Kepa Altube: “Foro hauei esker joera berritzaileak ikusi eta etorkizuneko ildoak antzematen dira”

IEB2018 Informatikari Euskaldunen XI. Bilkuraren barruan hainbat esperientzia eta aplikazioren berri emango dute. Tartean, Lanbide Heziketako jakinbai.eus Hiztegi kolaboratiboa aurkeztuko dute Laneki Elkarteko Kepa Altubek (Laneki Elkartea) eta Elhuyar Fundazioko Garbiñe Alkiza eta Iker Manterolak. Bilkura datorren maiatzaren 17an izango da Donostiako Teknologi Elkartegian.

IEBn hiztegi kolaboratiboa aurkeztuko duzue. Zertan datza?
Laneki Elkartea Lanbide Heziketako euskarazko ikasmaterialak eta terminologia garatzeko entitatea da. Bertan irakasleek sortutako ikasmaterialak eskaintzen dira eta termino teknikoak garatzen dira, Lanbide Ekimena proiektuaren bidez. Hiztegia Lanbide Ekimena proiektuko material elebidunetatik abiatuta gauzatu da. Hiztegi hau kolaboratiboa da, bizirik eta etengabe berritua mantenduko dena. Edozeinek parte hartu dezake hiztegia aberasten. Erabiltzailea editore izan daiteke!

ELexBI tresna oinarritzat duen Itzulterm zerbitzuaren bidez, Lanbide Ekimeneko materialen termino-bikote garrantzitsuenak eta horien testuinguru elebidunak itzulpen-memorietatik automatikoki erauzi dira.

Zehazki hiztegiaren argitalpen honetan, 14 familia landu dira eta 108 material. Landu diren familiak hauek dira: Administrazioa eta kudeaketa; Elektrizitatea eta elektronika; Eraikuntza eta obra zibilak; Garraioa eta ibilgailuen mantenimendua; Gizarte eta kultura zerbitzuak; Informatika eta komunikazioa; Instalazioa eta mantenimendua; Irudia eta soinua; Irudi pertsonala; Fabrikazio mekanikoa; Osasungintza; Ostalaritza eta turismoa; Zehar-lerroak; Zurgintza, altzarigintza eta kortxoa.

Hiztegiak 10.096 kontzeptu ditu; horiek adierazteko euskarazko terminoak 10.525 dira, eta gaztelaniazkoak, 10.062. Terminoen testuinguruari dagokionez, hiztegian euskarazko 125.123 esaldi daude eta gaztelaniazko 125.268 (bi kopuruak ez datoz bat, batzuetan hizkuntza bateko esaldi berari itzulpen desberdinak dagozkiolako).

Laneki Hiztegia hiztegi terminologikoa da eta oinarri-unitatea kontzeptua da. Kontzeptu baten informazio guztia fitxa terminologiko batean irudikatzen da: familia(k), kontzeptu hori adierazteko erabiltzen diren terminoak (euskaraz eta gaztelaniaz) eta terminoa agertzen den testuinguru erreala.

Aurrera begira zer nolako proiektuak dituzue esku artean?
Hiztegi kolaboratibo izenak esaten, laburtzen du helburu nagusiaren xedea.

Horrez gain, helburua terminoak eta testuinguruak gehitzea ere bada irakasle eta profesionalen parte hartzearekin, eta bide batez, lanean erabiltzen ditugun beste hizkuntzei zabaltzea atea: katalanari, frantsesari edo ingelesari.

IEB bezalako foroak beharrezkoak dira?
Foro hauei esker egiten dugun lana aurkezteko aukera izateaz gain, mementoan dauden berritasunak eta joera berritzaileak ikusten dira, eta etorkizuneko ildoak antzematen dira.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude