Mikel Lizarralde: “Sarean egotea beste erremediorik ez da”




“Berritu ala hil” dio esamoldeak. Horixe da hain zuzen ere sareko marketinaren inguruan argi ulertu beharreko mezua. ‘Interneteko marketina: web guneari errendimendu hobea atera’ ikastaroa zuzendu du Mikel Lizarralde sareko marketinean adituak, eta enpresa eta erakundeek, Internetera jauzi egitea beste erremediorik ez dutela azaldu digu.

Interneten egun bizi dugun eztanda eboluzio natural baten emaitza da Lizarralderen ustez. Bezeroak eta hartzaileak Interneten daude, beraz, enpresa eta erakundeek ere hor egon behar dute. “Sarean UEUri buruz, Kutxari buruz, Astoreri buruz gauzak esaten dira, eta hori entzun nahi ez izatea astakeria galanta da”, argitu du.

Bezeroa guztiaren erdian dago, eta erakunde eta enpresak erabiltzaile horri zerbait emateko bizi direnez, zer nahi duen aztertu behar dute. Lehen baserritarrak azokara jaistean egiten zuen bezalaxe. Zer nahi, hura ematen saiatu. Eta Internetek hori egiteko parada eskaintzen du.

Bi egunez aritu dira Interneteko marketinaren gakoak aztertuz. Luistxo Fernandez Interneten aditua, Josu Azpillaga informatika ingeniaria eta teknologia berrietan aditua, Garikoitz Araolaza SEO eta web analitikan aditua eta Mikel Lizarralde sareko marketinean aditua, izan dituzte maisu.

Lehenik eta behin, sarea ez dela ez prentsa, ez telebista ez eta beste ezer, horixe argitu nahi izan dute. Hori horrela, sarerako edukiak sarerako bereziki landu behar direla azaldu diete. Interneteko marketina, era berean, estrategia global batean txertatu beharko litzatekeela dio Lizarraldek. Dena den ezin dugu ahaztu testuingurua: “Gipuzkoan, Euskal Herrian bizi gara, eta errealitatea beste bat da. Normalean ez da izaten planing orokor bat, ez ezer”, azaldu digu Interneteko adituak. Eta horregatik, kasu bakoitzean egokitu beharraz mintzatu da.

Norabide bakarreko mezuak ahaztu behar ditugu. Horixe, Lizarralderen gomendioa: “Interneten bi norabidetako mezua sortzen saiatu behar dugu, elkarrizketa bat izan dadila, horixe baita funtsa azken finean eta ekintza guztiak horretara bideratu behar ditugu”.

Googletik at ez da ezer

Googlek webgune askotan garrantzia izugarria dauka trafikoa bideratzeko orduan, horrexegatik Googletik aparte funtzionatu nahi izateak ez du zentzurik Lizarralderen ustez. Eta Google-tik trafikoa lortzeko bi modu daudela argitu digu. Batetik, bilaketen emaitzetan modu naturalean agertzea, eta bestetik, iragarkiak kontratatzea.

Audientziaren neurketen inguruan ere mintzatu zaie Garikoitz Araolaza. Interneteko neurketak gainontzeko medioetakoak baino askoz ere zehatzagoak dira. Eta neurketa horiei probetxua atera behar zaiela argitu du Lizarraldek, alegia, neurketak ekintzetara, hobetzeko estrategiak diseinatzera, bideratu behar direla. Izan ere, neurketek ez dute balio, enpresako gerenteak tabernan egunero 100 bisita lortzen dituela harro-harro esateko.

Sare sozialen inguruan, orain oso modan jarri diren Facebook eta Twitterren egiten diren ekintzak estrategia baten baitan egon behar dutela argitu du. Dena den, ez dago bide zuzen bakarra. Ikasleak orientatzeko egin behar ez direnak aipatu dituzte, baina bide egokia norberak topatu behar duela gaineratu du.

Luistxo Fernandez: “Komunikatzeko gogoa duenak, Interneteko hizkuntzan trebatu behar du”


Enpresentzat, erakundeentzat eta norbanakoentzat sarea komunikaziorako lehen tresna bilakatu da azken urteotan. ‘Interneteko marketina: web guneari errendimendu hobea atera’ ikastaroan, amaraunean komunikatzeko tresna eta baliabideak ezagutarazi eta horiek erabiltzen irakatsiko diete ikasleei. Luistxo Fernandez Interneteko adituak hainbat gako eman ditu Interneten idazteari buruz.

–    Zertaz hitz egingo duzu ikastaroan?
Interneterako nola idatzi behar den azalduko diet ikasleei. Horretarako arau orokor batzuk kontuan hartu behar direla jakin behar dute. Ez dute prentsara begira idatzi behar. Alegia, Interneterako idazten ari garela kontuan hartu behar dugu eta bereziki Interneterako prestatu egin behar dira testuak. Paperaren morrontza ahaztu behar da eta horretarako arau praktiko batzuk emango dizkiet. Maketazioa ere aipatuko dut…

–    E-mailetarako, blogetako sarreretarako, web guneetarako… kasu guztietarako balio dute arau horiek?
Ni web guneetan zentratuko naiz eta horretarako argibideak emango dizkiet. Baina Facebooken eta Twitterren ere sartuko naiz pixka bat, izan ere, bi tresna horien garrantzia geroz eta handiagoa da marketinaren ikuspuntutik. Posta elektronikoa ere aipatuko dut. Hain justu, posta elektronikoa ‘spam’ deritzoguna egiteko erabiltzen da eta hori ez da egin behar.

–    Zer da sareak enpresei eskaini ahal diena?
Nik uste dut sarea marketinerako lehen kanala dela. Marketina zentzurik zabalenean esan nahi dut. Ez enpresentzat soilik, erakundeentzat eta pertsonentzat ere Internet komunikaziorako lehen kanala bilakatu da. Norberaren jarduna, lana edo ideiak zabaltzeko Internetera jotzen dugu. Hori horrela, presentzia hori planifikatu egin behar duzu. Ez soilik enpresarako, edozein erakundek berdin egin behar luke; komunikazio estrategia bat definitu behar luke.

–    Estrategia bat jarraitzea garrantzitsua da, beraz. Interneten erabilera okerrak arriskuak izan ditzake?
Arrisku berezirik ez, egia esan. Enpresarentzat lehiaren munduko ohiko arriskuak ditu Internetek. Finean, Internetera jotzerakoan, besteek dituzten baliabide berak dituzu zuk. Tira, besteek zuk baino baliabide gehiago izan ditzakete; bakoitzak komunikazioan eta marketinean ahal duena inbertitzen duelako. Baina ahal den hori, gutxienez, inteligentzia apur batekin inbertitu behar da eta argi izan behar dugu inbertitu egin behar dela.

–    Egun enpresariak jabetu dira Interneten inbertitzea beharrezkoa dela?
Bai, honezkero bai. Pertsonek zerbait behar dutenean Internetera jotzen dute lehendabizi; bai produktu baten inguruko informazioa biltzeko, edo eztabaida batena, edo albiste batena, edo enpresa baten jardunarena. Horrela funtzionatzen dugu eta enpresariek badakite hori.

–    Marketinaren ikuspuntutik abantailarik handienetakoa bezeroen edo hartzaileen erantzuna jaso ahal izatea litzateke?
Bai, egia da entzun egin behar dela eta entzuketa aktibo bat beharrezkoa dela. Bezeroak, edo entzuleak ahotsa dauka Interneten, zeren eta, neurri batean, sarean, denok gaude maila berean, denok izan gaitezke komunikatzaile. Eta entzuleak edo bezeroak ere agian trebatu beharko genuke komunikatzaile gisa. Adibidez, orain ikastaroan azaldu nahi diedan beste kontu bat sinadurarena litzateke. Erakunde batek ahots bat izan dezake komunikazioan, sinadura zehatz gabe. Baina bertako pertsonek izen deiturekin sinatzen hastea komenigarria izan liteke eta ahots propioa izatea web gunean, edo blog batean, edo Twitterren. Komunikatzeko gogoa duenak trebatu behar du Interneteko hizkuntzan.

–    Sarea erabat kontrolatuta dagoen tresna da?
Bai, Interneten posible da zure webgunearen trafikoa neurtzea eta hala, helburu zehatzak betetzen diren edo ez jakitea. Hori oso inportantea da. Interneten audientzia zehatza jakin ahal duzu, ez du zerikusirik egunkariekin edo telebistarekin. Gainera, tresna estatistiko oso garrantzitsuak existitzen dira eta horiek ulertu eta erabili egin behar dira.

Komunitate birtualen kudeaketa: Community Manager-ak.

Sare sozialak eta komunitate birtualak indarrean daude egun, eta errealitate horren inguruan lanpostu berriak sortu dira, Community Managerrarena (CM) esaterako. Esan daiteke CMren zeregin nagusia entitate baten eta haren erkidego potentzialaren arteko lotura pitzarazi edo indartzea dela, bataren eta bestearen arteko komunikazioa errazteko eta hobetzeko animatzailea. Horretarako koktel bat egiten du komunikazioaren, marketinaren eta teknologia berrien ezagutza baliatuz. Enpresentzat modu berri bat da komunikazioaren arloan eraginkortasunari eutsi —edo areagotu— eta aldi berean baliabide merkeagoak erabiltzeko. Komunikazioaren profesionalentzat aukera izan daiteke bide berri bat irekitzeko.

Ikastaroa: Sarea eta komunitate birtualen kudeaketa.
Eibarren, ekainaren 29tik uztailaren 1era

Informazio gehiago: Udako Ikastaroak GERTU