Aitor Salaberria: “Naturazaleek elkar ezagutzetik elkarrekin aritzera salto egitea erraztu nahi dugu; hitz bitan, sinbiosia sustatu”

Datorren azaroaren 17an eta 18an Natur Zientzien III. Topaketa (NZ3T) izango da Gasteizko Europa Biltzar Jauregian; Sinbiosian lelopean. UEUren Natur Zientzien sailak eta Euskalnatura elkarteak antolatu dute jardunaldia eta  Aitor Salaberria Oiartzabal UEUko Natur Zientzietako sailburuarekin izan gara topaketaren nondik norakoen berri izateko. Izena emateko epea irekita dago dagoeneko eta baita posterrak bidaltzeko epea ere.

Euskalnaturatik eta UEUrekin elkarlanean antolatuko duzue topaketa. Zertan datza Euskalnatura proiektuak?
EuskalNatura natur zientzietako ikasle eta ikasle ohiek osatutako elkartea da. Orain dela hamaika urte sortu zen sareetan naturaren inguruko euskarazko edukien hutsunea osatzeko. Horretarako, www.euskalnatura.net webgunea jarri zen martxan eta bertara igo zientzia albisteak, bizidunen fitxak, naturaguneen informazioa… Zoritxarrez, webgunea konpontzen ari gara une hauetan, hackerrek ez gaituzte bakean uzten-eta. Horrez gain, argazki erakusketak, hitzaldiak eta mendi zeharkaldiak ere antolatzen ditu EuskalNaturak. Azken horiek, esaterako, oso arrakastatsuak dira biologia eta ingurumen zientzietako ikasleen artean, eta Euskal Herriko natura balioak ezagutzeko bikainak. Egun, UEUko natur zientzietako saila ere gidatzen du EuskalNaturak, ikastaroak proposatzen eta, kasu honetan, topaketak antolatzen.

Hirugarrenez antolatzen duzue topaketa, aurten Gasteizen, eta azkena orain hiru urte izan zen Donostian. Zer aldatu da urte hauetan? Helburua bera da?
Helburu nagusiek bere horretan jarraitzen dute. Alde batetik, ingurumen alorreko jakintzaren ekoizpena elkarbanatzeko eta gizarteratzeko plaza eskaini nahi dugu. Bestetik, Euskal Herriko naturazaleak saretu eta komunitatea trinkotzeko ahalegina egiten dugu. Aurten, Gasteiz inguruko herritarrengan jarrita fokua. Hori guztia, nola ez, euskara hutsean. Hala ere, aurreko topaketek bidea urratu zuten eta ingurumenaren alorreko eragileak elkarren artean ezagutu ezagutzen dira. Horregatik, aurten erronka bat gehiago jarri diogu geure buruari. Elkar ezagutzetik elkarrekin aritzera salto egitea erraztu nahi dugu; hitz bitan, sinbiosia sustatu.

Sinbiosian da hain zuzen ere aurtengo leloa. Zein eratako sinbiosiaz ari gara?
Sinbiosia bizidunen arteko kooperazioa da, harreman estu eta iraunkorra, eta horretan aritutako bizidun guztiek onurak lortzea du emaitza. Horixe bera lortu nahi dugu topaketan. Natur zientzian esparruan hainbat eragile mota daude: teknikari edo kudeatzaileak, ikerlariak eta herrigintzako elkarteak. Hirurak dira garrantzitsu eta hirurek dute eragina Euskal Herriko ingurunean. Dena den, nekez ikusten dira eragileen arteko elkarlanak, eta horri konponbidea jartzea du topaketak helburu. Horretarako, kudeaketa aldetik interesgarri diren gaiak hiru ikuspuntuetatik jorratuko ditugu, nork beretik egindako ekintzak zabaldu eta batera aritzeko aukerak topatzeko. Bestela esanda, gai bakoitzean hiru alorretako aditu bana izango dugu.

Euskal Herriko naturan eta zientzian eragin zuzena duten gaiak landuko dituzue. Zein eratako gaiak izango dira?
Saiatu gara gaietan natur zientzietako aniztasuna biltzen eta topaketarako prestatutako webgunean ikus ditzakezue denak xehe-xehe (www.nztopaketa.eus). Hasteko, hitzaldi sortetan ibaiak, kobazuloak eta ingurumen hezkuntza jorratuko ditugu. Modu horretan, biologia, geologia eta hezkuntza izango ditugu hizpide. Eztabaida saioetan, berriz, lehen sektorearen erronken inguruan arituko gara nekazaritza ekologikoaz, arrantzaren bideragarritasunaz eta basogintzaz solasean. Hori gutxi ez eta mahai inguruan bilduko gara ehizaren inguruan eztabaidatzeko. Gai horrek erakusten du, argi, sinbiosia zergatik den horren garrantzitsua. Kudeatzaileek ezin dituzte erabakiak itsu-itsuan hartu, beharrezko dituzte zientzialarien datu eta aholkuak. Dena den, herrigintzako eragileek ere badute zeresana, eta ehizaren aldekoen zein aurkakoen iritzia ere jaso behar lituzkete bere baitan epe luzeko erabakiek. Oinarrizko adostasunak bilatzeaz gain, ariketa ederra izango da behingoagatik saiatzea eragile guztien arteko elkarrizketa bultzatzen.

Irteerarik ere ez da faltako…
Naturazaleak izaki natura bera dugulako babesleku eta poztasun iturri [kar kar kar]. Jakin badakigu ordu eta erdiko hitzaldi sortetan ezinezkoa izango zaigula aurreikusitako gai denak jorratzea. Horregatik, zenbait gai gehiago sakontzeko antolatu dugu igande arratsaldeko irteera. Gasteizko ingurumenaren ikur bihurtutako eraztun berdera joango gara, ziurrenik Salburuara. Han, formatu informalagoan, hiritarren naturarekiko pertzepzioan eraztun berdeak nola eragin duen aipatuko dugu, espezie konkretu batzuk berreskuratzeko egindako ekintzak ikusi… Hala ere, parte-hartzaileek euren ekarpenak egiteko oso malgu jokatuko dugu, eta ibilbidea finkatuta egon arren, hizketagaiak eta ekarpenak oso modu dinamikoan egingo dira. Garrantzitsua da jakitea irteera hautazko ekintza izango dela, eta topaketan izena eman ondoren galdetuko dugu ea nor datorren gurekin topaketako gaietan sakontzera.

Izena emateko epea irekita dago, baita posterrak bidaltzeko epea ere. Zein garrantzia dute posterrek?
Posterrek testuingurua ematen diote topaketari, jantzi egiten dute edukiz egitarautik harago doazen eremuetara iristeko. Egia esan, elkarrizketan zehar aipatutako eragile eta kolektiboen benetako plaza da poster saioa. Izan herri txiki bateko natur elkartea, kudeaketan dabilen instituzioa zein punta-puntako ikerlaria, guztiek daukate aukera azkenaldiko euren proiektuak gizarteratzeko. Horrela, naturazaleen komunitatearen jakintza kolektiboa elikatzen da eta laguntzen du elkarlanerako esparruak identifikatzen. Gainera, ikasleentzako gradu amaierako lanak, praktikak eta tankerako beste eskaintzak egiteko leku aproposa ere bada. Horrenbestez, poster saioan lanen egileek gainontzekoei euren proiektuen berri emango diete, eta ziur aipatutako sinbiosiaren filosofia saio honetan ere indarrean ikusiko dugula. Urriaren 15era arte bidal daitezke laburpenak (webgunean dago horretarako beharrezko informazio guztia), beraz, bizkor ibili!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

90 − = 84