Arkaitz Zarraga: “Egituraketatik hasi eta klaseko azken ariketara arte hausnartu beharra dagoela uste dugu”

“Helduen Euskalduntze Alfabetatzea aurrera begira” Glotodidaktikako VI. Topaketa izango da datorren azaroaren 9an eta 10ean Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. UEUren glotodidaktika sailak antolatu du jardunaldia HABEren babesarekin eta Euskaltzaindia beraren laguntzarekin. Arkaitz Zarraga Azumendi da UEUko glotodidaktika sailburua.

Euskararen biziberritze prozesuaren bidegurutze horretan non kokatzen da Helduen Euskalduntze Alfabetatzea? Non kokatu behar luke?
Hain zuzen, horixe da azaroaren 9 eta 10ean bilatu nahi dugun erantzunetako bat, nagusia, behar bada. Argi dago gau-eskoletan hasitako ibilbidea oso oparoa izan dela. Euskaltegiak biziberritze prozesuaren motor garrantzitsua izan dira; eragin handia izan dute. Alde batetik, hizkuntzaren etorkizuna ezin delako umeen lepo utzi. Oso garrantzitsua da umeek sentitzea helduek ere esfortzua egiten dutela hizkuntza ikasteko. Baina bestetik, herri eta auzoetako dinamiketan eragin handia izan dute euskaltegiek: kultur-sormena eragin eta sustatu dute, hainbat arlotan hizkuntza garatzen lagundu dute (corpusaren normalizazioan zeresan handia izan dute) eta motibazioan oso eraginkorrak izan dira. Gaur egun, ordea, leku askotatik jartzen da zalantzan garai batean bezain eraginkorrak garen. Dena dela, hausnarketa hori euskaltegien mundutik harago egin behar da. Biziberritze prozesuaren gakoak aztertuta, Helduen Euskalduntze Alfabetatzearen egitekoak aztertu beharko ditugu, beti ere, normalizazioaren egiteko orokorraren baitan kokatuta.

Ahozkotasunaren garrantzia azpimarratu nahi duzue, besteak beste. Zeintzuk dira gabezia nagusiak arlo horretan?
Argi dago ezagutzatik erabilerarako jauzia eman beharrean gaudela. Iritzi partekatua da hori. Baina, nola egin urrats hori? Argi dago alde askotatik landu beharko dela gaia, baina badago argi eta garbi eman beharreko moldaketa bat: idatzian oinarritutako ikas-prozesuetatik, ahozkotasuna oinarrian izango duen ikas-ibilbidea jorratzera begirakoa. Horretarako gauza asko egokitu beharko dira, hala nola, programak, ikasgeletako dinamikak, irakasleen prestakuntza, materialak… Gaur egun badugu ezagutza nahikoa ahozkoa nola landu behar den jakiteko, baina zailtasunak daude hori gero klaseko dinamiketan gauzatzeko. Prestakuntza da gako nagusietako bat, eta horretan inbertsio handia egin beharko da, zalantzarik gabe. Baina behar bada, aldaketa gehiago ere bultzatu beharko dira, hala nola, ebaluazio moduak, gela barruko dinamikak… eta behar bada ikasgeletako antolaketa bera ere.

Joera pedagogiko berriak, IKTak…. Zukutzeko tresna asko gelditzen da oraindik?
Bai. Helduen Euskalduntze Alfabetatzea nahiko dinamikoa izan da eta jakin izan du tresnak sortzen eta jardunbideak asmatzen. Baina IKTek izugarri zabaltzen dituzte ikasleekiko elkarreragina bultzatzeko aukerak. Horien bitartez, ikasketa formalaz gain beste ikas-esperientzia ugari bultza daitezke, leku-espazio ardatzak aldatu egiten dira, euskaraz bizi den komunitatearekiko lotura asko errazten da… Gaur egun euskaltegietan badago on-line ikasteko aukera, baina behar bada zirkuitu zabalagoak eta antolaketa anitzagoak beharko genituzke. Teknologiak ondo erabiliz gero, ikasleari gune errealetan ikasi eta aritzeko aukera emango diogu, ikasketa esanguratsua bultzatuko dugu, eta, ikasleak euskal komunitatean eragiteko aukera izango du. Baina horretan ere trebatu beharko gara, ahalik eta zukurik onena eta, ahal bada, ahalik eta zuku gehien lortzeko.

Zeintzuk dira Helduen Euskalduntze Alfabetatzearen aurrera begirako erronka nagusiak?
Asko dira erronkak. Egituraketatik hasi eta klaseko azken ariketara arte hausnartu beharra dagoela uste dugu. Euskalgintzan gabiltzanon artean asko hitz egiten da inflexio puntuaz, bigarren loraldi baten beharraz… Horretarako esan daiteke Helduen Euskalduntzea ezinbesteko tresna izan beharko dela, baina hori lortzeko behar bezala egituratuta egon beharko da. Egungo egituraketa garai bateko zenbait erabakiren ondorioa da. Behar bada horri ere begiradatxo bat eman beharko litzaioke, izan ere, eskolen kasuan ez bezala, sare publikorik ez dago egituratuta, eta bestelako izaera duten euskaltegiekin ere kontzertazio sistema egokitu beharko litzateke, behar bada. Baina, gainera, egungo euskaltegietako langileen bataz besteko adina oso altua da eta horri ere konponbidea bilatu beharko zaio. Lanbide erakargarria bilakatu beharko litzateke eta bertan aritzeko prestakuntza egokia ziurtatu. Beste alde batetik, gure erabiltzaileak euskara jakin ez eta ikasi nahi duten ikasleak dira batez ere, baina gehienetan Hizkuntza Eskakizuna lortzea dute helburu eta horrek erabat baldintzatzen du irakasteko modua, hau da, azterketak presentzia handiegia hartzen du eguneroko jardueretan. Horri konponbidea topatzea ezinbestekoa izango dugu aurrerantzean. Gainera, behar bada, beste toki batzuetan ere gure ekarpena handiagoa izan beharko litzateke; adibidez, lan-munduan. Bertan euskaldun asko topatuko ditugu, baina horietako askok ez dakite edo ez dute ohiturarik euren lana euskaraz egiteko. Horretan lagundu beharko genuke euskaltegiok. Gainera, didaktikaren ikuspuntutik berrikuntza ugari egon dira, tresna berriak sortu dira… Horiek gure egunerokoan txertatzeko bideak zabaldu beharko genituzke.

Zer lortu nahiko zenukete topaketarekin?
Gure asmoa ez da atzera begira jartzea, aurrera egiteko hausnartzea baino. Badakigu kezka ugari daudela euskaltegietako irakasleen artean, euskaltegietako zuzendaritzetan eta arlo honetan ardura dutenengan. Hori dela eta, elkarrekin bildu, arazoak eta esperientziak mahai gainean jarri eta elkarrekin konponbideak bilatzeko lehen urratsa izan nahiko luke topaketa honek. Hainbat gai aztertuko ditugu eta bidea zabalduko dugu aurrerantzean ere lantzen jarraitzeko. Beste gai batzuk jorratu gabe geratuko dira, baina izango dugu aukera, aurrerago ere, ikerketa berriak bideratu eta hausnarketak partekatzeko. UEUren VI topaketa HEAk behar duen egokitzapena irudikatzen laguntzeko plaza izatea nahiko genuke. Horretarako mimo handiz prestatu dugu egitaraua eta aditu askok eskaini dizkigute laguntza eta sostengua. Emankorra izango ahal da?!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

4 + 2 =