Musikaren garrantzia ikasgeletan: “Musika ez da irakasgai soil bat, gure barrukoa adierazteko artea baizik”

‘Musikaren erabilera eta bizipena Haur Hezkuntzan’ ikastaroa abian jarri du Ana Urrutia irakasleak, UEUko 42. edizioaren barruan. Bertan, musikaren garrantziaz jabetzea eta ikaslearen garapen osoa lortzeko (entzumena, adierazpena eta sormena) beharrezko baliabideak ezagutaraztea du jomuga irakasleak. Hori guztia lortzeko, jarduera praktikoak zein teorikoak bideratuko ditu, eta bakarka zein taldeka lan egingo dute partaideek.

Ana Urrutiaren bideoa

Ana Urrutia1Entzumena, adierazpena eta sormena garatzeko balio du musikak. Hala, Haur Hezkuntzan musikaren bizipena eta erabileraren garrantzia azpimarratu nahi izan du Urrutiak, haurraren garapen osoa lortzeko eta bere entzumena, adierazpena eta sormena adierazteko ezinbestekoa baita. Aipatzen du musikaren bitartez haurraren barruko mundua adierazten ahal dela. Halaber, beste konpetentzia batzuk badaudela azaltzen du; zeharkako konpetentziak, esaterako. Haurren arteko harremana eta, norberaren eta ingurunearen ezagutza ere lantzen ahal da musika erabiliz. Halaz, geletan bizikidetza hobetzeko modua ere badela argitzen du.

Ikastaroaren helburu nagusia inguruan dauden baliabideekin kontaktuan jartzea izango da; hau da, mugimendua, gorputza, ahotsa, eta tresnak ezagutzea eta azken finean, horiek nola erabiltzen diren ikastea. Horretarako, zenbait jarduera proposatzen ditu Urrutiak ikastaro honetan: “Haur hezkuntzako gelan mugimenduaz baliatzen ahal gara: mobilizazioak, koreografia txikitxoak, dantza xumeak eginez”. Hori lortzeko askotan herriko dantzak oinarri hartzen dituztela azaltzen du: “Horiek antolatzen eta moldatzen ditugu ere, gelan erabilli ahal izateko”. Horretaz aparte, ahotsa  landu beharreko elementu garrantzitsua dela dio: “Silabekin jolasten ahal dugu, haurrak oso txikitxoak direnean: ta-ta-te-te”. Horrekin batera, musika tresnak ere aipatzen ditu irakasleak: “Haientzat egokiak direnak erabiltzen ditugu. Adibidez: kotidiafonoak, gorputz perkusioa, boomwhackers, perkusio txikia, plakadunak”.

“Musika oso naturala da eta ulertu behar dugu musika arloan ez direla musika lanak bakarrik sartzen; soinuak, isiluneak, umeek egiten dituzten zaratatxoak, onomatopeiak, animaliek sortzen dituzten soinuak…horrek guztiak osatzen du musika arloa”. Gauzak horrela, musika haurrentzat “oso baliagarria eta esanguratsua” dela dio. Itxura denez, musika erabiltzean barruko munduarekin eta emozioekin bat egiten dutelako haurrek: “Dantza egitea, ahotsa erabiltzea, edozein jarduera egitea edo musika tresnak jotzea laguntzen du eta noski, besteekiko harremanak garatzen dira eta horiek indartzen ditugu”. Azken ideiari jarraiki, Urrutiak dio haurren adimen emozionalean bete-betean sartzen dela musika.

Amaitzen du esanez, musikaren egoera hezkuntzan latza dela eta orokorrean oso leku txikia eskaintzen zaiola: “Musika Haur Hezkuntzan egunero lantzeko arlo bat izan beharko litzateke”. Egoera horri aurre egiteko, azken finean, jendeak musika irakasgai soil bat baino gehiago dela ulertzea nahi du Urrutiak: “Benetan erabili behar dugun artea edo arloa da, gure barrukoa adierazteko”.

Gazteluko geletan, notak saltoka

Pentagrametatik burmuinetara. Horrela salto egiten dute notek instrumentu, bafle edo kaskoetatik gure barrura, eta salto horrek ematen die ahalmena malkoak, irribarreak, haserreak edo pozak sortzeko. Indar handiko tresna da musika, eta garrantzitsua da txikitatik lantzea. Horregatik, musika hezkuntza lantzeko aukera edukiko dute ikasleek gaur eta bihar UEUko “Musika-hezkuntzarako baliabide tekniko eta espresiboak” ikastaroan, Baionan.

Jurdana Otxoa Lopez de Etxezarreta izango da Baionako gazteluko orkestrako zuzendaria, ikastaroko irakaslea. Otxoa Bibolinean lizentziatua da, eta bibolin, hezkuntza musikal eta musika mugimenduko irakaslea da musika eskoletan.

Otxoak adierazi duenez, ikastaroaren helburua berak ikasitakoa “besteei islatzea” da. “Musika gelan erabilgarriak zaizkidan baliabideak konpartitzea da helburua, baita denon arteko ideiak partekatzea ere”, azaldu du. Musika hezkuntza “dinamikoagoa” landuko dute “talde lana bultzatu”.

Ikastaroa praktikoa izango dela azaldu du irakasleak. Erritmo ariketak adibidez “talde jolas eta gorputz perkusioaren bidez” jorratuko dituzte. Entzumena lantzeko, ostera, “instrumentuen bereizketarekin” jolas egingo dute. Mugimendua “dantzetan eta orokorrean mugimenduzko jolasetan” landuko dute. Bestetik, orff instrumentuak “jolas eta kantak sortzeko” erabiliko dituzte ikastaroan.

Hezkuntza ofizialean musika “gehiago” landu beharko litzatekeela uste du Otxoak. “Komunikatzeko ahalmen handia duen hizkuntza dela iruditzen zait”, dio. Musika hizkuntzaren bitartez beste hizkuntzak ikas ditzakegula azaldu du. “Gainera gure kultura musikala izan da beti eta hori mantentzea garrantzitsua dela iruditzen zait”, azpimarratu du.

Musika “komunikatzeko beste modu bat” den momentutik, txikitatik lantzea “onuragarria” dela dio ikastaroaren arduradunak. Musikarekin haurrak “ikasi eta gozatu” egiten duela azaldu du. “Txikitan jolas moduan bizi dugu musika, eta era berean, egoera hunkigarriak eta aldarteak eragiteko gaitasuna dauka”, azaldu du.

Musika “arlo guztietan erabilgarria” izan daitekeela azaldu du irakasleak, eta beste batzuen artean pertzepzioa, memoria edo komunikatzeko ahalmena garatzeko balio dezakeela. “Musika unibertsala da eta onura dakar beti”, dio Otxoak.

Udako Ikastaroak Lekeition

Hau edo hura Ez Dok Hamairu baino lehen edo beranduago gertatu zen“;
mugimendu hau gure historiaren mugarri bilakatu dela esan zuen atzo
Benito Lertxundik, UEUko “Euskal pop musika,  euskal gizartearen isla?”
udako ikastaroen baitan.  Iruñean herenegun hasitako ikastaro hau
Lekeitiora iritsi zen atzo, akaso bero zakarrak kostaldera bultzatuta.
Atzoko saio irekian, kantari oriotarrak Pako Aristiz gain, ikastaroko
ikasleak eta lekeitiar ugari izan zituen lagun.

Ikusi Garan agertu den hitzaldiaren kronika eta Hitzan Benitori egin dioten elkarrizketa. Berrian ere agertu da ikastaroari buruzko bideoa.

Ikastaroaren jarraipena egiteko: http://euskalpop.mundua.com/

Pop=herritarra. Iruñean eta Lekeition Udako Ikastaroetan

Pop-a popularra, herritarra bada, euskal pop musika, euskaldun gehienentzako erreferente izan den musika hori da. Herritik sortua, momentu konkretu baten, testuinguruak baldintzatua. Ez dok Amairu, Kortatu, Hertzainak… horiek guztiak beraz euskal pop musika egiten zutela ondorioztatu dute “Euskal pop musika, euskal pop gizartearen isla?” ikastaroan.

Ikastaro berezia da hau. Iruñean hasi da gaur, baina datozen hiru egunak Lekeition izango ditu. Bihar, esaterako, eguerdi partera Benito Lertxundi eta Pako Aristi izango dira hizlari Lekeitioko ikastolan. Saio horren sarrera librea izango da, eta gerturatu nahi duen edonor ongietorria izango da hausnarketa berezi honetara!

Ikastaroa jarraipena blog honetan aurkituko duzue: http://euskalpop.mundua.com/

Musika eta gizartearen arteko loturak Udako Ikastaroetan

Musika mota bat, abesti batzuk… une jakin baten, historiako momentu baten sortzen dira. Gizartea eta musika bereiztu ezinezko bi elementu dira. Nazioartean eta Euskal Herrian. Udako Ikastaroetan nazioartera eta etxera begira jarri, eta gizartearen eta musikaren arteko loturen inguruan hausnartzeko beta izango da. Honako ikastaroak ikustea besterik ez dago:

2007an hasitako “Ekonomia eta Rock-a” proiektua garatzen jarraitzeko ikastaroa da. Nazioarteko gertakariek rock-a mundu mailako fenomeno bilakatu dute, eta nazioarteko zenbait gertaera salatzeko tresna ere bihurtu zaigu rock-a. Zentzu horretan, munduko injustiziak salatu dituen Midnight Oil rock taldea aztertuko da ikastaro barruan.

Lekua: Markeskoa (Eibar)
Data: uztailaren 1a eta 2a

“Pop” popularra da, herritarra. Euskal Herrian herritik sortutako musika aztertuko da ikastaro honetan. Garai bakoitzeko gizarte-giroan bidaia egingo da, eta garaiko kantetan giro hori nola islatzen den aztertuko da.

Lekua: Iruñea eta Lekeitio
Data: uztailaren 20tik 23ra