Ane Ablanedo: “Askatasuna ezin da liburu batekin ikasi, praktikaren bidez baizik”

UEUren udaberriko eskaintzaren barruan “Askatasunean hazi, hezi eta bizi” ikastaroa antolatu dugu Eibarren. Ane Ablanedo Larrion izango da irakaslea eta hainbat galdera egin dizkiogu formazio honen inguruan. Matrikula zabalik dago.

Ane Ablanedo Larrion.

Zein helburu du ikastaroak? Gaur egun asko entzuten da haurrak askatasunean hazi behar direla, eta jendea horren garrantziaz gero eta gehiago ohartzen ari dela iruditzen zait. Ikastaro honen helburua autorregulazioaren teoriaren arabera, haurrak hazteak suposatzen duena eta suposatzen ez duena finkatzea izango da.

Zergatik da garrantzitsua askatasuna txikitatik lantzea? Askatasuna teoriaren bidez ikasi ezin dugun zerbait da. Ezin dugu liburu baten aurrean ikasi, praktikaren bidez baizik. Askatasuna bizitzak eskaintzen dizkigun aukeren aurrean aske hautatzea da. Mundura hori egiteko gai iristen gara, baina heziketa bideratzaile batekin topo egiten dugu, zeinak  ahalmen hori erauzten digun. Haurrak bere bizitzako esparru txikitan bere bizitza gidatu dezake askatasunez. Askotan, guk baino gaitasun handiagoarekin.

Zer suposatzen du askatasunean hazteak? Askatasunean haztea eredu direktiboari kontrajartzen zaio, izan ere, bigarren eredu honen arabera, haur batek ezin du ezer egin eta beraz, guk kanpotik gidatu behar dugu. Egia da haur jaioberri batek ez dakiela gauza asko egiten, baina gai da erabakitzeko noiz behar duen titia eta noiz ez. Askatasuna zuk kudeatu ahal duzun errealitate esparru hori kudeatzea da. Eredu batean hori errespetatuko genuke, eta beste eredu batean guk esango genioke kanpotik noiz hartu behar duen titia. Pentsatu behar duguna da gu ez garela inoren bizitza gidatzeko inor, eta haurrak eduki behar duela bere bizitzaren gaineko autoritatea. Horretarako jakin behar dugu bere garapenaren une bakoitzean haurra zertarako eta zertarako ez den gai. Ez den horretan guk lagundu beharko diogu, baina gai den horretan berari utzi beharko diogu. Izan ere, norbaitek gure hautua gidatzen duenean, zerbait gaizki ateratzen denean errua beste batena izaten da, eta hor ez dugu erantzukizun sozialik bereganatzen. Askatasunean nire hautua gidatzen dudanean, gauza guztien ardura nirea da.

Haurrei hori transmititzeko guk ere askatasuna landu beharko dugu, ezta? Bai. Ezin diogu haur bati eskaini guk ez daukagun hori. Askatasuna printzipio ukaezina da haur batentzat, eta horretarako guk gurea ere errespetatu egin behar dugu. Hausnarketa handia egon behar du helduarengan zertan eman askatasuna eta zertan ez, zertan mugatu eta zertan ez. Nik hor disfuntzio asko ikusi izan ditut alde batetik eta bestetik. Batzuetan autoritarismotik utzikeriara pasatu gara pentsatuz askatasunak ez duela mugarik eskatzen. Askatasuna irudikatzen dugu paradisua bezala, ideala bezala, baina hori gertatzen da eredu horretatik aldendu egin garelako eta ondorioz, fantasiatik begiratzen diogulako. Teoria zein praktika aldetik hausnarketa handia eskatzen du askatasunean hazi eta hezteak. Izan ere, guretzat konkistatu ez dugun zerbait ezin diogu haur bati transmititu.

Zer metodologia erabiliko duzu? Saiatuko naiz eredu hau haurtzaroko ekosistema guztietan nola aplikatu dezakegun erakusten: familiako etapa desberdinetan nola aplikatu eta baita ere eskolan. Ikastaroaren zati handi bat hausnarketara bideratuko dut (irakurketak, eztabaidak...), beste zati bat teorikoa izango da (haurraren garapenaren faseak, ereduaren printzipioak) eta azkenik, bizipenei ere tartea egingo diogu.

Norentzat da ikastaroa? Haurrekin ibiltzen den edozeini zuzentzen zaio ikastaroa: guraso, irakasle, hezitzaile, familia, eta abar.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude