Jesus Mari Arruabarrena: “Argazki kontakizun on baten lehenego ideia mamitsu bati heldu behar zaio”

Azpeitiko Udalarekin elkarlanean Argazki kontakizuna. Istorioak garatzeko estrategiak ikastaroa antolatu du UEUk udazken honetarako. Jesus Mari Arruabarrena Gaztelurrutia argazkilaria izango dute irakasle.

Ikastaroak zenbat izango du argazkilaritzatik eta zenbat kontakizunetik?
Ikastaroaren ardatza argazkigintza izango da, irudien bidez kontatzen ikastea. Hala ere, ikasleen interesen arabera, hitzak presentzia handiagoa edo txikiagoa izango du. Izena ematen duten ikasle gehienak ohiko argazkilariak badira, irudiari emango diogu garrantzia handiagoa; eta ikasleak (argazkilariak izateaz gain) literatura zaleak badira edo hitzarekiko nolabaiteko interesa badute, arlo hori ere jorratuko dugu.

Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio du?
Batzuetan bai, baina beste batzuetan alderantzizkoa ere gertatzen da: mila hitz ez dira gai hitz bakarra adierazteko.

Zer behar du argazki kontakizun on batek?
Lehengo eta behin ideia mamitsu bati heldu behar zaio. Ondoren, ideia hori garatu egin behar da, irudi onak sortuz eta irudi horiek ondo antolatuz.

Zer da zehatz-mehatz ikastaroan landuko duzuna eta zein helbururekin?
Helburua da ikasleei eredu on ugari erakustea eta trebatzea, burutuko duten lan praktikoaren bidez. Ikastaroak hiru atal nagusi izango ditu. Beste sortzaile batzuen lan egiteko erak aztertzea (espazioa, denbora, egitura eta abar) batetik, nik egindako lan batzuk erakutsiko dizkiet bestetik eta azkenik ikasle bakoitzak bere kontakizuna sortuko du, argazkiak egin eta antolatu. Norbaitek testua lantzeko gogoa izango balu, horretan ere saiatuko ginateke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude