Garikoitz Goikoetxea: “Arnasguneen garapenean berebiziko garrantzia du garapen sozialak”

Datorren urriaren 10an Azpeitian izango diren “Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen prebentziotik garapenera” jardunaldietan, besteak beste “Kultura eta identitatea” aztertuko dituzte. Garapen soziokulturalaz hitz egingo du Xabier Aranbarri Kulturaz kooperatibako gerenteak eta garapen sozioidentitarioaz, berriz, Lorea Agirre Dorronsoro Jakin aldizkariko zuzendariak. Garikoitz Goikoetxea Etxebarria Berriako kazetaria izango dute gidari.

Arnasguneen garapen sozioidentitarioa eta garapen soziokulturala aztertuko dituzue zuen saioan. Zein da abiapuntua?
Arnasguneen garapena izango da aztergai aurten Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldietan. Maiz, garapen hitzarekin arlo ekonomikoa datorkigu burura. Arnasguneen garapenean, ordea, berebiziko garrantzia du garapen sozialak: lurralde horietan bizi diren hiztunek osatzen dute arnasgunea, eta haien egoera identitarioak eta kulturalak eragin handia dute arnasgune horren osasunean. Giltzarria da, beraz, esparru horri begiratzea.

 

Zer da zehatz mehatz saioan landuko duzuena? Zerekin atera nahiko zenukete?
Garapen identitario eta kultural horretarako gakoak topatzea izango da saioaren helburua. Alde identitarioari dagokionez, hainbat aldagai kontuan hartu behar dira: arnasguneetako herritarrek zer iritzi duten euskarari buruz, kontzientziarik ba ote duten arnasguneen estrategikotasunari buruz, zer baliorekin lotzen duten beren hizkuntza… Horiek bestelako aldagai batzuekin gurutzatu behar dira; adibidez, aztertzekoa da genero rolek nola eragiten duten arnasguneetan. Bestetik, kulturaren arloari dagokionez, transmisioaren gaia aztertzekoa da: hizkuntza hutsetik haragoko transmisioa, kultura bati lotutako transmisioa. Eta, horrekin lotuta, gai sakon asko: kultur sorkuntza, euskal kulturaren ikusgarritasuna, eskaintza…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude