Izaskun Orue Sola: “Bullyinga zenbat eta hobeto ezagutu, orduan eta hobeto identifikatu, eta aurre egin ahal izango diogu”

Azpeitiko Udalak eta UEUk datorren azaroaren 24rako antolatutako Bullyingaren mugak gainditzen jardunaldiaren barruan “Bullyinga: zer da eta zer aldagaiekin erlazionatzen da?” hitzaldia izango da Izaskun Orue Sola Psikologian doktore eta Deustuko Unibertsitateko irakaslearen eskutik.

Bullyinga (edo cyberbullyinga) zer da eta zer ez da? Oraindik zalantzak sortzen dira?
Bullying-a errepikatzen den erasoa da, nahita egiten dena eta biktimari min egiteko asmoa daukana. Gainera, ez da indar orekatua dagoen erlazio batean ematen, biktimak indar gutxiago izaten du. Ez da bi umeen arteko borroka bat edo egun bateko istilu bat. Azken urteotan cyberbullying-a agertu da eta teknologia berrien bidez egiten den bullying tradizionalaren luzapen bezala hartzen da (Patchin & Hinduja, 2006). Bien artean antzekotasun handiak badaude ere (jokaera agresibo errepikakorrak, nahita eginak, min egiteko asmoa dutenak) badaude ezberdintasunak bien artean. Adibidez, cyberbullyingaren bidez erasotzen duen pertsonak bere identitatea askoz errazago ezkutatu dezake eta honek ondorioak ekiditea errazten du. Gainera, cyberbullying-a edozein mementotan gerta daiteke, ez da beharrezkoa erasotzailea eta biktima leku berean egotea. Beraz, biktimak ez dauka leku seguru bat, ezta oporretan ere ez.

Zeintzuk dira ezaugarriak bullying edo jazarpen gisa sailkatzeko?
Denboran zehar errepikatua izan behar da, nahita egina eta biktimak ez dauka aurre egiteko indarrik edo estrategiarik.

Eta ondorioak? Besteak beste, Cyberbullyingak depresioarekin edo droga edo interneten menpekotasunarekin duen harremana aztertu duzu.
Bai, ondorio ugariak erlazionatu dira: depresioa, antsietatea, autoestimu falta, drogen kontsumoa, buruaz beste egiteko ideiak eta jokaerak…

Zer da zehatz-mehatz jardunaldian landuko duzuna?
Jardunaldian bullying-a zer den eta zer ez den aztertuko dugu, nahaste handia baitago. Cyberbullyinga ere ikusiko dugu. Arrisku faktoreak eta ondorioak ere ikusiko ditugu.

Beharrezko zen era honetako jardunaldia?
Holako jardunaldiak beti daude ondo. Halako arazoak zenbat eta hobeto ezagutu orduan eta hobeto identifikatu eta aurre egin ahal izango diegu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

+ 18 = 23