Aitor Servier: “Ikusteko dago Elkargoaren sorrerak irekitzen duen fase politiko berri honetan unibertsitate propioaren aldarrikapena nola plazaratuko dugun”

Ipar Euskal Herria paradigma berriaren inspirazio iturri? Lurraldea: sujeto politiko berria” izeneko ikastaroan izan da Aitor Servier Etxexuri azkaindarra.

Zerk ekarri zaitu Udako ikastaroetara?
Egia erran bigarren aldia dut. Baionan antolatu diren ikastaroetan bakarrik egon naiz. Orain dela bi urte Zizpa gaztetxean “Eta kultura autodeterminatuko balitz?” ikastaro edo ziklo bat antolatu zen eta bertan egia erran oso gustura ginen. Aurten nik Ipar “Euskal Herria paradigma berriaren iturri”, bukaerako galdera ikur eta guzti , ikastaro horretan parte hartu dut eta Iratzarren beste hainbat formakuntzatan egon naizenez banuen jakin-mina. Ia egunero langai ditugun gai batzuei buruz sakontzeko. Ikasturte amaiera honetan pixka bat begirada altxatzeko tartea hartzeko. Eta badirudi balio digula horretarako, orain artean behintzat.

Aurten lehenengoz Bernat Etxepare lizeoan egin dira ikastaroak, barnetegi eran. Nolako esperientzia izan da?
Lehenik aipatu leku hau berez nahiko sinbolikoa badela. Euskara nonbait loratuko bada hurrengo belaunaldietan Ipar Euskal Herrian, hemendik etorriko da hazi nagusienetako bat. Guk Bernat Etxepare lizeoan ikasi genuen, hemendik hurbil dagoen lizeo zaharragoan eta zuk erran duzun bezala oso giro polita sortzen ari da ikastaro hauetan. Gauero hainbat ekimen antolatzen dira. Ikasgeletako gai mamitsu horiek gero afalondoko tertulietan eta berriz ere eztabaidatzen dira, argitasun gehiagorekin edo lanbroturik. Horrek balio erantsi bat ematen dio ikastaroari.

Zure ustez UEUk zein paper jokatu lezake hemen?
Egia erran ez dut uste UEU biziki eragile ezaguna denik Ipar Euskal Herrian. Hala ere UEUk planteatzen dituen oinarrizko helburuek izan dezakete sarbide nahiko erreza hemen. UEUk aldarrikatzen baldin badu Euskal Herriarentzako unibertsitate propio bat, zein aldarrikapen egokiago edo zein leku egokiago aldarrikapen hori eramateko Ipar Euskal Herrian baino. Zeinetan bospasei karrera baino ez daitezkeen bertan ikasi, haien artean bakarra euskaraz. Eta zeinetan aspaldiko aldarrikapena den hemen ere unibertsitate propio bat lortzea. Ikusteko dago ondoko urteetan Elkargoaren sorrerak irekitzen duen fase politiko berri honetan hezkuntza sistema propioaren eta unibertsitate propioaren aldarrikapena nola plazaratuko dugun. Zein eragileren bidez. Zein aliantza sor daitezkeen mugimendu ezberdinen artean. Eta horretan dudarik gabe UEUk funtsezko papera jokatu dezake.

Eta Aitor moduan, zer daramazu ikastarotik?
Ikastaro honen muina izan da bereziki instituzioen eta herri mugimenduen arteko aliantza posibleez gogoetatzea. Eta uste dut oso baliagarria egin zaigula, gutxitan egiten dugun gauza bat denez, zinez gai horrek jorratzea Ipar Euskal Herriko ikuspegi batetik eta fokua bizi ditugun problematika zehatz eta konkretuetan jartzea. Izan dira hitzaldi batzuk marko teoriko bat planteatu dutenak eta oso baliagarriak direnak dudarik gabe marko teoriko ideologiko batzuk argiago izateko; baina izan ditugun eztabaida eta saio parte-hartzaileagoak egunerokoan oso ukigarriak diren gaien inguruan zentratu dira bereziki. Hainbat eragile eta herri mugimenduetako jendea zegoen eta, horretaz gain, eztabaidak sortu dira azken hilabeteetan izandako gertakarien inguruan. Eta orduan nahiz eta gure ikastaroak izen aski ponposoa zuen, ondoko hilabete eta urteek errango dute ea zentzua zeukan ikastaroari izenburu hori jartzeak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

+ 37 = 42