IEB11ren jarraipena twitter bidez

UEUko Informatika Sailak 2 urtetik behin antolatzen duen Informatikari Euskaldunen Bilkura da IEB. Edizio honetako gai nagusia gizarte sareak dira, eta zer egokiago egun osoko hitzaldi eta solasaldien berri twitter bidez ematea baino! Gure helburua, entzule gisa joan ezin dutenei bertan gertatzen dena kontatzea izango da. Horretarako, hainbat bide jorratuko ditugu.

gizarte sareak

IEB bihar, maiatzak 12an, Donostiako Teknologi Elkartegiko Eraikin Nagusian (Miramon) ospatuko den bilkura dugu. Goizeko 9:00etan zabalduko ditu ateak jardunaldien aurkezpenarekin. Sarrera hau UEUko zuzendaria den Karmele Artetxek egingo du.
9:15ean hitzaldi saioei emango zaie hasiera. Atsedenaldira arte, hau da, 11:15ak arte lau hitzaldi egongo dira. Bertan aditzera eramaten diren ideiarik interesgarrienak, gertaerak, anekdotak, … ueu_orokorra twitterraren bidez zabalduko ditugu.

Atsedenaldiaren ostean, 11:45etan, “Komunikazioak” deritzon 3 saio paralelo egongo dira. Ondorioz, ADI twitter zaleak! Izan ere, hiru twitter kontu ezberdinen bidez zabalduko ditugu mezuak! Horrela, lehenengo saioko kontaketa Ingumakeriak twitterrak egingo du. Bigarren saioko jarraipena aldiz ueu_orokorra kontutik egingo da. Eta azkenik, hirugarrengoan, kolaboratzaile baten laguntza izango dugu; Joseba Martos informatikariarena alegia. Azken saio honetan hizlari moduan ere egongo da guifi.net plataformaz hitz eginez, baina entzule gisa dagoenean bere twitter kontuarekin saio horretan gertatzen dena kontatuko du. Jarraipena egiteko hau da bere twitter kontua: http://twitter.com/#!/josebamartos

Saio paralelo hauek 13:45etan amaitzen dira. Ondoren bazkaria dator eta 15:45etan “sarea josten” ekitaldia egongo da. Arratsaldeko 17:30etan amaiera emango zaio bilkurari eta hemendik bi urtera arte agur esango dugu. Hitzaldi eta hizlarien inguruko informazio zehatza nahi baduzue IEBko blogean begiratu!

Joseba Martos: “Guifi.net fundazioa internet moduko azpiegitura bat da”

1996az geroztik, bi urtetik behin UEUko Informatika Sailak antolatzen duen ekitaldia dugu Informatikari Euskaldunen Bilkura (IEB). Aurtengoa maiatzaren 12an izango da Donostiako Teknologi Elkartegiko Eraikin Nagusian (Miramon). Gai nagusitzat gizarte sareak hartu dira baina egun osoz irauten duen jardunaldi honetan, hainbat hizlarik hartuko dute parte bakoitzak gai eta ideia ezberdinak azalduz. Horietako bat Joseba Martos informatikari bermeotarra dugu. 25 urteko gazteak guifi.net fundazioarentzat lan egiten du eta bere hitzaldiaren aurrerapen txiki bat kontatu digu.

joseba_martos
“Guifi.net fundazioa internet moduko azpiegitura bat da”.
Orain urte batzuk, wifiaren inguruan zalaparta handia sortu zen eta Martosek kontatu bezala, “batez ere Bilbo inguruan sekulako arrakasta lortu zuen”. Ondorioz, fudnazio hau sortu zen eta pixkanaka Bartzelonatik hasi eta Espainiako hainbat lurraldeetan barneratu zen; gurean ere lekua egitea lortu dute.

Guifi.net irekia, askea eta neutrala den telekomunikazio sarea da. Maiatzaren 12ko ekitaldian Martos fundazio honen ezaugarriez mintzatuko da; zer nolako sarea den, zer egin daitekeen, zer ezberdintasun dauden sare honen eta interneten artean, … Primizia gisa, guifi.net-eko parte hartzaileen betebeharrak kontatu ditu. Izan ere, fundazioko partaideek kontratu moduko bat sinatzen dute non konprometitzen diren sarea mantentzea eta beste erabiltzaileei libreki konektatzen uztea.

Lehen aipatu bezala, aurtengo IEBko gaia gizarte sareak dira eta Martosen bere iritzia eman du plataforma hauen inguruan; “garrantzitsua da sare sozialetan egotea, batez ere nire lanbidean. Arazoa da erabiltzaile askok ez dakitela nola kudeatu. Hau da, nola erabili, nolako segurtasun neurriak hartu, … Horregatik garrantzitsua da sare sozialen ezagupena egitea gizarteak beharrezko konnotazio positibo eta negatiboak ezagutu ditzan”.