Nekane Altzelai: “Jasangarritasuna plano soziokulturalaren, sozioekonomikoaren eta sozioekologikoaren arteko intersekzioan, orekan, egongo da”

“Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen prebentziotik garapenera” jardunaldia antolatu dute elkarlanean Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kontseiluak, UEMAk, Gaindegiak, Azpeitiko Udalak eta UEUk. Besteak beste, “oreka eta garapen endogenoa”z jardungo dute. Nekane Altzalei Gaindegiako ekonomilariak egingo ditu gidari lanak.

Oreka eta garapen endogenoa. Zein orekaz ari gara?
Arnasguneen garapen jasangarri baterako aintzat hartu beharko diren irizpide eta oinarriak proposatzea izango da topaketaren xedea. Horretarako jasangarritasunaz zer ulertzen dugun argitu beharko da. Izan ere, jasangarritasuna, plano sozialaren, ekonomikoaren eta ingurugiroaren arteko intersekzioan, orekan, kokatzen dela esan ohi da. Lantzen ari garen arloan (arnasguneen garapena) aldiz, alderdi kulturalak pisu espezifikoa merezi du eta plano soziala zehar lerroan lantzea eskatzen du. Hau honela jasangarritasuna plano soziokulturalaren, sozioekonomikoaren eta sozioekologikoaren arteko intersekzioan, orekan, egongo da.

Nola landuko duzue gaia. Zein da helburua?
Helburua, aurreko galderan aipatutako oreka lortzeko aintzat hartu beharreko irizpideak proposatzea izango da. Gure mahai inguruan arnasguneak sozioekonomikoki bideragarriak izateko gainditu beharreko erronkak zehaztea izango dugu aztergai. Bereziki arnasguneetako biztanleek herrian edo gertuko inguruan bizimodua ateratzeko beharko dituzten bitartekoen inguruan arituko gara. Bestalde, arnasguneetako herritarrak bertan bizitzen geratzen badira, bizi baldintzak erraztu beharko zaizkie; eta zentzu honetan, oinarrizko zerbitzuak ziurtatu beharko zaizkie. Hau izango da eztabaidatuko dugun bigarren gaia. Bi kasuetan arazoa azalduko da, erronkak detektatuko dira eta proposamenak zehaztuko dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude