Olaia Larruskain: “Unibertsitateko eragileak eta gizarte eragileak bateratzea beharrezkoa dela argi dugu eta horri eman nahi diogu bultzada”

Aurten ere Emaus Gizarte Fundazioak eta UEUk elkarlanean antolatu dute ikastaro bat Eibarren: “Unibertsitate Ekintzailea Eraikitzen: Euskal Herriko eta Latinoamerikako begirada eta proposamenak unibertsitate eta gizarte eragileentzat”. Emauseko Olaia Larruskain Mandiolarekin izan gara.

“Unibertsitate Ekintzailea eraikitzen” da ikastaroaren izenburua. Unibertsitate ekintzailea esaten dugunean zertaz ari gara?
Berba joko bat egin dugu. Gizarte ekintzailetza dago parte batetik eta gero Latinoamerikan erabiltzen den kontzeptua “accion social” edo gizarte ekintza deitzen dena. Eta orduan biak nahasi ditugu ikastaro honen muina lantzeko. Azken batean zer da? Gizarteko beharrizanei eta gizarte eraldaketari begira ekiten duen unibertsitatea. Askotan unibertsitateari esaten zaio pentsatu asko, ikertu asko; baina gero ekin, gutxiago egiten du. Hemen bildu ditugu eragile desberdinak, askotarikoak eta ekitean dabiltzanak. Pentsatu, ikertu eta sare lanean ekiten daudenak gizarte eraldaketari begira.

Hainbat begirada eta proposamen jaso dituzue ikastaroan. Zein eratako jendea bildu duzue ikastaroan?
Gonbidatu denek dute komunean unibertsitate komunitateko eragileak direla eta baita gizarte eragileak ere. Bi horiek bateratzen dituzten ekimenak dira. Ez dira akademikoak hutsean, edo gizarte eragileak hutsean.

Dibertsitate handia daukagu. Costa Ricako parte-hartzaileak ditugu. Han oso prozesu emankorra dute. Gizarte ekintza horren inguruan sistematizatzen dute jakituria. Ez bakarrik unibertsitate barruan, gizarte eragileena ere bai. Eta pentsatzen ari dira unibertsitatearen funtzioak zein izan behar duen.

Eta Euskal Herritik fakultate desberdinetako jendea ekarri dugu eta baita gizarte mugimenduetatik datorren jendea ere. Helburu eta metodologia desberdinekin, baina oso bateratuak. Esaten dugunean unibertsitate ekintzailea, hala izan behar da bai edukitan, bai metodologietan, bai botere harremanetan eta baita helburuetan ere. Eta baita ere ikusgarritasunean. Esan nahi dugu, jende asko eta eragile asko dabiltzala horretan eta aitortza ofizial gutxi dagoela. Gure ikastaroarekin nahi duguna da erakutsi pil-pilean dagoen zerbait dela. Bai irakasleak, ikasleak eta mugimendu sozialak bateratzen dituen deiadar bat dela, eskakizun bat dela eta amets bat dela. Eta horri indarra eman nahi diogu ikastaro honetatik.

Bertoko unibertsitateen kasuan zein da egiten duzuen diagnosia?
Hemen positiboa eta negatiboa dela esan behar dugu. Gu, gainera, Emausetik, ez gara unibertsitateko eragileak eta, beraz, askatasun handiagoarekin esan dezakegu. Ikusten duguna da barruan irakasle asko, ikasle asko, eragile asko daudela honetan; oso konprometituta; baina askotan bakardade handia dagoela; eta errekurtso gutxirekin dabiltzala, militantzia puntu handi batekin. Egitura aldetik, hitzez beharbada bai, baina falta da benetako aitortza bat; bai meritu aldetik, bai curriculum aldetik eta ekonomikoki baita ere. Bestelako bultzada bat faltako litzake. Ikusten dugu aukera asko daudela, Boloniatik ere eskatzen delako inpaktu sozial hori begiratzea. Hori benetan ahalbidetu beharko litzateke. Ez bakarrik unibertsitate eta enpresen arteko harreman hori sustatuz; orain arte ulertzen den bezala. Baita ere gizarte eragileekin eta batez ere ikuspegi inklusibo eta bidezko batetik egiten diren elkarlanak.

Hori dena ikastaroan nola landuko duzue? Bizipenak jasoko dituzue batetik, tailerrak ere izango dira…
Azkenean gure ikastaroa ikusten dugu elkarlan puntu edo elkarlan gune bezala. Ez da bakarrik hitzaldiak ematea. Ikastaroa ere ezin da izan bertikala. Hemen denok daukagu zer ikasi eta zer erakutsi. Hasiera batean izan da bakoitzak bere esperientzia kontatzea, baina orain tailerretan lan egingo dugu eta ikusiko dugu zein ekarpen behar diren, zein beharrizan dauden aipatutako gai hauetan; eta bereziki komunikazio plataforma, elkarlan plataformen inguruan. Eta gero ekintza planen inguruan ere bai.

Orain artean zein eratako kezkak azaleratu dira?
Lehendik ere bagenuen susmoa eta berresten ari da. Unibertsitateko eragileak eta gizarte eragileak bateratzea beharrezkoa dela garbi daukagu, baina horrek ez du esan nahi hori erraz egiten denik. Lan egiteko era berri bat da, botere harremanak aldatzen dira, bakoitzak egiten duenaren aitortza beharrezkoa da, eta hori epe luzerako lan bat da. Eta horri eman nahi diogu bultzada hemendik eta uste dut hor egongo dela gure ikastaroaren muina.

Hori da azken helburua?
Bai, artikulazioa, elkarlana eta eraldaketa kolektibo bat lortzea unibertsitateko komunitatearen inguruan.

Amaitzeko, besteak beste, UEUko bizipenek ere lekua izan dute Iñaki Alegriaren eskutik. Nola ikusten duzue UEUren jarduna?
UEU gonbidatu genuen era kontziente batean. Emausetik Udako Ikastaroak 2015etik antolatzen ditugu; baina falta zen UEU espazio eta gune izateaz gain protagonista izatea. Ikusten genuen lan egiten gauden ildo honetan helburu eta kezketan antzekotasun asko daudela. Horregatik bildu dugu gure prozesura, ez bakarrik ematen digun espazio eta aukeragatik; baita ere berak sustatzen dituen prozesuengatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude