldaketa ñimiñoekin ikusi nuen argitaratua. (Noski, pixka bat geroxeago nire izenean gauza berbera argitaratu nuen…)

3)Askatasuna:
UEUk askatasuna eman digu, nahi izan duguna egiteko eta bera zabaltzeko, ikasteko, parte hartzeko, eztabaidatzeko, funtsean, benetako unibertsitate izpiritu lantzeko parada ederra.

UEU ez da izan inolako oasia edo leku ‘ederra‘ udan egoteko. Ez, bere nortasuna izan du, eta bere bide malkartsua baina ederra egin (egiten) du. UEUren printzipioetan datza haren edertasuna, hots, benetako EU sortzeko etengabeko ahalegin intelektuala eta praktikoa.

4)Baloreak:
Hortaz, hauek izan dira UEUren baloreak: Askatasuna maila guztietan, batez ere, irakaskuntzan, metodologian, argitalpen politikan, giza harremanetan, eta, oroz gain, maila intelektualean.
Balore eta ezaugarri nagusia: euskara. UEUk frogatu egin du, behin eta berriz eta etengabe, euskara tresna dela unibertsitateko edozein gaitan erabiltzeko.

5)Eta etorkizunean?
Nahi nuke UEUk segi lezan bere printzipioei eusten, EU bidean, etengabeko lanean. Tartean ikastaroak, argitalpenak, eta batez ere, askatasuna zaintzen, sakontzen eta hedatzen, ahal den neurrian.
Gaur egun eta aspalditik, Euskal Herrian faltan botatzen ditut eztabaida intelektualak. Edozein gairi buruz, aldeko eta kontrako iritzi trukaketa antolatzea, prestatzea, gauzatzea, eztabaidetatik guztiok ikas dezagun. Agian ezinezko kontua da, baina maila intelektualean, ohiko unibertsitate mailan gabezia hori da nik egun gehien nabaritu dudana.

UEUn, aldiz, parada izan dut (eta izaten dut!) eztabaidari lekua uzteko eta aukera emateko.

6)Mila esker, UEUkideok
Bai, mila esker, besterik ez!

joseba felix tobar-arbulu (Ekonomia Saila) / Argazkia: ion markel

 

Iruzkinak (2)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude