Ezagutzen al duzu UEU? #NikUEU

UEU mende erdiko historia izatera iritsiko da urte gutxi barru. Bide horretan, gure egitasmoa plazaratu eta kide berriak erakartzea jarri dugu helburutzat. Horregatik, UEU ezagutzera emateko “UEU, Euskal Unibertsitatea egizkizun” dokumentala egin du alde batetik, eta bestetik, bazkidetza kanpaina jarri dugu martxan. Kanpaina #NikUEU izenburupean antolatu dugu.

IZAN ERE… ZER DA UEU?

Udako Euskal Unibertsitatea (UEU) irabazi-asmorik gabeko eta Onura Publikoko aitormena duen kultur elkartea da (ez, ez gara UPV/EHU). 1973. urtean sortu zen Ipar Euskal Herrian eta orduz geroztik bere helburu nagusia Euskal Unibertsitatea sortzea da. Horrekin batera, honako lan-ildo nagusi hauetan lan egiten du urte guztian zehar:

  • Euskararen eta unibertsitatearen arteko zubiak eraikitzen.
  • Euskal komunitate zientifiko-intelektuala biltzen.
  • Unibertsitate-gaiak ekoitzi eta gizartearen esku jartzen (ikastaroak, jardunaldiak, mintegiak, kongresuak, graduondokoak, testu-liburuak, datu-baseak, sare sozialak eta abar).

NORTZUK OSATZEN DUGU UEU?

1.200 bazkide baino gehiagok osatzen dugu UEUren oinarri soziala jakintza-alor desberdinetako sailetan antolatuta. Laguntza ekonomikoa emateaz gain, proiektuan aktiboki parte hartzeko lehentasuna dute. Irakurri hemen hainbat bazkideren iritziak UEUri buruz.

UEUko Talde Eragilea (zuzendaritza), bazkideen Batzar Orokorrak hautatzen ditu (bi urtean behin) lau urtetarako, zuzendariarekin batera elkartearen ildo nagusien jarraipena egiteko. Unibertsitateko eta euskalgintzako kideak dira, bolondres gisa UEUri beren denbora librea eskaintzeko prest daudenak. UEUko zuzendaria (Kepa Sarasola 2018. otsailetik aurrera) ere borondatezko kargua da.

UEUko Talde Eragilea

UEUko bazkideak 27 sailetan banatzen dira. Sail bakoitzak jakintza-alor batean lan egiten du eta autonomoa da. Sail bakoitzak koordinatzaile bat izaten du (Sailburua), bolondres gisa lan egiten duena. Urtean behin Sailburuen Biltzarrean biltzen dira guztiak.

UEUko sailburuak

Batzar Nagusiak onartutako egitasmoa teknikoki aurrera ateratzeko ardura lantaldearena da, Idazkari Nagusia (Ane Sarasua) buru delarik. Une honetan 14 pertsonek osatzen dute UEUko Idazkaritza eta, Bilbo, Eibar eta Iruñeko egoitzetan kokatzen da.

UEUko lantaldea

Hauetaz gain, batzordeetan lan egiten duten bazkideek, irakasleek, ikasleek, liburu-egile eta proiektu desberdinetako bidelagunek ere osatzen dute UEU. Hemen bildu ditugu elkarrizketa guztiak.

ZER EGITEN DUGU?

UEUk lau ildo nagusi lantzen ditu bere egunerokotasunean: Euskal Unibertsitatea, jarduera akademikoa, argitalpengintza eta IKT proiektuak. 2017. urteko txosten honetan iaz egin ditugun jarduera guztiak aurkituko dituzu, xehe-xehe.

UEUren DOKUMENTALA

UEU ezagutzera emateko asmoz “UEU, Euskal Unibertsitatea eginkizun” dokumentala egin dugu. Bertan, hainbat UEUkide agertzen dira bakoitzarentzat UEU zer den eta zer nolako ekarpena egiten duen azalduz. Lagunduko diguzu zabaltzen?

ETA ORAIN… PARTE HARTU NAHI DUZU UEUren PROIEKTUAN? EGIN ZAITEZ BAZKIDE!

Hau guzti hau irakurri eta ikusi ondoren gurekin lan egiteko gogoa sartu zaizu, ezta? Primeran! Ikusi zer nolako abantailak izango dituzu UEUkide egiten bazara 🙂

  • Euskal unibertsitatearen sustatzailea izango zara.
  • Jarduerak proposatu eta antolatzeko garaian lehentasuna izango duzu.
  • %25eko beherapena izango duzu ikastaro eta jardunaldien matrikuletan eta hauetan parte hartzeko lehentasuna izango duzu.
  • %30eko beherapena izango duzu liburu, aldizkari eta argitalpen guztietan.
  • UEUren lan-poltsetan sartzeko aukera izango duzu.
  • Zuri interesatzen zaizun alorreko zuzeneko informazioa jasoko duzu.
  • PFEZan %20ko desgrabazioa izango duzu.

Kuota orokorra 50 eurokoa da, eta ikasle, langabetu eta jubilatuentzat 30ekoa.

BAI, BAZKIDE EGIN NAHI DUT!

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

9 + 1 =