Ibai Gandiaga Perez de Albeniz: “Eginkizun nagusia, ezbairik gabe, euskaraz lan egiten dugunon arteko sare bat jostea da”

”Arkitekturan, euskaraz?” II. Topaketa antolatu du UEUko arkitektura sailak abenduaren 2rako. Jardunaldia doakoa da, baina ezinbestekoa da aurretik izena ematea. Ibai Gandiaga Perez de Albeniz arkitektoak eman digu helburuen berri.

I. Topaketan sortutako diagnostikoa onestea da helburua. Lan-munduan euskararen egoeraren diagnosia egin zenuten. Zeintzuk izan ziren ateratako ondorioak?
Tira, arratsalde bateko saio batean nekez heldu gintezkeen horrelako gai mamitsu baten erroa -arkitektura munduan euskara nola txertatu- ondo aztertzera, baina hainbat gauza interesgarri mahaigaineratu ziren; eta nik uste, oro har, arkitekturan eta hirigintzaren alorrean egun topa daitekeen argazkia oso ondo irudikatu genuela. Hainbat sektore estrategikotatik etorritako parte hartzaileak izan genituen: Akademia, udaletxeetako teknikariak, euskara teknikariak, mundu profesionaleko pertsonak… Ondorio bat azpimarratu beharko banu, alde negatiboan, sektorean euskarak duen ahultasuna izango litzateke, eta oinarrizko baliabide gabezia. Alde positiboan, euskararen normalizazioaren alde lan egin nahi dugun arkitekto euskaldun askoren gogoa.

Bigarren topaketa honek diagnositik harago joan nahi du? Zer da lortu nahi duzuena?
Bigarren topaketaren zentzu nagusia jarraitutasun bat bilatzea da, dudarik gabe eta, zuk aipatu duzun bezala, aurretik egindako lana onestea. Tailerraren bigarren helburua, bestalde, egin beharreko bide-orriaren zirriborro bat diseinatzea izango zen, beharrezkoak diren tresnei arreta berezia emanez. Hau da, zein tresna dira beharrezko, gaur egun, euskaraz lan egin ahal izateko? Hiztegiak? Administraritzaren baldintza-agiriak aldatzea? Araudiaren itzulpen bat? Lehiaketa publikoen baldintza teknikoak aldatzea? Horrelako aferei heldu nahi diegu.

Horretarako biltzar irekia antolatu duzue. Zein izango da metodologia?
Gogoratu beharra dago mementoz, eta nahiz eta Udako Ikastaroen baitan jaio izan, UEUko Arkitektura Sailaren ekimen bat dela, eta nolabait auzolan zentzua duela “Arkitekturan, euskaraz” ekimenak, guztiz irekia dela. Horrek esan nahi du edonork duela etortzeko aukera, eta bere esparrutik eskarmentua konpartitu. Bildu ginen pertsonok lan-dinamika estua dugu, profesionalez osatutako bilkura bat zen eta ondorioz, fase honetan, ez zaio inori aparteko konpromisorik eskatu. Hori bai, argi gelditu zen, lehenengo topaketan, lan egiteko eta hazteko gogoa badagoela eta gogo hori bideratzeko ere aukera egongo da.

Urtean zehar lanean ibiliko den lan taldea ere osatu nahi duzue. Zeintzuk litzateke talde horren eginkizunak?
Tira, aurretik aipatu dudan bezala, gerturatzen den jendearen araberako lantaldea izango da, betiere kontuan izanik mementoz musu-truk egiten den lana dela. Eginkizun nagusia, ezbairik gabe, euskaraz lan egiten dugunon arteko -edo euskaraz lan egin nahiko genukeen arteko- sare bat jostea da, baliabideak elkarbanatzeko, eta zalantzak argitzeko. Hortik aurrera, jendearen lan egiteko aukerek eta gogoak emango diote neurria. Mementoz, “abiadura txikiko tren” batean sartzen bagara, eta gutxinaka aurrera egiten badugu, gaitz erdi.

Nori zuzendutako topaketa da?
Ba orokorrean diseinua, arkitektura, hirigintza eta lurralde antolamenduaren inguruan euskaraz lan egiten duen orori zuzentzen zaio deialdia, edota euskaraz lan egin nahiko luketenei. Aurrekoan EAEko hiru lurralde historikotako parte hartzaileak izan genituen, espero dezagun oraingo honetan beste euskal lurraldeetatik ere etortzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude