Natxo Irigoien Iriarte: “Ekonomia linealean oinarritutako Europa batek ezin du urrutira joan”

UEUren 45. Udako Ikastaroen barruan “Biohondakinen konpostaren erabilera” ikastaroa izango da Beran. Bertako Udalaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin (NUP) elkarlanean. Natxo Irigoien Iriarte da ikastaroko arduradunetako bat. Nekazal Ingeniaritzan doktorea eta NUPeko irakaslea.

Konpostaren erabilera zenbatekoa da gaur egun nekazaritzan edo lorezaintzan? Zein da argazkia?
XX. mendearen bukaeran ongarri organikoen erabilera oso txikia zen, eta nekazaritza organikoan erabiltzen ziren ia bakarrik. Azkeneko urteetan, berriz, gauzak aldatzen ari dira sakonki. Ongarri mineralek nagusi izaten jarraitzen badute ere, gero eta zonalde gehiagotan ongarri organikoen erabilera handitzen doa; nekazaritzan zein lorezaintzan. Arrazoi ugari daude. Alde batetik, Europak berak eta kontsumitzaile askok gero eta elikagai naturalago eta iraunkorragoak eskatzen ditugu. Gure gizartearen zati handi bat ingurugiroarekiko jarrera positiboak hartzen eta kontsumo arduratsuagoaren aldeko apustu egiten ari da; eta horrek nekazaritza iraunkorrago baten aldeko trantsizioa azkartzea dakar Europa osoan. Nekazaritza iraunkor eredu honen gako nagusienetakoa ongarri organikoen, konposten, erabileran datza. Beste aldetik, ongarri mineralen prezioak oso aldakorrak dira eta goranzko joera erakusten dute. Azkenik, administrazioak jarritako arauak eta burutzen dituen kontrolek, profesionaltasuna, gardentasuna eta bermeak ekarri ditu ongarri organikoen mundura.

Europar Batasunak ekonomia zirkularraren alde egin du.
Bai, dudarik gabe. Horren zenbait adierazle garbi daude, adibidez, kotxe elektrikoaren promozioa, energi berriztagarrien bultzada eta nekazaritza ekologikoaren aldeko gobernu askoren apustua edota hondakinen legedi berriak. Ezin zitekeen beste modu batera izan, ekonomia linealean oinarritutako Europa batek ezin baitu urrutira joan. Europak lur eta lehengai gutxi ditu eta, beraz, kanpokoen menpekotasun ikaragarria dugu.

Dena den ekonomia abian dagoen bidaia hau zer abiaduran egin nahi dugun oso garrantzitsua da. Gaur egun oraindik nagusia den ekonomia linealaren inguruan interes ekonomiko eta sozial handiak, eta boteretsuak, daude eta bidea ez da erreza izango. Espainiar Estatuan energia berriztagarriak zabaltzeko trabak, “eguzki zerga”, horren adibide argiak dira.

Euskal Herrian bihondakinen konpostaren inguruan hainbat ikerketa egin dira. Zer da falta dena?
Euskal Herrian bihondakinen konpostaren inguruan esperientzia luze eta zabala dago. 60ko hamarkadan Felix Huarte Iruñeko enpresa gizonak dagoeneko Iruñerriko Zabor organikoarekin ongarri organikok ekoizteko planta industriala jarri zuen martxan. 20 urte beranduago Lizarraldeko hondakin organikoak konpostatzen hasi ziren, eta 20 urte beranduago ia Euskal Herri osora zabaldu da eredua.

Urte luze hauetan ongarri organikoekin froga asko egin dira; bai epe laburrean konposten eragina aztertzeko eta baita epe luzean ere. Adibidez, 20 urtez Gobernua Lizarraldeko mahasti batean biohondakinen konposta eta beste konpost eta ongarri mineralak urtero aplikatzen egon da; epe luzera lurrean ongarri hauen eragina aztertzeko asmoz.

Jakintza hauek ez dira behar bezala zabaldu nekazari, lorezain eta biztanle arrunten artean. Gainera, ongarri organikoen ezaugarriak eta eraginak oso aldakorrak dira. Ongarri organikoen ekoizleak enpresa txikiak eta askotan publikoak izaten dira eta ez dute ongarri mineralak ekoizten dituzten enpresa petrokimiken tresnarik, marketin departamenturik eta enpresa dinamikarik.

Zer da ikastaroan landuko duzuena?
Bi ataletan banatuko dugu. Lehenengo atala Beralandeta izeneko eraikinean izango da eta han biohondakinak konpostatzearen interesa aztertuko dugu. Jarraian konpostaren ezaugarriak eta erabilerak aurkeztuko dira eta arestian aipatu ditudan zenbait entsegu aurkeztuko ditugu. Hori guztia ikusi ondoren biohondakinen inguruko zalantzak eta kezkak komunean jarri eta argituko ditugu.

Bigarren atala guztiz praktikoa izango da eta ondoan dagoen Toki Ona institutuan burutuko dugu. Lanerako arropa jantzi eta eskularruak jarrita konpostaren ezaugarriak aztertzeko zenbait entsegu esperimental egingo ditugu landareekin. Entsegu sinpleak dira eta edonork bere etxean, balkoian edo ikasgelan bertan muntatu ahal ditu. Ideia da norberak bere konposta, bere baldintzen pean nola funtzionatzen duen jabetzeko gaitasuna garatzea. Gero bakoitzak bere entsegua etxera eramango du eta jarraipena emanen dio. Whatsapp-en bidez emaitzei jarraipena emanen diegu hurrengo astetan zehar.

Zein da azken helburua?
Alde batetik Biohondakinez egindako konposta erabiltzearen abantailak ezagutzea eta horren erabileraren inguruko zalantzak eta beldurrak argitzea. Beste aldetik, eta niretzat garrantzitsuena, pertsonak arlo zientifiko teknikoetan ahalduntzea; entsegu esperimentaletan inplikatuz, esperimenta dezatela beraiek, entsegu sinpleen bidez eta beste guztiekin elkarlanean, jakintza zientifiko tekniko berria sortu ahal dutela ikustea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude