Irati Iciar: “Udako Ikastaroak badira ElkarEkin leloa gauzatzen den leku bat”

46. edizioaren amaieran elkarrizketa egin diogu Irati Iciar Madinabeitiari, Udako Ikastaroen arduradunari.

46. Udako ikastaroak zer moduz joan dira, zein balorazio egiten duzu?
Goiz bada ere balorazio egiteko, ikastaroak amaitu berri daudelako, orokorrean balorazio positiboa egiten dugu. Ikasturtearen hasieran markatutako helburuak bete ditugula esan daiteke. Alde batetik eskaintza mantendu. 35 ikastaro eskaini ditugu eta %85ak edo aurrera egin du. Partaide kopuruaren inguruan ere gure helburua zen aurreko urteetako datuak mantentzea eta hori ere lortu da. Eta gure helburuetan azkena, eta guretzat garratzi handiena daukana, partaideen asetasun maila da. Ikastaroak antolatu dituztenen zein parte hartu dutenen asetasuna lortzea. Beraien helburuak lortu ditugula jakitea. Horretarako balorazio orriak pasatzen ditugu. Oraindik ez ditugu ikusi, baina badaude bizipen batzuk, sentipen batzuk eta nabaritzen duzu jendea pozik egon dela, bere helburuak lortu dituela. Alde horretatik ere pozik.

Gasteizen hasi ziren Udako Ikastaroak. Lehenengoz egin da bertan.
Udako Ikastaroetan azken urteotan, konturatuko zinetenez, joan gara ikastaroak lekuz aldatzen. Eibar, Baiona, Iruñea izan dira urte askotan ikastaroen egoitza nagusiak; baina azken urteetan Usurbilen ere izan ditugu ikastaroak, Donostian ere bai. Mugitzen joan gara. Aurten lehen aldiz Udako Ikastaroak Arabara heldu dira, Gasteizera zehazki. Gasteizen ere beste hitzarmen eta elkarrekintza baten bitartez Oihaneder Euskararen Etxean egon gara. Eta gasteiztar gisa niretzat harrotasun handia da Udako Ikastaroen hasiera bertan eman dugula. Hasiera berezia lekuagatik. Hasiera berezia baita gaiagatik ere. Jardunaldi bat erabili dgu, Euskara Batuaren helduaroa. Eta jardunaldi horrek ere badauka elementu oso sentimental bat UEUrentzat, oso gauza polita izan da Jose Ramon Etxebarriari egin diogun omenaldia. Udako Ikastaroen hasiera oso polita izan da.

Aurten Iruñeko ikastaroak Ezpeleta jauregian izan dira. Zer nolako esperientzia izan da?
Hori da. Iruñeko Udako Ikastaroek egoitza berria izan dute. Ezpeleta jauregian egon gara. Hemen ere hitzarmen baten bidez lortutako eta elkarrekintza baten bidez lortutako egoitza berria izan da. Aitor Etxarte [Eskola kontseiluko lehendakaria ] eskertu behar dugu konkretuki. Bere ideia izan zen, bere bisioa. Esaten zuen garai batean Larraona Udako Ikastaroen egoitza izan zen moduan, berak nahi zuela Ezpeleta Jauregia ere Udako Ikastaroen egoitza izatea eta erreferentzia hori ere sortzea. Guretzat sekulako aukera da. Ikasgela egokiak, ikasgela prestatuak. Gainera Iruñeko bihotzean sartuak. Iruñeko bihotzean gaude eta, gainera, parean Katakrak daukagu. Parean otorduak, hamaiketakoak… Egia esan Iruñean ezin dugu besterik eskatu eta oso-oso pozik gaude Ezpeletako gure egoitza berriarekin.

Baionan, bestalde, barnetegia berreskuratu duzue
Baionan ere egoitza berria izan dugu. Bernat Etxepare lizeoan egon gara aurten udako ikastaroetan. Hau ere hitzarmen baten bidez lortutako egoitza berria izan da. Lizeo berri-berria gainera. Ondo prestatua hau ere. Alde horretatik, akademikoki, fenomeno. Baina, gainera, lizeo honek daukan berritasuna da, eta guretzat bai izan da berezia, barnetegia daukala. Hau da, lo egiteko lekua eskaintzeko aukera ere izan dugula. Oso polita izan da. Baziren 8 bat urte ez genuela barnetegirik eskaintzen. Ez genekien oso ondo jendeak nola onartuko zuen edo zer erantzungo zuen, eta talde eder bat gelditu da lotan, oso ondo pasatu dugu; eta errepikatzeko moduan. Egia esan Baionako Udako Ikastaroek badute xarma hori ere. Horretaz gain, aldaketa ere izan da azken urteetan; gero eta gehiago direlako bertatik proposatzen diren ikastaroak eta horrek eragiten du izena ematen duten gehienak Ipar Euskal Herrikoak izatea.

Eta atzo eta gaur Usurbilen.
Hemen Jakin fundazioarekin eta Usurbilgo Udalarekin daukagun hitzarmenari esker jardunaldia, Jakin jardunaldia eskaini dugu. Kasu honetan “Utopia 68/18. Iruditeri berrien bila” izenekoa. Hau ere elkarrekintza eta kolaborazio baten ondorio izan daitekeena. Iaz hasi ginen Udako Ikastaroak eskaintzen Usurbilen. Hiru urtetarako hitzarmena da. Oso sentsazio onak, oso elkarrekintza polita da. Usurbil bera ere irekita daukagu Udako Ikastaroetarako. Artzabalen (zahar egoitzaren eraikinean) bikain egon gara. Eta Jakinek ematen duen berme akademikoa ere oso polita da eta oso egokia Usurbilerako.

Aurten ere #ElkarEkin izan da leloa
Aurtengo leloa ElkarEkin izan da. Lehenengo aldia da, nire oroitzapenetan behintzat, Udako Ikastaroen leloa errepikatzen dugula. Iazko lelo berdina erabili dugu. Bereziki iaz hasitako ildotik, azpimarratzen jarraitu nahi dugulako zein garrantzitsua den UEUrentzat elkarrekintza, lankidetza, elkarkidetza hau. Konkretuki Udako Ikastaroetan elkarrekintza horrek bai izaten du nolabaiteko isla edo sinbologia berezia. Udako Ikastaroetan eskaintza egiteko orduan deialdi zabal bat egiten dugu. Aurten, adibidez, 100 proposamen inguru jaso ditugu. Orduan UEUtik barrutik sortzen diren proposamenak, gehi UEUren inguruan, orbitan dabiltzan euskal erakunde eta profesionalak ere UEUrengan jartzen duten konfiantza hori ikusita eta UEUrekin elkarlanean aritzeko duten interesa ikusita, aurten ere lelo berbera mantendu nahi genuen. Honekin ere jarraitu behar dugu esan genuen, eta baliteke datorren urtean ere jarraitzea. Oso garrantzitsua da elkarrekintzaren hau azpimarratzen jarraitzea. Egia da irudia bai aldatu dugula, baina jarraitu dugu pertsonen arteko harreman hori islatzen. Udako Ikastaroak badira ElkarEkin lelo hori gauzatzen den leku bat.

Nolakoa da Udako Ikastaroen osasuna. Zein funtzio betetzen ditu?
Udako Ikastaroen eskaintza edo fenomenoa bera aldatzen joan da UEUren barruan, baina esango nuke baita inguruan ere. Garai batean UEUren Udako Ikastaroak ziren euskaraz ikasteko zeuden bakarrenetakoak eta horregatik barnetegia eskaintzeak eta aste osoko bizipen hori eskaintzeak, helduen udalekua, bazeukan bere helburua. Ez zen bakarrik helburu akademiko bat. Ez zen bakarrik ikastea, euskaldunen topagune hori sortzea zen. Hori euskararen normalizazioarekin eta euskal gizartearen eboluzioarekin aldatzen joan den heinean Udako Ikastaroak moldatzen joan gara. Gainera, Udako Ikastaroa bada formatu bat oso moldagarria. Oso UEUrenak dira. Oso gureak dira. Orduan esan daiteke nahi duguna egin dezakegula. Gure gustukoak dira, gure neurrikoak, guk nahi dugun jendearekin egiten ditugunak, guk nahi dugun tokietan egiten ditugunak. Gasteizetik hasi eta Usurbileraino. Horrek ere ematen digu malgutasuna esateko orain hau landu nahi dut, formatu honetan, edo metodologia honekin. Alde horretan eboluzio horretan joan gara gure tokia topatzen. Gure tokia egiten. Eta gugana ElkarEkin honekin hurbiltzen direnek ere esaten digute bai dela leku interesgarri bat gaia lantzeko, gurekin elkarrekintzarako, jende ezberdinengana iristeko. Eta nik esango nuke gaur egun UEUren Udako Ikastaroak osasuntsu daudela. Topatu dugulako gure tokia. Gure nortasuna.

Maila pertsonalean zein sentsazio? Emaitzarekin gustura?
Egia esan, lan asko da. Urte osoko lana da. Askotan jendeak galdetzen dit, “zu orain egongo zara lanean eta gainontzeko urtean zer egiten duzu?”. Urte osoko lana da, esandakoa. Berez hasi antolaketarekin azaroa inguruan hasten gara, uztailaren amaierara arte luzatzen dena. Eta jarraitzen dugu balorazioak egiten eta hurrengoa antolatzen. Pertsonalki, egia da, baditu bere momentu gogorrak ere. Lan askoko momentuak. Baina pertsonalki oso lan aberasgarria da. Nik hemen ezagutzen dudan jende kopurua, jende interesgarria; hemen ikusten ditudan ikasle, irakasleak; entzuten dudana edo ahal dudanean ikasten dudan pixka bat hori ere, oso oso aberasgarria da. Oso polita da. Eta nik esaten dudan moduan, ez dago besterik munduan. UEUren Udako Ikastaroak gureak bakarrik dira eta kasu honetan pribilegio hori daukat. Horren antolaketan ibiltzeko aukera hori daukat.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude