Inazio Retegi Saizar: “Pedagogia 3.0 etorkizunerako egitasmo garrantzitsua dela pentsatzen dut”

Oiartzo ikastolako Inazio Retegi Saizarrek ”Pedagogia 3.0 eta Moodle 3.3: eraberritze aukerak” izeneko pecha-kucha aurkeztuko du urriaren 20ko Moodlemoot Euskadin.

Zerk eraman zaitu aurtengo Moodlemoot Euskadin parte hartzera?
Pecha-kuchan parte hartzea bururatu zitzaidan 2016ko Mooteu-n aritu ondoren (musikaren bolumena igo zidaten luzatzen edo ari nintzelako edo) aurtengorako erronka baten moduko zerbait geratu zitzaidalako: “aurten ez zidatek/n kanpotik musika jarriko, neuk jarriko diat/nat 5 minutu pasatzen direnean. Eta horretaz gain, gustura dedikatuko nioke aurtengo saioa aurreko urteko “dj”-ari. Horretaz gain pedagogia 3.0 etorkizunerako egitasmo garrantzitsua dela pentsatzen dudalako.

Zer da aurkeztuko duzuna?

Ion Turrillas Sabalza: “Moodle hezkuntzan erabiltzeko oso erreminta interesgarria da”

Datorren urriaren 20an, Moodlemoot Euskadi 2017 jardunaldian, “egile eskubideak” izango ditu hizpide Biantikeko Ion Turrillas Sabalza abokatuak.

Zerk eraman zaitu aurtengo Moodlemoot Euskadin parte hartzera?
Uste dudalako gaur egun Moodlelek eskaintzen dituen aukerak oso onak direla eta unibertsitatean eta oro har hezkuntzan erabiltzeko oso erreminta interesgarria iruditzen zaidalako.

Zer da aurkeztuko duzuna?
Nire hitzalditxoa batez ere izanen da, nola erabili Moodle jabetza intelektuala kontuan hartuta. Alegia, zer egin dezakegun adibidez testu iturriekin edo irudiekin eta zer ez genuke egin behar. Saiatuko naiz praktikoagoa egiten teorikoa baino, baina noski ikuspegi juridiko batetatik abiatuta.

Iñigo Zendegi Urzelai: “Besteen esperientziaz asko ikasten da, eta giro atsegina dago Moodlemoot Euskadin”

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko Iñigo Zendegi Urzelaik urtero parte hartzen du Moodlemoot Euskadi jardunaldietan eta datorren urriaren 20an Pecha-kuchaz gain tailerra ere aurkeztuko du.

Zerk eraman zaitu aurtengo Moodlemoot Euskadin parte hartzera?
Moodle inguruan dabilen euskal komunitatea ezagutu nuenetik jardunaldi hauek direlako aldiro elkartzeko aukerarik onena; besteen esperientziaz asko ikasten delako, baita dagoen giro atsegina eta ezagutzen den jendeagatik ere. Azken 10 urteetan urtero parte hartu dut eta batzuetan zerbait aurkeztu ere bai, komunitate batetik asko jasotzen duzunean zure aletxoa ere jarri behar duzula uste dudalako.

Zer da  aurkeztuko duzuna?
Aurten Pecha-Kucha bat eta tailer bat egingo ditut. Pecha-Kuchan Moodle euskaraz komunitatea aurkeztu eta komunitatean parte hartzeko gonbidapena luzatuko dut, azken urteetako lana erakutsiz eta parte hartzeko moduak azalduz. Tailerra Learning Analytics kontzeptuaren ingurukoa izango da. Kontzeptuaren atzean zer dagoen azalduko dut, eta Moodle-n baitan egin daitezkeen gauza erraz batzuk erakutsiko ditut. Horretaz gain, Mondragon Unibertsitatean egindako proiektu baten adibidea erakutsiko dut, kontzeptu hau aplikatzeko ildo bat erakusteko. Bukatzeko tailerrera datozenekin batera ildo honetan etorkizunean etorri daitezkeen berrikuntzak iragartzen saiatuko gara.

Jesus Mari Arruabarrena: “Argazki kontakizun on baten lehenego ideia mamitsu bati heldu behar zaio”

Azpeitiko Udalarekin elkarlanean Argazki kontakizuna. Istorioak garatzeko estrategiak ikastaroa antolatu du UEUk udazken honetarako. Jesus Mari Arruabarrena Gaztelurrutia argazkilaria izango dute irakasle.

Ikastaroak zenbat izango du argazkilaritzatik eta zenbat kontakizunetik?
Ikastaroaren ardatza argazkigintza izango da, irudien bidez kontatzen ikastea. Hala ere, ikasleen interesen arabera, hitzak presentzia handiagoa edo txikiagoa izango du. Izena ematen duten ikasle gehienak ohiko argazkilariak badira, irudiari emango diogu garrantzia handiagoa; eta ikasleak (argazkilariak izateaz gain) literatura zaleak badira edo hitzarekiko nolabaiteko interesa badute, arlo hori ere jorratuko dugu.

Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio du?
Batzuetan bai, baina beste batzuetan alderantzizkoa ere gertatzen da: mila hitz ez dira gai hitz bakarra adierazteko.

Zer behar du argazki kontakizun on batek?
Lehengo eta behin ideia mamitsu bati heldu behar zaio. Ondoren, ideia hori garatu egin behar da, irudi onak sortuz eta irudi horiek ondo antolatuz.

Zer da zehatz-mehatz ikastaroan landuko duzuna eta zein helbururekin?
Helburua da ikasleei eredu on ugari erakustea eta trebatzea, burutuko duten lan praktikoaren bidez. Ikastaroak hiru atal nagusi izango ditu. Beste sortzaile batzuen lan egiteko erak aztertzea (espazioa, denbora, egitura eta abar) batetik, nik egindako lan batzuk erakutsiko dizkiet bestetik eta azkenik ikasle bakoitzak bere kontakizuna sortuko du, argazkiak egin eta antolatu. Norbaitek testua lantzeko gogoa izango balu, horretan ere saiatuko ginateke.

Maialen Igartua Arcelus: “Moodle erabiliz ikastaro bat ematen izan dudan esperientzia kontatuko dut”

Maialen Igartua Arcelusek lehenengoz parte hartuko du datorren urriaren 20ko Moodlemoot Euskadi jardunaldian. UEUn online irakaskuntzan izandako esperientziaren berri emango du.

Zerk eraman zaitu aurtengo Moodlemoot Euskadin parte hartzera?
UEU-k eskaini dit MoodleMoot jardunaldian parte hartzeko aukera, eta bi aldiz pentsatu gabe eman dut baiezkoa. Uste dut beti dela positiboa gure esperientziak elkarbanatzea, eta jardunaldi hau aukera ezin hobea iruditu zitzaidan besteengandik gauza berriak ikasteko.

Zer da aurkeztuko duzuna?
Online irakaskuntza Moodle-n bitartez: irakasle baten lehenengo esperientzia komunikazioa eskainiko dut. Bertan, Moodle erabiliz ikastaro bat ematen izan dudan esperientzia kontatuko dut. Zein erraztasun eman dizkit plataformak nire lanerako? Eta zein erronka jarri dizkit aurrean? Galdera horiei erantzuten saiatuko naiz.

Itziar Garcia: “On-line testuinguruan ematen diren ebaluazio joera eta ereduak azalduko ditut”

Mondragon Unibertsitateko Itziar Garcia Blazquezek “On-line ebaluazioa” izango du hizketagai UEUk antolatzen duten Moodlemoot Euskadi jardunaldian.

Zerk eraman zaitu aurtengo Moodlemoot Euskadin parte hartzera?
Euskarazko Moodle komunitateari ikerketa baten ondorioak azaltzeko, horren berri emateko, eta batez ere, besteengandik ikasteko.

Zer da aurkeztuko duzuna?
“eAssessment (On-line eta blended testuinguruetan ebaluazioa): joerak, ereduak eta ebaluazio estrategia aurreratuak” izenburua duen ikerketaren ondorioak aurkeztuko ditut. Ikerketa hau, UEU-k antolatzen duen “IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan, etengabeko formakuntzan, etahizkuntzen irakaskuntzan” graduondoaren baitan garatu da. Komunitateari online testuinguruan ematen diren ebaluazio joera eta ereduak azalduko zaizkio.

“Teknologia berrietan oinarrituz lan ezberdinak egiten dira eta askotan horietaz ez dugu izpi txikiena ere izaten”

Lizardi institutuko Miren Jaione Urreizti eta Ainhoa Iribarrek ”Hizkuntzen Trataera Integratua gelan” izeneko komunikazioa aurkeztuko dute datorren urriaren 20ko Moodlemoot Euskadin.

Zerk eraman zaituzte aurtengo Moodlemoot Euskadin parte hartzera?
Guk uste dugu hezkuntza eremu honetan, berrikuntza alorrean, teknologia berrietan oinarrituz lan ezberdinak egiten direla eta askotan horietaz ez dugu izpi txikiena ere izaten. Horrelako jardunaldiak dira, beraz, partekatuz, argitasun hori iristen laguntzen dutenak.

Zer da aurkeztu behar duzuena?
Hizkuntza eta Komunikazioko Gaitasunaren garapenean dagoen proiektu bat da; ulermena eta idazmenaren irakaskuntza eta ebaluazio bateratuak bermatzen dituena. Bigarren Hezkuntzako hizkuntza arloko curriculum edukiak, modu bateratuan, 4 hizkuntzatan, lantzen dira. Horretarako, proiektuen bidezko metodologian oinarrituta dago, abiapuntua arazo-egoera izanik eta ikaskuntza-irakaskuntza hori aurrera eramateko erabiltzen den euskarria Moodle plataforma da.

Ane Ablanedo Larrion: “Pedagogia aktiboan haurra dago erdigunean, baina helduaren egitekoa oso handia da”

UEUren udazkeneko eskaintzaren barruan Bizitzaren eskola: askatasunerako pedagogia ikastaroa izango da Iruñean. Ane Ablanedo Larrion da irakasleetako bat. Izena emateko epea irekita dago.

Haurren garapen-prozesuan modu egokian laguntzeko eskolak nolako behar duen landuko duzue ikastaroan. Errotik egin beharreko aldaketaz ari gara?
Ez bakarrik eskolan, nik familietan ere jarri nahi nuke arreta. Iruditzen zaidana da oro har gure sisteman haurrak hazteko edo hezteko ereduak ( familian, eskolan, gizartean) huts egiten duela. Ez da bakarrik eskolaren erantzukizuna. Eta bai, eskolak egin beharko luke errotik aldatu. Errotik aldatu gabe ez du esan nahi haur guztientzat kaltegarria denik, baina onuragarria ere ez. Eskola ona izateko -eskolak baditu gauza interesgarriak, taldearena eta- egin beharko luke errotik aldatu. Iruditzen zait sistemaren barnean, gaur egun ezagutzen dugun sistemaren barnean eskolak errotik aldatu ahal direla pentsatzea fantasia hutsa dela. Sistemak badu ezaugarri bat eta da behin ere ez duela onartzen instituzio hori nolabait hiltzera edo deuseztatzera eramango lukeen aldaketarik. Onartzen ditu aldaketatxoak, baina bere esentzia ez da aldatzen inoiz. Normala da neurri batean, bizirik irauteko. Eta orduan sistemaren jabeei komeni zaienez eskola horrelakoa izatea, iruditzen zait zaila dela errotik aldatzea. Egin daitezke aldaketak, aldaketatxoak. Agian eskola batzuk asko aldatzen ahal dira. Sistemari komeni zaio ematea guri inpresioa gauzak aldatzea posible dela. Eta horretarako tarteka uzten ditu horrelako abenturatxoak.

Zeintzuk dira pedagogia aktiboaren ezaugarri nagusiak? Zein da oinarria?
Pedagogia aktiboaren ezaugarrietako bat litzateke haurra jartzen duela erdigunean. Heziketa tradizionalak beti heldua du oinarri, heldua jartzen du erdigunean. Eta haurrak egin behar duena da irakasleari begiratu, irakasleari segitu, eta zentzun honetan honek [pedagogia aktiboak] egiten duena kontrakoa da. Heldua jarri behar da haurrari begira. Hori litzateke lehen gauza. Beste bat badagoela haurrak berez lortu ahal duenaren aurrean konfiantza. Hori da esentzia, hori da ardatza. Alegia, ez pentsatzea aurreratu behar duzunik, ez pentsatzea eskua sartu behar duzunik, ez pentsatzea haurra bideratu behar duzunik. Hori oinarri oinarrian dago. Honekin lotuta, haurra ez bideratzea ezertara. Pedagogia ez direktibo bat da. Haurrak egiten du bere bidea, haurrak egiten du bere hautua, egiten du bere ikerbidea. Zu zara hor laguntzaile bat. Eta laguntzaile zertan? Berak oraindik kudeatzen ahal ez dituen gauza horietan zuk laguntzen diozu. Baina beti eman behar diozu haurrari aukera bera gai den eremu horretan aukeratzeko eta bere bideari ekiteko. Gero beste gauza bat litzateke erritmoaren errespetua; guk beti joera dugu aurreratzeko. Eta batzuetan inkontzienteki behartzen dugu. Eta heziketa tradizionalak kontzienteki. Helduaren eginkizuna erabat aldatzen da pedagogia aktiboan. Bere eginkizuna ez da gidatzearena, baizik eta prestatzea giroa, eremua, haurraren ekosistema; izan dadin haurrak bere pausoak emateko nahikoa prestatua. Hori da helduaren eginkizuna. Espazioa nolakoa den, ekosistema nolakoa den oso garrantzitsua da. Azkenik haurra onartzen du, den bezalakoa, haurra maite du maitasunaren zentzurik zabalenean, eta emozionalki eta fisikoki segurtasuna ematen dio. Haurra dago erdigunean baina helduaren egitekoa oso handia da.

Bide horretan garrantzitsua da helduek euren burua ezagutzea, aztertzea. Desikastea, azken batean. Horretarako lekua ere izango da ikastaroa.
Helduek beraien burua ezagutzea ezinbestekoa da. Haurrekin aritu nahi duen edozeinentzat hori da lehenbiziko eginkizuna. Zergatik? Gu garelako gure heziketaren produktu, heziketaren ondorio. Gure heziketan hutsuneak egon badira, edo gabeziak, horrek asko baldintzatzen du nola jokatzen dugun haurrekin. Gure historiak baldintzatzen digu haurrekin kokatzeko dugun modua. Beti ibili behar dugu geure baitara begira. Haurrekin egoteak asko mugiarazten gaitu barnetik, asko hunkitzen gaitu eta horrek eragiten duena aztertu ezean, beti jotzen dugu haurraren kontra. Sortzen dizkigun amorruaren edo emozioen ardura emango diogu haurrari eta haurraren kontra egingo dugu. Hori emozio negatiboetan, baina negatiboak ez diren horietan ere kontuz ibili behar dugu, zeren baldintzatuta gaude gure heziketagatik. Zentzu horretan desikastea oso garrantzitsua da. Ezin dugu ikasi haurrekin egoten, haurrekin egotea dakigun zerbait da. Animaliak garen neurrian eta espezie bateko kide garen neurrian, gure eginkizun funtsezkoenetan dago haurrekin egoten jakitea. Gure jakinduria instintiboan dago. Deskonexio bat gertatu da gure heziketaren bitartez eta abar, eta berriz konektatzea litzateke berez dakigun horrekin eta gure historiaren berrikusketa eginez. Guk garrantzia ematen diegu bizipenei, eta maila apal batean bada ere, ez baita espazio kliniko bat, horri ere lekua egingo diogu.

Zurekin batera Ane Otxoteko Vaquero Goiztiri eskola libreko koordinatzaile eta bidelaguna izango da ikastaroko arduraduna. Beraz, teoriaz gain, esperientziak ere leku handia hartuko du.
Bai Ane Otxoteko egongo da eta oso garrantzitsua da, nire ekarpena gehiago maila teorikoan, praktikatik ere bai, baina gehiago klinikaren mundutik izango da. Berak oso ibilbide luzea darama eskolarekin. Ibilbide luzea, esperientzia luzea, eta jadanik ondorio batzuk badituzte, eta badakite zertan asmatu duten, zertan ez duten asmatu. Eta jendeari hori asko gustatzen zaio, noski. Jakitea praktikan eta benetan, egunerokotasunean, nola egiten diren gauzak, nola funtzionatzen duen gisa horretako eskola batek, eta hori da ikastaroak duen gauza interesgarrienetako bat.

Zein da ikastaroaren helburu nagusia?
Helburua da ezartzea eskola baten nolakotasuna haurrarentzat egokia eta osasungarria izateko. Zeintzuk diren gakoak, zeintzuk diren baldintzak, zer egin behar den, zer ez den egin behar, nolako espazioak, nolako bidelagunak,… Eskola bat martxan jartzeko edo haurrekin lanean hasteko oinarrizko ezagutzak ematea. Horrek ez du esan nahi ikastaroa dagoenik bakarrik zuzenduta horrelako eskola bat muntatzeko asmoa dutenei. Klabe guztiak ezagutzeak laguntzen ahal dio edozeini, dagoen tokian dagoela, bere lanean aldaketak aplikatzen. Eginkizun horretan lagungarri izan dakioke edozeini, baita gurasoei ere.

Juan Ezeiza Gutierrez: “MoodleMoot jardunaldiak irakasleen artean jardunbide egokiak trukatzeko foro apartak dira”

Axular Lizeoko Juan Ezeiza Gutierrez irakasleak ere parte hartuko du datorren urriaren 20an Gasteizen izango den Moodlemoot Euskadi 2017 #mooteu17 jardunaldian.  ”Moodle BHko Filosofia ikasgaian” izeneko aurkezpena prestatu du.

Zerk eraman zaitu aurtengo Moodlemoot Euskadin parte hartzera?
MoodleMoot jardunaldiak irakasleen artean jardunbide egokiak trukatzeko foro apartak dira. Besteen esperientziak ezagutzea oso aberasgarria da, baina hori posible izateko nork bere esperientzia ere erakutsi behar du, eta horixe da egingo dudana.

Zer da  aurkeztuko duzuna?
“Moodle BHko filosofia ikasgaian” aurkezpen praktikoa izango da. 12 urte daramatzat Moodle filosofiako nire ikasleekin erabiltzen. Horregatik, saiakera ugari egin ditut eta emaitza onak eman dizkidaten batzuk azalduko ditut. Aurkezpenaren ardatza baliabideak baino jarduerak izango dira, hainbat jarduera ez estandar bereziki, beti ere lortu nahi diren helburuekin lotuta daudenak eta, ahal denean, erabilera ludikoa ahalbidetzen dutenak.

Arantzazu Luzarraga: “Etorkizun hurbileko euskal paisaiaren irudia aurreikusi eta bere beharrizanak lantzea da asmoa”

UEUren udazkeneko eskaintzaren barruan Euskal paisaiak 2050: Eibarko erronkak aztertuz lurralde zabalerako aukerak sortzeko ikastaroa izango da Eibarren. Arantzazu Luzarraga Iturrioz arkitektoa da ikastaroko arduradunetako bat. Izena emateko epea irekita dago.

Euskal paisaiak mahai gainean hainbat erronka dituela diozue. Zeintzuk?
Euskal biztanleriaren zahartze eta gainbehera prozesu geldiezina, teknologiari loturiko produkzio modu berriek behar dituzten espazio fisikoak nolakoak diren atzematea, baita morfologikoki oso mugaturik dagoen orografia bati aurre egitea ere.

Zergatik aukeratu duzue Eibar lagin moduan? Zerk egiten du berezi Eibar?
Eibar herria historikoki gai izan da dentsitate altua eta erabilera anitzak nahastearen bitartez euskal paisaia honetara ederki egokitu den ingurumena eraikitzeko. Industriaren gainbeherak utzitako ondare garrantzitsua ere badu bere baitan.

Baina lagina baino ez da…
Eibarreko paisaia desindustrializatua lanerako kasutzat hartuz, euskal lurralde eta paisaiara estrapolatu daitekeen esperientzia eraiki nahi dugu.

Zer da zehatz-mehatz ikastaroan landuko duzuena? Nola landuko duzue? Zein izango da metodologia?
Hirigintzan erabiltzen den Ahultasunak-Mehatxuak-Indarguneak-Aukerak (AMIA) taula lanerako tresna gisa harturik, tailer formatuko ikastaro praktikoa eskainiko dugu.

Lehenengo egunean (azaroak 11), sarrerako lau mikro-hitzaldi eta hitzaldi instrumental batez gain, “deriba” gidatua egingo dugu herria ondo ezagutzen duen Hirikiten kolektiboaren eskutik. Bigarren egunean (azaroak 18), hasteko lehenengo eguneko hausnarketak batuko dituen talde-dinamika eta tailerra antolatuko ditugu, segidan taldean landutako proiektuak aurkeztuko ditugu eta bukatzeko hausnarketa kolektiboa burutuko dugu mahai-inguru formatuan.

Zer lortu nahi duzue ikastaroarekin?
Ahultasun, mehatxu, indargune eta aukeren arteko erlazioak arakatuko ditugu etorkizun hurbileko euskal paisaiaren irudia aurreikusi eta bere beharrizanak lantzeko asmoz