Josu Waliño: “Ez gara ohartzen Interneten nabigatzen dugunean zein garrantzitsua den gure gailua euskaraz nabigatzeko konfiguratuta egotea”

Datorren maiatzaren 17an  Interneteko nazioarteko eguna da eta Informatikari Euskaldunen Bilkurarekin batera, hirugarrenez Euskarazko Internet Eguna antolatu du PuntuEUS fundazioak; oraingoan UEUrekin elkarlanean. Josu Waliño Pizarro da PuntuEUS Fundazioko zuzendaria.

Argazkia: Arnaitz Rubio

Hirugarrenez antolatuko duzue Euskarazko Internet Eguna. Oraingo honetan “10.000ra goaz. Bazatoz?” Lemapean. Zein da helburua?
Maiatzaren 17an mundu guztian ospatzen da Nazioarteko Internet Eguna. Guk egun hori baliatzen dugu gure komunitatea bildu eta Euskarazko Internet Eguna ospatzeko, hau da, euskarak Interneten egoera osasuntsua duela aldarrikatzeko. Horrekin batera, euskara Ingurune Digitalean indartuko duten ekimen berriak aurkezteko ere baliatzen dugu egun hau eta zuk esan bezala aurten beste gai batzuen artean 10.000ra goaz kanpaina aurkeztuko dugu, komunitatean elkarrekin 10.000 .EUS domeinuen langara iristeko erronka abiatuz..

Euskarak sarean duen egoera gogora ekartzeko antolatzen da euskarazko Internet eguna. Zein da une honetan egoera?
Euskarak sarean duen egoera nahiko ona da. PuntuEUS Behatokiaren azken neurketaren arabera 26.000 webgune daude euskarazko edukiarekin, kontuan hartzeko moduko kopurua. Gure hizkuntza eta kultura sustatzen dituen domeinu propioa izatea ere garrantzitsua da, euskarari babesa eta indarra ematen diolako, eta .EUS domeinua biltzen duen komunitate anitzak laguntzen du euskararen garapenean. Baina eskaintzaz gain beste aldea ere indartu behar dugu, eskariarena, eta horretarako erabiltzaileak euskaraz nabigatzera ohitu behar ditugu, horregatik abiatu genuen iaz Interneten ere Lehen Hitza Euskaraz kanpaina.

Aitortzarako eguna ere izango da.
Bai, esan bezala euskarak sarean duen egoera aldarrikatzeko eguna izango da, eta horretarako bi Udalerriri omenaldi txiki bat egingo diegu aurtengoan, Interneten euskara eta .EUS hobekien zaintzen dituzten Udalerriak. Egunean bertan emango dugu ezagutzera zeintzuk diren euskarari arnasgune digitala ematen dieten herri horiek.

Lehen Hitza egitasmoa aipatu duzu. Nola joan da? Aurtengoan mugikorretan jarriko duzue fokua
Interneten ere Lehen Hitza Euskaraz egitasmoa garrantzitsua da, lehen esan bezala erabiltzaileengan jartzen duelako fokua. Ez gara ohartzen Interneten nabigatzen dugunean zein garrantzitsua den gure gailua euskaraz nabigatzeko konfiguratuta egotea. Beste aldean Google bezalakoak daude entzungai, eta adi daude euskara erabiltzen dugun ala ez ikusi eta hizkuntza hori kontuan hartu ala ez erabakitzeko. Mugikorrak euskaraz jartzen laguntzeko APPa aurkeztu genuen iaz eta aurten APP horrek emandako emaitzetan oinarrituta euskaraz errazago nabigatzen lagunduko digun zerbitzu berria aurkeztuko dugu.

Burujabetza teknologikoaren testuingurupean izango da euskarazko internet eguna eta UEUrekin elkarlanean. Zer esan nahi du horrek?
Internet Eguna urtero antolatzen dugu lankidetzan: duela bi urte Topagunea eta Euskalerria Irratiarekin egin genuen, iaz Azpeitiako KulturaZ elkartearekin, eta aurten egun berean UEUk IEB antolatuko zuela jakitean egokiena iruditu zitzaigun elkarrekin egitea. Testuingurua gainera ezin hobea da, burujabetza digitala ez baitago ulertzerik hizkuntzarik gabe. Hizkuntzak egiten gaitu burujabe, kalean eta baita sarean ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude