Ainara De Miguel: “Tresna digitalak erabiltzen badira, oso ongi ezagutu behar dira, traba izan ez daitezen”

Datorren maiatzaren 17an Informatikari Euskaldunen XI. Bilkura izango da Donostian eta, besteak beste, Ainara de Miguelek Ikasmin Ikasketa Zentroaren berri emango du. Ikasketa eta irakaskuntza kontzienteaz ari da De Miguel. “Zer irakatsi eta erabilgarri diren tresnak oso oso ongi kontrolatu behar dira honetarako, plangintza garbia eduki, ematen den arloa soberan ezagutu. Honela, ikaslea da zentroa eta berak behar duen erara azal diezaiokegu behar duena”. Irakasle moduan zuen lan egonkorra galdu zuenean sortu zuen Ikasmin. Hasieran bera bakarrik zen, gaur egun sei lagun dira.

Nola sortu zen Ikasmin proiektua eta zer nolako garrantzia dute zuentzat hezkuntzak eta digitalizazioak?
Hezkuntzak kontziente eta ebolutiboa izan behar duela uste dut. Garaiak aldatzen direlako. Aurrekoak ikasteko balio badigu ere, ez guztia berdin errepikatzeko. Hau da, “niri honela irakatsi zidaten eta nik horrela egingo dut!”. Bai, baina ikasleak ez dira garai hartakoak. Aldatu egin dira. Digitalizazioa oso garrantzitsua da! Baina tresna digitalak erabiltzen badira, erabiltzen diren horiek oso ongi ezagutu behar dira, laguntza izan daitezen eta ez traba. Nik infografia bat egin nahi badut, baina ez badut horretarako tresna maneiatzen, nire esfortzua tresnan zentratuko da eta ez infografian bertan.

Hezkuntza da guk dugun aberastasun bakarra. Hezkuntzak ematen digu gu geu garena, eta berau egokia ez bada, gure garunaren oinarriak ahulak izateko arriskua legoke. Era honetan, bizitzak sortzen dituen paradigmei erantzuna emateko gaitasuna murriztuz.

Nola uztartzen dituzue bi kontzeptu horiek egunerokotasunean?
Ikasleak banaka laguntzeko aukera badugu, berari so eginez, bere erritmoa eta ulermena dira eskolen gidari. Irakasleen irakasle garenean, taldeak izan ohi dira gure entzule. Kasu horretan haien hizkuntza erabiltzen saiatzen gara, askotan, teknologiari dioten beldurra kentzearen garrantzia azpimarratuz. Hezkuntza irakasleen lana da. Ados, baina, lan guztiek ez dute ardura berbera. Alegia, zurginak duen erantzukizuna eta irakasle batek duena ez da erantzukizun bera. Irakaslearen ardura pertsonak heztea da, hauen geroa baldintzatuko duen zutabeetako bat da (familia eta gizartearen eskutik betiere), zurginarena gauzak sortzea da. Enborrak ez du garapenik, autoestimurik, nia-ren sortze beharrik.

Zeintzuk dira zure ustez etorkizuneko erronkak alor honetan?
Tresna digitalen aldetik, era intuitiboan eta asko pentsatu beharrik gabe erabiltzen jakitea arbela erabiltzen duen orok. Hasieratik erabakitzea zein diren erabiliko dituen tresnak eta horietan jantzia egotea. Ezinezkoa ikusten dut gidaritza egoki bat, gidaritza tresna bera menderatzen ez duenaren eskutik.

Hezkuntza arloan zentroa pertsona da. Gure geroa bermatuko dutenak gazteak dira. Gure, irakasleon, beldurrak landu behar dira eta eguneroko formakuntza behar dugu gaur egungo tresnetan eta ikasleen komunikazio moduetan. “ Nik ikasten nuenean”… Izan zaitez kontziente aditza iraganean jarri duzula, joan zen zerbait delako. Ikaslea orainean landu behar dugu eta irakasleona da ardura eskoletan.

IEB bezalako foroak beharrezkoak dira?
Noski! Elkartasuna, elkarlana, indibidualismoaren amaiera, partekatzea, bizipenen elkarrizketa… gakoak dira nire ustez gaur egun arbeletan dagoen gabezia asko jorratu eta kalitatezko eskolak emateko geroan. “Banatu eta garaitu” da sistemaren estrategia gizarte indibidualista eta estresatu batentzat. Honela, jakintza eta garuna izan beharrean botere, dirua da botere. Betiko klase sozialen bermea dakar honek. Nik, gizaki askeak amesten ditut, eta elkartzen bagara, elkarrekin, gure bizipen eta ikasketak partekatuz, denok egiten dugu aurrera. Eskutik beti hobeto.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude