“Mitoak batez ere supergaitasunaren inguruan sortu dira, eta horiek adimen gaitasun handien ikuspegi estereotipatu bat izatera eramaten gaituzte”

“Adimen-gaitasun handiko ikasleei erantzuna eskolan: eguneroko erronka” izeneko on-line ikastaroa antolatu du UEUk udazken honetarako. Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskolako Leire Aperribai Unamuno eta Leire Garamendi Merinorekin izan gara ikastaroen nondik norakoen berri izateko.

Leire Aperribai eta Leire Garamendi

Zer esan nahi du adimen-gaitasun handia edukitzeak?
Pertsonaren oinarrizko prozesu psikologikoetan besteekiko desberdina den funtzionamendua dagoela esan nahi du. Egun neurozientziei esker, badakigu pertsona hauen buruek desberdin funtzionatzen dutela eta ondorioz informazio jakinak azkarrago prozesatzen dituzte, lotura aberatsagoak egiten dituzte, eta azkarrago berreskuratzen dute energia. Guk zer ikusten dugu? Oso azkarrak direla arlo batean edo hainbatetan edo gehienetan.

Mito asko ere badago gai honen inguruan…
Bai, horrela da. Mitoak batez ere supergaitasunaren inguruan sortu dira, eta horiek adimen gaitasun handien ikuspegi estereotipatu bat izatera eramaten gaituzte, errealitatetik urrun dagoena sarri.

Zein arazo dituzte haur horiek eskolan?
Hainbat dira aurkitzen dituzten arazoak. Nagusiki, euren gaitasunei egokitutako hezkuntza ez jasotzea eta hortik eratorritako arazoak azaltzen dira (egokitzapen eza, aspertzea, frustrazioa…).

Horretarako antolatu duzue ikastaroa, ezta? Zein da helburua?
Arazoak ekiditeko beharrezkoak diren neurriak lantzea da ikastaroaren helburua. Horrela, lehendabizi haur eta gazte hauen ezaugarriak ezagutu eta antzematea nola bideratzen den ikasiko dugu. Ondoren, hezkuntza eremutik zein neurri eta estrategia bideratu daitezkeen ikusiko dugu.

Baliabideak eta esku-hartze proposamenak ere landuko dituzue ikastaroan. Adibiderik jartzerik bai?
Bai, ugari dira eskura ditugun baliabideak, baina horiek sarri ez dira ezagutzen. Adibidez, badira Euskal Autonomi Erkidegoan eta Nafarroan gobernuek osatutako dokumentu markoak, eta horiek askotan ez dituzte ezagutzen hezkuntza munduko eragileek. Horixe da lehen oinarria. Horietaz gain, beste hainbat baliabide eskura jarriko ditugu. Esku hartze proposamenei dagokienez, curriculuma aberastea izango da landuko dugun esku hartze neurririk nagusiena.

Zein da erabiliko duzun metodologia?
Dokumentu markoetatik eta beste hainbat irakurgaitik abiatuta teoria eta eredu desberdinak ezagutu ditugu, alde batetik; bestetik, horien aplikazioak bideratuko ditugu. Praktikara jota, ezaguna den haur edo gazte baten antzematea egingo dugu, eta horrentzako erantzun proposamena diseinatuko dugu. Modu horretan, esku artean dauzkagun baliabideak aplikatzen ikasiko dugu.

Nori zuzentzen zaio ikastaroa?
Ikastaroa batez ere Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasle eta tutoreei zuzenduta dago. Baina gaian interesa duen edonori irekia egongo da.

 

Iruzkinak (2)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude