Prest_Gara 16/17: 2. izen emate epea irekita.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak antolatutako Unibertsitatez kanpoko ikastetxeetarako irakasleei zuzenduriko Prest_Gara 16/17 programako eskaintzaren baitan 2. izen emate epea irekita dago irailaren 30a arte.

Hona hemen UEUk 2. deialdi honetan eskaintzen dituen ikastaroak.

 2016ko azaroa eta 2017ko ekaina bitartean egingo diren ikastaroak
ON-LINE

IKASGELAKOAK

Izena emateko Hezkuntza Saileko aplikaziora jo behar da:  IRAKASLEGUNE ataria.

Epea: 2016ko irailaren 30a arte

Eskuratu hemen ESKUORRIA

.

Ibai Gandiaga: “Proiektuak euskaraz egiteko erakundeen laguntza eta baliabide dokumentalak behar ditugu”

Arkitekto, hizkuntzalari eta erakunde publikoetako kideak bildu ditu UEUren udako ikastaroen baitako Arkitekturan, euskaraz? Arkitektura eta hirigintzaren lan-munduan euskararen egoera, mehatxuak eta erronkak eztabaidatzeko topaketak. Ibai Gandiaga UEU, Aldiri eta Adi! Bulegoko kideak gidatuta, beren lana euskaraz egin ahal izateko beharrezko dituzten baliabideak identifikatzeko erronkari eutsi diote.

Arkitektura euskaraz klasea txikia

Ibai Gandiaga, zutik, gaurko topaketan.

Arkitektura euskaraz ikasitako lehen belaunaldia murgildu da lan munduan, administrazioan eta akademian eta, hala ere, oztopo asko dituzue zuen lana euskaraz egin ahal izateko. Euskara erabiltzen hasiak gara, batik bat, erakunde publikoek hainbat dokumentu euskaraz eskatzen dituztelako, baina gaztelera gailendu egiten da. Estudiooi baliabide, tresna eta korpusa falta zaizkigu, baita Espainiako araudiaren itzulpen bat ere. Gaur pentsatuko dugu nola txerta dezakegun euskara arkitekturan eta hirigintzan, euskaldunok egon bagaudelako eta badugulako gogoa.

Twitterrerako zuk zeuk asmatutako mean tweet edo txio zital sorta bat ekarri duzu, euskara eta arkitekturari lotutakoa. Estatu Batuetan oso modan dago pertsonaia ezagunek eurei zuzendutako mean tweet direlakoak publikoki irakurraraztea. Ideia hori gurera ekarrita, arkitekturan euskararen kontra erabiltzen diren argudioak azaltzen dituzten txioak irakurri ditugu: denbora galtze bat dela, ez duela proiektu bat egiteko balio, beti egongo dela pauso bat atzera, langileek ez dutela menperatzen,.. Txio horiek eztabaidarako aitzakia eman digute.

Arkitekturan eta hirigintzan badituzuen eta falta zaizkizuen baliabideak zeintzuk diren identifikatuko duzue orain. AMIA analisi bat egingo dugu. Eta gero, galdera bat botako diet: “Egin duzu inoiz euskarazko proiekturik?” Izan ere, arkitekto batek kontatu digu aurrekontu bat euskaraz egin, eta honen hartzailearen ingurukoak etorri zitzaizkiola harrituta, galdezka, bitxikeria iruditu baizitzaien, eta elkarri bidaltzen ibili ziren. Argi geratu zaigu euskaraz lan egiten dugunon arteko sare bat sortu behar dugula horrelako saiakera eta esperientziak konpartitze aldera.

Ondoren, imaginatuko dugu Gabriel Arestik Le Corbusierri etxe bat diseinatzeko eskatu diola. Pentsatuko dugu den-dena euskaraz egin beharko balu, zein oztopo izango lituzkeen, zeintzuk izango liratekeen beharko lituzkeen gutxieneko baliabideak eta zeintzuk baliabide egokienak.

Zure ustez, zeintzuk dira gutxieneko baliabide horiek? Ezinbestekoa da arkitektura hiztegi bat. EHUk badu publikazio bat, eta eguneratzen ari da orain. Aurrekontuak egiteko datu baseak garatzea ere beharrezkoa da, eta EAEko Lurzoru Legearen itzulpenari beste buelta bat eman beharko litzaioke, ez baitago oso fin itzulita.

Eta epe labur eta ertainera, zein izango litzateke agertoki ideala? Proiektuak euskaraz egiteko baliabide dokumentalak izatea, eta erakunde publikoek dirulaguntzak ematea edo, esleipenak egitean, euskaraz egin izana aintzat hartzea. Eta epe ertainera, itzultzaile eta arkitektoek elkarrekin egin beharko lukete lan, eta ez norberak bere aldetik.

Naiara Arrizabalaga: “Matematika askotan pentsatzen ez duzun lekuetan ere badago”

Bigarrenez antolatu dira Matematikari euskaldunen topaketak UEUren Udako Ikastaroen barruan; elkarren berri izan, esperientziak partekatu eta euren artean sarea antolatzen jarraitzeko helburuarekin. Matematikari euskaldunak asko direla jakitun eta oso arlo desberdinetan ari direla lanean. Naiara Arrizabalaga ibili da antolaketa lanetan Elisabete Alberdirekin batera.

Naiara Arrizabalaga

Naiara Arrizabalaga

Matematikari euskaldunen topaketa beharrizan batetik sortutakoa dela esan genezake? Elkarren berri izateko?
Batez ere horretarako izan da. Normalean zure lana erakusteko kongresu espezializatuetara zoaz. Askotan ez dakizu alboko bulegoan dagoenak zertan lan egiten duen. Gaia apur bat desberdina bada, ez zoaz bere kongresuetara, ez duzu entzuten. Topaketa sortu zen inguruan ditugun matematikariak zertan lan egiten duten jakiteko asmoarekin. Asmo printzipala hori da. Baita ere ez dagoelako euskaraz era honetako topaketarik ez kongresurik. Aukera polita da noizean behin kontatu ahal izatea euskaraz zuk egiten duzuna.

Kanpotik ikusita badirudi matematika gauza bakarra dela, baina elkar ulertzea ez da dirudien bezain erreza.
Bai bai. Zailtasunak ditugu. Nahiz eta askotan pentsatu gaia hurbilekoa dela kostatu egiten da. Eta arlo desberdinetan sartzen bazara… Multzo handi bi daude. Matematika teorikoak eta aplikatuak. Gauza oso desberdinak egiten dira. Eta multzo berean ere oso arlo desberdinak daude. Aljebra, geometria, analisia… Batak bestea ulertzeko ere… Oso espezializatua bada kongresua, lehenik eta behin ez zoaz, eta ziurrenik ez duzu ulertuko. Beraz, gure helburua zerbait orokorra egitea izan da. Jakinda publikoa bai matematikaria dela, euskalduna, baina ez dela zertan arlo horretakoa izan.

Komunikazio asko izango dira gaur eta oso gai desberdinak landuko dira.
Bai matematika teorikoko hitzaldi batzuk izango dira, batez ere analisiak izango dira aurten. Nahiz eta lehenengo edizioan aljebrakoak-eta ere egon ziren. Eta gero aplikatukoak, bai optimizazioaren ingurukoak, estatistikaren inguruko asko, ospitaletan-eta lanean dagoen jendea dator, zenbakizko matematikak izango dira…

Matematika azken batean ia edozertarako erabili daiteke.
Gaur egun uste dut benetan oinarrizko gauza bat dela. Orandik kostatu egiten da jendea konbentzitzea benetan beharrezkoa dela baina edozein berrikuntzarako, aurrerakuntzarako matematikak egon behar du. Hala ere, nik uste dut gero eta gehiago hasi dela jendea ikusten beharrezkoa dela. Gero eta enpresa gehiagok eskatzen dituzte matematikariak, baita ospitaletan ere. Jendea hasi da ikusten matematika erabilgarria dela medikuntzan ere. Apurka apurka hasi da, baina oraindik badago lana egiteko.

Papiroflexia tailerrik ere ez duzue faltako gaur.
Ikusiko dugu gaur tailerrean zein den matematika eta papiroflexiaren arteko erlazioa. Oso gai desberdinetan aurkitu ditzakezu harremanak. Oraingo honetan papiroflexiarekin. Jolastu egingo dugu eta nik uste ikasiko dugula matematika askotan pentsatzen ez duzun lekuetan ere badagoela eta gainera ondo pasatuko dugula jolasten.

Gaurko topaketatik zer atera nahi duzue?
Alde batetik jakin zertan ari garen lanean. Bai gure artean elkar ezagutzeko eta baita jendeari erakusteko ere Euskal Herrian matematikak egiten direla, benetan zerbaitetako balio dutela… Gauza teorikoak ere badaude, euren balioa dutenak, baina ez dutenak mementoko aplikaziorik. Badaude hala ere beste gauza aplikatu asko hitzaldietan ikusiko dugun moduan. Badirela enpresak aplikatzen dituztenak, balio dutenak dirua aurrezteko, edo adibidez Carlos Gorriak hitzaldi nagusian azalduko duen moduan, odol-transfusioetan odola denbora asko ez egoteko zelan aurreikusi daitekeen odol hori hobeto kudeatzeko. Badaude aplikazioak benetan erabilgarriak direnak. Jendeari hori erakutsi nahi diogu eta baita ere, matematikak euskaraz ere egin daitezkeela. Euskaraz bizi gaitezkeela eta euskaraz lan egin dezakegula.

Euskal Herrian zein da matematikarien egoera. Zein mailatan dago?
Euskal Herrian nik uste dut matematikaren maila altua dela. Konparatu daiteke Madril edo Bartzelonan dagoen mailarekin. Badaude talde indartsuak, maila internazionala dutenak, egiten den ikerkuntza orokorrean top mailakoa da. Euskal Herrian nahiko ondo gaude Madril eta Bartzelonarekin konparatuta, adibidez. Zer hobetua ere badagoen arren. Ez gaude atzean. Egia da begiratzen baduzu Frantziara, Frantziak matematiken arloan historia luzea duela. Urte asko daramatzate matematikari garrantzia handia ematen.

Garrantziarena aipatu duzu. Komunikabideetatik, erakundeetatik, babesik badago? Dibulgazioan zein lan egiten da?
Saiatzen ari dira gero eta gehiago. Hobetzen doa egoera. Alde horretatik nahiko baikorra naiz, baina oraindik badago lana egiteko. Ohikoena oraindik ere “Matematika ze txarto!” entzutea da. Alde hori badago, baina badago jendea gustatzen zaiona, ulertzen duena eta gero eta garrantzia gehiago ematen diona. Goazen bada horretan zentratzera.

Olatz Perez de Viñaspre: “Python-ek oso komunitate aktiboa dauka atzetik eta etengabe sortzen dira liburutegiak edozer gauza egiteko”

“Guk pertsonok komunikatzeko hizkuntzak erabiltzen ditugu oro har. Ordenagailuarekin hitz-egiteko lengoaiak ditugu, maila ezberdinetakoak. Ordenagailuak beti 0 eta 1-koak ulertzen ditu. Hor tartean dauden lengoaiak 0 eta 1 horietara heltzeko dira. Python da lengoaia horietako bat” diosku Olatz Perez de Viñasprek. Hain zuzen ere, lengoaia mota hori lantzeko ikastaroa antolatu du UEUk udazken honetan. Matrikula zabalik dago.

Olatz Perez de ViñaspreZein da Python lengoaiaren ezaugarririk nabarmenena? Idazteko eta irakurtzeko erreza dela?
Irakurtzeko erreza da eta idazteko oso erosoa da programatzaileen ikuspegitik, baina abantaila nagusia dituen liburutegi guztiak dira. Oso komunitate aktiboa dauka atzetik eta etengabe sortzen dira liburutegiak edozer gauza egiteko. Horrek egiten du oso interesgarria Python.

Asko erabiltzen den programazio-lengoaia da gaur egun, modan dago.
Bai. Enpresa handi askotan hori da erabiltzen den programazio lengoaietako bat. Gauza bakoitzerako programazio lengoaia bat erabiltzea da ohitura. Oso kode trinkoa behar baduzu, memoria-eta asko kontrolatzen, C erabiltzea da gomendagarria, C+. Java ere asko erabiltzen da. Garapenerako zoragarria da. Proiektu handiak oso ondo egiten ditu, oso ondo migratzen dira… Python-ek ere abantaila asko ditu. Oso erreza da, oso sinplea da. Erabileraren arabera bat edo beste erabiltzen da.

Erabilera askotarako lengoaia da Python.
Bai, erabilera askotarako. Pythonen oinarrian C dago, C-z idatzia dago Python. Pythonen kasuan software garapenean erabiltzen da. Web orriak sortzeko plataformetarako adibidez. Oso plataforma politak egiten dira. Zientzian asko erabiltzen da analisiak aztertzeko, datuetarako…Guk asko erabiltzen dugu hizkuntzaren prozesamenduan. Ikasketa automatikorako ere erabiltzen da.

Lengoaia interpretatua da, zer esan nahi du horrek?
Lengoaia mota nagusi bi daude, konpilatuak eta interpretatuak. Konpilatuetan zuk kode guztia idazten duzu eta bukatzen duzunean konpilatu egiten duzu. Hor exekutagarri bat sortzen duzu. Hori guztia sortu arte ezin duzu ikusi zer egin duzun. Interpretatuetan zuzenean kodea exekutatzen da, lehenago ikus ditzakezu gauzak. Baina erroreak detektatzeko zailtasun gehiago du. Beharbada exekutatu eta hirugarren egunean errorea agertu daiteke. Konpilatuetan hasieratik ikusten dira errore guztiak.

Programazioan lehenengo pausuak emateko nahiko egokia omen.
Oso ona da ikasteko, oso intuitiboa delako. Kodeak idazteko modua, funtzioak ere bai. Ulerterrazak direlako. Baina traba bat ere badauka, oso malgua dela. Akatsak sartu ditzakezu eta konturatu ez. Eta beste programazio lengoaia batzuetan errore horiek ekiditeko mekanismoak ditu dagoeneko lengoaiak berak. Baina gustu kontua da.

Jone Goirigolzarri eta Ibon Manterola: “Euskalgintzak eta erakunde publikoek bide paraleloak segitu dituzte historikoki, eta sumatu daiteke hurrengo faserako markoa elkarrekin pentsatzeko gogoa”

Paradigma aldaketa batean, fase baten amaieran eta beste baten hasieran dago euskararen biziberritzea. Aurreko fasean, euskararen ezagutza sendotzea eta zabaltzea hartu zen ardatz, ezagutza eta erabileraren artean harreman zuzena zegoela sinetsita, eta ezagutzak biziberritzea bermatuko zuela pentsatuta. Ikuspegi hori ezbaian dago gaur, eta horren jakitun antolatu dute Jone Goirigolzarri eta Ibon Manterola irakasleek Euskararen biziberritzea: marko, diskurtso eta praktikarako aukera berriak birpentsatzen ikastaroa.

JOne eta Ibon

Jone Goirigolzarri eta Ibon Manterola, ikastaroa hasi aurretik.

Zerk egin du huts edo zeintzuk izan litezke aipatu ekuazioaren hutsuneak?
Ibon Manterola: Galdera horren erantzuna guk ere nahi dugu entzun, adituen ahotan. Helburuetako bat hori da, baina ideia ez da zerk egin duen huts edo zer egin dugun gaizki aztertzea bakarrik. Hori ere bai, jakina. Ziurenik, gauza askotan egin dugu huts. Hizkuntzen biziberritze teoriak ere ez dira hainbeste, eta orain duela 30 urte prozesua diseinatu zutenek gauza askotan asmatu zuten.
Jone Goirigolzarri: Hizkuntza bat biziberritzen hasten zarenean, egoera gutxitu horretatik ateratzeko, ezagutza orokortu egin behar duzu. Baina nik uste ez zegoela esperientzia soziolinguistikorik jakiteko hizkuntza erabiltzeko orduan zein faktorek eragiten duten; hori guztia ez zen ezaguna. Urteak pasa ahala, esperientziak erakutsi digu ezagutza ez dela nahikoa, nahikoa dela pertsona batek lotsa izatea, pentsatzea bere euskara ez dela liburuetakoa edo ez duela jariokortasun nahikorik hizkuntza ez erabiltzeko. Orain ulertu dugu hori eta ezagutzatik erabilerarako paradigma aldaketa nola susta daitekeen aztertu nahi dugu, bai norbanakoari dagokionean baita maila makroan ere. Beharrezkoa da zenbait baldintza sortzea maila makro horretan: Nahikoa da eskola euskalduntzea? Argi dago ezetz. Beste espazio batzuk ere euskaldundu behar dira, adibidez, aisialdiko ekintzak ere euskaraz eskaini behar dira.
I.M.: Nafarroa edo Iparraldera bagoaz, egoera okerragoa da, zeren ezagutza orokortzeko aukera ez dute izan EAEn bezala, non erabat orokortu ez bada ere, 300.000 hiztun irabazi diren. Marko orokorra edo lege babesa askoz urriagoa da Nafarroan eta Iparraldean. Honenbestez, seguraski, erantzun bakarra ez da posible izango.
J.G.: Ikastaroaren helburua da egindako ibilbidearen marko orokorra planteatzea, eta esparruz-esparru kokatzea gakoak non dauden, zein indargune ditugun, zer alda genezakeen, eta etorkizunari begira, zein pauso eman genezakeen. Denon artean hausnatzeko espazioa izatea nahi dugu: adituak gonbidatu ditugu, zeren inguruan hausnartua eman dezaten, eta gero, dinamika batzuk egingo ditugu, bi egunez, buruari bueltak emateko bai praktika bai diskurtso mailan, erabilera areagotzeko. Izan ere, belaunaldiak aldatuz doaz eta hauen lehentasunak ere bai, eta egokitzen jakin behar dugu.

Paradigma aldaketa aipatu duzue, eta sentsazioa daukat badaramatzagula urte batzuk aldaketa horrez, eta ezagutzatik erabilerarako jauzia sustatzeko beharraz hausnartzen. Badirudi diskurtsoak ari direla aldatzen; ez dakidana da praktikak ere era berean aldatzen ari ote diren. Zer pertzepzio duzue zuek?
I.M.: Egia da fase baten agortze sentsazioa ez dela berria, eta hori ez dugu guk esaten: hartzen badituzu Jaurlaritzaren azken agiria (Eta hemendik aurrera zer?) eta Topagunearen Topalabean dabiltzan beste izen garrantzitsu batzuen gogoeta, batean zein bestean agertzen da ideia hori, eta esparru batean zein bestean dabiltzanek azpimarratzen dute ados daudela, eta garrantzitsua dela adostasun horretara iritsi izana. Euskalgintzak eta erakunde publikoek bide paraleloak segitu dituzte historikoki, eta beren diagnostikoek fase berrian hori alda daitekeela iradokitzen dute.

Beraz, diskurtsoan, behintzat, bat egitea eman da.
I.M.: Bai, sumatu daiteke hurrengo faserako markoa elkarrekin pentsatzeko gogoa. Eta hori inportantea da. Edonola ere, EAEn ikusten dugu hori; Iparraldean, euskalgintza bizi-bizirik dago, baina erakunde publikoetan, oso ahul dabiltza; eta Nafarroan, ikusi beharko da.
J.G.: Ikastaroa antolatu dugu uste dugulako aprobetxatu behar dugula nahi hori pil-pilean dagoela eta saiatu behar garela ahalik eta esparru gehienetan mahai-gaineratzen, indarra hartu dezan.

Lan mundua, hedabideak, eskola, familia eta aisialdia hartu dituzue ardatz, eta esparru horietan dabiltzan adituak gonbidatu dituzue, hain justu, aipatu dituzuen diskurtsoak parteka ditzaten eta, denen artean, praktika berriak planteatze aldera.
I.M.: Inportantea da ikastarora datozen ikasleei ahotsa ematea. Ez ditzatela adituen hitzaldiak entzun, eta besterik gabe, irentsi. Lanean jarriko ditugu, eta gara, Jone eta biok ere, taldetan. Normalizazioaren gaia sozializatu nahi dugu; ez dadila izan adituen kontua bakarrik. UEUren ikastaroak horretarako idealak dira.

Denok dugu ekarpena egiteko aukera.
I.M.:Ikasle guztiek izango dituzte beren esperientzia eta bizipenak, eta horiek konpartitzea interesgarria da.
J.G.: Azken finean, euskararekiko ardura duenak pentsatu izan du normalizazioan.

Imaginatzen dut hemen dabiltzanek, nork bere esparruan, pentsatuko dutela proposamenak nola eraman aurrera. Baina horrez gain, pentsatu duzue ondorioak beste nolabait gizarteratzea?
I.M.: Badago ideia liburu forma emateko ikastaroari.
J.G.: Bai hitzaldiei baita dinamikei ere. Idatziz batu nahi dugu dena, uste baitugu baliogarria izan daitekeela.
I.M.: Eta zuk esan duzun gisan, hona etorri den ikasle bakoitzak eraman dezala motxila bat, eta eragin dezala bere esparruan, bere eran eta neurrian.

Jone Arroitajauregi: “Aldaketa asko epe laburrean garatzen ari dira eta profesionalok formazioa eta denbora behar dugu”

ALDEE (Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentrotako Profesionalen Euskal Elkartea) elkarteko presidentea da Jone Arroitajaruegi eta berari dagokio ALDEEk eta UEUk elkarlanean antolatutako Informazio eta Dokumentazio kudeatzaileen II. Bilkuraren ardura. Bilkura honetan software librea izango da protagonista.

Jone Arroitajauregi eta Iñaki Alegria

Jone Arroitajauregi eta Iñaki Alegria, Bilkuraren aurkezpenean.

Web semantikoak zein aldaketa ekarri ditu artxibo, liburutegi eta dokumentazio zentroetan? Esparruen arteko mugak lausotzen ari dira. Bilkurari izena jarri genionean ere hori genuen gogoan: informazio eta dokumentazio kudeatzaileak. Informazioa eta dokumentuak kudeatzen ditugu denok ere, eta informatizazioa da gure lan eremua. Baina iraultza batez ere dokumentuen deskripzioan eman dela esango nuke. Lehenago dokumentuen deskribapenaren aspektu formalak oso normalizatuta zeuden bilaketak errazteko, informazioa elkar trukatzeko eta informazioa modu egokienean zabaltzeko.

Teknologiek asko erraztu dute informazioaren bilaketa eta zabalkundea, horregatik, orain dokumentuak web semantikoaren ikuspuntutik deskribatzen dira, informazio piezen arteko lotura eta erlazioen bila.

Formazio nahikoa al dago? Oraindik formazio asko behar dugula iruditzen zait. Aldaketa asko epe laburrean garatzen ari dira, eta profesionalok formazioa behar dugu bai, baina aldaketa horiek barneratzeko eta eguneroko lanean ezartzeko denbora ere bai. Gaurkoa aukera ezin hobea da, informatikarien ikuspuntua ere izango dugulako, gai hauen ezagutza zabaltzeko bidean.

Software libreen erabileraz jardungo duzue ikastaroan. Zein da gaur egungo egoera? Gaur egun ez zaigu arrotza gertatzen. Informazio arloko profesionalen artean fenomeno jakina dela iruditzen zait, zabaltzen ari dena. Erakundeek ere gero eta gehiago jotzen dute tresna hauetara eta naturaltasunez ikusten dira.

Ikastaroan hainbat proiektu ezagutzeko aukera izango da, gainera. Iñaki Alegriak informatikarien ikuspuntua eskainiko digu, informazioaren profesionalentzako software librearen arloan dagoena azalduz. Itziar Folla Bilboko Liburutegi Digitala aurkeztera dator. Beste helburu batzuen artean, Bilboko Udalaren antzinako funtsak digitalizatu eta modu irekian eskaintzea izan du helburu proiektu honek. Arantza Mariskalek Tabakalerako Ubik sorkuntza liburutegiaz jardungo du. Alde batetik liburutegiko funts “ohikoak” kudeatzeko Koha tresna baliatu dute, baina, software librearen aldeko hautua erakundearen helburu eta oinarrien haritik egin da: guztien artean sortu, partekatu… Azkenik Iñaki San Vicente Elhuyarreko kideak Ondarebideak proiektua aurkeztuko du. Interesgarria da software librea erabiltzen delako plataforma garatzeko eta, bestetik, gure sektorerako egina dagoelako, hau da, liburutegi, museo eta artxibategietako ondare digitala kudeatzeko. Gainera, elkarlanean egindako egitasmoa da (Euskomedia, Elhuyar, Ixa).

Natxo Irigoien: “Ekonomia linealak planeta mugatu honetan ez du zentzurik”

“Praktika agroekologikoak: oilotegi-konpostagailua biohondakinen prebentziorako” ikastaroko arduradunetako bat da Natxo Irigoien. Nekazaritza Ingeniaritzan doktorea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakaslea. NUPekin elkarlanean antolatutako lehenengo ikastaroa da.

Zer da ekonomia zirkularra? Ekonomia zirkularra ekonomia ulertzeko modu bat da, modu berri bat. Europatik etortzen ari dena indar handiarekin. Leku askotan entzuten ari gara ekonomia zirkularraren kontua eta norberak ulertzen du nahi duena. Hori arazo handia da. Zer den? Ekonomia zirkularraren helburua gauzen, materialen balorea mantentzea da denboran zehar, ahalik eta luzeen. Mantentzea eta, are gehiago, batzuk esaten dute handitzea ere badela. Kontsumitzen den neurrian material horiek gero ta balore handiagoa edukitzea. Balore handiagoa edukitzea ez materialek beraiek baizik eta inguruak berak irabaztea. Giza baloreetan, balore naturaletan, balore ekonomikoetan. Ekonomia linealaren kontzeptuari aurre egiteko sortu da ekonomia zirkularra. Denok ezagutzen dugu ekonomia lineala, naturatik gauzak hartu, erabili, eraldatu eta bota. Eta horri aurre egiteko planteatzen da beste ekonomia sistema hau. Gero eta indar handiago hartzen ari da, etorri etorriko da, kontua da noiz etorriko den. Dugun sistemak planeta mugatu honetan ez du zentzurik. Ekonomia zirkularrak aldaketa sakonak dakartza. Aldaketa sakonak dakartza gure buruan, gure kontsumitzeko eran, gure ekoizteko eran, eta gure eguneroko bizitza garatzeko eran.

Ikastaroan agroekologia eta hondakinen kudeaketaren uztarketa landuko duzue… Ekonomia zirkular honetan bi ziklo bereizten dira oso nabarmen. Gai biologikoen zikloa edo nutriente biologikoen zikloa batetik, naturan txertatze dena eta beste aldetik sintetikoen zikloa. Plastikoena, metalena… Ziklo biologiko hori aplikatzen badugu nekazaritzan, nekazaritzarako ekonomia zirkularrak esaten duena agroekologiak esaten duen gauza berdina da. Azken finean gure elikagaiekin eta elikadura sistemarekin harremanetan jartzeko beste modu desberdin bat da. Ziklo ekologikoak errespetatuz eta naturaren parte garen heinean, gauza guztien gainetik natura jarriz. Agroekologiak eta ekonomia zirkularrak elikadura alorrean esaten dutena gauza bera da. Errekurtso gutxi kontsumitzen duen nekazaritza honetan funtsezkoa da hondakinen kudeaketa. Hori baita ziklo biologiko guztien motorra. Kanpoko insumoak ez baditugu sartzen nekazaritzan, Petroliotik edo gasetik eratorritako insumoak ez baldin baditugu erabiltzen, gelditzen zaizkigunak gure inguruan guk geuk sortzen ditugunak dira. Azken finean hori da agroekologia. Ez da ezer berria. Gure arbasoek egiten zutena da, baina gaur egun badugu teknologia eta jakinduria jakintza hori berreskuratu eta gaurkotzeko, eta gure beharretara moldatzeko. Aukera handia ta eta horretarako funtsezkoa da ekonomia zirkularra, agroekologia eta hondakinen kudeaketa lotzea .

Natxo Irigoien2

Kasu honetan ikastaro praktikoa izango da eta Noainera joango zarete bertan dagoen oiloen konpostagailu ezagutzera. Ikastaro honetan bi atal bereiziko ditugu. Bat teorikoa izango da eta orain arte esan dugun hau aipatuko dugu gainetik, oso azkar, eta gero kasu zehatz baten zentratuko gara. Kasu zehatz hori da Noainen duela hiru urte ta erdi martxan jarri genuena hango 30 familiarekin. 30 familia hauek hondakinak auzo konpostagailu eramaten dituzte, hegaztiak txertatu ditugun konpostagailu. Kasu honetan oiloak dira. Kasu hori aztertuko dugu, nola sinergia asko sortzen diren konposta, hondakin eta oiloen artean. Horrekin konposta sistemak oso ondo funtzionatzea lortzen dugu, baratzak oso ondo funtzionatzea. Oiloek eragin handia izan dezaketelako baratzaren funtzionamenduan, ziklo biologiko guztiak azkartzen. Beste sinergia positibo batzuk ere badauzka. Pedagogiaren aldetik, sentsibilizazioaren aldetik… eta horri esker jendearen inplikazioa lortzen dugu proiektu honetan eta haiek sortutako hondakinen ardura hartzea. Dagoeneko ez dira hondakinak, errekurtsoak dira haiendako.

Nola funtzionatzen du konpostagailu horrek. Kasu zehatz honetan bada konpostagailua oilotegi txiki baten barruan integratuta dago. Hamabi oilo eta oilar bat dira denetara. Bi patio ditu eta estalitako zonalde txiki bat. Osotara 60 m2. Familiek bi ardura dituzte. Batetik astean bitan gutxienez eraman behar dituzte beraien etxeko sukaldeko hondakinak konpostagailura eta beste aldetik hilabetean behin bakarrik familia horrek hartzen du oilotegi osoaren ardura. Gainbegiratu behar du eta kontrolatu behar du ongi dagoela, garbi dagoela. Ez baldin badago garbi garbitu behar du, ura aldatu behar die oiloei, apuntatu behar du zerbait arraroa badago. .. Egun horretan egindako lanaren ordainketa bezala oiloek errun dituzten arrautzak hartzen dituzte. Kasu honetan 30 familia dira, beraz familia bakoitza hilabetean behin arduratzen da. Orokorrean oso pozik daude, oso esperientzia positiboa izate ari da. Familia bati tokatzen zaionean festa bat da. Joaten dira seme-alabak, lehengusu-lehengusinak, auzokideak, gelako lagunak… Denak prozesioan joaten dira haien oiloak ikustera, haien oilotegia delako eta hondakinak botatzera eta arrautzak jasotzera joaten dira. Haur horiek sukaldeko soberakinak ez dituzte hondakin moduan ikusten baizik eta errekurtso bezala. Oso esperientzia positiboa izaten ari da, hiru urteko jarraipena izan du, mota guztietako analisiak izan dira, doktore tesian erabili da, mota guztietako kontrolak egin ditugu eta balorazioak bai soziologiaren aldetik eta bai teknikaren aldetik. Guztiz arrakastatsua izaten ari da. Horren ondorioz hedatu egin dira eta sortu dira honen antzeko beste proiektu batzuk. Leku askotan. Belgikan, Italian, Galizian, Katalunian, Nafarroan bertan leku askotan… Ez bakarrik ildo hau jarraituz, baizik eta gero eraldaketak egon direla. Gaztela Mantxan ere badira. Ta orain Bartzelonan jarri behar dituzte mordo bat. Bakoitzak moldatu du bere errealitatera. Orduan badaude 30 familiendako, 7 familiendako, norberarentzako… Batzuk erositakoak dira. Badira enpresa pare bat komertzializatzen dituztenak. Beste batzuk beraiek egindakoak dira. Oso moldagarria da.

Ikastaroaren helburua zein da? Hara joaten den edozein pertsona gai izatea hori errepikatzeko. Ulertzeko zer den egiten ari dena, zertarako egiten den, zer den lortzen ari dena horrekin, nola egin beharko lukeen eta gero beste leiho txiki batzuk ireki nahi ditugu erakusteko beste potentzialtasun asko dituela. Baratzarekin lotuago daudenak, beste animalia batzuekin lotuta daudenak, zizareak tartean dituztenak… Azken finean argi ta garbi dago ekosistema batean gero eta biodibertsitate gehiago gero eta potentzialtasun handiagoa duela. Eta bi ikasle mota desberdin bilatzen ditugu. Bat izan liteke bere hondakinen kudeaketarekin arduratuta dagoena eta beste ikasle mota bat izango litzake baratza daukana, eta agroekologia mundu horretan murgildu nahi duena edo bide horretan sartu nahi duena. Horretarako funtsezkoa da animaliak txertatzea.

 

 

 

Floren Aoiz: “Zer egin behar da presioen aurrean? Kikildu eta atzera egin ez; aldaketa mugatu edo mantsotu ere ez. Aldaketa jarduera presioen talka da”

Iratzar Fundazioaren zuzendariak argi dauka Nafarroako Gobernuak “injustizia historiko gordin bat” gainditzeko aukera duela, eta ez dagoela “epelkerietarako betarik”. Gobernu-kudeaketa aldaketaren eta balizko erregimen aldaketaren artean kokatu gara berarekin, eta tarte hori nola gutxitu izan dugu hizpide, UEUk eta Iratzar Fundazioak antolatutako Aldaketa Nafarroan. Gobernu-kudeaketa aldaketa, erregimen aldaketa? Irakurketa eta etorkizunerako erronkak ikastaroaren harira.

Nafarroako gobernu-kudeaketa aldaketak erregimen aldaketa ekarri ote duen, edo ekar dezakeen. Galdera horixe iradokitzen du ikastaroaren izenburuak. Nafarroan aldaketaren kontrako botere faktikoek duten indarra aintzat hartuz, posible da? Zaila da zer gertatuko den jakitea, egoera irekita dagoelako, hau da, gerta daiteke Foru Hobekuntzaren Erregimenaren kontraofentsibak aldaketa neutralizatzea, edo barne kontraesanak lehertzea aldaketaren esparruan. Gerta daiteke, halaber, aldaketa indartzea eta instituzioetako kudeatzaileen errelebotik haratago joatea, erregimen deitzen dugun hori errotik aldatzen, nolabaiteko jarduera eraldatzaileak (konstituienteak) garatuz. Indar talka begi bistakoa da, eta ene ustetan, areagotu egingo da etorkizun hurbilean. Erregimenak indar handiak ditu, baina aldaketaren aldekook ere bai, jendartean, eta iaztik, instituzio gehienetan ere bai. Edonola ere, garrantzitsuena da aldaketaren aukera irekirik dagoela.

Botere horiei kontrajarrita, aldaketaren aldeko haizea ere badabil jendartean, eta bazebilen, gobernu aldaketa aurretik ere. Erakundeetako aldaketak zer eragin izan du herri-mugimenduengan? Denetarik atzematen da. Desmobilizazio joerak atzematen dira esparru batzuetan (“jada aldatu dira gobernuak, aski da…”), zapuzketa (“hau zen aldaketa?”) baita aldaketa sostengatu eta aurrera eramateko borondatea ere, kritikoa askotan, baina aldaketa grina bizirik gordetzen duena. Energia horiek biderkatu dira azken urteotan baina urte askotako lanaren fruituak dira, finean, aldaketa jendartetik iritsi baita instituzioetara. Aldaketak oinarri sendoak ditu maila horretan, zentzu komunaren lehian emandako aldaketak aspaldi abiatu baitziren. Nik, egia esan, ahulezia handiagoak ikusten ditut maila politiko-instituzionalean.

Aldaketa Nafarroan

Ezkerretik eskuinera: Emilio Majuelo, Bixente Serrano, Oskia Ugarte eta Floren Aoiz ikastaroko mahai inguruan.

Gobernu akordioa ez da tentsio eta erronkarik gabea izan; eta tentsioen erdigunean, euskara. Noraino eragiten du aferan alderdien arteko desadostasunak eta noraino botere lehiak? Aldaketaren esparrua anitza da, tentsioez betetakoa. Kultura politiko eta ibilbide ezberdinak, batzuetan kontrajarriak, batzuek, egia esan, hanka bat badute erregimenaren esparruan edo bere sare klientelarretan, errelebo hutsaren logika ere hor dago… Honek ahultzen eta mugatzen du aldaketa, eta nabarmena da, esaterako, euskararen inguruan. Aldaketarako borondate mugatua kezka identitarioaz hitz egiten estaltzen dute batzuek, eta hori ez da batere gozoa, egia esan. Baina, bestalde, oso argi izan behar dugu aniztasun honek ekarri duela aldaketa. Ezberdinen arteko akordioa da aldaketaren erregaia eta zaindu beharra dago. Orekak ez dira errazak eta maila handi batean herri mugimenduak eta jendarteak presioa egin behar dute, tentsioetatik haratago joateko.

Euskalgintzak epeltasuna egozten dio Gobernuari. Presio eta sostenguaren artean dabil. Oreka horri eutsi beharko lioke? Zein posizio izan beharko lukete bai Euskalgintzak bai herri-mugimenduek, orohar, Gobernuaren aurrean, aldaketa sakonagoa gauza dadin? Hori euskalgintzak eta herri mugimenduek erabaki beharko dute. Guk ikastaro hau antolatu dugu besteak beste gogoeta bultzatzeko eta iritziak entzuteko, gure ustetan herri mugimendua eta bereziki euskalgintza indartsua funtsezkoa delako aldaketarako. Foroak eskaintzea eztabaida horiek garatzeko lagungarria izan daitekeelakoan gaude, baina ez diogu inori zer egin behar duen esan nahi. Areago, hori akats historikoa da eta oso argi dugu aldaketarako konplizitateak ez direla horrela eraikitzen. Guk konplizitate horiek eraikitzen lagundu nahi dugu, baina konplizitate kritikoak, herri mugimenduen erritmo eta ikuspegiaren araberakoak.

Hau esanda, ezaguna da batzuok bizkorrago eta ausartago ibiltzeko eskatu diogula nafar gobernuari, egindakoa ez baita aski, gehiago egitea posiblea baita. Eta gauza bera esaten diegu aldaketaren esparruan jarrera epelagoak dituztenei. Hau ez da afera “identitarioa”, oinarrizko eskubide kontua baizik. Injustizia historiko gordin bat gainditzeko aukeraz ari gara eta hor ez dago epelkerietarako betarik. Begi onez ikusten dugu, beraz, presioa.

Gobernuaren lehen urtean kontrakoen presioa erabatekoa izan da. Aurreikusi daiteke presio hori gutxituko denik ala bere horretan segituko du? Pentsa liteke aldaketa sakonagoak bideratzeko aukera gehiago zabalduko denik? Presioa areagotuko delakoan nago. Kasu, nafar eliteek ez dute tradizio demokratikorik, autoritarioa baizik, eta ez dituzte inoiz gobernu baliabideak eskuetatik galdu. Oso haserre daude, eta joko zikina maite dute, ederki adierazi dute azken hamarkadetan. Zer egin behar da presio horien aurrean? Kikildu eta atzera egin ez, aldaketa mugatu edo mantsotu ere ez. Horrela basatia lasaitu beharrean gehiago piztuko da. Presioa egin behar da, aldaketa jarduera presioen talka baita. Baina presioaz bat aldaketaren oinarri soziala zabaldu behar da, erregimen zaharra isolatu, ahuldu eta biluztu eta aldaketaren indarren arteko leialtasuna sendotu, ene ustetan.

Aldaketaren aldeko indar guztiek galdu dituzte botoak igandeko Espainiako Gorte Nagusietarako hauteskundeetan, eta abstentzioa apenas igo da. Hauteskunde hauek udal eta foruetakoekin zerikusirik ez dutela aintzat hartuz ere, zer balorazio egiten duzu? Egonkorra da alderdion gehiengoa? Aukera zegoen erregimen zaharrari kolpe ederra emateko, baina horretarako indarrak artikulatu behar ziren eta Unidos Podemosek ez du nahi izan. Egin ez izana kaltegarria izan da aldaketarako. Begi bistan dago UPN-PP eta PSOE pozik daudela emaitzaz, eta horrek zer pentsa eman behar die aldaketaren indar guztiei, batez ere, hain jarrera sektarioa izan dutenei.

Hau esanda, gobernuek gehiengo instituzionala dute, baita jendarte babes zabala ere, eta beren eginbeharra herriaren mandatua betetzea da. Aldaketak zilegitasun osoa dauka, beraz. Aldaketa bultzatu eta sakontzeko unea da.

Naroa Jauregizuria: “Ez badakigu norantz joan nahi dugun, oso zaila da jakitea zer transmititu nahi dugun”

Euskal Herria markaz eta markagintzaz: nazio garapena, berrikuntza eta parte hartzea oinarri” ikastaroko arduraduna da Naroa Jauregizuria soziologoa. Alor desberdinetako hainbat jenderen artean interesa piztu du ikastaroak eta gaiak.  

Naroa Jauregizuriatxikia

Nazio markagintza. Zer da nazio markagintza? Guk nazio markagintzaz baino nazio markaz hitz egiten dugu. Esan duguna da Nazio marka dela nazioaren isla. Azkenean nazioak bere jardueren bidez, bere identitatearen bidez eta inguruko testuinguruaren bidez irudi bat proiektatzen du. Irudi horren bidez trukerako balioa ere sortzen da eta jendearen eta interes taldeen artean posizionamendu bat lortzen da. Orduan nazio markagintzaren bidez asmoa dena edo bilatzen dena da irudi horretan eragitea.

Euskal Herriaren kasuan nondik abiatzen gara. Zuri entzuna dizut marka desenfokatuta daukagula. Bai hori da. Euskal Herriko kasuan marka beti egon badago. Berez nazio guztiek bere isla daukate eta bere posizioa daukate bakoitzaren buruan, behintzat ezagutzen dituztenen buruan; baina, bai, Euskal Herrian gertatzen dena da ez dagoela adostasunik ez izenaren inguruan, ez edukien inguruan… Ez badakigu norantz joan nahi dugun, jakitea zein eduki zehaztu nahi dugun, zein eduki kokatu edo transmititu nahi dugun oso zaila da.

Nazio marka ondo lantzeak zer dakar? Berez inportantea nazio estrategia ondo lantzea da. Nazio marka ondo lantzeak ekarri dezakeena da nazio estrategia hori errazago helaraztea da. Alde batetik hori egituratzen laguntzea, bestetik ikusgarri egitea eta bukatzeko erakarmen ahalmen bat eskuratzea.

Saldu ahal izateko, produktua behar duzu. Hori da. Planteatzen genuena. Azkenean komunikazioaren bitartez egin daitekeena %5a da. Lehenengo bestea behar duzu. Ez badaukazu zer saldu, eskas. Dena den ez dut esan nahi ez daukagunik. Kontua da desenfokatua dagoela.

Mundu mailan zein da panorama? Mundu mailan gero eta argiago ikusten ari dira honen beharra. Globalizazioan bereizteko beharra gero eta handiagoa da. Gero eta nazio gehiago dira euren lekua egin nahi dutenak. Komunikazio baliabideen bitartez gero eta aukera gehiago dago erreputazioan-eta eragiteko. Orduan gero eta neurgailu gehiago sortzen ari dira. Gaian aditu gehiago dago eta puri-purian dagoen gaia da memento honetan. Eta garaiz gaude honi heltzeko gu ere bai.

Ikastaro honetan oso alor ezberdinetako jendea batu duzue. Horrekin oso pozik gaude. Azkenean lehen aipatutako ikuspegi integral eta estrategiko horretatik planteatu dugulako. Egingo duguna da astiro astiro edukiz betetzen joan planteamendu hau. Ez da bakarrik, ez da publizitatea, ez da komunikazio estrategia hutsa, nazio estrategia bat da. Esan bezala produktua edo posizionatu beharreko elementua definituko dugu, balio proposamenen inguruan hitz egingo dugu eta komunikazio bitartekoen inguruan ere hausnartzeko asmoa daukagu, baina ikuspegi orokorra izanda.

Eta hau hasiera baino ez da. Euskal Herrian ariketa hau egiten, behintzat holako ikuspegi zabalkor eta integralarekin lehenengotariko aldia da. Ez dut besterik ezagutzen. Hitz egin da gaiaren inguruan, hainbat ikastarotan landu da, baina gai honen inguruan bakarrik teorizatzeko lehenengo aldia da. Gurea asmoa da ahalik eta ikuspegi gehien jasotzea, hausnarketarako puntuak zehaztea eta hemendik aurrera bide hau zabaltzea.

Matrikulazioan argi geratzen da jende artean ere interesa piztu duela. Ez da hizlariak bakarrik. Azkenean parte hartzaileen artean oso jende interesgarria etorriko zaigu. Euskal Herri osotik dator jendea. Diziplina askotan lanean dabilena. Interes ezberdinduna. Nire ustez azkenean guztiok hor badaukagula zertan eragin, zer aportatu eta oso emaitza polita aterako dela hemendik.

Aingeru Mayor: “Transexualitate egoeran dauden haurrek behar dutena beren identitatea onartzea eta diren bezala maitatzea da”

Zakila duten neskak eta bulba duten mutilak. Haurren (transexualitatea) ulertzen” ikastaroa emango du Aingeru Mayor sexologoak Iruñeko Kondestablearen jauregian, UEUko udako ikastaroen baitan. Chrysallis Euskal Herria adintxikiko transexualen familien elkarteko lehendakaria da; bi alabaren aita ere bai: bata bulba duena, eta bestea, zakila duena. Berak argi dauka: haurrengan sufrimendua eragin lezakeena diren bezalakoak izaten ez uztea da.

aingeru mayor
“Zakila duten neskak eta bulba duten mutilak”. Esaldi sinplea dirudi. Ulerterraza. Baina orain arte nagusiki zabaldu izan den uste bati aurre egiten dio: transexualitate egoeran dauden pertsonak ez dira okerreko gorputzean jaio. 

Esaldi hori da, hain zuzen, gure haurren errealitatea hobekien deskribatzen duena. Etiketarik gabe, epairik gabe, errealitatea deskribatzen duen esaldia da. Mutil gehienek zakila dute, bai, eta batzuk bulba dute. Neska gehienek bulba dute, bai, eta batzuk zakila ere. Halaxe da. Neska edo mutil izatea subjektibitate kontu bat da. Identitatea ez dago hankartean; izatekotan, burmuinean kokatzen da…. eta gutxiengo baten ezaugarriak izatea okerra dela esatea epai morala baino ez da. Ilegorriak gutxienak dira, ezkerrak gutxienak dira, zakila duten neskak gutxienak dira… bai, baina beren gorputzak ez dira okerrak, beren gorputzak aniztasunaren adierazpena baino ez dira. Okerrak dira aniztasuna ulertzeko, errespetatzeko eta baloratzeko gai ez diren begiradak.

Haurrak hiru bat urterekin hasten dira identitate sexuala agertzen. Helduoi, berriz, gehiago kostatzen zaigu hori ulertzea eta onartzea, ezta? Haur guztiak hizkuntzaren konkistarekin batera hasten dira beren identitatea adierazten. Kasu gehienetan, jaiotzean genitalen arabera ezarri genienarekin bat datorrenean, prozesua gardena da helduontzat. Baina jaiotzean egindako iragarpenarekin ez bagenuen asmatu (hainbat ikerketaren arabera 1.000 kasutatik 1ean ematen da transexualitatea), helduok, hasieran, ez dugu ulertzen haurrak adierazten diguna, eta orduan, zuzentzen diogu eta ukatzen dugu berak adierazten duena. Hor hasiko dira haur horrentzat arazoak: ezin duelako bera dena izan. Eta zu zarena ezin izatea oso oso gogorra da. Are gehiago adin horietan, beren pertsonalitatea eraikitzen hasten ari direnean.

Transexualitatea ezezagun zaigu; baina, horrez gain, ez al da haurren sexualitatea bera tabua oraindik? Bai, oraindik haurren sexualitateari buruz oso ezagutza gutxi dago eta neurri handi batean gizarte honetan egiten duguna rol eta estereotipoak inposatzea da, haur bakoitzak bere izateko modu bakar eta berezia garatzea oztopatuz.

Sexologoa ez ezik, bi alabaren aita zara: bata bulba duena, eta bestea, zakila duena. Zure larrutan ere biziko zenituen transexualitate egoeran dauden haurren guraso gehienek biziko dituzten zalantza eta beldurrak, ala? Zeintzuk dira zure ikaspenak? Zer esan ohi diezu gurasoei? Bai, egoera hau bizi dugun gurasoon hainbat bizipen oso antzekoak dira: hasieran, ezin ulertua, eta pentsatzea haurra nahastuta dagoela; eta gero, ezintasuna, haurrak sufritzen duela ikustean, konturatu gabe, bere sufrimendua gure ulermen eta onarpen ezak eragiten duela. Haien identitatearen aldarrikapena, haien bizitzeko oihua, haien negarra geldiezina denean, hainbat familiatan lortu dugu gure uste guztiak iraultzea eta haurrak adierazten ziguna entzuten jartzea. Horretarako, noski, garrantzi handikoa da, batetik, errealitate honen inguruan ezagutza areagotu izana, eta bestetik, hainbat familiak haien errealitatea ikustarazi izana.

Eta bai, pentsatzen hastean bere identitatea ez dela guk uste genuena, orduan beldurra, izugarrizko beldurra etorkizunari: nolakoa izango oten den bere bizitza, sufrituko duela, zaila izango dela… eta gure beldurrekin ahal duguna egin, eta azkenik, beraien identitatea onartzen hasten garenean, ustez “semea” zen nire alabari “gabon printzesa” esatean, bere irribarrea eta bere begien zoriontasunaren distirak ikustean konturatzen gara sufrimendua ez dagoela etorkizunean, sufrimendua orainaldian dagoela. Gure umea sufritzen ari dela, bera dena izaten ez diogulako uzten.

“Gure haurrak negar egiteari uzten diola, egunero borrokatzeari utzi, triste egoteari utzi eta bere hegalak zabaltzen hasten dela, jolasteari ekiten diola, irribarre eta par egiteari, lagunekin lasai erlazionatzeari, bizitzeari ekiten diola, gure barnean sekulako lasaitasuna sentitzen dugu”.

 

Gure haurren errealitate hau onartzeko guraso bezala eginbeharreko esfortzua oso handia izaten da. Hori bai, gure haurrak negar egiteari uzten diola, egunero borrokatzeari utzi, triste egoteari utzi eta bere hegalak zabaltzen hasten dela, jolasteari ekiten diola, irribarre eta par egiteari, lagunekin lasai erlazionatzeari, bizitzeari ekiten diola, gure barnean sekulako lasaitasuna sentitzen dugu. Eta orduan konturatzen gara sufrimendurik handiena bera dena ezin izatea dela. Eta bai, beraientzat oraindik lekurik ez duen mundu honetan, bera den bezala izateagatik hainbat kontu zailago izango ditu bizitzan, ziur aski. Horregatik, guraso bezala gure lana izango da berari tresnak ematea zailtasun horiei aurre egiteko.

Behin etxean egoerari eutsita, eskola izaten da hurrengo erronka. Chrysallis elkartean “trantsitua” egiten laguntzen diezue haurrei. Zertan datza? Behin familian bere identitatea onartu dugula, eta etxean bera den bezalakoa izan daitekeela, hurrengo urratsa da auzoan edo herrian ere hala izatea. Horretarako, nahitaezkoa da komunitatea heztea. Eta horretan eskolak garrantzi handia du. Horregatik, nahitaezkoa da trantsitu egiten duten umeen eskoletan Formazio Plan Integrala bermatzea, irakasleekin eta beste haurren gurasoekin lan eginez transexualitatearen errealitatea ezagutzeko, eta ikasgeletan haurrekin sexu aniztasunaren inguruan lan egiteko.

Elkarteak hegoaldean lan egiten duenez, EAE eta Nafarroako transexualitatearen inguruko legediaz galdetuko dizut. Nafarroan 2009an ezarri zen, eta EAEn, 2012an. Zertan dira? EAEn pertsona transexualen arretarako gida integral bat lantzen ari dira, zuekin elkarlanean. Zeintzuk dira zuen eskakizunak? 2009an onartu zen Nafarroako legea, aitzindaria izan zena eta bai EAErako bai estatuko beste komunitateetarako erreferentzia bihurtu zen, baina ez zen garatu. Gaur egun, lanean ari gara Nafarroako Gobernuarekin legean erabaki ziren neurriak garatzeko, eta oso jarrera positiboa erakutsi dute. Esan behar da ere, aitzindari izan zen 2009ko legea zaharkituta gelditu dela eta hainbat puntutan transexualitatea patologizatzen duela, eta beraz, aldatzeko beharra ere badagoela.

Bestalde Eusko Jaurlaritzak 2012an onartu zuen legearen hainbat kontu garatu badira ere, lan asko dago egiteko oraindik. Berriki bukatu da Gida Integrala idazten, eta laster argitaratuko da. Baina transexualitate egoeran dauden haurrei begira gabezi handiak daude oraindik. Funtsezkoa da trantsituak laguntzeko eskoletan Formazio Plan Integrala bermatzea, eta premiazkoa da familiei arreta zerbitzu espezifiko publiko bat martxan jartzea, haur hauei lagundu ahal izateko beren gurasoek laguntza handia behar dutelako. Jokoan dagoena ez da soilik haur hauen bizitza kalitatea, beren bizitza dago jokoan.

Patologizazioa aipatu duzu, eta hala da, bai, medikuntzarentzat transexualitatea patologia bat da: “genero disforia”, psikiatra eta zirujauek tratatu beharrekoa. Eta tratamendu horiek nahi izatekotan ere, gainera, badituzte mugak. Haur hauek haurtzaroan ez dute inongo tratamendu medikurik behar. Haien identitatea onartua eta diren bezala maitatuak izatea da behar dutena. Beste kontu bat da pubertaroarekin batera hainbatetan gaztetxo hauek desio ez duten sexu ezaugarri sekundarioen garapena oso gaizki bizi ahal dutela eta horretan laguntzeko blokeatzaile hormonalak erabil daitezkeela, eta desio dituzten ezaugarriak garatzeko hormonazio gurutzatua. Eta azpimarratu behar dugu hau guztia ez dela kapritxo bat, haien bizitza dagoela jokoan. Hori bai, gazte bakoitzak ongi bizi ahal izateko zer behar duen ikusten joan beharko du. Gure lekua, guraso bezala, haien prozesuetan beraien ondoan egotea izango da, babesa ematen. Eta, noski, beraiek diren bezala onartu eta maitatu, bere ezaugarri guztiekin eta bere erabaki guztiekin.

Bistakoa da sistemak ezarritako oztopoak ez direla urriak. Azken finean, transexualitateak ezbaian jartzen du hetero-patriarkatuak ezartzen duen sexu-genero sistema osoa. Inoiz desegingo dugu normatibitate hori? Eragingo dugu sakoneko aldaketarik? Gure haurren existentziarekin ikusten ari garena da haien errealitatearen onarpenaren alde egiten dugun guztiak izugarri laguntzen duela aniztasun osoari errespetuaren atea zabaltzen. Eta bai: espero dugu denok lekua izango dugun mundua eraikitzen joatea. Ez dugu zuri-beltzezko mundu bat nahi. Horretarako, kolore guztiekin margotu behar dugu gure mundu hau: bakoitzak bere koloreekin. Beren hegalak zabaldu ahal dituzten haurrak hezi nahi ditugu, hegan egin dezaketen haurrak. Zoriontsu bizi daitezela nahi dugu.