Arantzazu Luzarraga: “Etorkizun hurbileko euskal paisaiaren irudia aurreikusi eta bere beharrizanak lantzea da asmoa”

UEUren udazkeneko eskaintzaren barruan Euskal paisaiak 2050: Eibarko erronkak aztertuz lurralde zabalerako aukerak sortzeko ikastaroa izango da Eibarren. Arantzazu Luzarraga Iturrioz arkitektoa da ikastaroko arduradunetako bat. Izena emateko epea irekita dago.

Euskal paisaiak mahai gainean hainbat erronka dituela diozue. Zeintzuk?
Euskal biztanleriaren zahartze eta gainbehera prozesu geldiezina, teknologiari loturiko produkzio modu berriek behar dituzten espazio fisikoak nolakoak diren atzematea, baita morfologikoki oso mugaturik dagoen orografia bati aurre egitea ere.

Zergatik aukeratu duzue Eibar lagin moduan? Zerk egiten du berezi Eibar?
Eibar herria historikoki gai izan da dentsitate altua eta erabilera anitzak nahastearen bitartez euskal paisaia honetara ederki egokitu den ingurumena eraikitzeko. Industriaren gainbeherak utzitako ondare garrantzitsua ere badu bere baitan.

Baina lagina baino ez da…
Eibarreko paisaia desindustrializatua lanerako kasutzat hartuz, euskal lurralde eta paisaiara estrapolatu daitekeen esperientzia eraiki nahi dugu.

Zer da zehatz-mehatz ikastaroan landuko duzuena? Nola landuko duzue? Zein izango da metodologia?
Hirigintzan erabiltzen den Ahultasunak-Mehatxuak-Indarguneak-Aukerak (AMIA) taula lanerako tresna gisa harturik, tailer formatuko ikastaro praktikoa eskainiko dugu.

Lehenengo egunean (azaroak 11), sarrerako lau mikro-hitzaldi eta hitzaldi instrumental batez gain, “deriba” gidatua egingo dugu herria ondo ezagutzen duen Hirikiten kolektiboaren eskutik. Bigarren egunean (azaroak 18), hasteko lehenengo eguneko hausnarketak batuko dituen talde-dinamika eta tailerra antolatuko ditugu, segidan taldean landutako proiektuak aurkeztuko ditugu eta bukatzeko hausnarketa kolektiboa burutuko dugu mahai-inguru formatuan.

Zer lortu nahi duzue ikastaroarekin?
Ahultasun, mehatxu, indargune eta aukeren arteko erlazioak arakatuko ditugu etorkizun hurbileko euskal paisaiaren irudia aurreikusi eta bere beharrizanak lantzeko asmoz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude