Maitane Muñoz: “Talde dinamizazioa balioetan, feminismoan eta partaidetzan oinarritutako metodologia bezala ulertzen dugu”

Baionako Udako Ikastaroen barruan “Talde dinamizazioa: hezkuntza herritarra eta bizipenetan oinarritutako metodologia” ikastaroa antolatu du UEUk Orue eskolarekin elkarlanean. Maitane Muñoz Iturria gizarte hezitzailea, metodologia parte hartzaileetan aditua eta UEUkidea, izango dute dinamizatzaile.

IKUSI BIDEOA

Maitane Muñoz txikia

Talde dinamiken inguruan hausnartzeko antolatu duzue ikastaroa. Zerk bultzatuta? Hezkuntza munduan aspaldian konturatu ginen esperientziatik ikastea ikaskuntzarik esanguratsuena zela. Zerbait hausnartzen, eztabaidatzen eta sentitzen dugunean ikasitakoa gorputzean grabatuta geratzen da. Tatuajeak bezala inprimatzen zaizkigu buruan eta azalean udalekuetan ikusitako animalia hura, edo bilera batean taldean-elkarrekin irakurritako Simone de Beauvoirren testu bat edo eskolako laborategian ulertu genuenean zer gertatzen zen izotz bat urtzen genuenean.

Beste eduki batzuk, aldiz, etorri bezala, buruz ikasi bezala, joaten dira, gure gorputzetan eraginik izan barik; hori bai, azterketa bat gaindituta edo bilera baten isil isilik, traba egin barik egonda.

Gaur egun, hezkuntza ez formalean edota militantzian formak/egiteko erak aldatzen ari dira, baina badirudi ikastetxeetan, gela barruan, curriculum itxi bat bete behar dugunez ezin dugula metodologia praktikoa erabili.

Taldeen dinamizazioan zein hutsune ikusten duzue orokorrean?
Sortzen den edozein taldetan (eskolan, militantzian, aisialdi taldean) botere harremanak ematen dira eta taldeen dinamizazio egoki batek botere harreman horietan esku hartu dezake praktika feminista sustatuz.

Helburua bezain garrantzitsua bidea delako; gure balioak helburua izan arren, gure egiteko era izan behar direlako. Horregatik, ulertzen dugu talde dinamizazioa balioetan, feminismoan eta partaidetzan oinarritutako metodologia bezala. Azken finean, metodologia bera eraldaketarako tresna bezala ulertzen dugu.

Paulo Freire pedagogoaren hezkuntza herritarra edo heziketa popularra izango duzue oinarri. Paulo Freirek Hego eta Ertamerikan sustatutako hezkuntza herritarra da talde dinamikaren oinarria. Pentsamendu bakarraren kontrako pedagogia honetan, jakintza kolektibizatzen da; are gehiago, herri bezala jakintza sortzen da zapalduei hitza emanez.

Pertsona edota taldea bera ikasketa prozesuan objektu pasibo izatetik, subjektu aktibo eta kritiko izatera pasatzen da. Taldean, esperimentatzen, hausnartzen, eztabaidatzen, irakurtzen, bizitzen eta sentitzen, gure egunerokotasuna kritikoki aztertzea, ikastea eta teorizatzea; eta ondorioz, eraldatzea da helburu nagusia.

Botere harremanak, parte hartzea… Zeintzuk dira ikastaroan landuko dituzuen alderdiak? Esan bezala, talde dinamizazioak botere harremanetan esku hartzea eta bizipenetatik teorizatzea du helburu. Horregatik, ikastaroko taldekideen errealitatea kontuan hartuta, beraiek dinamizatzen dituzten taldeetan zelan esku hartu aztertuko dugu.

Sormena eta kritikotasuna oinarri izanik gatazken konponketaz, dinamizazioaz, motibazioaz eta botere harremanez arituko gara. Hori dena gure dinamizatzaile papera ahaztu barik, gu izango garelako talde baten sostengua!

Baliabideak, gakoak eskaintzea ere bada asmoa. Ikastaro honen helburua gure praktikaren eraldaketa da. Horregatik, parte hartzaileen behar eta errealitatetik abiatuko gara. Ikastaroa behin bukatuta, beraien eguneroko praktika, bai eskolan zein militantzian, beste era batera egiteko eta beraien dinamizatzaile figura beste era batera ikusteko balio izatea nahi dugu.

Ikastaro honek hausnartzeko eta sortzeko espazio bat izan nahi du, gure praktika eraldatzeko espazio bat. Gu hezitzaileak alde batean jartzeko eta taldeari protagonismoa emateko, ikasketa autonomo bat sustatzeko eta botere harreman horizontalak sustatzeko. Normalean talde dinamizazioan eta metodologia parte hartzaileetan mugarik handiena gure mugak dira. Hezitzaile eta dinamizatzaileon mugak eta beldurrak. Ikastaroan beldur haiei kolektiboki aurre egingo diegu estrategia ezberdinak landuz. Erronka potoloa daukagu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude