Mikel Ayestaran Olano: “Software librearen garapenarekin GISak ‘demokratizatu’ egin dira eta gai askotan aplikatu daitezke”

UEUk eta GISLAN kooperatibak antolatuta, “Geomatika eta inteligentzia espaziala” jardunaldia egingo da azaroaren 17an Donostiako Tabakaleran. Mikel Ayestaran Olano da arduradunetako bat. Geodesia eta Kartografian goi-mailako ingeniaria da bera eta GISLANeko GIS teknikaria. Berak eman dizkigu jardunaldiaren nondik norakoak.  Izena emateko epea irekita dago.

GIS edo Geografia Informazioko Sistemak izango dituzue mintzagai. Zer dira? Zein erabilera izan dezakete gaur egun?
GIS-ak mapa eta datu baseen bidez aldagai ezberdinak adierazi eta aztertzeko sistemak dira. Azken finean fenomeno ezberdinak lurraldearen gainean adierazteko tresnak dira. Duela gutxira arte alor oso espezializatuek erabili izan dituzte lizentzia kostuak medio. Azken urte hauetan, ordea, Software librearen garapenarekin, oso alor ezberdinetan aplikatzeko aukera ireki da eta, esan dezakegu, GIS-ak “demokratizatu” egin direla. Gaur egun, osasun azterketekin hasi, biologia zein geologiako azterketa ezberdinetatik pasa, arkitektura eta hirigintzarekin jarraitu eta udaletako zerbitzu sozialerako erabilerak ikusi daitezke. Azken finean, lurraldearen gainean adierazi daitekeen edozein aldagairen gaineko azterketak egiteko aukera ematen dute.

Azterketaz gain, katalogaziorako tresnak ere badira eta lurraldearen gaineko edozein elementu katalogatu dezakegu nahi adina ezaugarri kontuan hartuta (errepide baten zabalera, lur mota, eguneroko trafikoa, …)

Aipatu sistemak hartzen ari diren norabidearen inguruan hausnartzea ere bada topaketen helburua. Zein da norabide hori?
Geoteknologien barruan alor ezberdinak daude. Alde batetik, datuen alorra dago. Alor honetan, administrazio publikoak sartzen dira bete betean. Hauek DEA-en (Datu Espazialen Azpiegiturak) bidez banatzen dituzte datu espazialak. Atari hauen garapena, gaur egun, bide ezberdinetatik doa. Alde batetik, teknologiaren garapena dago, datu bolumen handiak nola kudeatu bai bisualizazio eta bai zerbitzu aldetik; eta, bestetik, datu katalogoa nola zabaldu, gai ezberdinetako datuak eskainiz. Beste alde batetik, geoteknologien garapena dago; zein alorretan aplikatzen ari diren, zein modutan eta zein emaitzekin.

Topaketara hainbat kasu praktiko ekarriko dituzue. Zenbaterainokoa da erabilera gurean?
Gero eta erabiliagoak dira, lehenago aipatu bezala, gai askotan aplikatu baitaitezke geoteknologiak. Izan ere, parametro eta datu multzo ezberdinak gurutzatuz arlo ezberdinetan oso erabilgarriak diren ezagutzak sortzen dira eta bide horretatik aukera berri eta oparoak sortzen dira. Jardunaldian ikusiko ditugun aplikazioen artean, udalen kudeaketarekin lotutakoak, hirien iraunkortasunerako adierazle sistemak, edo saguzarren habitaten identifikazioarekin lotutakoak daude. Esan bezala gero eta zabalagoa da erabilera, baina geratzen da bidea oraindik; Udalen kasuan, adibidez, erabilera ez baita izan daitekeen bezain zabala.

Jardunaldiko “AirBNB efektua Donostian” aurkezpenean, esaterako, arestian aipatutakoa ikusiko dugu. Izan ere, AirBNB plataforman dauden Donostiako pisu turistikoak biztanleriaren datuekin eta etxebizitzaren egoerarekin uztartu dira, horien artean ematen diren dinamikak aztertu eta hobeto ulertzeko. Gainera, gurutzaketa horietatik ateratzen diren ondorioak grafikoki adierazteko orduan ere bisualizazio ulerterrazago baterako urratsa ere ematen da.

Zer da zehatz-mehatz topaketetan landuko duzuena? Zein helbururekin?
Geografia Informazio Sistemen eta bestelako geoteknologien aplikazioak jendarteari hurbiltzea da helburu nagusietako bat. Erakundeen kudeaketa inteligente eta efizientean, enpresa munduan edo arlo akademikoan aipatu teknologiek eragiten dituzten onurak jendeari hurbiltzeko foro bat eskaintzea, finean.

Horrekin batera geoteknologien gaia euskaraz tratatzea ere azpimarratzeko aspektua da. Hortik dator Udako Euskal Unibertsitatearekin batera eta Donostiako Euskara Patronatuaren babesarekin antolatu izana jardunaldia. Gehienetan gai tekniko eta espezializatuen inguruan elkartu eta eztabaidatzeko foroak beste hizkuntzatan izaten dira, eta, gure ustez, euskarak ere badu lekua espazio horretan. Zentzu horretan, jardunaldia Euskal Herrian eta euskaraz gaiok lantzen dituzten pertsonen topagune izatea nahi dugu, elkar ezagutu eta etorkizunean elkarren arteko harremanetatik proiektu berriak garatu ahal izateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude