Oskar Arantzabal Iraeta: “Bestelako Europa baten bila gabiltza”

Eibarren, UEUren 46. Udako Ikastaroen barruan “Kataluniako Errepublika, zergatik eta zertarako” ikastaroa izan da uztailaren 5ean. Oscar Arantzabal Iraeta UEUko ekonomia sailburuarekin izan gara atsedenaldian.

Kataluniako errepublikaz jardungo duzue. Zergatik eta zertarako?
Orain dela hiru urte lehenengo urrats bat eman genuen Eskozia eta Kataluniako prozesuak aztertzean ikuspegi sozioekonomikotik. Eta azken bolada honetan, batez ere urriaren 1aren ondoren, ikusi genuen pil-pilean dagoen gaia zela eta monografikoa egitea merezi zuela. UEUk gainera eskaintzen digu diziplina artekoa egitea eta horregatik nahi izan dugu ikuspegi zabala ematea hainbat ildotik begiratuta.

Zein asmo ditu errepublikak? Zein dira ideia nagusiak?
Errepublika mundua beste era batera eraikitzeko modu bat da. Alde batetik zalantzan jartzen da monarkia bera. Gero baloreen aldetik ere feminismoa oso garrantzitsua da. Kooperatibismoa ere indartu nahi da. Hizkuntzaren auzia ere hor dago. Eta bestelako Europa bat eraikitzeko asmoa. Ez da kasualitatea Eskozian eta Katalunian batera ematen ari direla bi prozesuak.

Katalunia gaur egungo egoerara nola iritsi da?
Arrazoi asko daude. Guk hasiera batean historia aztertu nahi dugu, gero nortasun sentimenduak edo identitatea. Diru kontuak ere tartean dira. Balantza fiskalak. Hau da, Kataluniak zenbat jartzen duen eta zenbat jasotzen duen. Eta guzti horren batuketa bat izango litzake. Bere garaian estatutu proposamen bat egon zen. Hori atzeraka bota zuen Madrilek; eta orduan duintasun kontu bategatik nik uste katalanak gutxietsiak sentitu izan direla eta horregatik sortu da sortu dena.

Gai asko landuko dituzue. Zeintzuk eta zergatik aukeratu dituzue?
Izenburuak dioen legez goizeko saioan saiatu izan gara zergatiak aztertzen. Historia, ikuspegi filosofikotik, nortasun kontuak, ekonomiak berak nola funtzionatzen duen, legedia aldetik ere nola dauden gauzak. Eta arratsaldeko saioan gehiago izango litzateke zertarako. Ez da estatu bat sortzea akats berberak errepikatzeko, baizik eta gauzak beste modu batera egiteko. Eta zentzu horretan feminismoa eta kooperatibismoa bi zutabe garrantzitsu dira. Eta alderdi katalanisten hauteskunde programetan gainera espresuki agertzen dena.

Nortasunari dagokionez, zertaz hitz egingo duzue?
Zortea izan dugu filosofiako sailburua [Haritz Azurmendi] Joxe Azurmendiri buruzko doktoretza tesia idazten ari dela; eta orduan berak lotu du bere pentsamendua, kultura eta nazio eta estatuaren arteko buruhauste guzti horiek, Kataluniakoarekin.

Feminismoa eta kooperatibismoa azpimarratu dituzu. Nola landuko dituzue?
Horri mahai-inguru formatua eman diogu. Eta ekarri ditugu bi aditu horretan. Gainera, esperientzia praktikoak izan dituztenak; bai kooperatibak lantzen Katalunian, eta baita ikuspegi feminista batetik. Eta uste dugu bestelako arkitektura sozial bat eraikitzen lagundu dezaketen gaiak direla.

Feminismoan zein kooperatibismoan zein da aldea Katalunia eta Euskal Herriaren artean?
Kooperatibismoa hemen berez aspaldiko kontua da. Katalunian ere badago, baina nik dakidanez behintzat jatorria oso bestelakoa izan zen. Beraiek anarkismotik-eta gehiago daukate. Baina ekonomia sozialak izan dezakeen pisua garrantzia hartzen ari da. Feminismotik nik uste dut antzerako urratsak ematen ari garela. Hemen ere badira horren inguruan adituak. Aurten esate baterako martxoaren 8ko mugimendua eta munduan zehar ematen ari direnak… Olatu baten gainean igotzen ari gara.

Katalunia erreferente moduan hartu behar dugu ala guk geure bidea egin behar dugu?
Hori betiko zalantza da. Nik uste herri bakoitza desberdina dela eta bakoitzak bilatu behar lukeela bere bidea. Egia dena da batera batera ematen ari direla hiru prozesuak, Eskozia, Katalunia eta Euskal Herrikoa. Eta orain dela ez asko gainera Bilbon egin zituzten topaketa batzuetan aipatu zen sinkronizazioaren kontzeptua. Hau da, pentsa Eskozia, Katalunia eta Euskal Herriko biztanleria batuz gero 15 milioi europar garela; eta 15 milioi europar ezin egonean baldin bagaude, eta gauzak beste modu batera egin nahi baditugu, ahots indartsua izan dezakegula. Bakoitza bere aldetik joanda indarrak sakabanatzen ditugu; eta herri txikia gara. Esate baterako orain migrazioaren auzia sortzen ari dela, hiru herri hauek migratzaileak ekartzearen aldekoak gara. Eta beste herrialde batzuk, Ingalaterra eta, ateak ixten ari dira. Bestelako Europa baten bila gabiltza.

Eta Europara begira zer aurreikusten da?
Nik uste belaunaldi aldaketa bat ematen ari dela. Sarritan aipatzen zaigu legeak eta aldaezinak direla. Gu gazteak ginenean ere intsumisioaren fenomenoa ere hor zegoen. Ni baikorra naiz alde horretatik. Ikusten dudalako ez direla kasualitatea gauza guzti hauek. Gero egia da interes asko daudela Europan, enpresa handiak eta multinazionalak, eta oligopolioak eta nahi duzun guztia; baina oinarrian printzipioak eta baloreak daude. Orduan uste dut balore demokratikoek Europaren baitan askoz ere pisu gehiago izan behar luketela. Lehenago edo beranduago honek bere bidea hartuko duela. Eta modu, nik uste, baketsuan aurrera egin dezakeen proiektu bat dela. Eta atzetik ere beste batzuk daudela. Belgikan bertan ere flandiarrak eta waloiak daude. Eta Korsikan ere hizkuntzaren auzia daukate Frantziarekin. Beraz, Europar asko gaude egoera oso zailean eta gauzak beste modu batera egiteko asmotan.

Orain arte entzundakotik zerbait azpimarratuko zenuke?
Historiaren garrantzia. Sarritan esaten digute iragana hor dagoela, ezin dela aldatu. Egia da ezin dela aldatu, baina iraganak ekartzen zaitu honaino. Eta orduan etorkizuna eraiki nahi baduzu jakin behar duzu nondik zatozen.

Gaur gonbidatu berezia izango duzue erbestetik, Meritxell Serret
Bera zientzia politikoetan lizentziaduna da. Aurreko Generalitatean nekazaritza kontseilaria izan zen eta erbestera alde egin behar izan zuen. Memento honetan Bruselan dago. Genero aldetik iruditu zitzaigun emakumea izateak ere perspektiba bat ematen diola, feminismoarekin lotura handiagoa. Une honetan gainera uste dugu Generalitatearen ordezkari izendatu dutela Europar Batasunaren aurrean. Berak kontatuko digu ordu erdi baten nola ikusten duen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude