#kafetapintxo topaketa Gasteizen, izen ematea irekita.

UEUk eta UPV/EHUko Arabako campuseko Euskara Zuzendaritzak elkarlanean, EHUskARABANda programaren barnean, campuseko ikerlari euskaldunen bilgune izan nahi duen Kafetapintxo Topaketa antolatu dugu.

kafetapintxo-kartelaTopaketa hauen helburu nagusia campuseko ikerlari euskaldunen sarea ezagutu eta indartzea da. Horretarako azaroaren 10ean, osteguna, campuseko ikerlari euskaldunak bilduko ditugu world cafe baten elkar ezagutu eta bide berriak irekitzeko.

Ezaugarriak:

  • Data: 2016ko azaroaren 10a, osteguna
  • Tokia: Gasteizen, EHUren Arabako campuseko pabilioiko kafetegian.
  • Ordutegia: 12:00-14:00

Egitaraua:

  • Hitzaldia: ”Ez gaude lekuz kanpo” Josu Lopez-Gazpioren eskutik.
  • World cafe dinamika.
  • Ideien bilketa eta ondorioen dokumentuaren osaketa.

.

Parte hartzea irekia da baina aurretik izena ematea ezinbestekoa da.

 

Informazio gehiago:

Irati Iciar

943 82 14 26

i.iciar@ueu.eus

.

Unai Fernandez de Betoño: “Argi daukagu euskararen biziberritze prozesua alde anitzeko poliedroa dela”

UEUk sustatuta lehenengoz antolatu da “Lurraldea eta Hizkuntza. Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa” graduondokoa UPV-EHUn. “Urbanizazio-prozesu garaikidea eta horrek eragindako mugimendu demolinguistikoa hizkuntza-aldaketa eragiten ari dira” Unai Fernandez De Betoño zuzendariaren esanetan eta “problematika horri alor ezberdinetatik” erantzuten ahaleginduko dira graduondokoak ematen duen “patxada eta sakontasun akademikoa” lagun. Irailaren 22an amaituko da izena emateko epea

unaifdezbetono

Graduondokoa izen bereko jardunaldiei segida emateko sortu dela esan dezakegu? Areagotu den kezka bati erantzutera datorrela?
Bai, graduondokoak azken hiru urteotan antolatutako “Lurraldea eta Hizkuntza (LuHi)” hiru kongresu eta bi MOOC-ikastaroei segida espezializatuagoa emango die. Ikusi dugu euskal gizartean badela gaiarekiko kezka dezente, bereziki udalerri euskaldunenetan, eta, ondorioz, graduondokorako jauzi kualitatiboa ematen ausartu gara, edukietan gehiago sakontzeko aukera emango digulakoan. Graduondoko batean kongresu edo ikastaro labur batean baino patxada gehiago dagoelako, eta ikasleen parte-hartzea gertuagoa eta handiagoa izaten delako.


Zergatik da hain garrantzitsua kezka horri erantzutea? Zergatik da hain garrantzitsua graduondoko hau?

Duela hamar bat urte susmo bat hedatzen hasi zen euskal soziolinguistikaren munduan: azken hamarkadan euskararen ezagutza eta erabilera udalerri euskaldunenetan txikitzen ari zela ematen zuen. Eusko Jaurlaritzaren azken inkesta soziolinguistikoak, salbuespen batzuekin, beheranzko joera hori frogatu zuen 2012an. Eta, arrazoi nagusien artean, hain zuzen ere, graduondoko honen funtsetako bat azaldu zuen Eusko Jaurlaritzak berak: hiri handietatik herri euskaldun txikietara bizitzera joandako pertsonen hizkuntza-ezaugarriak. Alegia, urbanizazio-prozesu garaikidea eta horrek eragindako mugimendu demolinguistikoa hizkuntza-aldaketa eragiten ari dira. Eta hori nabarmena izan da bereziki 19982008 hamarkadan, non asko eta azkar eraiki dugun zenbait toki euskaldunetan. Problematika horri alor ezberdinetatik erantzun beharko zaio (hirigintza, lurralde-antolakuntza, zuzenbidea, hizkuntz politika), eta, graduondokoaren papera, zentzu horretan, patxada eta sakontasun akademikoa eskaintzea da. Gaiaren inguruko eztabaida kritiko baina eraikitzailea sustatzen saiatuko gara.

Eragin Linguistikoaren Ebaluazioak (ELE) egiteko adituak prestatzeko ere izango da graduondokoa. Zer da zehatz-mehatz ELEa?
ELE UEMAk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak landutako tresna prebentibo bat da, plan eta proiektuen eragin linguistikoak aldez aurretik ebaluatzeko balio duena. Gaika antolatutako (mugikortasuna, ekonomia, azpiegiturak, sozio-kultura eta demolinguistika) galdetegi zorrotz bat da, planek eta proiektuek eragin ditzaketen aldaketa linguistikoak ahalik eta modurik objektiboenean aurreikusteko. Alegia, ELE ingurumenaren alorrean dagoeneko erabiltzen den teknika prebentiboaren baliokide linguistikoa da. Halaber, ELEk hizkuntza-kalteak ondorioen arabera mailakatzen ditu, hauek garrantzi gutxikoak, moderatuak edo larriak izan baitaitezke. Garrantzi gutxikoak edo moderatuak izanez gero, neurri zuzentzaile batzuk aplikatzea litzateke zentzudunena (eraikuntza-epeak luzatuz, tokia aldatuz, tamainak txikituz, biztanle berrien hizkuntza-harrera egokia prestatuz…), eta, larriak izanez gero, beharbada, plan edo proiektua bertan behera uztea.

2015eko Lurraldea eta hizkuntza jardunaldian aurkeztu zen ELE tresnaren lehen bertsioa. Dagoeneko eragin linguistikoa ebaluatzeko saio pilotuak egin dira. EAEko Udal Legeak jaso egiten du ebaluazio horren beharra. Zein pausu eman dira? Zein da memento honetan egoera?
Bai, Udal legearen 7.7 artikuluan inpaktu linguistikoa ebaluatzeko beharra azaldu da. Pausu garrantzitsua da. Orain gehiago sakontzea dagokigu. Hurrengo pausoetako bat izan daiteke, hain zuzen ere, ELE hori gehiago definituko duen erregelamendu bat arautzea, ingurumenaren alorrean egin den bezalaxe. Jarraitu beharreko beste pauso garrantzitsua, horrekin batera eman daitekeena, euskara-ikuspegia lurralde-politika guztietan txertatzea izango litzateke. Eta EAEn aukera ezin hobea dago une honetan, Lurraldea Antolatzeko Gidalerroak berritzeko fasean murgilduta gaudelako. Ea politikariak gai honen garrantziaz jabetzen diren.

Diziplinarteko gaia dugu graduondokoan landuko dena.
Erabatekoa. Horretaz jabetzeko graduondokorako egituratu ditugun atalak ikustea besterik ez dago: soziolinguistika, sozio-ekonomia, lurralde-antolakuntza eta hirigintza, zuzenbidea, hizkuntza-ekologia… Argi daukagu euskararen biziberritze prozesua alde anitzeko poliedro bat dela, eta, horrenbestez, diziplinartekotasuna lantzen saiatuko gara lurraldearen eta hizkuntzaren arteko harremanak landuko dituen graduondoko honetan.

Nori zuzendua dago graduondoko hau?
Euskararen bilakaeraz, eta, bereziki, hirigintzaren eragin linguistikoez kezka duen edonori piztuko dio interesa graduondokoak. Besteak beste, soziolinguistak, euskara-teknikariak, soziologoak, arkitektoak eta geografoak edukiko ditugu ikasleen artean, esan bezala, ikuspegi asko dituen problematika batez arituko garelako.

Nazioarteko hainbat azterketaren adibideak ere ekarriko dituzue graduondokora.
Batzuetan munduan bakarrak garela pentsatzeko joera daukagu, baina hemendik kanpo diglosian bizi diren hiztun-komunitate minorizatu mordo bat dago, eta, hortaz, saiatuko gara adibide interesgarrienak aztertzen. Galesekoa da horietako bat, dudarik gabe; Flandrian ere hizkuntzarekin harreman estua duten lurralde-erronkak aurki ditzakegu; Åland uharteetako kasua ere interesgarria suerta daiteke zenbait mito legal eraisteko. Asko dugu ikusteko eta ikasteko, azkenean geuretzako egokia izango den eredu bat osatzeko.

Zein da graduondokoaren azken helburua?
Laburbiltzeko, esango nuke euskararen biziberritze-prozesu konplexuak dituen korapiloetako bat askatzen lagundu nahi duela graduondokoak: lurraldearen eta hizkuntzaren arteko harremanean oinarritzen den korapiloa. Hezkuntzarekin, transmisioarekin eta beste hainbat gairekin batera, euskaldunon bizilekuarekin zerikusi duten osagaiak ere kontuan hartu beharko ditugulako euskara babesteko eta zabaltzeko.

Gartxot Renteria eta Julen Zaballa: “Bideo-jokoetan euskara normaltasunez erabiltzetik urrun gaude”

UEUk Videogametik bideo-jokora: bideo-jokoak euskarara ekartzen ikastaroa antolatu du udazken honetan Eibarren. Gartxot Renteria eta Julen Zaballari, ikastaroko arduradunei galdera batzuk egin dizkiegu gaian sakontzeko asmoz. Matrikula zabalik dago.

internet01Zein da euskarazko bideo-jokoen merkatuaren egoera?
Euskarazko bideo-jokoen merkatua bizirik dago baina, gaztelaniaz edota ingelesez argitaratzen direnekin alderatuta, oso merkatu txikia da. Dena dela, produktu horien eskaria dago, eta urtero euskara hutsean sortutako bospasei bideo-joko aurkezten dira. Ekoizpen xumeak izaten dira, batez ere sakelako telefonoentzat, tabletentzat eta ordenagailuentzat eginak.

Zein bilakaera izan dute euskal bideo-jokoek? Lehenengo euskal bideo-jokoak Sopelako Joseba Epalza programatzailearen eskutik etorri ziren, 1985ean. ZX Spectrum 48K antzinako ordenagailurako bideo-jokoak izan ziren.Hamabost urte iragan behar izan ziren euskara hutsean egindako lehen bideo-jokoa ikusi ahal izateko. Hori 2000. urtean jazo zen, bideo-jokoak Estropadak zuen izenez, eta Errenterian zegoen 3DNews TV enpresak egin zuen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Sailak babestuta.

Zein zailtasun eta arazo sortzen dira bideo-jokoak euskaratzean? Bideo-jokoaren sortze-prozesua hasieratik euskaraz egingo bagenu, ez genuke inolako zailtasunik izango. Baina itzultzeak arazoa dakar, beraz, onena litzateke egokitzea edo moldaketa egitea. Lehenik eta behin, itzulpen zuzenak alde batera utzi behar dira, normalean, ulergarritasuna eta naturaltasuna galtzen baitira. Testu originala eta bideo-jokoaren nondik norakoak ezagutzea abiapunturik onena izaten da.Euskaratzerako orduan, kontuan izan behar da esaldien luzera. Ez da komenigarria testu luzeak egitea, ezta motzegiak ere. Argi dago horrek zailtasunak sortzen dituela, eta prozesuan ulergarritasuna galduko den beldurra dago beti. Horri aurre egiteko, itzultzaileek sortzeko gaitasuna izan behar dute.

Zein berezitasun ditu bideo-jokoen itzulpenak? Beste produktu kulturalen itzulpenekin alderatuta, lan egiteko era oso antzekoa da. Itzultzaileek, bai bakarka zein taldeka, ez dute programa informatiko arrarorik erabili behar testuak moldatzeko, Word edo Excel softwareekin nahikoa baita.

Nola ikusten duzu etorkizuna alor honetan? Gaur egun, euskaraz egindako bideo-jokoen eskaria dago, eta pixkanaka-pixkanaka gorantz doa, batez ere, software didaktikoen artean. Hala ere, bideo-jokoetan euskara normaltasunez erabiltzetik urrun gaude. Horrek ez du esan nahi produktu horiek euskaratzen jarraitzeari utzi behar zaiola. Nahita nahiez, euskarak bideo-jokoetan egon behar du, hizkuntza kultura baita eta, iritzi horri helduta, alor horretan lanean jarraituko beharko dugu.

Jone Goirigolzarri eta Ibon Manterola: “Euskalgintzak eta erakunde publikoek bide paraleloak segitu dituzte historikoki, eta sumatu daiteke hurrengo faserako markoa elkarrekin pentsatzeko gogoa”

Paradigma aldaketa batean, fase baten amaieran eta beste baten hasieran dago euskararen biziberritzea. Aurreko fasean, euskararen ezagutza sendotzea eta zabaltzea hartu zen ardatz, ezagutza eta erabileraren artean harreman zuzena zegoela sinetsita, eta ezagutzak biziberritzea bermatuko zuela pentsatuta. Ikuspegi hori ezbaian dago gaur, eta horren jakitun antolatu dute Jone Goirigolzarri eta Ibon Manterola irakasleek Euskararen biziberritzea: marko, diskurtso eta praktikarako aukera berriak birpentsatzen ikastaroa.

JOne eta Ibon

Jone Goirigolzarri eta Ibon Manterola, ikastaroa hasi aurretik.

Zerk egin du huts edo zeintzuk izan litezke aipatu ekuazioaren hutsuneak?
Ibon Manterola: Galdera horren erantzuna guk ere nahi dugu entzun, adituen ahotan. Helburuetako bat hori da, baina ideia ez da zerk egin duen huts edo zer egin dugun gaizki aztertzea bakarrik. Hori ere bai, jakina. Ziurenik, gauza askotan egin dugu huts. Hizkuntzen biziberritze teoriak ere ez dira hainbeste, eta orain duela 30 urte prozesua diseinatu zutenek gauza askotan asmatu zuten.
Jone Goirigolzarri: Hizkuntza bat biziberritzen hasten zarenean, egoera gutxitu horretatik ateratzeko, ezagutza orokortu egin behar duzu. Baina nik uste ez zegoela esperientzia soziolinguistikorik jakiteko hizkuntza erabiltzeko orduan zein faktorek eragiten duten; hori guztia ez zen ezaguna. Urteak pasa ahala, esperientziak erakutsi digu ezagutza ez dela nahikoa, nahikoa dela pertsona batek lotsa izatea, pentsatzea bere euskara ez dela liburuetakoa edo ez duela jariokortasun nahikorik hizkuntza ez erabiltzeko. Orain ulertu dugu hori eta ezagutzatik erabilerarako paradigma aldaketa nola susta daitekeen aztertu nahi dugu, bai norbanakoari dagokionean baita maila makroan ere. Beharrezkoa da zenbait baldintza sortzea maila makro horretan: Nahikoa da eskola euskalduntzea? Argi dago ezetz. Beste espazio batzuk ere euskaldundu behar dira, adibidez, aisialdiko ekintzak ere euskaraz eskaini behar dira.
I.M.: Nafarroa edo Iparraldera bagoaz, egoera okerragoa da, zeren ezagutza orokortzeko aukera ez dute izan EAEn bezala, non erabat orokortu ez bada ere, 300.000 hiztun irabazi diren. Marko orokorra edo lege babesa askoz urriagoa da Nafarroan eta Iparraldean. Honenbestez, seguraski, erantzun bakarra ez da posible izango.
J.G.: Ikastaroaren helburua da egindako ibilbidearen marko orokorra planteatzea, eta esparruz-esparru kokatzea gakoak non dauden, zein indargune ditugun, zer alda genezakeen, eta etorkizunari begira, zein pauso eman genezakeen. Denon artean hausnatzeko espazioa izatea nahi dugu: adituak gonbidatu ditugu, zeren inguruan hausnartua eman dezaten, eta gero, dinamika batzuk egingo ditugu, bi egunez, buruari bueltak emateko bai praktika bai diskurtso mailan, erabilera areagotzeko. Izan ere, belaunaldiak aldatuz doaz eta hauen lehentasunak ere bai, eta egokitzen jakin behar dugu.

Paradigma aldaketa aipatu duzue, eta sentsazioa daukat badaramatzagula urte batzuk aldaketa horrez, eta ezagutzatik erabilerarako jauzia sustatzeko beharraz hausnartzen. Badirudi diskurtsoak ari direla aldatzen; ez dakidana da praktikak ere era berean aldatzen ari ote diren. Zer pertzepzio duzue zuek?
I.M.: Egia da fase baten agortze sentsazioa ez dela berria, eta hori ez dugu guk esaten: hartzen badituzu Jaurlaritzaren azken agiria (Eta hemendik aurrera zer?) eta Topagunearen Topalabean dabiltzan beste izen garrantzitsu batzuen gogoeta, batean zein bestean agertzen da ideia hori, eta esparru batean zein bestean dabiltzanek azpimarratzen dute ados daudela, eta garrantzitsua dela adostasun horretara iritsi izana. Euskalgintzak eta erakunde publikoek bide paraleloak segitu dituzte historikoki, eta beren diagnostikoek fase berrian hori alda daitekeela iradokitzen dute.

Beraz, diskurtsoan, behintzat, bat egitea eman da.
I.M.: Bai, sumatu daiteke hurrengo faserako markoa elkarrekin pentsatzeko gogoa. Eta hori inportantea da. Edonola ere, EAEn ikusten dugu hori; Iparraldean, euskalgintza bizi-bizirik dago, baina erakunde publikoetan, oso ahul dabiltza; eta Nafarroan, ikusi beharko da.
J.G.: Ikastaroa antolatu dugu uste dugulako aprobetxatu behar dugula nahi hori pil-pilean dagoela eta saiatu behar garela ahalik eta esparru gehienetan mahai-gaineratzen, indarra hartu dezan.

Lan mundua, hedabideak, eskola, familia eta aisialdia hartu dituzue ardatz, eta esparru horietan dabiltzan adituak gonbidatu dituzue, hain justu, aipatu dituzuen diskurtsoak parteka ditzaten eta, denen artean, praktika berriak planteatze aldera.
I.M.: Inportantea da ikastarora datozen ikasleei ahotsa ematea. Ez ditzatela adituen hitzaldiak entzun, eta besterik gabe, irentsi. Lanean jarriko ditugu, eta gara, Jone eta biok ere, taldetan. Normalizazioaren gaia sozializatu nahi dugu; ez dadila izan adituen kontua bakarrik. UEUren ikastaroak horretarako idealak dira.

Denok dugu ekarpena egiteko aukera.
I.M.:Ikasle guztiek izango dituzte beren esperientzia eta bizipenak, eta horiek konpartitzea interesgarria da.
J.G.: Azken finean, euskararekiko ardura duenak pentsatu izan du normalizazioan.

Imaginatzen dut hemen dabiltzanek, nork bere esparruan, pentsatuko dutela proposamenak nola eraman aurrera. Baina horrez gain, pentsatu duzue ondorioak beste nolabait gizarteratzea?
I.M.: Badago ideia liburu forma emateko ikastaroari.
J.G.: Bai hitzaldiei baita dinamikei ere. Idatziz batu nahi dugu dena, uste baitugu baliogarria izan daitekeela.
I.M.: Eta zuk esan duzun gisan, hona etorri den ikasle bakoitzak eraman dezala motxila bat, eta eragin dezala bere esparruan, bere eran eta neurrian.

‘Dakiguna erakutsiko dizugu’ hitzaldi-sorta Donostian.

Ekainean 42. Udako Ikastaroen harira ‘Dakiguna erakutsiko dizugu‘ hitzaldi-sorta antolatu genuen Bilbo, Baiona eta Iruñean.
Orain udazkenerako, UEUk eta Donostiako Euskaraz Zerbitzuak elkarlanean, egitasmoari jarraipena emanez, hiru hitzaldi eskainiko ditugu Donostian:

Hitzaldien ostean solasalditxoa egongo da, mokautxo batekin lagundua.
Hitzaldiok DOKA aretoan emango dira eta 19:00etan hasiko dira.
Sarrera irekia eta doanekoa da, plazak aforoa bete arte.

Dakiguna erakutsiko dizugu hitzaldi sorta

Informazio gehiago:

Irati Iciar

943 82 14 26

i.iciar@ueu.eus

.

UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileentzat ikastaroak.

Euskara eta Eleaniztasuneko Errektoreordetzak, iaz egin zuen bezala, UPV/EHUko irakasle eta ikertzaile kontratatuei zuzendutako ikastaroak antolatu ditu 2013/2014 ikasturterako: Hobekuntza_Ikastaroak_2014

Ikastaro hauen helburu nagusia irakaskuntza eta ikerketa lanetan, ahoz zein idatziz, hizkuntza zuzentasunez erabili ahal izateko tresnak ematea da.

UEUrekin elkarlanean, ondoko ikastaroak eskaintzen dira:

Ahozko hizkuntza testuinguru akademikoan.

  • Unibertsitate jarduneko ahozko komunikazioan hobetzeko eta eraginkortasunez komunikatzeko tresnak eskuratzeko proposamenak egingo dira ikastaro honetan.
  • Datak: 2014ko urtarrilak 13, 14, 15
  • Ordutegia: 10:00-14:00
  • Tokia: Bizkaiko campusean.
  • Izen ematea irekita dago. Argibideak web gunean.

LaTex, euskarazko dokumentu zientifiko eta teknikoen edizioa.

  • Ikastaro honek dokumentu tekniko (txostenak, proiektuak, aurkezpenak, etab.) eta zientifikoak (artikuluak, aldizkariak, liburuak, etab.) kalitate handiarekin ekoizteko baliabideak landuko ditu.
  • Bizkaiko campusean: 2014ko urtarrilak 13, 15 eta 20
  • Gipuzkoako campusean: 2014ko maiatzak 20, 22 eta 27
  • Arabako campusean: 2014ko ekainak 10, 12 eta 17
  • Ordutegia: 10:00-14:00
  • Izen ematea irekita dago. Argibideak web gunean.

Euskara akademikoa lantzeko mintza-praktika egitasmoa.

  • Eduki akademikoak euskara jasoan eta modu zuzen eta eraginkorrean adierazteko beharrezkoa da, zeregin horretarako gutxieneko maila izateaz gainera, nork bere buruarengan segurtasuna izatea eta oinarrizko zenbait baliabide edukitzea.
  • Datak: 2014ko apirilak 1, 8, 15, 29, maiatzak 6, 13, 20, 27, ekainak 3 eta 10 (astearteak)
  • Ordutegia: 15:00-17:00
  • Tokia: Bizkaiko campusean
  • Izen ematea irekita dago. Argibideak web gunean.

Informazio gehiagorako:

Irati Iciar

943 82 14 26

i.iciar@ueu.org

 

Lurraldea eta Hizkuntza. Hizkuntza eta Lurraldea I. jardunaldiak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak (GFA), Kontseiluak, UEMAk eta UEUk lankidetzan Lurraldea eta Hizkuntza. Hizkuntza eta Lurraldea jardunaldia antolatu dute.

Lurralde-antolakuntzak eta hirigintzak hiztun-komunitatearengan duten eraginaz gogoeta egitea da jardunaldiaren helburua. Hazkunde urbanistikoaren eta hizkuntza-aldaketaren arteko harremanaz hausnartuko da, bereziki, arnasguneei edo euskaldunen metaketa demografikoa jazotzen den guneei dagokienez.

Jardunaldia: Lurraldea eta Hizkuntza. Hizkuntza eta Lurraldea. I. jardunaldiak.

  • 2014ko urtarrilak 16 eta 17an
  • Donostian, UPV/EHUren Carlos Santamaria zentroan.
  • Izen ematea: matrikula doan da baina aurretik izena ematea ezinbestekoa da.
  • Elkarrekin bazkaltzeko aukera dago, izena emateko argibideak UEUren web gunean.

Eskuratu hemen jardunaldiaren egitaraua: Lurraldea eta Hizkuntza egitaraua.

Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiaren kartela

Informazio gehiagorako:

Irati Iciar

943 82 14 26

i.iciar@ueu.org

 

Ikerlari euskaldunen lana gizarteratzeko lehiaketa: #txiotesia

UEUk sustatzen duen Unibertsitatea.net atariak (@Uninet_ataria) #txiotesia lehiaketa antolatu du azaroaren 19an.

Egitasmoaren helburua da ikerlari euskaldunek egiten duten lana gizarteratzea eta, aldi berean, lan horren atzean dauden pertsonei izen-abizenak jartzea.

Lehiaketa Twitter-en egingo da eta parte hartzaileek beraien ikerketa edo tesia 6 txiotan azaldu behar dute, ahalik eta modurik ulergarri eta originalean.

Munduan zehar hainbat ekimen egon badira ere antzerako lehiaketekin, euskaraz egiten den lehena da hau.

Hemen dituzue lehiaketari buruzko argibide guztiak: #txiotesia

Zabaldu zure inguruko ikertzaileei honen berri eta animatu parte hartzera. Azaroaren 19an ez ahaztu Twiter begiratzeaz, zientzia eta euskara pil-pilean egongo baitira.

 

Iñaki Segurola: “300 urte barru ez dut uste Euskarak bizirik iraungo duenik”

Eremu zabala hartzen du hizkuntzalaritzak. Horrek suposatzen duenari buruz hitz egiteko bildu dira hainbat pertsona Hizkuntzalari Euskaldunen I. Topaketetan. “Egungo ikerlerroak” izenburuarekin lagunduta, UEUk bere Udako ikastaroen 41. edizioan antolatu duen topaketa horretan Iñaki Segurola entzuteko aukera izan dugu hizlari gonbidatu bezala.

Segurola

Itziar Aduriz eta Ruben Urizar antolatzaileek UEUren lana azpimarratu eta Hizkuntzalari Euskaldunen I. Topaketaren helburu nagusiak azaldu dituzte: Hizkuntzaren alorrean lan egiten duten euskal ikerlari eta profesionalek elkar ezagutzea, hizkuntzaren inguruko jardun eremuak edo iker lerroak ezagutzea eta euskal hizkuntzalarien arteko elkarlana sustatzea, hain zuzen ere. Ondoren Iñaki Segurola Euskal idazlea, filologoa eta hiztegigileak “Igarri, ikertu, jakin?” hitzaldia eskaini du.

Saioari hasiera emateko, hizkuntzalaritzan zer ikertu beharko litzatekeenari buruz berak ez dakiela esan du, “horretarako zer jakin behar dugun jakin beharko genuke”. Ikerketei buruz erabakitzeko daudenak (boterea), diruaren baitan bizi dira eta hori hizkuntzalaritzan eta alor guztietan gertatzen den gauza bat da. Ikerlariei zer ikertu behar duten ez litzaiekela esan beharko adierazi du Segurolak, ikertzeko gogoak bultzatuta mugitu beharko lirateke, bere ustez. Hitzaldiko izenburura bueltatuz, Iñakiren ustez hizkuntza oharkabeko jakintza moduan interpretatu izan da, hots, inkontzienteki barneratzen duguna. Eta ikerketa-prozesuan ere ezagutza horiek beraien lekua dutela aldarrikatu du, hau da, igartzen den hori. Ikertzea hori dela dio Segurolak, ikertze logikoa baino errespetuzko lotura bat bezala hartu behar dela, ikertuarekiko amodiozko elkarrizketa bat bezala.

Jarraian, ikerketari buruz eta Doktoretza tesiei buruz hitz egin digu hizkuntzalariak. Tesiek garai bateko soldaduskaren funtzioa betetzen dutela esateaz gain (jendea nekaturik eta penaturik edukitzeko helburua duena), hauen bidez ikerlari purua ezjakin bat izatera kondenatuta dagoela esan du. Segurolarentzat ikerketa eta jakintza ez datoz bat. Horretaz gain, hitzaldiaren hasieran esan bezala, berak zer ikertu beharko litzatekeen ez dakiela errepikatu du, baina bai ikertu behar ez dena; adibidez, euskararen jatorria: “ez dago sekula iristerik hizkuntza familia baten jatorri absolutu batera. Hizkuntza bat bestea baino zaharragoa dela esateak ez dauka logikarik, hizkuntzan beti baitago jarraipen, kontinuazio bat”. Euskararen iraupena ere hartu du hizpide, eta bere ustez “300 urte barru penintsulako hizkuntza guztiak isildu egingo dira, Gaztelania, Portugesa eta Euskara. Ingelesa gailenduko da besteen gainetik eta agian Katalana izango da erdi bizirik gelditu daitekeena”.

Bukatzeko, “belarrimotz jakintsuei” kasu egitea ez dela komenigarria aipatu du: “Euskara zerbait maiuskuloa bezala hartu eta jende arruntaren gainetik jartzen dute, baina azken finean, hizkuntza jende arruntaren asmakizuna da”. Euskara batuak egin duen bide okerra ere azpimarratu du, hitz berriak asmatu, aldatu edota debekatzeko ohitura hori gaitzetsiz. Azkenera hurbilduz, ez dagoela ezer gehiago asmatzerik komentatu digu, “corpusera kondenatuta gaude”.

 

UPV/EHUko ikertzaile eta irakasleei zuzendutako ikastaroak.

Euskara eta Eleaniztasuneko Errektoreordetzak UPV/EHUko irakasle eta ikertzaile kontratatuei zuzendutako ikastaroak antolatu ditu ekainerako, UEUren laguntzaz.
Ikastaro hauen helburu nagusia irakaskuntza eta ikerketa lanetan, ahoz zein idatziz, hizkuntza zuzentasunez erabili ahal izateko tresnak ematea da.

1. Ahozko hizkuntza testuinguru akademikoan
Unibertsitatetako irakasleen eguneroko jardunean ahozko hizkuntzak presentzia handia du eta hori islatzen da ahozko genero ezberdinetan: ikasleentzako hitzaldi, aurkezpen, elkarrizketetan… Jardun komunikatibo honetan sakontzeko eta eraginkortasunez komunikatzeko tresnak eskuratzeko proposamenak egingo dira ikastaro honen bitartez; batez ere hizkuntza eta hizkuntzaz kanpoko baliabideetan sakonduz, eta horrez gain, irakasleentzat horren garrantzitsua den ahotsaren kudeaketari erreparatuz.

  • Tokia: Gipuzkoako Campusean
  • Datak: ekainak 18, 20, 26, 28
  • Ordutegia: 10:00-14:00

2. Hizkuntza Lanabesak Amaraunean
Egunetik egunera tresna eta baliabide gehiago dugu sarean euskaraz lan egiteko, baina gehienak ez ditugu ezagutzen eta ez ditugu behar bezala erabiltzen. Baliabide hauek, erabiliz gero, izugarri erraztuko digute gure lana eta zalantzei aurre egiten lagunduko digute. Ikastaro honetan tresna hauek ezagutu eta erabiliko ditugu, eguneroko tresna bihur daitezen.

  • Tokia: Arabako Campusean
  • Datak: ekainak 12 eta 14 (ondoren beste 5 ordu on-line)
  • Ordutegia: 9:00-14:00

3. Zelan hobetu (Unibertsitateko) ikasmaterialen kalitatea? Testu zuzen eta egokiak sortzeko lanabesak
Azken urte hauetan ahalegin handia egin da euskarazko testuen kalitatea hobetzeko asmoz. Testu zuzenak, egokiak eta komunikatiboak sortzea helburu, hainbat lan garatu dira. Ikasmaterialei dagokienez ere, asko aurreratu da eta asko dira orain irakasleen esku dauden baliabideak. Testu zuzenak sortzea ez da nahikoa, testuek egokiak ere izan behar dute dagokien esparruan, eta komunikatiboak. Joxerra Garziari jarraiki, “euskara komunikatiboaz hitz egitea euskararen kalitateaz hitz egitea da, euskara ona komunikaziorako egokia dena baita, eta ez besterik”. Beraz, hiru arlo horiek —ortotipografia, esaterako, ahaztu barik — landu behar dira azken emaitza kalitatezkoa izan dadin.

  • Tokia: Bizkaiko Campusean
  • Datak: ekainak 17, 19, 24, 27
  • Ordutegia: 10:00-14:00

Izen ematea:

  • Datak: maiatzaren 31tik ekainaren 7ra.
  • Prozedura:
  • Eskaerak egiteko deialdiarekin batera aurkezten den inprimakia (1. eranskina) bete beharko da. Eskaerak Campusetako edozein erregistro ofizialetan aurkeztuko dira Campus bakoitzeko euskara zuzendariari zuzenduta:
  • Araban: Itziar Txurrukari
  • Bizkaian: Maite Insaustiri
  • Gipuzkoan: Isabel Elorzari
  • Erregistro Orokorreko bulegoen zerrenda UPV/EHUren 2007ko maiatzaren 28ko Erabakian dago jasota (2007ko abuztuaren 3ko EHAA), eta Interneteko helbide honetan ere bai: http:www.ehu.es/erregistroko_bulegoak.html.)

Informazio gehiago:
Ione Narbaiza Gallastegi
943 82 14 26
i.narbaiza@ueu.org

.