Jesus Mari Arruabarrena: “Argazkia gai da argazkilariaren barrua islatzeko”

UEUren udazkeneko eskaintzaren barruan “Norbera. Argazki-autobiografia” ikastaroa antolatu dugu Eibarren. Jesus Mari Arruabarrena Gaztelurrutia argazkilaria izango da irakaslea eta hainbat galdera egin dizkiogu formazio honen inguruan. Matrikula zabalik dago.

Zein da ikastaroaren helburua? Argazkiak kanpokoari atera ohi dizkiogu, eta askotan zenbat eta egoera edo irudi exotikoagoa ehizatu orduan eta argazki hobea lortu dugula iruditzen zaigu. Beste era batera esanda: argazkia leiho gisa ulertu dugu gehienetan. Ikastaro honetan, ordea, argazkia ispilua ere badela ikasiko dugu. Hau da: argazkia gai da argazkilariaren barrua islatzeko.         

Kontakizun hori egiteko zer hartu behar dugu kontuan? Ezer baino lehen nolabaiteko grina edo kezka behar da norberari buruz zerbait kontatzeko. Gero, kontakizun zintzoa egin behar da. Horrek ez du esan nahi erabat biluzi behar dugunik eta gure bizitzako txikikeria guztiak zehatz-mehatz azaldu behar ditugunik. Kontakizuna egiteko bi baliabide izango ditugu: irudia eta hitza. Guk lehenengoari emango diogu garrantzia, nahiz eta bigarrena ere oso aintzat hartu (testuaren presentzia taldearen ezaugarrien eta interesen araberakoa izango da).        

Selfie-aren garaian bizi garen garai honetan, zein aukerak ematen dizkigu argazkilaritza autobiografikoak? Selfia azalean geratzen da, itxurakerian. Ariketa exhibizionista da. Gu mamira jotzen ahaleginduko gara. Sortzaileak gauza interesgarriak edo mamitsuak kontatu behar dizkio ikusleari. Eta, muturrera joanda, aitormen zirraragarriak ere egin ditzake. Intentsitatea norberaren esku egongo da.        

Sormena ere landuko duzue. Jakina. Gure bizitzako gertaerak aletzen baditugu, konturatuko gara asko eta asko gatzgabeak eta gordinak direla. Beraz, errealitate hori egoki adierazten ikasi beharko dugu. Esaterako, nola iradokiko dugu tristura? Aurpegia serio jarriz eta autorretratua eginez? Inondik inora! Topikoei ihes egiten saiatuko gara etengabe. Eta horrek ahalegin bat eskatzen du, sormenaren bideak aztertzea.         

Zein metodologia erabiliko duzu ikastaroan? Fotografoen eta idazleen baliabideak aztertuko ditugu. Beste alde batetik, nik egindako lan batzuei errepasoa egingo diegu. Eta, azkenik, bakoitza lan pertsonala burutzen saiatuko da.        

Nori zuzentzen zaio ikastaroa? Ideala litzateke ikasle guztiak argazkilariak edo argazkizaleak izatea. Oso komenigarria da bakoitzak bere kamera erabiltzen jakitea. Ikasleek baldintza horiek betetzen badituzte, eta idazteko zaletasuna badute, askoz ere hobe. Dena den, inor ez dadila kikildu! Ez da beharrezkoa trebea izatea, ez argazkiak egiterakoan ez idazterakoan.

(Jesus Mari Arruabarrenaren lanak ikusi)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude