UEUko Sailburuak: Nor da Nor?

UEUko bazkideak 27 sailetan banatzen dira. Sail bakoitzak jakintza-alor batean lan egiten du eta autonomoa da. Sail bakoitzak koordinatzaile bat izaten du (Sailburua), bolondres gisa lan egiten duena. Urtean behin Sailburuen Biltzarrean biltzen dira guztiak.

 

ITZIAR ADURIZ AGIRRE (Errenteria, 1965)

Hizkuntzalaritza saileko Sailburua

Euskal Filologia ikasten ari zela izan zuen lehenengoz UEUren berri, Larraonako Udako Ikastaroen bidez, 1987 urte inguruan. Lizentziaturako ikasketak bukatu ostean, 1992. urtean, irakasle moduan itzuli zen Larraonako UEUko ikastaroetara, IXA taldearekin hasitako elkarlanaren emaitzaren berri ematera. Ordutik aurrera, ia etengabekoa izan da UEUko Hizkuntzalaritza sailarekin izan duen harremana, udako ikastaroetan, Hizkuntza-Teknologia (Hiztek) graduondokoan 2002. urtetik aurrera eta azkenik, 2012tik aurrera, saileko koordinatzaile.

Harremanetan jartzeko

 

INHAR AGIRREZABALA SAENZ DE SANTAMARIA (Zarautz, 1980)

Arkitektura saileko Sailburua

2004. urtean ezagutu zuen UEU, arkitektura eskolan, eta urte horretan bertan Biarritzen udako ikastaroetan parte hartu zuen ikasle gisa. Segidan bazkide egin zen eta orbitan ibili ondoren 2012an eskaini zioten saileko gidaritza hartzeko Anartz Ormazarekin batera. Arkitektura estudio batean egiten du lan eta irakasle gisan jarduten IBN-IEB-UdLk (Institut für Baubiologie + Nachhaltigkeit – Insitituto Español de Baubiologie – Universitat de Lleida) eskainitako bioeraikuntza masterrean.

Harremanetan jartzeko

 

ELISABETE ALBERDI CELAYA (Markina-Xemein. 1975)

Matematika saileko Sailburua

Matematika ikasten ari zela ezagutu zuen UEU, UEU-k argitaratutako zenbait libururen bidez. Ondorengo kontaktua komunikazioarekin lotutako ikastaro batean parte hartu zuenean izan zen. UPV/EHU-ko Matematika Aplikatua Saileko irakaslea da, Bilboko Ingeniaritza eskolan. Matematika saileko arduraduna da 2012tik.

Harremanetan jartzeko

 

OSKAR ARANTZABAL IRAETA  (Eibar, 1967)

Ekonomia saileko Sailburua

Ekonomia eta enpresa zientzietan lizentziatua naiz (Deustuko Unibertsitatea, Euskal Herria) eta Nazioarteko marketinean masterduna (Strathclyde University, Glasgow, Scotland). Esportazio lanetan jardunean nabil, sektore industrialean. EITBn ekonomia gaietan kolaboratzaile eta estatu txikietan espezializatua. Juan Zelaia saria irabazi nuen 2013an, honako saiakeragatik: “Azpilkueta, ekonomiaren aitzindari” Inguma datu-basean zazpi erreferentzia ditut, UEUrekin izandako lehen harremanetik: “Estatu txikien ekonomia handiak” (2008) eta UEUn argitaratu nuen 2012. urtean “Lurraldearen dimentsioa estatuaren eraketan” liburua. 2017an, koordinatzaile gisa aritu naiz “Ikasgai sozioekonomikoak Eskozia eta Kataluniako prozesuetatik” liburuan.

Harremanetarako

 

OIER ATEKA BARRUTIA (Bilbo. 1980)

Osasuna saileko Sailburua

UEU aspalditik “kanpotik” ezagutu arren, Ikergazte-ren lehenengo jardunaldietan parte hartu eta gero, atzerrian urte batzuk eman ondoren, Euskal Herriko osasun, ikerkuntza eta irakaskuntza gaien inguruko ekintza ezberdinetan hasi zen. Egun Osakidetzan lan egiten du barne medikuntzarekin erlatutako behin-behineko postuetan. 2017aren bukaeran hartu berri du UEUko Osasun sailaren koordinaketa lana.

Harremanetan jartzeko

 

HARITZ AZURMENDI ARRUE (Albiztur. 1991)

Filosofia saileko Sailburua

UEU udako ikastaroen bitartez ezagutu zuen ikasle garaian. Orain, Joxe Azurmendiri buruzko tesiarekin dihardu, haren nazioari buruzko ikuspegia ikertuz. AEKn irakasle aritua da eta Galtzaundi Tolosaldeko Euskara Taldeko zuzendaritzan ere badabil. 2017an UEUko Filosofia sailburutza hartu zuen. Donostiako Filosofia Fakultatean egiten du lan.

Harremanetan jartzeko

 

OIER BIKONDOA DEL BARRIO (Eibar. 1973)

Fisika saileko Sailburua

UEU Leioan ikasten nengoenean ezagutu nuen. Euskararen erabilera orohar, eta bereziki zientzian bultzatzea gustatuko litzaidake. Ildo horretan lan egiteko eta Fisikaren inguruko euskal komunitatea biltzeko asmoarekin egin nintzen sailburu. Une honetan non/zertan lan egiten dudan: University of Warwick-entzat ikertzaile moduan egiten dut lan Grenoblen (Frantzia) dagoen ESRFko (European Synchrotron Radiation Facility) “XMaS UK-CRG Beamline” sinkrotroi-erradiazio lerroan.

Harremanetan jartzeko

 

GORKA ETXEBARRIA DUEÑAS (Gasteiz. 1988)

Historia saileko Sailburua

2016ko irailean hartu zuen UEUko historia sailaren ardura. Historia Garaikidean doktoregaia da egun, Euskal Herriko Unibertsitatean. Musikagintzari lotua bizi da (Hudaltzainak, Bertso-Tavern, Montauk…) eta proiektu komunikatibo askeekin engaiatuta. Akademiaren, euskalgintzaren eta kultura herritarraren arteko zubia eraiki eta mantentzea du ardatz bere UEUrekiko atxikimenduan.

Harremanetan jartzeko

 

MIKEL ETXEBERRIA OKARIZ (Beasain. 1994)

Natura Zientziak saileko Sailburua

2013. urtean ezagutu zuen UEU, EuskalNaturaren bidez urte hartan antolatu zuten Natur Zientzien I. Topaketan parte hartu zuenean. Ondoren 2017ko udan UEUren udako ikastaroetan Erlezaintza ikastaroaren antolaketan hartu zuen parte. 2017ko udazkenean Natur Zientzien Sailburu hasi zen UEUn.

Harremanetan jartzeko

 

RAKEL GAMITO GOMEZ (Arrasate. 1984)

Pedagogia saileko Sailburua

UEUko lantaldeko kide bilakatu zen 2016aren hasieran, on-line irakaskuntzaren arduradun bezala. Urtebete luzez on-line ikastaroak eta ikasgela birtuala kudeatu zituen baina 2017ko apirilean UEUko Eibarko bulegoa utzi behar izan zuen bere doktorego-ibilbidean aurrera egiteko. Denbora-tartea laburra izan arren, harremana estua eta oso bizia izan da hasiera-hasieratik. Ordutik, beti saiatzen da UEUk antolatzen dituen ekintza guztietan parte hartzen eta zenbait ikastaroetako irakasle ere izan da.

Harremanetan jartzeko

 

XABIER LANDABIDEA URRESTI (Bilbo, 1981)

Komunikazio saileko Sailburua

UEU Miarritzen ezagutu nuen lehen aldiz, Ikus-entzunezko komunikazioaren bigarren urtean nengoela. Erromantikotasun eta profesionaltasunaren arteko oreka transmititu zidan orduan, eta oreka zail hori gordetzen jakin du gerora ere, IkerGazte kongresuaren Batzorde Dinamizatzailean eta Batzorde Zientifikoan parte hartzerakoan ikusi ahal izan dudan bezala. UEUko Komunikazio Sailburua naiz, eta Talde Eragileko kidea 2017tik. Euskal Herriak bizi duen aro zirraragarri honetan UEU lehen mailako eragile intelektual eta soziala izateaz gain, euskarak behar eta merezi duen statusa lortu dezan lanean dabilen edozeinentzat ezinbesteko aliatua dela uste dut.

Harremanetan jartzeko

 

EDURNE LARRAZA MENDILUZE (Altsasu, 1976)

Informatika saileko Sailburua

1995. urtean ezagutu zuen UEU, UPV/EHUko Informatikako irakasleen bidez. Orduan Informatikan Ingeniaritzako lehen urtea ikasten zebilen. Urte horretan bertan Iruñeko udako ikastaroetara joan han ikasle moduan aritu zen udaro 1998an bere lehen ikastaroa emateko aukera izan zuen arte. Hurrengo urteetan Nafarroako Unibertsitate Publikoan aritu zen informatikako irakasle moduan eta ondoren UPV/EHUko Informatika Fakultateko irakasle izatera pasa zen, gaur egun arte. Tarte horretan jarraitu zuen ikastaroren bat ematen eta 2003an Informatikari Euskaldunen IV. Bilkuraren (IEB) koordinatzaile lanetan aritu zen. Ondoren atseden tartetxo bat hartu eta 2014an bueltatu zen Informatikako sailaren buru bezala. Lan horretan urteroko ikastaroen antolakuntzaz gain, 2015ean ospatu zen X. IEBren eta I. Informatikaren irakaskuntza lehen eta bigarren hezkuntzan mintegiaren koordinatzaile izan da.

Harremanetan jartzeko

 

JOSU LOPEZ GAZPIO (Tolosa, 1987)

Kimika saileko Sailburua

Donostiako Kimika Fakultateko ikasle zela ezagutu zuen UEU eta harrezkero UEUren hainbat ekimenetan gogotsu parte hartu du. 2015ean UEUko unibertsitate-mailako ikasmaterialak sustatzeko laguntzei esker “Kimika orokorreko eskuliburua” argitaratu zuen. 2016ko uztailean “Zientziaren dibulgazioa: aukerak, baliabideak eta erronkak” udako ikastaroa antolatu zuen, Koldo Garcia UEUkidearekin elkarlanean. 2017ko martxotik UEUKo Kimika Sailaren ardura du.

Harremanetan jartzeko

 

YOLANDA MENDIOLA MIRASOLAIN (Aubervilliers, 1963)

Zuzenbide saileko Sailburua

2010. urtean ezagutu nuen UEUn Jendaurrean hitz egiteko eman nuen ikastaro baten ondorioz; Iruñean izan zen lehendabizikoa eta Baionan bigarrena, Urte horretan egin nintzen bazkide eta handik gutxira Zuzenbide saileko sailburu. Batez ere, udako ikastaroei begira aritzen naiz arloarekin zerikusia duten gaien bila eta talde barrutik edo kanpotik datozen ideiak asko estimatzen ditut. UEUko beste sailekin elkarlana egiten dut ere.
Euskal telebistan dut nere lanbidea eta kultura, zuzenbidea eta oro har gizarte gaiak dira ikusmira sortzen didatenak.Elkarkidetzan sinesten dudalako hainbat taldetan boluntario lanetan aritzen naiz.

Harremanetan jartzeko

 

FERNANDO OLABARRIETA ARTETXE (Lezama, 1957)

Psikologia saileko Sailburua

UEU lagun baten bitartez ezagutu nuen eta 1982an Iruñeko Larraona Ikastetxean izan nuen lehen kontaktua. Han egiten ziren ikastaro horietan askotan parte hartu dut, ikasle bezala hasieran eta irakasle bezala gero, betiere Psikologia sailean. Gaur egun, UPV/EHUko Psikologia Fakultateko irakaslea naiz eta, beti aitortzen dudan moduan, UEUn ikusi, ikasi eta bizi dudanak neurri izugarrian balio izan dit nire ibilbide pertsonalean eta profesionalean. Talde eragileko kide izan nintzen aurreko txandan eta orain Maritxu Jimenezekin batera Psikologiako sailburua naiz.

 

ANARTZ ORMAZA UGALDE (Bakio, 1981)

Arkitektura saileko Sailburua

Arkitektoa  eta hezitzailea TEO Arkitekturan, Aranzadi Zientzia Elkarteko bazkide eta Arkeologia Saileko kolaboratzailea eta umeentzako arkitektura tailerretan hezitzailea, besteak beste urte batzuz Bilboko Guggenheim Museoan. Dantzaria eta euskal dantza irakaslea Deustuko Unibertsitatean. 2012ko udan hartu zuen parte lehendabizikoz UEUn, Bioerikuntza eta Geobiologia ikastaroko ikasle moduan. Urte berean bertan hartu zuen Inhar Agirrezabalekin batera Arkitektura Saileko ardura, Kepa Iturralde aurreko Sailburuaren eskutik. UEUko Arkitektura Sailaren bitartez ordurarte arkitekturako ikasketetan lantzen ez ziren gaiak garatzeko aukera ikusi zuten, eta gai hauen inguruan proposatzen dituzte ikastaroak. UEUk argitaratutako “Aldiri arkitektura eta abar” aldizkariko erredakzio kontseiluko kidea da.

Harremanetan jartzeko

 

IDOIA ORUETA SANTA MARTA (Bilbo, 1975)

Musika saileko Sailburua

2015. urtean ezagutu zuen UEU eta 2016ean Musika Sailaren ardura hartu zuen. Musika lizentziatua da biola espezialitatean, bai eta irakaskuntzan diplomatua, luteria ikasketaduna, idazlea eta ikerlaria. Eskola Publikoan irakaslea da lanbidez.

Harremanetan jartzeko

 

NEREA PAGALDAI AGIRIANO (Arrasate, 1993)

Natura Zientziak saileko Sailburua

2014.urtean ezagutu zuen UEU, Euskalnatura elkartearen bidez Natur Zientzien II. Topaketa antolatzerakoan. Pasa den urtean UEUren udako ikastaroen barnean eskeintzen zen Erlezaintza ikastaroaren antolaketan parte hartu zuen eta aurten, 2017an, Natur Zientzien Sailburu bezala hasi da UEUn.

Harremanetan jartzeko

 

IRATXE RETOLAZA GUTIERREZ (Donostia, 1977)

Literatura saileko Sailburua

1996. urtean Euskal Filologiako ikaslea zela ezagutu zuen UEU, eta urte hartan bertan Udako Ikastaroetan ikasle aritu zen lehen aldiz. Harrezkero, ia urtero Udako Ikastaroetan aritu da ikasle. Lehen hitzaldia ere UEUko Udako Ikastaroan eskaini zuen, 2002. urtean, Itzulpengintza Sailak eta Literatura Sailak antolaturiko ikastaroan. 2006. urtetik UEUko bazkidea da, eta 2013. urtetik aurrera Literatura saileko sailburua da Amaia Serranorekin batera.

Harremanetan jartzeko

 

AITOR SALABERRIA OIARTZABAL (Lezo, 1994)

Natura Zientziak saileko Sailburua

UEUrekin lehen harremana 2013ko Iruñeko udako ikastaroetan eduki zuen arren, Euskalnatura ikasle elkartearen bidez ezagutu zuen hobeki erakundea. Biologo ikasketaz, hasiera batean ikastaroak antolatzen laguntzen zebilen, baina 2017an sailburu egin zuten aurrekoei erreleboa emateko. Egun Euskalnatura eta UEUren arteko zubi dabil, euskal unibertsitatea helburu!

Harremanetan jartzeko

 

AMAIA SERRANO MARIEZKURRENA (Donostia. 1984)

Literatura saileko Sailburua

UEUrekiko lehen harremana liburuen bitartez izan zuen. Beranduago, ordea, Iratxe Retolazak aipatu zion Literatura Sailaren ardura hartzeko aukera zegoela eta, bitan pentsatu gabe lanari ekin zioten 2014. urtean. Harrezkero hainbat ikastaro antolatu, koordinatu eta eman dituzte, heziketa literarioarekin eta genero ikerketekin lotuak batik bat; horietan parte hartzeak jende interesgarri mordoa ezagutzeko aukera eman diete. EHUko Irakasle Eskolan egiten du lan. Irakaskuntza eta literatura dira bere bi lan-esparruak.

Harremanetan jartzeko

 

RUBEN URIZAR ENBEITA (Gernika. 1965)

Hizkuntzalaritza saileko Sailburua

1995ean izan zuen lehenengoz UEUren berri, Larraonako Udako Ikastaroen bidez. 2012an hartu zuen Hizkuntza saileko zuzendaritza Itziar Adurizekin batera, hizkuntzalaritza-saila biziberritzeko asmoaz, urte askotako etenaldiaren ondoren. Lehen urte hartan, Hizkuntzalari Euskaldunen I. Topaketa antolatu zuten, eta dagoeneko hirugarren edizioan da.

Harremanetan jartzeko

ARKAITZ ZARRAGA AZURMENDI (Durango. 1972)

Glotodidaktika saileko Sailburua

UEUrekiko harremana orain dela urte asko hasi nuen, edukien zein formaren aldetik ezin erakargarriagoak egiten zitzaizkidan ikastaro batzuen bidez. Glotodidaktika eta Soziolinguistika izan dira betidanik nire gai kuttunak, eta horietan jardunaldi, artikulu zein ikastaroen bidez trebatu ondoren, joan den hamarkadan nire lehen ikastaroa eman nuen hizkuntzaren biziberritzearen inguruan. Harrezkero hainbat formazio saio eman eta jaso ditut. Joan den ikasturtean, Glotodidaktikari bultzada bat emateko eskaria jaso nuen eta, jakina, hainbeste jaso eta gero, ezin ezetzik esan. Jakinda inguruan oso prestatuta dagoen eskarmentu handiko jendea dagoela ikusita, hizkuntzaren irakaskuntzan dauden joeretan sakondu eta geurean ahalik eta modurik eraginkorrenean aplikatzeko saiakera egingo dugu, beti aurrera egiteko asmo garbiaz.

Harremanetan jartzeko

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

− 3 = 5