Aitor Lekuona: “Gipuzkoan, 700 bat oztopo daude ibaietan, ibai-ekosistemari kalte nabarmenak eragiten”

Natur Zientzien III. Topaketen barruan, azaroaren 17an, besteak beste “Ibai osasuntsuak espezie mehatxatuen bizigarri” hitzaldi saioa izango da. Aitor Lekuona Alzugaray Gipuzkoako Foru Aldundiko Basa Animali eta Landareen Zerbitzuko biologoa izango da gonbidatuetako bat eta Life irekibai proiektua izango du mintzagai.

Life irekibai proiektua aurkeztuko duzu zuk. Zertan datza proiektuak labur labur?
Irekibai proiektua, 2015tik 2020ra bitartean, Life Natura programaren barruan Europak diruz laguntzen duen proiektua da. Proiektu hau Nafarroak eta Gipuzkoak partekatzen dituzten ibaietan gauzatzen ari da, nagusiki Bidasoa eta Leitzaran ibaietan.

Gure ibaien arazo nagusienetariko bat fragmentazioa edo zatiketa izanik, hauxe da Irekibai proiektuaren helburu nagusia, ibaien konektibitatea hobetzea, alegia. Gipuzkoan, 700 bat oztopo daude ibaietan (zentral minihidrauliko, errota, industriarako ur-harguneak, etab.) eta hauetariko gehienak martxan ez dauden arren, bertan jarraitzen dute ibai-ekosistemari kalte nabarmenak eragiten.

Leitzaran ibaiaren konektibitatea berreskuratzeko lanez jardungo duzu, hain zuzen ere. Zer da orain arte egin dena? Zein helbururekin?
Lehenik eta behin, esan beharra dago Gipuzkoan Aldundiak aspaldi diharduela ibaien konektibitatea hobetzeko lanetan, baina jakina, Irekibai proiektuak epe motzean Leitzaranen ekintza asko aurrera eramateko aukera ezin hobea suposatu du.

Azken urte hauetan, Leitzaranen 3 presa (Truchas erreka, Inturia eta Olloki) eta bestelako 4 oztopo eraitsi dira (Ubane errekan); hondamen industrialak kendu dira, ibai-ertzak berreskuratuz; arrain eskala guztien funtzionaltasuna ikertu dugu, hildako egurra sartu da; eta azkenik, lan guzti hauek habitatean, arrain komunitatean eta Leitzarango hidromorfologian eragin dituzten aldaketak jarraitzeko ikerketa zientifikoak jarri dira martxan. Aldi berean, bi espeziekin egin ditugu ikerketa espezifikoak: Muturluzearekin eta izokin atlantiarrarekin. Ezbairik gabe, Life Irekibai proiektuan egindako lanei esker, Leitzaran ibaiaren konektibitatea asko hobetu da eta datozen urteotan lan hauek ekosisteman eta espezietan eragingo dituzten onurak dokumentatuko ditugu. Hala ere, bada oraindik lan handia egiteko, bai Leitzaranen bai beste ibai eta errekastoetan ere.

Era honetako topaketek zer eskaintzen dute zure ustez?
Oso interesgarriak dira, benetan. Aukera ezin hobea natur zientzietako ikasleek, gizartea orokorrean, zientzialariek eta naturaren zaintzan eta kudeaketan lan egiten dugun administrazioek bata bestearen berri izan dezagun. Eragile bakoitzak bere ikuspuntua eman dezake eta elkar ezagutza honetatik sinergia interesgarriak sortu daitezke. Gure ikuspegitik, administrazioaren aldetik alegia, aukera polita da gure lanen berri emateko; tamalez, lanaren egunerokotasunean murgilduta eta giza baliabide urriak direla eta, ez dugu beharko genukeen denbora hartzen gizarteari hainbat eta hainbat proiekturen berri emateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

19 − = 11