Assumpta Ayerdi: “Sare lana etengabeko ikaskuntza eta eraikitze kolektibo bat da”

“Elkarlanean indarra: parte-hartzea, inklusioa eta parekidetasuna sare lanean” ikastaroa antolatu du EMAUS Fundazioak UEUren Udako Ikastaroen baitan. Assumpta Ayerdi Olaizola antolatzaile eta irakaslearekin hitz egin dugu bertan landutakoaz.

IKUSI BIDEOA

AssumptaAyerdi txikia
Assumpta Ayerdi

 

Egungo gizartea sareen gizarte bat dela diozue.
Bai, sare sozialak hor daude, eta ematen du dena globalizatuta dagoela. Baino gero banakako eta kolektiboen artean sareak sortzea eta batez ere guk nahi dugun balore eraldatzaileak bertan uztartzea lanketa bat egitea eskatzen du. Hori gainera guztion artean egin behar dugu eta baliabideak jarri behar dira horretarako. Hau da, ez dugu nahi izatea globalizazio, homogeneizazio huts bat zeinetan azkenean guk botere guztia galtzen dugun.

Artikulazio horiek kostatzen dira…
Bai, izan ere, faktore asko daude elkarlan eta sare lanean kontuan hartzekoak: botere-harremanak, rol desberdinak, erabakiguneak… Helburuak finkatu behar dira, adostu, zerbait esaten dugunean denak berdina ulertzeko… eta inklusio eta ekitatea bezalako irizpideak kontzienteki, hasieratik plangintzan txertatu behar dira. Prozesu hau etengabeko ikaskuntza bezala ulertu behar da.

”Elkarlanean indarra” izeneko lana argitaratu duzue Emausetik, sare lanaren gakoak aztertzeko.
Bai, hainbat elkarrizketa egin dugu Euskal Herriko esperientzietaz eta hortik beste lantalde batekin kontrastatuz hainbat gako eta irakaspen atera ditugu, eta erronkak ere bai. Lan hau ez da inolaz ere pausoz pauso jarraitu behar den gida, baizik eta kontuan hartzeko hainbat faktore biltzen dituena, gero modu konsziente batean bileretara eta plangintzetara ekartzeko. Azken batean, prozesu eraldatzaile bat gauzatzerako aurrerapausoak emateko baliabide bat da.

Zeintzuk dira gako nagusiak?
Alde batetik, sare lana etengabeko ikaskuntza eta eraikitze kolektibo bat dela. Ez dago formula bakar bat. Kideak dira subjektu, eta haiek antolatu eta berrikusten dute sare lan hori. Eta beste aldetik, guk irudikatzen dugun sare-lan horrek izan behar du zaintza, konfiantza eta partaidetzako espazioa.

Zer da ikastaroan landuko duzuena? Zein helbururekin?
Alde batetik prozesua bera azalduko dugu. Gero mahai-inguru batean hiru ikasleen esperientziak, irakaspenak, zailtasunak, eta beldurrak ere ezagutuko ditugu. Txileko Vía Campesinako kide baten parte hartzea ere izango dugu, eta baita ere Bilgune Feministako kide batena. Bukatzeko, inklusio kontzeptu horretan sakontzeko tailerra egingo dugu. Inklusioa era zabal batean ulertuta landuko dugu, ez bakarrik genero identitatearekin lotuta, etorkinekin edo baztertze egoeran dauden kolektiboei buruz, baizik eta adibidez euskararen kasuan ere nola landu dezakegun sare-lan batean, inklusioa eta kultura ere sustatzeko edota pertsonen izaera eta gaitasun desberdinak ere barneratzeko. Norberak eta sare-lan ekimen bakoitzak bilatu behar ditu bere erantzunak baina betiere galderak planteatuz, hausnartuz.

Vía Campesina adibide bezala ipini duzue.
Urteak daramatzagu Via Campesinako kideekin lanketa egiten. Sare-lanari dagokionez ere egituratu egin behar izan dira, testuingurura egokitu eta beraien barne erronketara ere bai. Iruditzen zaigu horrelako eragin sozial eta politikoa eduki duen mugimendutik asko daukagula ikasteko. Ez dut esan nahi berdina egin behar dugunik, baina adibide gisa interesgarria iruditzen zaigu.

Emausek sare lanean dauka jarrita fokua. Zergatik da hain garrantzitsua?
Iruditzen zaigu ezinbestekoa dela sare-lana eraldaketa lortzeko. Banan-banan ez dugu lortuko sistemari buelta ematea, ezta irudikatzea ere beste modurik badagoenik. Gainera, sare-lana era ireki batean ulertzen dugu, ez sektore berdineko eragileen artekoa. Sektore desberdinetako elkar topaketa bat lortu behar dugu, armiarma sare bat helburu hau partekatzen dugunon artean aurrera egiteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude