Irakasle bila. Prest_Gara 18/19 deialdia.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak PREST_GARA 2018/2019 osatzeko deialdia argitaratu berri du, eta zabalik da datorren ikasturterako Irakasleen Etengabeko Prestakuntzarako Plana garatzeko proiektuak aurkezteko epea.

UEUk, orain artean bezalaxe, Prest_Gara programan parte hartuko du. Hori dela eta, datorren ikasturtean PREST_GARAn irakasle moduan lan egiteko interesa daukan edonori dei egiten diogu gurekin batera parte har dezan.

Zehaztasunak:

  • Nor izan daiteke UEUrekin irakasle: interesa daukan edonor (curriculuma baloratuko da).
  • Baldintzak: euskalduna izatea (hots, euskaraz irakasteko gaitasuna izatea) eta aukeratutako ikastaroaren gaian eskarmentua izatea.
  • Ikastaroen zerrenda: hemen duzue UEUk parte hartu nahi duen ikastaroen zerrenda gaika antolatuta.

Pausoak:

  • 1. Ikastaroen fitxa: zerrendako ikastaroren bateko irakasle izan nahi baduzu, esaguzu zein ikastaro interesatzen zaizun (kodea eman) eta ikastaroari dagokion oinarrizko fitxa bidaliko dizugu ahalik eta bizkorren.
  • 2. Ikastaroen fitxa bete: jasotako fitxa zure interesekoa baldin bada, eta ikastaro horretako irakaslea izan nahi baduzu, zure proposamena bidaliguzu, hau da, fitxa osatuta bidali UEUra. Fitxan, oinarrizko informazioa dator, Hezkuntza Sailetik datorren informazioa. Hori oinarritzat hartuta fitxa egokitu edota osatu egin behar da. Argibide gehiago jasoko dituzu fitxarekin batera.
  • 3. Hautaketa: jasotako fitxa guztien artean, UEUren barne-batzordeak aukeraketa egingo du PREST_GARAko deialdira aurkezteko.

Proposamenak bidaltzeko:

  • Epea: maiatzaren 8a arte (gehienez 10:00)
  • Nora bidali: o.gardoki@ueu.eus (Oihana Gardoki Ibarra)
  • Zer bidali: ikastaro bakoitzeko fitxa osatua (guk bidaliko dizugu eredua) eta zure curriculuma (bereziki, aukeratu duzun gaiarekin zerikusia duen formazioari eta esperientziari buruzko informazioa interesatzen zaigu).

Ikastaro proposamen berri bat baduzu, oso gustura hartuko dugu. Guri jakinarazi eta hau osatzeko fitxa bidaliko dizugu.

Informazio gehiago:

Oihana Gardoki Ibarra

UEUko Etengabeko prestakuntzako teknikaria

o.gardoki@ueu.eus

+ 34 943 82 14 26

.

Mikel Iturbe: “Kontrol sistemen azpiegitura kritikoen funtzionamendu egokia babestea beharrezkoa da gizarte baten ongizate eta burujabetzarako”

Maiatzaren 17an egingo da Informatikari Euskaldunen Bilkura Donostian, “Burujabetza teknologikoa” izenburupean. Mikel Iturbe Urretxak “Segurtasuna eta pribatutasuna” hitzaldi-saioan parte hartuko du, eta berarekin hitz egin dugu gai honetaz. Izen-ematea zabalik dago.

Mikel Iturbe Urretxa

Aurreratu diezagukezu hitzaldian aipatuko duzuna? Bertan azpimarratuko dudana, batez ere, da kontrol sistemen segurtasunak orokorrean, eta azpiegitura kritikoenak bereziki,gizarteen ongizatean eta burujabetzan duen eragina. Kontrol sistemak dira edozein prozesu fisiko (fabrikazio prozesuak, energia sortzeko eta garraiatzeko prozesuak, ur banaketa eta arazketa…) kontrolatzeko erabiltzen diren ordenagailu berezien multzo heterogeneoa, nolabait esatearren. Prozesu horietatik batzuk azpiegitura kritikoetako zati dira, hau da, edozein gizarte modernok bere egunerokotasuneko funtzionamendurako beharrezkoak dituen azpiegiturak: elektrizitatearen sorkuntza, ur-arazketa, erregaiaren banaketa… dira horietako batzuk. Beraz, kontrol sistemen azpiegitura kritiko hauen funtzionamendu egokia eta berauek kanpo-agenteen eragin kaltegarritik babestea beharrezkoa da gizarte baten ongizate eta burujabetzarako, baita bere ehun ekonomikoa mantentzeko ere.

Behar beste zaintzen ditugu segurtasuna eta pribatutasuna? Minimoki zer egin eta zer ez genuke egin beharko? Azpiegitura kritikoen kasuan, oraindik asko dago egiteko segurtasunaren esparruan, hein handi baten ohiko ordenagailu-sareetan segurtasunaren alorrean egin diren hainbat eta hainbat aurrerapen oraindik kontrol sistemen esparruan egiteke daudelako. Pribatutasunari dagokionez, azpiegiturak ez dira pertsonak, eta beraz ez daukate pribatutasunerako eskubiderik, baina datu oso garrantzitsuak sortu eta erabiltzen dituzte eta beharrezkoa da informazio hori babestea, baita pertsonen pribatutasuna zeharka babesteko ere (adibidez, erasotzaile batek sare elektrikora sarbide lortuz gero, etxe bakoitzeko kontsumo elektrikoa denbora errealean ikusi ahal izango bailuke). Erabiltzaile eta norbanako soilez haratago, azpiegitura kritikoen babesa gizarte osoaren erantzukizuna da eta gobernuek eta kontrol sistema horien jabeek (enpresak, gehienetan) daukate eragiteko ahalmen handiena. Norbanakoen ikuspuntutik, gakoa kontzientziazioa da, ondoren eragiteko ahalmena daukaten horiei neurriak eskatzeko.

Etorkizuneko erronkak zeintzuk izango dira alor honetan eta nola lotzen dira burujabetza teknologikoarekin? Esan bezala, azpiegitura kritikoen babeserako oraindik bide luzea dago egiteko (etengabekoa izango dena). Orain, ikerketan pil-pilean dagoen gaietako bat da datuen analisia eta ikasketa automatikoa aplikatzea eraso informatikoak detektatzeko azpiegitura kritikoetan, hauen portaera monitorizatuz. Hori da nire ikerketa-lerro nagusia momentu honetan eta uste dut askorako eman dezakeela oraindik. Nik uste dut, epe laburrean, gisa honetako eraso detekziorako sistema adimendunak egongo direla azpiegitura kritikoetan. Honek, lotura oso zuzena du burujabetza teknologikoarekin, gaur eguneko eta etorkizuneko azpiegitura kritikoak babesteko gai ez den gizartea nekez izango baita burujabea, bere ongizaterako beharrezkoak diren zerbitzu horiek kanpo-erasoen menpe egongo direlako.

IEB bezalako bilkurak garrantzitsuak dira? Dudarik gabe. Euskal informatikarion komunitateak gisa horretako bilkura bat izatea behar-beharrezkoa da bakoitzak berea duen ezagutza zabaldu, komunitatea ehundu eta harremanak egin eta sendotzeko. Ekarpen handiena, ezagutza horren transmisioa eta harremanak direla esango nuke.

IEB2018: izen emate epea ireki da

2018ko maiatzaren 17an Informatikari Euskaldunen XI. Bilkura izango da. Aurtengo gaia  Burujabetza teknologikoa izango da.

 

Egungo gizartean aurrera egiteko ezinbestekoa da teknologia. Are gehiago, teknologien eragina gero eta handiagoa da jendartean; bai haren izaeran, bai izango dituen eskubideengan eta baita bere buruaren jabe izateko edukiko dituen tresnetan ere. Teknologia egokiak oinarri izango dira jendarte antolatu eta burujabe bat lortzeko bidean.

Informatikari Euskaldunen Bilkura (IEB), teknologia horien inguruko eztabaida martxan jartzeko gune paregabea dela deritzogu. Urteetan izan da eztabaida honetan zeresana duten entitate guztien bilgune; instituzioak, herrigintzatik abiatutako ekimenak, arloko profesionalak eta akademiaren bilgune hain zuzen ere eta aurtengoan, berriro ere bil daitezke burujabetzaren oinarri izan daitezkeen proiektuei buruz hitz egiteko eta teknologia horien ideazio eta ezarpenerako bideak aztertzeko.

Hemen irakurri daiteke Edurne Larraza eta Olatz Arbelaitzi jardunaldi hauen inguruan egindako elkarrizketa: “Burujabetza prozesuetan teknologiak izan dezakeen garrantzia eta egin dezakeen ekarpena kontuan izanik, gai horri heltzea erabaki dugu”

Egitaraua

Jardunaldia lau ardatzen inguruan egituratu da:

  • Azpiegitura teknologikoak eta komunikazio burujabetza;
  • Hezkuntza teknologikoa eta teknologia hezkuntzan;
  • Segurtasuna eta pribatutasuna
  • Ezinbesteko softwarea herri eta herritar burujabeagoak izateko

Ohiko hitzaldiez gain, eta aurreko edizioetan bezala, aplikazio eta esperientzia berrien aurkezpena izango dugu.

Jardunaldiaren bukaeran, Burujabetza digitala eta Interneten independentzia hitzaldia izango dugu, PuntCATeko ordezkari baten eskutik.

Euskarazko III. Internet Eguna antolatu du PuntuEUS Fundazioak, eta ekitaldi horrekin jardunaldiari amaiera emango diogu.

Egitaraua bere osotasunean ikusteko, UEUren webgunean duzu bere osotasunean.

Izen-ematea

  • Izen emate epea irekita dago maiatzaren 15era arte.
  • Doaneko jardunaldiak dira, baina bazkaria ordaindu beharko da (15€).
  • Matrikulatzeko zein informazio gehigarria eskuratzeko UEUren webgunera jo dezakezu.

Jardunaldiak bere bloga badu ere (IEB2018 bloga), bertan azken berriak irakurri ahal izango dituzu.

 

Informazio gehiago: Ainhoa Latatu (a.latatu@ueu.eus; 943821426)

Edurne Larraza eta Olatz Arbelaitz: “Burujabetza prozesuetan teknologiak izan dezakeen garrantzia eta egin dezakeen ekarpena kontuan izanik, gai horri heltzea erabaki dugu”

Maiatzaren 17an egingo da Informatikari Euskaldunen Bilkura Donostian. Aurtengoa XI. edizioa da eta “Burujabetza teknologikoa” izango dute hizpide. Bilkuraren antolaketan lanean ari diren Edurne Larraza eta Olatz Arbelaitzekin hitz egin dugu. Izen-ematea zabalik dago.

Edurne Larraza

Burujabetza teknologikoa izango da edizio honetako gaia. Zer esan nahi du eta zergatik aukeratu duzue? Informatikari euskaldunen bilkurak bere ibilbidean zehar, Informatika eta teknologiaren alorrean bogan zeuden gaiak lantzea izan du helburu. Baina informatikariok, gure jendartearen parte ere bagara eta hori horrela izanik, gaur egun gure inguruan ematen ari diren burujabetza prozesuek duten garrantziaren jabe izanik, eta prozesu horietan teknologiak izan dezakeen garrantzia eta egin dezakeen ekarpena kontuan izanik, gai horri heltzea erabaki genuen. Beste arlo asko bezala, elikadura esate baterako, askotan, teknologia ere enpresa eta erakunde handi batzuen menpe dago. Ez da erraza izaten ohartzea zenbaterako kontrola duten enpresa horiek gu guztion egunerokoan. Burujabetza zaila da oso baldintza horietan, non nork bere beharrak asetu beharrean enpresa handi horienak asetzen dituen egiten duena egiten duela. Egon badaude ordea beste teknologia batzuk burujabe aritzeko aukerak ematen dutenak, hau da, zertan ari garen jakiteko aukera ematen digutena, eta hori da landu nahi duguna alor desberdinetan.

Olatz Arbelaitz

Ikuspegi desberdinak ekarri nahi izan dituzue programan: instituzioak, herrigintzatik abiatutako ekimenak, arloko profesionalak eta akademia. Zer dela eta? Teknologia digitala, Informatika, gaur egun nonahikoa da eta hari buruzko jakintza alor desberdinetan zabalduta dago, ez dago instituzio edo erakunde jakin batean zentralizatua. Hori horrela izanik, ez genuke nahi ikuspuntu bakar bat edo enpresa gutxi batzuena soilik ekartzea. Horregatik, lau ardatz hautatu ditugu (gehiago izan zitezkeen baina nonbaiten moztu egin behar zen) eta ardatzetako bakoitzean bi ikuspuntu desberdin jaso nahi izan ditugu. Gainera, garrantzitsu deritzogunez burujabetza teknologikoaren aldeko apustua jendarteko alor guztietan egitea, alor guztietako adituen ezagutza eta iritzia jasotzea garrantzitsua iruditu zaigu. Horrela, bazkalondoan tarte bat izango dugu hitzaldietan entzundakoetatik abiatuz guztion artean eztabaidatu eta burujabetza teknologikorako erronkak eta bideak identifikatzeko. Ez ahaztu IEB iragarle izan dela azken urteetan.

Gai nagusiaz gain, bestelako aplikazio eta esperientziak ere izango dute tokia, ezta? Ohi bezala, antolatzaileok jartzen dugu gai nagusia eta jardunaldiaren ildo nagusia, baina Informatikari Euskaldunen Bilkuran beti utzi diogu tartea informatikari eta euskaldun izanik ekarpenak egin nahi dituzten horiei. Tradizionalki alor askotatik etorri izan da jendea baina bereziki hezkuntzatik etorritako informatikari ugari izan ditugu. Horren erakusle da komunikazio deialdi irekian jaso ditugun ekarpenekin bi saio paralelo osatu ditugula, bata hezkuntzari eskainia eta bestea gai nagusiarekin, burujabetzarekin, lotura estua duena.

Eta Puntu.eus-ekin batera Internet eguna ere ospatuko duzue egun horretan. Bai, hala da. Eguna hautatu genuenean ez ginen konturatu Internet eguna zenik. Beranduago, bilkuraren egitura antolatzerakoan, .eus-ekoekin harremanetan jarri eta haiek eman ziguten data eta Internet egunaren kointzidentziaren berri. Hori horrela izanik, ezin egokiago iritzi genion Euskarazko Internet eguna IEBrekin batera antolatzeari. Izan ere, publiko asko partekatzen dute bi ekitaldiok eta konpartitzen ez duten publikoaren kasuan, bestea ezagutu eta erakartzeko balio lezakeelakoan gaude. Elkarlanaren ondorioz, Euskarazko Internet eguna IEBren ondoren ospatuko da eta bien arteko lotura egiteko, .eus-ek haiekin duen harremana baliatuz, puntCATeko lege arduradunaren aurkezpena izango dugu IEBren amaieran. Ez ahaztu!

XI. bilkura izango da hau. Zertarako jaio zen bilkura eta zer nolakoa funtzioa du? Lehenengo urteetan helburua elkar ezagutzea, informatikaren inguruan euskaraz zegoenaren berri izatea eta komunitatea sortzea zen. Ordutik honako egoera asko aldatu delakoan gaude. Informatikan askoz presentzia handiagoa du euskarak edo askoz gauza gehiago daude euskaraz. Baina puntakoak diren gaiei buruz ikastea, elkarri aurpegia jartzea eta komunitate hori mantentzea oraindik ere garrantzitsua da bilkuretan. Askotan, bilkurak euskal komunitatean teknologiak izan beharko lukeen garapenaren iragarle izan dira. Adibidez, euskal domeinu baten beharra bertan identifikatu zen.

Nori dago zuzenduta bilkura? Ohi bezala,  bilkura euskalduna izanik, teknologian interesa duen pertsona orori dago zuzendua. Kasu honetan, teknologiatik hain gertu egon gabe hainbat arlotan burujabetza prozesuan interesa duen eta teknologiak horrelakoetan egin dezakeen ekarpenaren berri izan nahi duen edonork ere ziur asko izango du zer ikasi aurtengo bilkuran.

Matrikula doan izango da, ezta? Non eman daiteke izena? Matrikula dohainik da baina bazkaltzen geratu nahi duenak aurretik hala adierazi eta 15 euro ordaindu beharko ditu.    UEUko web gunean eman daiteke izena.

UEU eta Nafarroako Hezkuntzako ikastaroak DOAN.

UEUk eta Nafarroako Hezkuntza Departamenduak 2018. urterako sinatu berri duten elkarlana abian da. Orotara, 14 ikastaro eskainiko ditugu urtean zehar eta guztiak DOAKO ikastaroak. Udaberriko ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago.

UDABERRIAN –  izen ematea irekita

UDAKO IKASTAROAK – UEUren 46. Udako Ikastaroen barne hiru ikastaro hauek emango dira:

UDAZKENEAN

OHARRA: Izen-ematea publiko zabalari irekia dago baina Nafarroako Hezkuntza Graduko ikasleek izango dute lehentasuna.

Eskuratu hemen ikastaroen eskuorria: UEU eta Hezkuntza Departamenduaren ikastaroak 2018

Informazio gehiagorako:

Edurne Koch

UEUko Nafarroako teknikaria

+34 948 36 25 63

nafarroa@ueu.eus

 

Ane Ablanedo: “Askatasuna ezin da liburu batekin ikasi, praktikaren bidez baizik”

UEUren udaberriko eskaintzaren barruan “Askatasunean hazi, hezi eta bizi” ikastaroa antolatu dugu Eibarren. Ane Ablanedo Larrion izango da irakaslea eta hainbat galdera egin dizkiogu formazio honen inguruan. Matrikula zabalik dago.

Ane Ablanedo Larrion.

Zein helburu du ikastaroak? Gaur egun asko entzuten da haurrak askatasunean hazi behar direla, eta jendea horren garrantziaz gero eta gehiago ohartzen ari dela iruditzen zait. Ikastaro honen helburua autorregulazioaren teoriaren arabera, haurrak hazteak suposatzen duena eta suposatzen ez duena finkatzea izango da.

Zergatik da garrantzitsua askatasuna txikitatik lantzea? Askatasuna teoriaren bidez ikasi ezin dugun zerbait da. Ezin dugu liburu baten aurrean ikasi, praktikaren bidez baizik. Askatasuna bizitzak eskaintzen dizkigun aukeren aurrean aske hautatzea da. Mundura hori egiteko gai iristen gara, baina heziketa bideratzaile batekin topo egiten dugu, zeinak  ahalmen hori erauzten digun. Haurrak bere bizitzako esparru txikitan bere bizitza gidatu dezake askatasunez. Askotan, guk baino gaitasun handiagoarekin.

Zer suposatzen du askatasunean hazteak? Askatasunean haztea eredu direktiboari kontrajartzen zaio, izan ere, bigarren eredu honen arabera, haur batek ezin du ezer egin eta beraz, guk kanpotik gidatu behar dugu. Egia da haur jaioberri batek ez dakiela gauza asko egiten, baina gai da erabakitzeko noiz behar duen titia eta noiz ez. Askatasuna zuk kudeatu ahal duzun errealitate esparru hori kudeatzea da. Eredu batean hori errespetatuko genuke, eta beste eredu batean guk esango genioke kanpotik noiz hartu behar duen titia. Pentsatu behar duguna da gu ez garela inoren bizitza gidatzeko inor, eta haurrak eduki behar duela bere bizitzaren gaineko autoritatea. Horretarako jakin behar dugu bere garapenaren une bakoitzean haurra zertarako eta zertarako ez den gai. Ez den horretan guk lagundu beharko diogu, baina gai den horretan berari utzi beharko diogu. Izan ere, norbaitek gure hautua gidatzen duenean, zerbait gaizki ateratzen denean errua beste batena izaten da, eta hor ez dugu erantzukizun sozialik bereganatzen. Askatasunean nire hautua gidatzen dudanean, gauza guztien ardura nirea da.

Haurrei hori transmititzeko guk ere askatasuna landu beharko dugu, ezta? Bai. Ezin diogu haur bati eskaini guk ez daukagun hori. Askatasuna printzipio ukaezina da haur batentzat, eta horretarako guk gurea ere errespetatu egin behar dugu. Hausnarketa handia egon behar du helduarengan zertan eman askatasuna eta zertan ez, zertan mugatu eta zertan ez. Nik hor disfuntzio asko ikusi izan ditut alde batetik eta bestetik. Batzuetan autoritarismotik utzikeriara pasatu gara pentsatuz askatasunak ez duela mugarik eskatzen. Askatasuna irudikatzen dugu paradisua bezala, ideala bezala, baina hori gertatzen da eredu horretatik aldendu egin garelako eta ondorioz, fantasiatik begiratzen diogulako. Teoria zein praktika aldetik hausnarketa handia eskatzen du askatasunean hazi eta hezteak. Izan ere, guretzat konkistatu ez dugun zerbait ezin diogu haur bati transmititu.

Zer metodologia erabiliko duzu? Saiatuko naiz eredu hau haurtzaroko ekosistema guztietan nola aplikatu dezakegun erakusten: familiako etapa desberdinetan nola aplikatu eta baita ere eskolan. Ikastaroaren zati handi bat hausnarketara bideratuko dut (irakurketak, eztabaidak...), beste zati bat teorikoa izango da (haurraren garapenaren faseak, ereduaren printzipioak) eta azkenik, bizipenei ere tartea egingo diogu.

Norentzat da ikastaroa? Haurrekin ibiltzen den edozeini zuzentzen zaio ikastaroa: guraso, irakasle, hezitzaile, familia, eta abar.

 

 

Ezagutzen al duzu UEU? #NikUEU

UEU mende erdiko historia izatera iritsiko da urte gutxi barru. Bide horretan, gure egitasmoa plazaratu eta kide berriak erakartzea jarri dugu helburutzat. Horregatik, UEU ezagutzera emateko “UEU, Euskal Unibertsitatea egizkizun” dokumentala egin du alde batetik, eta bestetik, bazkidetza kanpaina jarri dugu martxan. Kanpaina #NikUEU izenburupean antolatu dugu.

IZAN ERE… ZER DA UEU?

Udako Euskal Unibertsitatea (UEU) irabazi-asmorik gabeko eta Onura Publikoko aitormena duen kultur elkartea da (ez, ez gara UPV/EHU). 1973. urtean sortu zen Ipar Euskal Herrian eta orduz geroztik bere helburu nagusia Euskal Unibertsitatea sortzea da. Horrekin batera, honako lan-ildo nagusi hauetan lan egiten du urte guztian zehar:

  • Euskararen eta unibertsitatearen arteko zubiak eraikitzen.
  • Euskal komunitate zientifiko-intelektuala biltzen.
  • Unibertsitate-gaiak ekoitzi eta gizartearen esku jartzen (ikastaroak, jardunaldiak, mintegiak, kongresuak, graduondokoak, testu-liburuak, datu-baseak, sare sozialak eta abar).

NORTZUK OSATZEN DUGU UEU?

1.200 bazkide baino gehiagok osatzen dugu UEUren oinarri soziala jakintza-alor desberdinetako sailetan antolatuta. Laguntza ekonomikoa emateaz gain, proiektuan aktiboki parte hartzeko lehentasuna dute. Irakurri hemen hainbat bazkideren iritziak UEUri buruz.

UEUko Talde Eragilea (zuzendaritza), bazkideen Batzar Orokorrak hautatzen ditu (bi urtean behin) lau urtetarako, zuzendariarekin batera elkartearen ildo nagusien jarraipena egiteko. Unibertsitateko eta euskalgintzako kideak dira, bolondres gisa UEUri beren denbora librea eskaintzeko prest daudenak. UEUko zuzendaria (Kepa Sarasola 2018. otsailetik aurrera) ere borondatezko kargua da.

UEUko Talde Eragilea

UEUko bazkideak 27 sailetan banatzen dira. Sail bakoitzak jakintza-alor batean lan egiten du eta autonomoa da. Sail bakoitzak koordinatzaile bat izaten du (Sailburua), bolondres gisa lan egiten duena. Urtean behin Sailburuen Biltzarrean biltzen dira guztiak.

UEUko sailburuak

Batzar Nagusiak onartutako egitasmoa teknikoki aurrera ateratzeko ardura lantaldearena da, Idazkari Nagusia (Ane Sarasua) buru delarik. Une honetan 14 pertsonek osatzen dute UEUko Idazkaritza eta, Bilbo, Eibar eta Iruñeko egoitzetan kokatzen da.

UEUko lantaldea

Hauetaz gain, batzordeetan lan egiten duten bazkideek, irakasleek, ikasleek, liburu-egile eta proiektu desberdinetako bidelagunek ere osatzen dute UEU. Hemen bildu ditugu elkarrizketa guztiak.

ZER EGITEN DUGU?

UEUk lau ildo nagusi lantzen ditu bere egunerokotasunean: Euskal Unibertsitatea, jarduera akademikoa, argitalpengintza eta IKT proiektuak. 2017. urteko txosten honetan iaz egin ditugun jarduera guztiak aurkituko dituzu, xehe-xehe.

UEUren DOKUMENTALA

UEU ezagutzera emateko asmoz “UEU, Euskal Unibertsitatea eginkizun” dokumentala egin dugu. Bertan, hainbat UEUkide agertzen dira bakoitzarentzat UEU zer den eta zer nolako ekarpena egiten duen azalduz. Lagunduko diguzu zabaltzen?

ETA ORAIN… PARTE HARTU NAHI DUZU UEUren PROIEKTUAN? EGIN ZAITEZ BAZKIDE!

Hau guzti hau irakurri eta ikusi ondoren gurekin lan egiteko gogoa sartu zaizu, ezta? Primeran! Ikusi zer nolako abantailak izango dituzu UEUkide egiten bazara 🙂

  • Euskal unibertsitatearen sustatzailea izango zara.
  • Jarduerak proposatu eta antolatzeko garaian lehentasuna izango duzu.
  • %25eko beherapena izango duzu ikastaro eta jardunaldien matrikuletan eta hauetan parte hartzeko lehentasuna izango duzu.
  • %30eko beherapena izango duzu liburu, aldizkari eta argitalpen guztietan.
  • UEUren lan-poltsetan sartzeko aukera izango duzu.
  • Zuri interesatzen zaizun alorreko zuzeneko informazioa jasoko duzu.
  • PFEZan %20ko desgrabazioa izango duzu.

Kuota orokorra 50 eurokoa da, eta ikasle, langabetu eta jubilatuentzat 30ekoa.

BAI, BAZKIDE EGIN NAHI DUT!

 

Kepa Sarasola, UEUko zuzendari berria: “Euskaraz dabilen unibertsitate ez-elitista bat sortzeko motorra eta legamia da UEU”

Kepa Sarasola Gabiola (Begoña, 1958) da larunbataz geroztik UEUko zuzendari berria. Zientzia Fisikoetan lizentziatua, doktore informatikan, UPV/EHUko informatika irakaslea eta euskararen prozesamendu automatikoa lantzen duen Ixa Taldearen sortzaileetako bat da. 1980. urtetik UEUn lanean dabil, eginkizun desberdinetan. Ilusioz hartzen du kargu berria. UEUren helburuak eta ekarpena ezagutzera emateko dokumentala egin dute, hainbat kideren ahotik.

Kepa Sarasola Gabiola, UEUren Eibarko egoitza akademikoko lorategian.

Iñaki Alegriari erreleboa hartuko diozu. Biak informatikariak, lagunak eta UEUn ibilbide paretsuarekin. Zuzendari kontinuista bat lehenetsi duzue? Bai, kontinuista izan behar da lorpenak egiten direnean eta ekipo osoa sendo dabilenean talde eragilea, sailburuak, sailak eta lan-taldea. Oso indartsu dabil UEU ohiko jardueratan. Eta euskarazko on-line unibertsitate bat sortzeko aukera historiko bat dugu, aurreko zuzendaritzak ondo planifikatu du, babesak sendoak lortu ditu.

Aurretik ere ardurak hartutakoa zara UEUn, baina nola hartu duzu kargu hau? UEU nire bizitzaren motor indartsuenetako bat da. Erabat sinesten dut UEUren proiektuan. Giza-talde honekin lan egitea atsegina da, etengabe sentitzen duzu sortzaile eta eraikitzaile zarela. Bada, baldintza horiekin… hau une egokia izan daiteke UEU den motor honetan koordinazio mailan apur gehiago emateko. Belaunaldien arteko zubi-lana egin nahi dut. Belaunaldi gazteagoari alfonbra jarri, horrela hemendik 3 urtera baten batek lekukoa har dezan.

UEU zergatik da beharrezkoa? Unibertsitateak gizartea animatu behar duelako. Ez dela posiblea euskaraz dabilen unibertsitate bat sortzea? Ez dela posible kale mailako gaiak aztertzea unibertsitatean? Gai elitistak bakarrik ikertu daiteke unibertsitatean? Galdera horientzako hitzezko erantzunak eta aurrerapen esanguratsuak lortzeko behar dugu UEU.

Zuretzat zer da UEU? Euskaraz dabilen unibertsitate ez-elitista bat sortzeko motorra eta legamia. Maila dialektikoan planteatzen du helburua, baina ez horretan bakarrik, maila praktikoan ere etengabe dabil produzitzen (liburuak, ikastaroak, graduondokoak, titulazioak, aditu euskaldunak…). Egindako produkzioarengatik eta lantzen ditugun gaiengatik argi dago benetako unibertsitate bizigarria garela. Euskaraz dabilen unibertsitate honetan Graduko titulu ofizial berriak ematea lortu behar dugu.

Euskal Unibertsitatea lortzeko hainbat abagune egon dira eta zuk parte hartu izan duzu bertan. Zergatik ez da lortzen? Zaila da. Instituzioetan ausardia falta izan da azken momentuan apustua egiteko. Euskara batua definitzea ere oso zaila zen, baina belaunaldi azkar eta magiko batek aurrera atera zuen orain dela 50 urte. Euskaraz dabilen unibertsitate bat lortzeko gauza izango al gara orain?

On-line unibertsitatearen proiektua nola ikusten duzu? Ez da Euskal Unibertsitatea baina hurrengo urrats garrantzitsu bat izan daiteke. Oso aukera ona da hutsune bat betetzeko. 18 urteko dituen ohiko ikasleentzako eskaintza badago euskaraz, baina ikasgeletara joan barik etxetik ikasi nahi duenarentzat ez. Proiektu berritzaile garrantzitsu bat definitu dugu, eta aurrera atera dezakegu zentzuzko kostu mugatuarekin.

Zeintzuk izango dira zure erronkak? Irakasleak formatzeko masterra 2019/20 ikasturtean martxan jartzea eta on-line graduak lantzen jarraitzea (oraingo bi graduondo tituluak 2020an 4 izatea). Horretaz gain, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian azpiegiturak sendotzea eta sarea aktibatzea.

Irantzu Duro eta Marijo Imaz: “Trantsizio agroekologikoan ikasitakoa partekatzeko gogoak eraman gaitu ikastaroa antolatzera”

UEUren udaberriko eskaintzaren barruan “Agroekologia. Tokiko garapen integrala” ikastaroa antolatu dugu Eibarren. Irantzu Duro Mota eta M. Jose Imaz Gurrutxaga izango dira irakasleak eta hainbat galdera egin dizkiegu gai honen inguruan.

Irantzu Duro eta Marijo Imaz

Zer dela eta planteatu duzue formazio hau? Denek argi dugu talde multidisziplinarren beharra estrategiak eta planak diseinatu eta garatzeko. Orokorrean, talde hauek gai ezberdinetan adituak diren pertsonez osatzen dira, baina gure ibilbide profesionalean ikusi dugu, beren arloan adituak izateaz gain taldekideek osotasunaren ezagutza minimo bat izan behar dutela, hau da, arlo edo errealitate ezberdinen ezagutza izan behar dute  lan talde hauek sortutako lana eraginkorra izateko. Agroekologiak, marko teorikoa den heinean, pentsamendu integrala eta, holistikoa garatzen laguntzen digu. Ikastaro honetako irakasle garenontzako gakoa agroekologiaren ezagutza izan da. Nahiz eta formakuntza jakin bat eta espezialitate bat izan, agroekologiak prozesuak modu zabal batean planteatzen lagundu digu. Txikitik hasita, hau da,  proiektu eta akzio zehatzetatik hasita,  estrategia globalagoak eraikitzen joaten lagundu digu. Trantsizio agroekologikoan ikasitakoa partekatzeko gogoak eraman gaitu ikastaroa planteatzera.

Zer esan nahi du garapen integralak? Guretzako garapen integrala, osoa, holistikoa, tokian tokikoa, anitza, globala, arlo eta errealitate guztiak kontutan dituena da. Behar guztiak kontutan dituena eta behar denak asetzen ahalegintzen dena. Denontzako eta denon artean egindakoa. Lanabes bat da, trantsizioa agroekologiko prozesuak habian jartzeko.

Zein da erabiliko duzun metodologia? Ikastaroa kasu praktikoen azterketan oinarrituko da. Ikastaroa bi saioetan banatu dugu. Lehengo saioan irakasleek kasu praktikoak aurkeztu eta aztertuko dituzte. Hurbileko kasuak izango dira. Prozesu ezberdinek komunean dituzten elementuak identifikatu ondoren, prozesu bat habian jartzeko  bidaia orria diseinatuko dugu. Ikasleek proposatzen dituzten kasuak aztertzeko aukera ere egongo da. Bigarren saioan, lehengo saioan identifikatutako oztopoak gainditzeko alternatibak aztertuko dira.

Zein da Euskal Herriko egoera alor honetan? Azken urteetan trantsizio agroekologikoan oinarritutako prozesu asko jarri dira abian, denak ezberdinak, denak tokian tokiko ezaugarriek baldintzatuak. Bide bat egiten hasten garenean ez da beti izaten nahiko genukeen abiaduran baina, hala ere, orain arte egindako bideak erreferentzia izaten ari dira hasteko dauden beste prozesuetarako.

Zeintzuk dira erronkak? Trantsizio prozesuak bizirik mantentzea, prozesu gehienak indar askorekin hasten dira, baina epe luzerako proiektuak direnez, indarrak neurtu beharko genituzke prozesu hauek etenik ez izateko. Bidean oztopo asko azaltzen dira, oztopo hauek gainditzeko aliantzak beharrezkoak dira, behin gaindituta, indarberrituta aurrera segitzeko.

Norentzat da ikastaro hau? Trantsizio agroekologikoan interesa duen edonori zuzenduta dago.

Geogebra erabiltzaileen II. topaketa: komunikazio-deialdia

Udako Euskal Unibertsitateak GeoGebra erabiltzaileentzako ikastaroak antolatu ditu azken urteetan, bai bere plataformaren bidez, baita GARATU programaren baitan ere. Horrez gainera, GeoGebra erabiltzaileak institututan antolatzen dira nazioartean, eta UEUk bere baitan hartzen du GeoGebra Institutuak Euskal Herrian duen tokiko egoitza.

GeoGebrak erabiltzaile ugari dituen arren, komunitatea sakabanaturik dago, eta tarteka, komeni da erabiltzaile horien bilkurak egitea. 2017an Geogebra erabiltzaileen I. Topaketa egin genuen eta aurten II.a antolatu dugu.

Hori horrela, Geogebra Erabiltzaileen II. Topaketa eta Matematikari Euskaldunen III. Topaketa egun bakarrean egingo dira, uztailaren 4an biak, Eibarren, 2018ko Udako Ikastaroen barne.

Parte hartzera animatzen den orok bere jardunean Geogebra nola txertatu duen aurkezteko aukera izango du, hau da, Geogebra zertan erabiltzen duen azaltzeko aukera.

Geogebra erabiltzaileen komunikazio-deialdia

Mezu honekin matematikarioi edo matematika zuen jardunean darabilzuenoi dei egin nahi dizuegu zuen jardunari buruzko aurkezpena egiteko edota Geogebrako erabiltzaile bezala zuen praktika konpartitzeko.

Aurkezpen bakoitza egiteko hamabost-hogei minutu izango dira, eta beste bost galdera-erantzunetarako.

Parte hartu nahi izanez gero, honako hau bidali behar da beheko helbidera:

  • Izenburua.
  • Egileen izen-deiturak.
  • Lanaren laburpena (gehienez orrialde bat).
  • Harremanetarako posta elektronikoa.

Nora bidali

Eli Alberdi, UEUko Matematika sailburua: matematika@ueu.eus (edota elisabete.alberdi@ehu.eus)

Egutegia

Laburpenak bidaltzeko azken eguna: 2018-03-28.
Egileei onarpena jakinaraziko zaie: 2018-04-13.

(Matematikari Euskaldunen III. Topaketarako komunikazio-deialdia, hemen)