Gotzon Carcar:” Gizaki bati egin diezaiokegun kalte handienetarikoa bere buruaz arduratzeko ikasbidea lapurtzea da”

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean Coaching Bigarren Hezkuntzako ikasgeletan doako ikastaroa antolatu du UEUk maiatzerako. Gotzon Carcar Muerza coach-a eta UEUkidea izango da irakaslea. Izena emateko epea irekita dago.

Gotzon Carcar

Coaching-a ez da terapia bat, argi utzi nahi izan duzu hasieratik.
Ez, ez da terapia. Coaching zer den argi uzteko, oraindik beharrezkoa da hori esatea, jende askok nahastu egiten duelakoz.

Argi eta garbi utzi behar da Coaching prozesu batean coach-ak ez duela aholkurik ematen, ez irtenbiderik, ezta errezetarik ere. Beraz, ez dio bere bezeroari esaten nola pentsatu behar den, ezta ere zer den berarentzako komenigarriena bizitzako edozein egoeraren aurrean.

Enpresa munduan batez ere asko entzun arren, ezezaguna da oraindik?
Coaching-a bada ezaguna enpresa munduan eta arlo pertsonalean ere bai; hala ere, oraindik askoz gehiago zabaldu daitekeela argi dago. Irakaskuntzaren eremuan etorkizun ederra izanen du ziurtasun osoz; irakasleak oso behartuak daudelakoz ikasleen harremanak ahalik eta hobekien kudeatzera.

Coaching-a berez galderak egiteko artea dela diozu. Galderak zein helbururekin?
Coach baten ardura da, beste pertsona (bezeroa = coachee) sakonki entzutea, berarekin konfiantzazko harremana sortzea, enpatia sakona lortzea da. Behin hori guztia lortuta, bezeroari galderarik garrantzitsuenak egin ahal izango dizkio, eta bezeroak bere baitan, gehien komeni zaiona azalduko dio bere buruari.

Hori da helburua. Sokratesek esan zuen bezalaxe: “Nik ezin dizuet ezer irakatsi, bakarrik laguntzen ahal dizuet zuen baitan ezagutza bilatzen, eta hori nire jakinduria urria zuei eskualdatzea baino askoz hobea da”

Zertarako izan daiteke lagungarri Bigarren Hezkuntzan?
Alda ditzagun aipatutako hitz horiek: coach eta coachee (bezeroa) kendu eta jar ditzagun irakasle eta ikasle.

Kontuan hartu gaur egungo irakaslearen ereduak epailearen ereduarekin antza oso handia duela; eta ez bakarrik azterketak ebaluatzeko unean, orokorrean, harremanetan ere bai. Ardura hori askotan gehiegizkoa da irakaslearentzat, eta ikasleari bere buruarekin arduratzeko ikasbidea lapurtzen zaio aldi berean. Gizaki bati egin diezaiokegun kalte handienetariko bat izan daiteke hori.

Beraz, ez da lagungarria izanen bakarrik Bigarren Hezkuntzan, baizik eta irakaskuntzan eremu guztietan, unibertsitatean barne. Guztien artean harremanak hobetu daitezke coaching-ari esker irakaskuntzan. Eta nola ez, familian ere izanen litzake guztiz lagungarria.

Nola landuko duzu ikastaroan?
Ikastaroaren iraupenak baldintzatzen du nola landu. Teoria ahalik eta gutxien izanen da eta batez ere ariketa praktikoak izango dira, denbora aprobetxatzeko. Parte-hartzaileak egiten duten ariketa bakoitzaren aurretik erakustaldia ere eginen dut.

Lorena Egidazu Ormazabal:“Zenbakiak asmakizuna dira, kantitatea, aldiz, egunerokotasunean sentitu eta ukitzen duguna”

UEUren udaberriko on-line eskaintzaren barruan “Kolorezko zenbakiak. Matematika lantzen erregeleten bidez” izeneko ikastaroa izango da. Erregeletak edo kolorezko zenbakiak George Cuisenaire irakasle eta musikariak asmatu zituen XX. mendeko 40ko hamarkadan. Musika irakasteko sortu zituen berak, baina laster konturatu zen kalkulurako zuten balioaz. Material horrek eskaintzen dituen aukeren berri Lorena Egidazu Ormazabal ikastaroko arduradunak eman digu.

Cuisenaire

Manipulatu, irudikatu eta azkenik idatzi. Ordena horretan?
Oso ondo idatzi duzu ordena. Bruner psikologoak esaten duen bezala, ikas prozesuak hiru atal ditu, manipulatu, irudikatu eta azkenik errepresentazio matematikoa edo bizi, imajinatu eta, azkenik , idatzi.

Zenbakiak asmakizun bat dira, idazteko era bat da, kantitatea aldiz, egunerokotasunean sentitu eta ukitzen duguna. Askotan bi kontzeptu hauek nahasten ditugu eta zenbakien ordena jakitea eta izendatzea, zenbakiak ezagutzea dela uste dugu. Horregatik umeek manipulatu behar dute.

Nola adierazi genezake sentitzen den gauza bat aurretik sentitu ez badugu? Ni gose naizela badakit aurretik bizi izan dudalako eta beraz gose naizela adierazi dezaket, bai ahoz bai idatziz.

Abstrakziora ez genuke bat-batean salto egin behar. Helmuga behar luke eta ez abiapuntua.
Abstrakzio lortu egin behar da, eta askok ez dute lortzen. Hori argi ikusten da aljebra ikasi behar dutenean, jada ez dago zenbakirik, kantitateak letrez adierazten dira, abstrakzio maila ona ez badute ez dute argi ikusiko ezer.

Ta bide horretan zer landu behar luke haurrak? Zer da zure ustez garrantzitsuena? Garrantzitsuena? Nik esango nuke bizitzea dela garrantzitsuena. Imajinatu haur bat makilekin jolasten, askok pentsatuko lukete jolasten dagoela bakarrik, denbora pasatzen, baina hori ez da zuzena. Makilak konparatzen dabil, luzeraren arabera, lodieraren arabera, erlazioak ateratzen dabil, seguruenik bere buruan problema bat askatzen ere badabil eta gu ondoan galdera egokiak egiten egonez gero, martxan jarriko dugu beraien ikas prozesua.

Haurrek bikoteak egin, sailkatu, ezaugarriak jarri, hitzez adierazi, ezaugarriak aldatu …manipulatu behar dute.

Ikastaro honetan kolorezko zenbakiak edo erregeletak erabiliko dituzu matematikak lantzeko. Zer da zehatz-mehatz landuko duzuna?
Ikastaroa atal desberdinetan banatu dugu. Hasiera baten erregeletak nola sartuko ditugun ikas prozesuan azalduko diet. Zenbakiaren kontzepturantz gerturatuko gara, manipulatuz, kantitatea landuz. Zenbakiak ulertuko ditugu, deskonposaketaren bitartez. Deskonposaketa garrantzitsua da eta ez da apenas lantzen. Sistema hamartarra erregeleten bidez nola landu genezakeen ikusi eta azkenik eragiketen munduan sartuko gara: batuketa, kenketa, biderketa, zatiketa, zatikiak, zatigarritasuna.

Ikastaroa on-line izango da, baina aurrez aurreko saio bi ere izango dira. Zein izango da metodologia?
Aurrez aurreko saioak aurpegiak jartzeko erabiltzen ditut. Parte hartzaileak ni ezagutzeko eta nik beraiek ezagutzeko. On-line izateak ez du esan nahi elkar ezagutzeko aukerarik ez dagoenik. Hasierako aurrez aurrekoan ikastaroaren nondik norakoak azaltzen dizkiet, nola sortu dudan, zergatik eta ze material aurkituko duten. Niri asko kostatzen zait idatziz gauzak azaltzea eta errazago ulertzen denez ikusiz materiala bideoz aurkeztu dut.

Lehen saioan, ikastaroan zer ikusi nahiko luketen galdetzen diet eta beti beraien ardura eta beharrei erantzuten saiatzen naiz. Apur bat ikastaroa pertsonalizatzen ahalegintzen naiz.

Azken aurrez aurrekoa, amaiera emateko egokia ikusten dut. Bakoitzaren proiektu eta lanei buruz hitz egiten dugu, ondorioak atera eta ikastaroari amaiera biribila ematen diogu.

Azken batean, zein da ikastaroaren helburua?
Manipulatzen ikastea dela esango nuke. Askotan ez diogu garrantzirik ematen manipulazioari, liburua edukitzea nahikoa dela uste dugu. Liburua bigarren eta hirugarren fasean erabili genezake. Erregeletak erabiltzeko errazak dira, ikastetxe gehienetan daude eta, beraz, ez dugu ezer presatu behar aurretik, ikasitakoa praktikan jarri dezakezu segidan. Dagoeneko sortuta dagoen material bikaina da.

Edurne Larraza: “Programazioa ikasgai gehienetan -eta pixka bat ausarta izanik- guztietan erabil daitekeela esango nuke”

UEUk Ordenagailuak programatzen txiki-txikitatik on-line ikastaroa antolatu du udazken honetan. Edurne Larrazari, ikastaroko arduradunari galdera batzuk egin dizkiogu gaian sakontzeko asmoz. Matrikula zabalik dago.

Little-Girl-using-Sratch-Jr.Zein gaitasun eskura dezakete haur eta gazteek ordenagailuen programazioa eta pentsamolde konputazionala ezagutuz? Pentsaera konputazionalak gaitasun asko barneratzen ditu esate baterako problemen deskonposaketa eta ebazpena, algoritmika, abstrakzioa. Eta programatzen ikasteak gaitasun horiek lortzen laguntzen du. Izan ere programatzea, problema zehatz bati erantzuna ematean datza, eta gainera, ez edonola, konputagailu batek ebazteko moduan.

Ikasgai guztietan txertatu daiteke edo beharko litzateke ordenagailuen programazioa eta pentsamolde konputazionala? Esan bezala, programazioa, pentsaera konputazionalean azaltzen diren gaitasunak eskuratzeko bide bat da, baina ez bakarra. Programazioa ikasgai gehienetan eta pixka bat ausarta izanik guztietan erabil daitekeela esango nuke. Hainbat curriculumetan txertatuta dago dagoeneko, modu ezberdinetan. Erresuma batuan adibidez ikasgai berri bat sortu dute eta Finlandian matematikako ikasgaian sartu dute. Azken hauek hala ere dagoeneko dokumentatu dute egokiagoa litzatekeela ikasgai propioa izatea.

Gaur egun gero eta gehiago erabiltzen dira ordenagailuak ikasgeletan, baina egoki erabiltzen dira? Nik ez nuke esango ematen zaien erabilera okerra denik, baina hutsune bat ikusten dut. Ordenagailuen erabilera sustatu ez ezik, funtzionamendua zein den ere azaldu eta irakatsi beharko litzateke. Ikasleek curriculumean azaltzen diren zientziak ikastea beharrezkoa ikusten da zientzia horiek eragin zuzena daukatelako gure bizitzan. Orduan, zergatik ez da informatika, zientzia gisa ere curriculumean sartzen? Ordenagailuen funtzionamendua eta logika ezagututa, tresna horiei etekin handiagoa ateratzea dago, sortzaile izan daiteke eta ez soilik besteek sortzen dutenaren erabiltzaile.

Heziberri 2020 curriculumak zein neurri txertatu ditu alor hau garatze bidean? Ikasgai guztietan zeharka lantzen omen dira gaitasun digitalak Heziberri 2020 curriculumaren bidez, baina nire ustez, informatika zientzia gisa ez da behar bezala lantzen. Batxilergoan, hautazko ikasgai batean bakarrik azaltzen da programazioa, baina informatika programazioa baino askoz gehiago da. Ikasleek jakin behar dute zeintzuk diren informatikaren oinarriak haien etorkizuneko lanbidea emango dizkien ikasketak argumentu sendoa erabaki ahal izateko. Hori ezin da egin bakarrik batxilergoko hautazko batean ikasitakoan oinarrituta.

Neurri horiek nahikoak dira ala beste urrats batzuk eman beharko liratekeela iruditzen zaizu? Mundu osoan dago egun mugimendua gai honen inguruan. Erresuma batuan bi urte daramate curriculumean txertatuta informatikako ikasgaia. Finlandian aurten hasi dira matematikako ikasgaian txertaturik informatika lantzen. Pare bat aipatzearren. Hainbat mugimendu daude umeei informatika eta programazioa irakasteko: informatikako kontzeptuak ordenagailurik gabe irakasteko (CSUnplugged), kontzeptu horiek ikasten dibertigarria izan dadin (CS4fun), programatzen ikasteko (code.org), eta gehiegi ez luzatzeagatik ez dut jarraituko. El dugu gurpila asmatu beharrik, baina bai aztertu gure testuinguruan nola erabili daitezkeen tresna hauek etorkizunean gai honetan ere, ongi formatutako gizartea izan dezagun.

Musikaren garrantzia ikasgeletan: “Musika ez da irakasgai soil bat, gure barrukoa adierazteko artea baizik”

‘Musikaren erabilera eta bizipena Haur Hezkuntzan’ ikastaroa abian jarri du Ana Urrutia irakasleak, UEUko 42. edizioaren barruan. Bertan, musikaren garrantziaz jabetzea eta ikaslearen garapen osoa lortzeko (entzumena, adierazpena eta sormena) beharrezko baliabideak ezagutaraztea du jomuga irakasleak. Hori guztia lortzeko, jarduera praktikoak zein teorikoak bideratuko ditu, eta bakarka zein taldeka lan egingo dute partaideek.

Ana Urrutiaren bideoa

Ana Urrutia1Entzumena, adierazpena eta sormena garatzeko balio du musikak. Hala, Haur Hezkuntzan musikaren bizipena eta erabileraren garrantzia azpimarratu nahi izan du Urrutiak, haurraren garapen osoa lortzeko eta bere entzumena, adierazpena eta sormena adierazteko ezinbestekoa baita. Aipatzen du musikaren bitartez haurraren barruko mundua adierazten ahal dela. Halaber, beste konpetentzia batzuk badaudela azaltzen du; zeharkako konpetentziak, esaterako. Haurren arteko harremana eta, norberaren eta ingurunearen ezagutza ere lantzen ahal da musika erabiliz. Halaz, geletan bizikidetza hobetzeko modua ere badela argitzen du.

Ikastaroaren helburu nagusia inguruan dauden baliabideekin kontaktuan jartzea izango da; hau da, mugimendua, gorputza, ahotsa, eta tresnak ezagutzea eta azken finean, horiek nola erabiltzen diren ikastea. Horretarako, zenbait jarduera proposatzen ditu Urrutiak ikastaro honetan: “Haur hezkuntzako gelan mugimenduaz baliatzen ahal gara: mobilizazioak, koreografia txikitxoak, dantza xumeak eginez”. Hori lortzeko askotan herriko dantzak oinarri hartzen dituztela azaltzen du: “Horiek antolatzen eta moldatzen ditugu ere, gelan erabilli ahal izateko”. Horretaz aparte, ahotsa  landu beharreko elementu garrantzitsua dela dio: “Silabekin jolasten ahal dugu, haurrak oso txikitxoak direnean: ta-ta-te-te”. Horrekin batera, musika tresnak ere aipatzen ditu irakasleak: “Haientzat egokiak direnak erabiltzen ditugu. Adibidez: kotidiafonoak, gorputz perkusioa, boomwhackers, perkusio txikia, plakadunak”.

“Musika oso naturala da eta ulertu behar dugu musika arloan ez direla musika lanak bakarrik sartzen; soinuak, isiluneak, umeek egiten dituzten zaratatxoak, onomatopeiak, animaliek sortzen dituzten soinuak…horrek guztiak osatzen du musika arloa”. Gauzak horrela, musika haurrentzat “oso baliagarria eta esanguratsua” dela dio. Itxura denez, musika erabiltzean barruko munduarekin eta emozioekin bat egiten dutelako haurrek: “Dantza egitea, ahotsa erabiltzea, edozein jarduera egitea edo musika tresnak jotzea laguntzen du eta noski, besteekiko harremanak garatzen dira eta horiek indartzen ditugu”. Azken ideiari jarraiki, Urrutiak dio haurren adimen emozionalean bete-betean sartzen dela musika.

Amaitzen du esanez, musikaren egoera hezkuntzan latza dela eta orokorrean oso leku txikia eskaintzen zaiola: “Musika Haur Hezkuntzan egunero lantzeko arlo bat izan beharko litzateke”. Egoera horri aurre egiteko, azken finean, jendeak musika irakasgai soil bat baino gehiago dela ulertzea nahi du Urrutiak: “Benetan erabili behar dugun artea edo arloa da, gure barrukoa adierazteko”.

‘Hezkuntza-sistema alternatiboak’ ikastaroa Iruñean.

Hezkuntza ez da gizarte sistematik eta honen balore eta helburuetatik aparte uler daitekeen zerbait. Aitzitik, sistema mantenduko duen hiritarra fabrikatu/adoktrinatzeko eginkizunean Hezkuntza sistemak daukan zeregina funtsezkoa eta ezinbestekoa da. Horrela, egungo sistemaren gaineko hausnarketa egitea zinez garrantzitsua da, bertako heldu/haur arteko harremana osasuntsuago eginez, haurra benetako protagonista duen eskola demokratikoagoa sortze aldera.

Ikastaro hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ‘Kultur Jarduerak‘ atalaren barne eskaintzen du UEUk.

Ikastaroa: Hezkuntza-sistema alternatiboak: gizarte aldaketarako tresna.

  • Datak: 2014ko otsailak 19, 20, 26, 27 eta martxoak 5, 6, 12 eta 13 (asteazken eta ostegunetan).
  • Ordutegia: 17:00-19:30
  • Tokia: Iruñean, NUPen campusean.
  • Irakaslea: Ane Ablanedo, irakaslea, psikopedagogian eta prebentzioan aditua. Ikusi Udako Ikastaroetan egindako elkarrizketa: ‘Hezkuntza aldatuta, gizartea aldatu daiteke’.
  • Izen ematea: NUPeko kideentzat urtarrilaren 7an irekiko da, kide ez direnek urtarrilaren 20tik aurrera eman ahal izango dute izena. NUPeko kideek (ikasle, ikerle, irakasle, langileak) lehentasuna daukate. Izena emateko argibideak: matrikulaziorako argibideak

Informazio gehiago:

Irati Iciar

nafarroa@ueu.org

948362563

Gazteluko geletan, notak saltoka

Pentagrametatik burmuinetara. Horrela salto egiten dute notek instrumentu, bafle edo kaskoetatik gure barrura, eta salto horrek ematen die ahalmena malkoak, irribarreak, haserreak edo pozak sortzeko. Indar handiko tresna da musika, eta garrantzitsua da txikitatik lantzea. Horregatik, musika hezkuntza lantzeko aukera edukiko dute ikasleek gaur eta bihar UEUko “Musika-hezkuntzarako baliabide tekniko eta espresiboak” ikastaroan, Baionan.

Jurdana Otxoa Lopez de Etxezarreta izango da Baionako gazteluko orkestrako zuzendaria, ikastaroko irakaslea. Otxoa Bibolinean lizentziatua da, eta bibolin, hezkuntza musikal eta musika mugimenduko irakaslea da musika eskoletan.

Otxoak adierazi duenez, ikastaroaren helburua berak ikasitakoa “besteei islatzea” da. “Musika gelan erabilgarriak zaizkidan baliabideak konpartitzea da helburua, baita denon arteko ideiak partekatzea ere”, azaldu du. Musika hezkuntza “dinamikoagoa” landuko dute “talde lana bultzatu”.

Ikastaroa praktikoa izango dela azaldu du irakasleak. Erritmo ariketak adibidez “talde jolas eta gorputz perkusioaren bidez” jorratuko dituzte. Entzumena lantzeko, ostera, “instrumentuen bereizketarekin” jolas egingo dute. Mugimendua “dantzetan eta orokorrean mugimenduzko jolasetan” landuko dute. Bestetik, orff instrumentuak “jolas eta kantak sortzeko” erabiliko dituzte ikastaroan.

Hezkuntza ofizialean musika “gehiago” landu beharko litzatekeela uste du Otxoak. “Komunikatzeko ahalmen handia duen hizkuntza dela iruditzen zait”, dio. Musika hizkuntzaren bitartez beste hizkuntzak ikas ditzakegula azaldu du. “Gainera gure kultura musikala izan da beti eta hori mantentzea garrantzitsua dela iruditzen zait”, azpimarratu du.

Musika “komunikatzeko beste modu bat” den momentutik, txikitatik lantzea “onuragarria” dela dio ikastaroaren arduradunak. Musikarekin haurrak “ikasi eta gozatu” egiten duela azaldu du. “Txikitan jolas moduan bizi dugu musika, eta era berean, egoera hunkigarriak eta aldarteak eragiteko gaitasuna dauka”, azaldu du.

Musika “arlo guztietan erabilgarria” izan daitekeela azaldu du irakasleak, eta beste batzuen artean pertzepzioa, memoria edo komunikatzeko ahalmena garatzeko balio dezakeela. “Musika unibertsala da eta onura dakar beti”, dio Otxoak.

Nerea Mendizabal, psikopedagogoa:

Normal
0
21

Nerea Mendizabal Etxebarria psikopedagogoa, gizarte hezitzailea eta haur
masaje hezitzailea da. UEUk Iruñean aurrera eramandako ikastaroetan
“Guraso/hezitzaileen eta haurren arteko elkar-ulertzea: Erlazioak eraikitzeko
zigorra, xantaiak eta mehatxuak ekiditen”
ikastaroaz arduratuko da. Horren
bidez, haurren zein helduen jokaeren atzean dauden beharrak ulertzea bilatzen
du eta paradigma aldaketa baten alde agertzen da. Haurren zein helduen jokaeren
atzean dagoena ulertzen erakutsi nahi dugu Mendizabalek.

 

Nerea Mendizabal

Azkenengo urteetan heziketa
eredua edo egoera aldatu delakoan zaude? Aldaketa hori negatiboa izan dela
esango zenuke?

Urteetan heldua heziketaren agintaria izan da. Berak zekien haurrak zer
egin behar zuen. Horren ondorioz, umeen erantzuna egokia izan da, baina
beldurretik abiatuta eta ni eredu horren kontrakoa naiz. Den den, bat-batean
mugako egoera batera pasatu da, permisibilitatera. Horrek ere bere ondorio
larriak dauzka: dena ezin dute libreki egin, haurrek mugak ere behar
dituztelako eta seme zein gurasoentzat ere kaltegarria delako. Beraz, aldaketak
eman direlakoan nago. Hala ere, bi mugako heziketa horiek ezagututa, oraindik
eredu garbirik ez daukagula esan daiteke, argi baitago bi horien ondorioak
kaltegarriak direla. Hortaz, autoritarismoa eta permisibilitatea baztertzeko
zein eredu behar dugun galdetzea da gakoa. Aldaketa horiek galduta uzten
gaituzte, maiz egin nahi ez duguna argi dugulako, baina ez dakigulako heziketa
lana era egokian nola egin. Heldu askok ez dute zigorra ez den beste
errekurtsorik ikusten umeen jokaera aldatzeko eta horrek argi uzten du aldaketa
beharra oraindik ere badagoela.

 

Beraz, esan daiteke gaur
egungo haurrak mizke hezitakoak direla? Nor da horren erantzule: familia,
gizartea, jasotako hezkuntza…?

Mimatuen kontuarekin ez dakit zer esan. Egia da haur mimatuak badaudela,
gurasoek maiz edozer ematen baitiete egoera lasai edo aproposa lortzekotan.
Haurren heziketaren aurrean maiz uste dugu ez dugula errekurtsorik eta, beraz,
tendentzia bat gureganatzen dugu. Baina egoera zein da? Maiz haurrak
desesperatuak daude, ez ditugulako haien eskakizunen atzean dauden behar horiek
asetzen. Mimatutzat jotzen baditugu ere, sufrimendu egoeran egotea izan
daiteke. Esaterako, hainbat ume eskolako arazoekin edota medikatuak bizi dira.
Beraz, non dago arazoa umeengan, gizartean, gurasoengan…? Haurrak askotan
etxeko agintariak badira ere, erreferentzia batzuk izatea edo segurtasun afektu
bat garrasika eskatzen dituzte, baina eskatzeko era da guk tiranotzat
kalifikatzeko zera hori. Gurasoak heziketa ahalik eta ondoen aurrera eramaten
saiatzen direla egia da, intentzioa haurrei etorkizun egoki bat ematea baita.
Beraz, nik ez ditut erruduntzat jotzen ez guraso, ez familia eta inor ere ez;
baina heziketaren aurrean dugun erantzukizuna kontuan hartu behar dugu.
Heziketan gero eta gogotsuago ibili, orduan eta fruitu hobeak jasoko ditugu.

 

Mehatxu, xantaia edota
zigorrak ekiditeko tresnarik egokiena komunikazioa da?

 

Komunikazioa guraso zein haurrei zer gertatzen zaien ulertzeko tresna
paregabea da, baina ez da heziketaren tresna bakarra, komunikazioarekin soilik
ez baitugu heziketa aproposik lortuko. Hala ere, bide indartsu horrek hainbat
ate irekitzen dizkigu, haurrekiko komunikazioa ahalbidetzeaz gain, haurren eta
gure beharrak ezagutzeko aukera ere ematen baitigu. Hitz egitea beti dago ondo,
baina betebeharrak asetzen jakiteak ere badu bere garrantzia. Izan ere,
komunikazioak ulermena ematen digu eta besteari zer gertatzen zaigun
jakinarazten dio. Ondorioz, horixe menperatzen dugunean, praktikara eraman
behar dugu, beharrak identifikatuta daudenean zer eta nola eman behar dudan
jakiten dugulako.

 

Zein esango zenuke dela
heziketa metodorik egokiena? Zein da guraso eta haurrek horrekiko izan
beharreko jarrera?

Metodo hitza ez zait asko gustatzen, baina heziketa egoki edo niretzat
aproposa dena lortzeko nire aholkua haurrak pertsonak direla argi izatea
litzateke. Beraz, norbanakoari gustatzen ez zaiona edota mina ematen diona
haurrari ere mina eragingo diola kontuan hartu behar da. Adibidez, niri
aginduak ematea, konparaketak egitea edo gauzak exijentziaren bidez eskatzea
gustatzen ez bazait, haurrari ere ez zaio gustatuko. Hau aipatzen dut, gurasoen
jarrera maiz aipatutako hori izaten delako eta gerora haurren jarrera salatzen
dugulako, adibide hau kontuan izan gabe. Aipatutako jarrera helduek euren
artean ez badute onartzen, umeek onartu beharra eduki beharko lukete nahiz eta
gustuko ez izan? Maiz horixe onartzen dute, gure aprobazioaren bila
dabiltzalako.

 

 

Plazak libre Udako Ikastaroetan

UEUk antolaturiko 2011ko Udako Ikastaroak hasteko 4 egunen faltan, oraindik plazak libre ditugu hainbat ikastaroetan.

Ordenagailuz lagundutako itzulpengintza MS Word gabe: Wordfast Pro, Anaphraseus eta Omega T ikastaroak harrera itzela izan du gure ikasleengan
. Izen emateko epea martxan jarri eta oso azkar bete zen. Hori dela eta, bigarren saio bat prestatu dugu. Irakasgaia beraz, uztailaren 15ean errepikatuko dugu Eibarren goizeko 9etatik 14etara. Bigarren saio honetan oraindik matrikulatu daiteke.

Aurtengo Udako Ikastaroen eskaintza 35 ikastaroetako da. Guztiak arrakastatsuak izaten ari dira, baina oraindik batzuetan plazak libre daude. Interesgarri batzuk aipatzearren:
-Sormena garatuz hezkuntza abentura zirraragarri batera.
-Hizkuntzak, kulturak eta lurraldeak.
-Laugarren mundua. Herri indigenen nazioarteko ahalegina.
-Sexuen esanahia eta esan nahia.
-Elikadura modernoaren mito eta sineskeriak.
-Papiroflexia matematikan: ikasketa kinestesikoa.

Oraindik izena emateko aukera duzue. Ez itxaron eta MURGILDU zaitezte uda honetan gurekin!

Matrikula DOAN Udako Ikastaroetan parte hartzeko

UEUk antolaturiko Udako Ikastaroak hastear dauden honetan, diru laguntzen berri ematera gatoz. Izan ere, askoek jakingo ez duzuena da hainbat erakundek diru laguntza ezin hobeak ematen dituztela.

Bizkaiko Foru Aldundiak esaterako, bizkaitar unibertsitate ikasle eta unibertsitate ikasle ohi-langabetuei laguntza paregabea ematen die gure ikastaroetan parte hartzeko; MATRIKULA DOAN eta ostatu, mantendu eta joan-etorrien ehuneko ehuna ordaintzen die.

Donostiako bizilagunek ere badute laguntzarik. Donostiako Euskararen Udal Patronatuak
ematen duen diru laguntza bat da eta MATRIKULAREN ZENBATEKO OSOA ordaintzen du.

Bukatzeko, Udalek ere euren hazia jartzen dute herritarrek jakintza arloan konpetentziak zabaldu ditzaten. Euskal Herriko hainbat udalek ematen dituzte diru laguntzak. Eibarko Udalak adibidez, Eibarren egiten diren ikastaroetan parte hartzen duten eibartar guztiei MATRIKULAREN %50a ordainzen die. Horretaz gain, Baionako eta Iruñeako ikastaroak egiteko ere luzatzen dute laguntza; kasu honetan, ikasle eta langabetuei soilik.

Euskal Herriko beste Udalen informazio zehatzagoa jakiteko sartu helbide honetan.

Aitzakiarik ez dago beraz. Animatu gurekin MURGILTZERA!

GARATU ikastaroetako onartuen behin-behineko zerrenda

Garatu 2011/2012 planaren lehenengo txandako ikastaroetan onartuen behin-behineko zerrenda argitaratu zuen, atzo, Hezkuntza Sailak. Bertan, izena eman duzuen ikastaroetan onartuak izan zareten ikusi dezakezue.

Dakizuenez, lehenengo epealdia honetarako UEUk 5 ikastaro eskainiko ditu, eta gune hau aprobetxatu nahiko genuke, ikastaro hauek izan duten izen emate handia eskertzeko.

784 GIS libreen erabilera irakaskuntzan

788 Irakurketa-idazketaren nahasmenerako software propioa

789 Irakurketa-idazketaren nahasmenerako software propioa

790 Irakurketa-idazketaren nahasmenerako software propioa

911 Linuxera sarrera Ubunturekin

Bide batez, gogorarazi nahi dizuegu, plaza libreak dituzten ikastaroetan oraindik ere izena emateko aukera dagoela. Gure kasuan 784 GIS libreen erabilera irakaskuntzan  ikastaroan baino ez dira plaza libreak geratzen.

Beraz, adi ibili! Izena emateko Hezkuntza Saileko web gunera jo behar da: GARATU.

Informazio gehiago:
Ione Narbaiza Gallastegi
943 82 14 26
i.narbaiza@ueu.org