Floren Aoiz: “Zer egin behar da presioen aurrean? Kikildu eta atzera egin ez; aldaketa mugatu edo mantsotu ere ez. Aldaketa jarduera presioen talka da”

Iratzar Fundazioaren zuzendariak argi dauka Nafarroako Gobernuak “injustizia historiko gordin bat” gainditzeko aukera duela, eta ez dagoela “epelkerietarako betarik”. Gobernu-kudeaketa aldaketaren eta balizko erregimen aldaketaren artean kokatu gara berarekin, eta tarte hori nola gutxitu izan dugu hizpide, UEUk eta Iratzar Fundazioak antolatutako Aldaketa Nafarroan. Gobernu-kudeaketa aldaketa, erregimen aldaketa? Irakurketa eta etorkizunerako erronkak ikastaroaren harira.

Nafarroako gobernu-kudeaketa aldaketak erregimen aldaketa ekarri ote duen, edo ekar dezakeen. Galdera horixe iradokitzen du ikastaroaren izenburuak. Nafarroan aldaketaren kontrako botere faktikoek duten indarra aintzat hartuz, posible da? Zaila da zer gertatuko den jakitea, egoera irekita dagoelako, hau da, gerta daiteke Foru Hobekuntzaren Erregimenaren kontraofentsibak aldaketa neutralizatzea, edo barne kontraesanak lehertzea aldaketaren esparruan. Gerta daiteke, halaber, aldaketa indartzea eta instituzioetako kudeatzaileen errelebotik haratago joatea, erregimen deitzen dugun hori errotik aldatzen, nolabaiteko jarduera eraldatzaileak (konstituienteak) garatuz. Indar talka begi bistakoa da, eta ene ustetan, areagotu egingo da etorkizun hurbilean. Erregimenak indar handiak ditu, baina aldaketaren aldekook ere bai, jendartean, eta iaztik, instituzio gehienetan ere bai. Edonola ere, garrantzitsuena da aldaketaren aukera irekirik dagoela.

Botere horiei kontrajarrita, aldaketaren aldeko haizea ere badabil jendartean, eta bazebilen, gobernu aldaketa aurretik ere. Erakundeetako aldaketak zer eragin izan du herri-mugimenduengan? Denetarik atzematen da. Desmobilizazio joerak atzematen dira esparru batzuetan (“jada aldatu dira gobernuak, aski da…”), zapuzketa (“hau zen aldaketa?”) baita aldaketa sostengatu eta aurrera eramateko borondatea ere, kritikoa askotan, baina aldaketa grina bizirik gordetzen duena. Energia horiek biderkatu dira azken urteotan baina urte askotako lanaren fruituak dira, finean, aldaketa jendartetik iritsi baita instituzioetara. Aldaketak oinarri sendoak ditu maila horretan, zentzu komunaren lehian emandako aldaketak aspaldi abiatu baitziren. Nik, egia esan, ahulezia handiagoak ikusten ditut maila politiko-instituzionalean.

Aldaketa Nafarroan

Ezkerretik eskuinera: Emilio Majuelo, Bixente Serrano, Oskia Ugarte eta Floren Aoiz ikastaroko mahai inguruan.

Gobernu akordioa ez da tentsio eta erronkarik gabea izan; eta tentsioen erdigunean, euskara. Noraino eragiten du aferan alderdien arteko desadostasunak eta noraino botere lehiak? Aldaketaren esparrua anitza da, tentsioez betetakoa. Kultura politiko eta ibilbide ezberdinak, batzuetan kontrajarriak, batzuek, egia esan, hanka bat badute erregimenaren esparruan edo bere sare klientelarretan, errelebo hutsaren logika ere hor dago… Honek ahultzen eta mugatzen du aldaketa, eta nabarmena da, esaterako, euskararen inguruan. Aldaketarako borondate mugatua kezka identitarioaz hitz egiten estaltzen dute batzuek, eta hori ez da batere gozoa, egia esan. Baina, bestalde, oso argi izan behar dugu aniztasun honek ekarri duela aldaketa. Ezberdinen arteko akordioa da aldaketaren erregaia eta zaindu beharra dago. Orekak ez dira errazak eta maila handi batean herri mugimenduak eta jendarteak presioa egin behar dute, tentsioetatik haratago joateko.

Euskalgintzak epeltasuna egozten dio Gobernuari. Presio eta sostenguaren artean dabil. Oreka horri eutsi beharko lioke? Zein posizio izan beharko lukete bai Euskalgintzak bai herri-mugimenduek, orohar, Gobernuaren aurrean, aldaketa sakonagoa gauza dadin? Hori euskalgintzak eta herri mugimenduek erabaki beharko dute. Guk ikastaro hau antolatu dugu besteak beste gogoeta bultzatzeko eta iritziak entzuteko, gure ustetan herri mugimendua eta bereziki euskalgintza indartsua funtsezkoa delako aldaketarako. Foroak eskaintzea eztabaida horiek garatzeko lagungarria izan daitekeelakoan gaude, baina ez diogu inori zer egin behar duen esan nahi. Areago, hori akats historikoa da eta oso argi dugu aldaketarako konplizitateak ez direla horrela eraikitzen. Guk konplizitate horiek eraikitzen lagundu nahi dugu, baina konplizitate kritikoak, herri mugimenduen erritmo eta ikuspegiaren araberakoak.

Hau esanda, ezaguna da batzuok bizkorrago eta ausartago ibiltzeko eskatu diogula nafar gobernuari, egindakoa ez baita aski, gehiago egitea posiblea baita. Eta gauza bera esaten diegu aldaketaren esparruan jarrera epelagoak dituztenei. Hau ez da afera “identitarioa”, oinarrizko eskubide kontua baizik. Injustizia historiko gordin bat gainditzeko aukeraz ari gara eta hor ez dago epelkerietarako betarik. Begi onez ikusten dugu, beraz, presioa.

Gobernuaren lehen urtean kontrakoen presioa erabatekoa izan da. Aurreikusi daiteke presio hori gutxituko denik ala bere horretan segituko du? Pentsa liteke aldaketa sakonagoak bideratzeko aukera gehiago zabalduko denik? Presioa areagotuko delakoan nago. Kasu, nafar eliteek ez dute tradizio demokratikorik, autoritarioa baizik, eta ez dituzte inoiz gobernu baliabideak eskuetatik galdu. Oso haserre daude, eta joko zikina maite dute, ederki adierazi dute azken hamarkadetan. Zer egin behar da presio horien aurrean? Kikildu eta atzera egin ez, aldaketa mugatu edo mantsotu ere ez. Horrela basatia lasaitu beharrean gehiago piztuko da. Presioa egin behar da, aldaketa jarduera presioen talka baita. Baina presioaz bat aldaketaren oinarri soziala zabaldu behar da, erregimen zaharra isolatu, ahuldu eta biluztu eta aldaketaren indarren arteko leialtasuna sendotu, ene ustetan.

Aldaketaren aldeko indar guztiek galdu dituzte botoak igandeko Espainiako Gorte Nagusietarako hauteskundeetan, eta abstentzioa apenas igo da. Hauteskunde hauek udal eta foruetakoekin zerikusirik ez dutela aintzat hartuz ere, zer balorazio egiten duzu? Egonkorra da alderdion gehiengoa? Aukera zegoen erregimen zaharrari kolpe ederra emateko, baina horretarako indarrak artikulatu behar ziren eta Unidos Podemosek ez du nahi izan. Egin ez izana kaltegarria izan da aldaketarako. Begi bistan dago UPN-PP eta PSOE pozik daudela emaitzaz, eta horrek zer pentsa eman behar die aldaketaren indar guztiei, batez ere, hain jarrera sektarioa izan dutenei.

Hau esanda, gobernuek gehiengo instituzionala dute, baita jendarte babes zabala ere, eta beren eginbeharra herriaren mandatua betetzea da. Aldaketak zilegitasun osoa dauka, beraz. Aldaketa bultzatu eta sakontzeko unea da.

Naroa Jauregizuria: “Ez badakigu norantz joan nahi dugun, oso zaila da jakitea zer transmititu nahi dugun”

Euskal Herria markaz eta markagintzaz: nazio garapena, berrikuntza eta parte hartzea oinarri” ikastaroko arduraduna da Naroa Jauregizuria soziologoa. Alor desberdinetako hainbat jenderen artean interesa piztu du ikastaroak eta gaiak.  

Naroa Jauregizuriatxikia

Nazio markagintza. Zer da nazio markagintza? Guk nazio markagintzaz baino nazio markaz hitz egiten dugu. Esan duguna da Nazio marka dela nazioaren isla. Azkenean nazioak bere jardueren bidez, bere identitatearen bidez eta inguruko testuinguruaren bidez irudi bat proiektatzen du. Irudi horren bidez trukerako balioa ere sortzen da eta jendearen eta interes taldeen artean posizionamendu bat lortzen da. Orduan nazio markagintzaren bidez asmoa dena edo bilatzen dena da irudi horretan eragitea.

Euskal Herriaren kasuan nondik abiatzen gara. Zuri entzuna dizut marka desenfokatuta daukagula. Bai hori da. Euskal Herriko kasuan marka beti egon badago. Berez nazio guztiek bere isla daukate eta bere posizioa daukate bakoitzaren buruan, behintzat ezagutzen dituztenen buruan; baina, bai, Euskal Herrian gertatzen dena da ez dagoela adostasunik ez izenaren inguruan, ez edukien inguruan… Ez badakigu norantz joan nahi dugun, jakitea zein eduki zehaztu nahi dugun, zein eduki kokatu edo transmititu nahi dugun oso zaila da.

Nazio marka ondo lantzeak zer dakar? Berez inportantea nazio estrategia ondo lantzea da. Nazio marka ondo lantzeak ekarri dezakeena da nazio estrategia hori errazago helaraztea da. Alde batetik hori egituratzen laguntzea, bestetik ikusgarri egitea eta bukatzeko erakarmen ahalmen bat eskuratzea.

Saldu ahal izateko, produktua behar duzu. Hori da. Planteatzen genuena. Azkenean komunikazioaren bitartez egin daitekeena %5a da. Lehenengo bestea behar duzu. Ez badaukazu zer saldu, eskas. Dena den ez dut esan nahi ez daukagunik. Kontua da desenfokatua dagoela.

Mundu mailan zein da panorama? Mundu mailan gero eta argiago ikusten ari dira honen beharra. Globalizazioan bereizteko beharra gero eta handiagoa da. Gero eta nazio gehiago dira euren lekua egin nahi dutenak. Komunikazio baliabideen bitartez gero eta aukera gehiago dago erreputazioan-eta eragiteko. Orduan gero eta neurgailu gehiago sortzen ari dira. Gaian aditu gehiago dago eta puri-purian dagoen gaia da memento honetan. Eta garaiz gaude honi heltzeko gu ere bai.

Ikastaro honetan oso alor ezberdinetako jendea batu duzue. Horrekin oso pozik gaude. Azkenean lehen aipatutako ikuspegi integral eta estrategiko horretatik planteatu dugulako. Egingo duguna da astiro astiro edukiz betetzen joan planteamendu hau. Ez da bakarrik, ez da publizitatea, ez da komunikazio estrategia hutsa, nazio estrategia bat da. Esan bezala produktua edo posizionatu beharreko elementua definituko dugu, balio proposamenen inguruan hitz egingo dugu eta komunikazio bitartekoen inguruan ere hausnartzeko asmoa daukagu, baina ikuspegi orokorra izanda.

Eta hau hasiera baino ez da. Euskal Herrian ariketa hau egiten, behintzat holako ikuspegi zabalkor eta integralarekin lehenengotariko aldia da. Ez dut besterik ezagutzen. Hitz egin da gaiaren inguruan, hainbat ikastarotan landu da, baina gai honen inguruan bakarrik teorizatzeko lehenengo aldia da. Gurea asmoa da ahalik eta ikuspegi gehien jasotzea, hausnarketarako puntuak zehaztea eta hemendik aurrera bide hau zabaltzea.

Matrikulazioan argi geratzen da jende artean ere interesa piztu duela. Ez da hizlariak bakarrik. Azkenean parte hartzaileen artean oso jende interesgarria etorriko zaigu. Euskal Herri osotik dator jendea. Diziplina askotan lanean dabilena. Interes ezberdinduna. Nire ustez azkenean guztiok hor badaukagula zertan eragin, zer aportatu eta oso emaitza polita aterako dela hemendik.

Aingeru Mayor: “Transexualitate egoeran dauden haurrek behar dutena beren identitatea onartzea eta diren bezala maitatzea da”

Zakila duten neskak eta bulba duten mutilak. Haurren (transexualitatea) ulertzen” ikastaroa emango du Aingeru Mayor sexologoak Iruñeko Kondestablearen jauregian, UEUko udako ikastaroen baitan. Chrysallis Euskal Herria adintxikiko transexualen familien elkarteko lehendakaria da; bi alabaren aita ere bai: bata bulba duena, eta bestea, zakila duena. Berak argi dauka: haurrengan sufrimendua eragin lezakeena diren bezalakoak izaten ez uztea da.

aingeru mayor
“Zakila duten neskak eta bulba duten mutilak”. Esaldi sinplea dirudi. Ulerterraza. Baina orain arte nagusiki zabaldu izan den uste bati aurre egiten dio: transexualitate egoeran dauden pertsonak ez dira okerreko gorputzean jaio. 

Esaldi hori da, hain zuzen, gure haurren errealitatea hobekien deskribatzen duena. Etiketarik gabe, epairik gabe, errealitatea deskribatzen duen esaldia da. Mutil gehienek zakila dute, bai, eta batzuk bulba dute. Neska gehienek bulba dute, bai, eta batzuk zakila ere. Halaxe da. Neska edo mutil izatea subjektibitate kontu bat da. Identitatea ez dago hankartean; izatekotan, burmuinean kokatzen da…. eta gutxiengo baten ezaugarriak izatea okerra dela esatea epai morala baino ez da. Ilegorriak gutxienak dira, ezkerrak gutxienak dira, zakila duten neskak gutxienak dira… bai, baina beren gorputzak ez dira okerrak, beren gorputzak aniztasunaren adierazpena baino ez dira. Okerrak dira aniztasuna ulertzeko, errespetatzeko eta baloratzeko gai ez diren begiradak.

Haurrak hiru bat urterekin hasten dira identitate sexuala agertzen. Helduoi, berriz, gehiago kostatzen zaigu hori ulertzea eta onartzea, ezta? Haur guztiak hizkuntzaren konkistarekin batera hasten dira beren identitatea adierazten. Kasu gehienetan, jaiotzean genitalen arabera ezarri genienarekin bat datorrenean, prozesua gardena da helduontzat. Baina jaiotzean egindako iragarpenarekin ez bagenuen asmatu (hainbat ikerketaren arabera 1.000 kasutatik 1ean ematen da transexualitatea), helduok, hasieran, ez dugu ulertzen haurrak adierazten diguna, eta orduan, zuzentzen diogu eta ukatzen dugu berak adierazten duena. Hor hasiko dira haur horrentzat arazoak: ezin duelako bera dena izan. Eta zu zarena ezin izatea oso oso gogorra da. Are gehiago adin horietan, beren pertsonalitatea eraikitzen hasten ari direnean.

Transexualitatea ezezagun zaigu; baina, horrez gain, ez al da haurren sexualitatea bera tabua oraindik? Bai, oraindik haurren sexualitateari buruz oso ezagutza gutxi dago eta neurri handi batean gizarte honetan egiten duguna rol eta estereotipoak inposatzea da, haur bakoitzak bere izateko modu bakar eta berezia garatzea oztopatuz.

Sexologoa ez ezik, bi alabaren aita zara: bata bulba duena, eta bestea, zakila duena. Zure larrutan ere biziko zenituen transexualitate egoeran dauden haurren guraso gehienek biziko dituzten zalantza eta beldurrak, ala? Zeintzuk dira zure ikaspenak? Zer esan ohi diezu gurasoei? Bai, egoera hau bizi dugun gurasoon hainbat bizipen oso antzekoak dira: hasieran, ezin ulertua, eta pentsatzea haurra nahastuta dagoela; eta gero, ezintasuna, haurrak sufritzen duela ikustean, konturatu gabe, bere sufrimendua gure ulermen eta onarpen ezak eragiten duela. Haien identitatearen aldarrikapena, haien bizitzeko oihua, haien negarra geldiezina denean, hainbat familiatan lortu dugu gure uste guztiak iraultzea eta haurrak adierazten ziguna entzuten jartzea. Horretarako, noski, garrantzi handikoa da, batetik, errealitate honen inguruan ezagutza areagotu izana, eta bestetik, hainbat familiak haien errealitatea ikustarazi izana.

Eta bai, pentsatzen hastean bere identitatea ez dela guk uste genuena, orduan beldurra, izugarrizko beldurra etorkizunari: nolakoa izango oten den bere bizitza, sufrituko duela, zaila izango dela… eta gure beldurrekin ahal duguna egin, eta azkenik, beraien identitatea onartzen hasten garenean, ustez “semea” zen nire alabari “gabon printzesa” esatean, bere irribarrea eta bere begien zoriontasunaren distirak ikustean konturatzen gara sufrimendua ez dagoela etorkizunean, sufrimendua orainaldian dagoela. Gure umea sufritzen ari dela, bera dena izaten ez diogulako uzten.

“Gure haurrak negar egiteari uzten diola, egunero borrokatzeari utzi, triste egoteari utzi eta bere hegalak zabaltzen hasten dela, jolasteari ekiten diola, irribarre eta par egiteari, lagunekin lasai erlazionatzeari, bizitzeari ekiten diola, gure barnean sekulako lasaitasuna sentitzen dugu”.

 

Gure haurren errealitate hau onartzeko guraso bezala eginbeharreko esfortzua oso handia izaten da. Hori bai, gure haurrak negar egiteari uzten diola, egunero borrokatzeari utzi, triste egoteari utzi eta bere hegalak zabaltzen hasten dela, jolasteari ekiten diola, irribarre eta par egiteari, lagunekin lasai erlazionatzeari, bizitzeari ekiten diola, gure barnean sekulako lasaitasuna sentitzen dugu. Eta orduan konturatzen gara sufrimendurik handiena bera dena ezin izatea dela. Eta bai, beraientzat oraindik lekurik ez duen mundu honetan, bera den bezala izateagatik hainbat kontu zailago izango ditu bizitzan, ziur aski. Horregatik, guraso bezala gure lana izango da berari tresnak ematea zailtasun horiei aurre egiteko.

Behin etxean egoerari eutsita, eskola izaten da hurrengo erronka. Chrysallis elkartean “trantsitua” egiten laguntzen diezue haurrei. Zertan datza? Behin familian bere identitatea onartu dugula, eta etxean bera den bezalakoa izan daitekeela, hurrengo urratsa da auzoan edo herrian ere hala izatea. Horretarako, nahitaezkoa da komunitatea heztea. Eta horretan eskolak garrantzi handia du. Horregatik, nahitaezkoa da trantsitu egiten duten umeen eskoletan Formazio Plan Integrala bermatzea, irakasleekin eta beste haurren gurasoekin lan eginez transexualitatearen errealitatea ezagutzeko, eta ikasgeletan haurrekin sexu aniztasunaren inguruan lan egiteko.

Elkarteak hegoaldean lan egiten duenez, EAE eta Nafarroako transexualitatearen inguruko legediaz galdetuko dizut. Nafarroan 2009an ezarri zen, eta EAEn, 2012an. Zertan dira? EAEn pertsona transexualen arretarako gida integral bat lantzen ari dira, zuekin elkarlanean. Zeintzuk dira zuen eskakizunak? 2009an onartu zen Nafarroako legea, aitzindaria izan zena eta bai EAErako bai estatuko beste komunitateetarako erreferentzia bihurtu zen, baina ez zen garatu. Gaur egun, lanean ari gara Nafarroako Gobernuarekin legean erabaki ziren neurriak garatzeko, eta oso jarrera positiboa erakutsi dute. Esan behar da ere, aitzindari izan zen 2009ko legea zaharkituta gelditu dela eta hainbat puntutan transexualitatea patologizatzen duela, eta beraz, aldatzeko beharra ere badagoela.

Bestalde Eusko Jaurlaritzak 2012an onartu zuen legearen hainbat kontu garatu badira ere, lan asko dago egiteko oraindik. Berriki bukatu da Gida Integrala idazten, eta laster argitaratuko da. Baina transexualitate egoeran dauden haurrei begira gabezi handiak daude oraindik. Funtsezkoa da trantsituak laguntzeko eskoletan Formazio Plan Integrala bermatzea, eta premiazkoa da familiei arreta zerbitzu espezifiko publiko bat martxan jartzea, haur hauei lagundu ahal izateko beren gurasoek laguntza handia behar dutelako. Jokoan dagoena ez da soilik haur hauen bizitza kalitatea, beren bizitza dago jokoan.

Patologizazioa aipatu duzu, eta hala da, bai, medikuntzarentzat transexualitatea patologia bat da: “genero disforia”, psikiatra eta zirujauek tratatu beharrekoa. Eta tratamendu horiek nahi izatekotan ere, gainera, badituzte mugak. Haur hauek haurtzaroan ez dute inongo tratamendu medikurik behar. Haien identitatea onartua eta diren bezala maitatuak izatea da behar dutena. Beste kontu bat da pubertaroarekin batera hainbatetan gaztetxo hauek desio ez duten sexu ezaugarri sekundarioen garapena oso gaizki bizi ahal dutela eta horretan laguntzeko blokeatzaile hormonalak erabil daitezkeela, eta desio dituzten ezaugarriak garatzeko hormonazio gurutzatua. Eta azpimarratu behar dugu hau guztia ez dela kapritxo bat, haien bizitza dagoela jokoan. Hori bai, gazte bakoitzak ongi bizi ahal izateko zer behar duen ikusten joan beharko du. Gure lekua, guraso bezala, haien prozesuetan beraien ondoan egotea izango da, babesa ematen. Eta, noski, beraiek diren bezala onartu eta maitatu, bere ezaugarri guztiekin eta bere erabaki guztiekin.

Bistakoa da sistemak ezarritako oztopoak ez direla urriak. Azken finean, transexualitateak ezbaian jartzen du hetero-patriarkatuak ezartzen duen sexu-genero sistema osoa. Inoiz desegingo dugu normatibitate hori? Eragingo dugu sakoneko aldaketarik? Gure haurren existentziarekin ikusten ari garena da haien errealitatearen onarpenaren alde egiten dugun guztiak izugarri laguntzen duela aniztasun osoari errespetuaren atea zabaltzen. Eta bai: espero dugu denok lekua izango dugun mundua eraikitzen joatea. Ez dugu zuri-beltzezko mundu bat nahi. Horretarako, kolore guztiekin margotu behar dugu gure mundu hau: bakoitzak bere koloreekin. Beren hegalak zabaldu ahal dituzten haurrak hezi nahi ditugu, hegan egin dezaketen haurrak. Zoriontsu bizi daitezela nahi dugu.

Mikel Haranburu: “ Kulturaren ikuspegi integrala bilatu nahi dugu, Eugeniok egiten zuen moduan”

Gaur arratsaldean “40 urtez euskal kulturan: Eugenio Arraiza gogoan” mahai-ingurua izango da Kondestablearen Jauregian Euskokultur fundazioaren eskutik. Iaz hil zen Arraiza, Nafarroako euskalgintzako eta kulturgintzako sustatzaile, eragile eta babeslea. Besteak beste UEUko talde eragileko kide ere izandakoa. Arraizak berak sortutako Euskokultur fundazioko kidea da Mikel Haranburu.

Eugenio Arraiza zena gogoan antolatu da mahai-ingurua. Arraiza batez ere euskalgintza eta kulturgintzako sustatzaile, eragile eta babesle izan zela esan dezakegu?
Dudarik gabe, horixe izan zen. Sortzaile edo egile baino, eragile. Beti ez zuen asmatuko, jakina, baina, ekin eta ekin, alor guztietan hobekuntza, antolakuntza eta dinamika integratzaileak lortzen ahalegindu zen. Bere lana “motorra” izatea zen, antolakuntzak martxan jarri besteek gero aurrera egin zezaten.

UEUaurk1

Ezkerretik eskuinera, Iñaki Alegria UEUko zuzendaria, Irati Iciar Udako Ikastaroen arduraduna eta Mikel Haranburu Euskokultur Fundazioko kidea Udako Ikastaroen prentsaurreko egunean.

Berrogei urterekin ikasi zuen euskara, ordea…
Bai, bere bizitzan bi aro bereiz ditzakegu. Lehena, ikaskuntza, prestakuntza, apaizgoa eta herriko apaiz langilea sortu edo bilakatu artean. Euskal giroaren berri izan zuen gaztetan ere, Elizondon edo Lekunberrin emandako denboratik, baina haren asmoa apaiz, jesuita izatea zen, eta horren haritik herriarekin oso lotua. Bigarren aroa da itzuleratik aurrerakoa, zekarren jarrera herrikoiak eta herri kulturari ematen zion balioak ezbairik gabe euskara ikastera eta bertako kultura lantzera eraman baitzuten. Lan egindakoa zen langile apalenekin, eta ulertu zuen jokabide askatzailea norberak eta bere baitatik sortu behar zuela.

Ez da erreza ez haren ibilbidea laburbiltzea…
Erraza ez, jakina, hamaika alorretan bere ahalegina egin baitzuen hortik aitzina. Eusko Ikaskuntzan sartu zen langile eta herriaren kultura laguntzera, lantzera edota sustatzera pasa zen. Presente izan da arrez gero kulturaren zoko moko guztietan, eta gainera kulturaren ikuspegi ezin zabalago batez. Esan dezakegu harentzat kultura bizitzeko eraren sinonimoa zela. Ildo horretan, kulturaren kalitate edo mailarik altuenera iristen saiatu zen beti.

Arraizak batez ere landutako gaiak izango dituzue ardatz mahai-inguruan. Hau da, historia, bertsolaritza edota komunikabideak. Hala ere, berak legez ez duzue hiru arlo horietara mugatu nahi izan.
Hiru alor hautatu ditugu mahai-ingururako, baina arrazoi argi batzuengatik: hiru alor horietan aurrerapen nabarmena gertatu delako azken hamarkadetan, ez soilik Eugenio Arraizaren bultzadaz, jakina. Bestalde, Eugeniorentzat alor kuttunak edo garrantzi handikoak izan direlako beti. Lehena, historia, memoriaren berreskurapena eta bertakoek kontatua behar zuena. Nolabait atzera begirakoa. Ez da esan beharrik orain historiografia berria eratzen ari dela eta, Nafarroako konkistaren urteurrenaren inguruan, esate baterako, hainbat mugimendu, elkarte edo egitasmo garatu dela. Eugeniok gogo biziz bultzatu zituen horiek guztiak.

Bigarrena, hedabideena, egungo edo une oroko bizitzan komunitate batentzat sekulako garrantzia duena, beharrezkoa dena. Esanahi berebizikoa izan du gure artean Euskalerria Irratiak egin behar izan duen ibilbide neketsuak. Horretan ere, Eugeniok sortzetik beretik sustapen lan handia egin zuen.

Eta hirugarrena, sormenarekin lotuagoa, bertsolaritza. Bertsolaritzaren bilakaera izugarria izan da azken hamarkadetan, giro urbanora etorria, irakaskuntzan txertatua eta ahozko kulturaren beste agerpenekin harremanetan jarria. Eugeniorentzat miresgarria izan da Bertsozale Elkarteak eta bertso munduak egin duten bidea eta lortu duten arrakasta.

Alabaina, egia da Eugeniorentzat kulturaren osagarriak asko zirela, kantu zaletasuna, sendabelarrak, itsas kultura edo burdin kultura… eta, nola ez, euskal tradizioak eta ospakizunak, baina berdin toponimia, herri jakintza, ahozko ondare materiagabea… Ez genuke nahi beste ezein kultur alor bazter utzi, baizik eta kulturaren ikuspegi integrala bilatu, Eugeniok egiten zuen moduan. Eta ezin aipatu gabe utzi UEU bera, horretan ere aspaldiko laguna eta sustatzaile nekaezina baitzen.

Mahai inguruan nortzuk parte hartuko dute eta zein izango da edukia?
Historia alorrean, ezin egokiagoa Eugenio Arraizak eratu zuen Euskokultur Fundazioko egungo presidente Bixente Serrano Izko, historialaria. Hedabideen gaia lantzeko, Euskalerria Irratiko Reyes Ilintxeta, beste hainbat hedabidetan ere lan egindakoa eta ikuspegi freskoa duena. Eta bertsolaritzaren inguruan, Eugenio Arraizarekin bertsolariak, bertsozaleak eta laguntzaileak elkartzen hasieratik jardun zuen Lontxo Aburuza; Eugenio ederki ezagutzen zuena, gainera. Mahai-inguruaren edukia parte-hartzaileen eskutik etorriko bada ere, dudarik gabe, “Euskal Herria Ardatz” lelotzat hartuta, lau hamarkada hauetan, trantsiziotik hona gutxi gorabehera, euskal kultura nolatan bilakatu den gurean aztertuko dugu, Iruñetik hasi eta Nafarroa osoan edo Euskal Herrian.

Euskal kulturaren berrogei urte mahai-inguru bakarrean sartzea ez da errez izango, ordea. Abiapuntua dela esan dezakegu?
Baliteke abiapuntua besterik ez izatea; izan ere, berrogei urte ez da marka makala eta oraindik aztertu gabe dagoen historia ere bada. Bai tradiziotik heldu diren kultur agerpenek, eta bai euskalgintza deitzen dugun jarduera antolatuagoak sortutako dinamikek, garapena izan dute urteetan barrena. Akatsak ere izan dira noski, baina agian bada garaia aurrekari horiek aztertzen hasteko. Eugeniok bilatzen zuen auto-eraketaren ideiatik edo izate kontzientetik hurbilago gauden seinale litzateke hori.

2016ko Iruñeko Udako Ikastaroak, ekainaren 27tik 29ra

Hona UEUren 44. Udako Ikastaroak #ANITZA aurtengo ikastaldiaren barne Iruñeko ikastaroen eskaintza.

Aurtengo berrikuntza nagusia, ikastaldiaren datak aurreratu egin ditugula, ekainaren 27tik 29ra bitartean egongo baikara Iruñean!

Izen ematea irekita, ikastaroa hasi baino astebete lehenago arte.

Gainontzeko Eibar, Baiona, Bilbo eta Donostiako ikastaroen Informazio guztia: 44. Udako Ikastaroak

iruñea-txiki

Eskuratu hemen ikastaroen eskuorria.

Informazio gehiagorako:

Irati Iciar

943 82 14 26

i.iciar@ueu.eus

.

UEUren udazkeneko eskaintzarako izen ematea irekita.

UEUren udazkeneko eskaintza prest daukagu eta izen ematea irekita dago. Hona antolatutako ikastaro eskaintza oparoa:

 

Esku-orria 2015 udazkenaOn line eskaintza:

Ikasgelako eskaintza:

Izen ematea irekita dago ikastaroa hasi baino astebete lehenago arte.

Eskuratu hemen ikastaroen eskuorria bertan dituzu, besteak beste: ikastaroen helburuak, irakasleak, ordutegiak, prezioak, matrikulatzeko estekak…

Informazio gehiago:

Mari Karmen Menika

943 82 14 26

markeskoa@ueu.eus

.

Edurne Koch

948362563

e.koch@ueu.eus

.

‘Munich 1962: isildu egia’ solasaldia Iruñean.

UEUk eta Orreaga Taldeak elkarlanean ‘Munich 1962: isildu egia‘ dokumentalaren emanaldia eta solasaldia antolatu dute.

Munich 1962: isildu egia dokumentalaren egileen hitzetan: ”Dokumentalaren ideiaren oinarrian lan talde bat dago. Konturatu gara historiako gertakari hori ez dela ezaguna gure belaunaldikoentzat. Aldi berean, kontatzen dugunak paralelismoa dauka gaurko egoera politikoarekin. Municheko Ituna ezagutu zuten batzuk bizirik daude eta euren esperientzia eta interpretazioa jaso ditugu.” Argia

  • Hizlaria: Mikel Erauskin, ekonomialaria eta Orreaga Taldeko kidea.
  • Data: 2014ko urriaren 15a.
  • Tokia: Iruñean, Katakrak liburudendan.
  • Ordutegia: 19:00-21:00

Sarrera irekia eta doanekoa da.

munich isildu egia hitzaldia

Informazio gehiago:

nafarroa@ueu.org

948362563

Udako hitzaldi-sorta ekainean. ‘Dakiguna erakutsiko dizugu’ Bilbo, Baiona eta Iruñean.

42. Udako Ikastaroen aitzakian eta tokiko eragileekin elkarlanean, UEUk 2014ko ekainerako hitzaldi-sorta bat antolatu du ‘Dakiguna erakutsiko dizugu‘ izenburu orokorraren pean.

Bilbon
Zenbat Gara elkartearekin lankidetzan.
Tokia: Bilboko Kafe Antzokian.

  • Ekainak 10 — Ordua: 10:30etan — Hitzaldia: Euskaldunok eta telebista: potentzialtasunak eta errealitateak XXI. mendean. — Hizlaria: Xabier Landabidea, Euskal Gaien Institutua, Deustuko Unibertsitatea, UEUkidea. Hemen duzue Xabierrek hitzaldian erabilitako aurkezpena.
  • Ekainak 11 — Ordua: 11:30 — Hitzaldia: Espioitza masiboa egiten digute, zergatik ote? — Hizlaria: Jesus Ibañez, UPV/EHUko irakaslea.
  • Ekainak 11 — Ordua: 16:30 — Hitzaldia: Eta bat-batean… gorputza (gorputzak, gorpuzkerak eta gorputzaldiak) bertsolaritzan. — Hizlaria: Uxue Alberdi, kazetaria, idazlea eta bertsolaria.
  • Ekainak 24 — Ordua: 18:30 — Hitzaldia: Elikadura burujabetza, zer da, ze aukera daude eta nola bideratu Euskal Herrian. — Hizlaria: Marijo Imaz, Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

Iruñean
Katakrak elkartearekin lankidetzan.
Tokia: Katakrak elkartearen egoitzan.

  • Ekainak 16 — Ordua: 19:00 — Hitzaldia: Poesia feminismotik irakurtzen. — Hizlaria: Kattalin Miner, kazetaria eta militante feminista.
  • Ekainak 26 — Ordua: 19:00 — Hitzaldia: Gorputz jipoituak genero indarkeriaren  sinedoke. — Hizlaria: Gema Lasarte, UPV/EHUko irakaslea.

Baionan
Elekatu/Elikatu eta Baionako Euskal Museoarekin lankidetzan.
Tokia: Euskal Museoan.

  • Ekainak 19 — Ordua: 18:30 — Hitzaldia: Gerra propaganda Lehen Mundu Gerran: Raemaekersen marrazkiak. — Hizlaria: Ismael Manterola, Arte Historian doktorea, UPV/EHUko irakaslea, UEUko kidea.

Hitzaldi guztiak irekiak eta doanekoak dira, ez da aurretik izena eman behar. Plazak, aforoa bete arte.

Informazio gehiago:

Irati Iciar (Udako Ikastaroen arduraduna)

943 82 14 26

i.iciar@ueu.org

.

 

Ireki da 42. Udako Ikastaroetan izena emateko aukera.

UEUren 42. Udako Ikastaroetan izena emateko aukera ireki berri dugu!

Gaurtik uztailaren 13a arte Udako Ikastaroetan izena emateko aukera irekita egongo da, baina ikastaroak hasi baino astebete lehenago hasiko gara izen ematea ixten.

Prezioak eta diru-laguntzen informazioa gure web gunean aurkituko duzue.  Gogoratu UEUkide matrikulan %25eko deskontua daukagu.

Talde txikiak hobesten dira (gehienez 15 pertsona), interesa baduzu ahalik lasterren izena ematea gomendatzen dizugu, taldeak bete egiten baitira!

Ikastaroei buruzko informazio eguneratua:

Eskuratu hemen 42. Udako Ikastaroen eskuorria:  42UdakoIkastaroak

Informazioa:

Irati Iciar

943 82 14 26

i.iciar@ueu.org

azala

Udaberriko eskaintza ireki da.

UEUk 2014ko udaberrirako 12 ikastaro antolatu ditu Eibar eta Iruñean eta izen ematea ireki da.

Ikastetxe Nagusian, Eibarren:

Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasleentzako homologatutako ikastaroak dira guztiak.

Iruñean, Euskokultur Mintegian:

Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza departamentuak sare publikoko irakasleentzat homologatutako ikastaroak.

 

On line ikastaroak:

Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasleentzako homologatutako ikastaroak dira on lineko hauek ere.

Ikastaro guztietan izena emateko epea irekita dago. Klikatu izenburuan eta bertan dituzue argibide guztiak.

Informazio gehiago:

Mari Karmen Menika

943 82 14 26

markeskoa@ueu.org

.