Iratxe Retolaza eta Amaia Serrano: “Euskal narratibak genero irudikapenei dagokienez, ez du lortu emakumezkoen irudikapenak berdintasunean eraikitzea”

UEUren Eibarko Udako Ikastaroen barruan “Euskal Literatur Kritika eta Genero Ikerketak” ikastaroa egin da. Amaia Serrano eta Iratxe Retolaza ikastaroaren arduradunekin hitz egin dugu.

IRATXE-AMAIA

Amaia Serrano eta Iratxe Retolaza.

Zer da berez Literatur Teoria Feminista? Literatur Teoria literatur kontzeptuak, literatur terminoak, eta literatur azterbideak eraikitzen dituen esparrua da; eta hortaz, Literatur Teoria Feminista literaturaren azterketarako erabili ohi diren neurri horiek (kontzeptu, diskurtso, azterbide…) begirada feministatik auzitan jartzen dituen ezagutza-esparrua da, eta literatur testura hurbiltzeko azterbide berriak proposatzen ditu, betiere helburu izanda genero-hierarkiarik gabeko edo genero-zamarik gabeko irakurketa kritikoa garatzea. Euskal Literaturaren Ikerketetan, kasik ez da Literatur Teorian modu koherente eta iraunkor batean sakondu, eta ondorioz, bertako Literatur Ikerketetan ere ez da Literatur Teoria Feministen ikuspegitik ekarpen handirik egin.

Nolanahi ere, Literatur Ikerketen beste bi esparru hauetan, ekarpen handia egin da azken urteotan Genero Ikerketen ikuspegitik: Literaturaren Historian eta Literatur Kritikan. Hainbat ikertzailek lan egin dute literaturaren historian itzalean egon diren sortzaileak ikusgarri egiteko (besteak beste, Amaia Alvarez Uria, Gema Lasarte, Josune Muñoz). Ikerketa-lerro horretan, sortzailearen genero-kokapenari egin ohi zaio kasu, hain zuzen ere, zenbait kasutan genero-kokapen horrek ekarri izan duelako sortzaile horien bazterketa (edo literatura balioesteko bestelako neurriak erabiltzea). Bestalde, Literatur Kritikaren esparruan, batik bat testu literarioetan emakumeak nola irudikatu diren aztertu izan da Literatur Ikerketa Akademikoan (esate baterako, Gema Lasartek emakume nobelagileen pertsonaia femeninoak aztertu zituen doktorego-tesian; edo Amaia Alvarez Uriak Katalina Eleizegi antzerki-egilearen obran emakume-irudikapenak nola garatu ziren aztertu zuen).

Baina, Genero Ikerketetan ere bestelako bideak har daitezke, eta sortzaile zein testua genero-ikuspegitik aztertzeaz gain, komunikazio literarioaren beste aldagai asko ere azter daitezke genero-ikuspegitik (zein ikuspegi feministatik): hedabideetako diskurtsoak, literatur eragileen profilak zein harremanak, argitaletxeetako genero-logikak, prentsako literatur kritikan nolako genero-diskurtso garatzen diren, eta abar. Nahiz eta halako esparruen inguruko gogoetak egin ohi diren han-hemenka, oraindik ere esparru horien inguruko ikerketa edo azterketa sakonik ez da egin.

Zein da egoera euskal literaturari dagokionez? Genero Ikerketak Euskal Literatur Ikerketetan batik bat 2010eko hamarkadan hedatu dira; lehenago ere beste hainbat ikertzailek egin izan dituzte ekarpenak emakumeen sorkuntza ikusgarri egiteko, edo genero-diskurtsoak garatzeko (Joseba Gabilondo, Mari Jose Olaziregi…), baina, 2010eko hamarkadara arte ez dira garatu ikerketa-ildo sendoagoak eta sakonagoak. Jakina, 2010eko hamarkadatik aurrera akademiara ikerketa-ildo hori heldu aurretik, beste hainbat eragilek jardun zuten gogoeta-bide hori sustatzen: Skolastika akademia sortu zen (2003. urtetik aurrera), Emakumeen Jabekuntza Eskoletan edo Emakumeen Etxeetan formaziorako guneak eta irakurle-taldeak sortu ziren (2008. urtetik aurrera), Sareinak taldea sortu zen (2007. urtetik aurrera), eta abar.

Nola landu duzue generoa eta Gerra Zibilaren arteko erlazioa euskal eleberritan? 36ko Gerrari buruzko eleberrigintza oso zabala da, baina ikastaro honetan 1937tik 2011ra arteko eleberrietan generoa nola lantzen den ikusi nahi izan dugu. Epe-muga hori jarri dugu urte horretan utzi zuelako borroka armatua ETAk, eta konturatu garelako une horretatik aurrerako diskurtso sozial batzuk ez ezik, diskurtso literarioak ere ñabardura batzuk badituztela, aurreko eleberriekin konparatuz gero.

Eleberri hauek generoaren ikuspegitik aztertu ditugula esatean, testuan oinarritu gara. Komunikazio literarioan hainbat aldagaik hartzen dute parte, baina kasu honetan testu literarioetan zein genero-irudikatze egon den ikusi nahi izan dugu. Horretarako, pertsonaien irudikapenak aztertu ditugu, haien arteko harremanak nola gauzatzen diren, alegia.

Ondorioz, jabetu gara gizonezkoen eta emakumezkoen irudikapenak eleberri gehienetan, garai ezberdinetan, ez dutela aldaketa handirik izan. Gizonezkoa da gerrara joan izan dena, beraz, gatazkan modu aktiboan parte hartu duena, emakumezkoa etxean edo herrian zain geratu den bitartean. Beste batzuetan, ordea, zaintza lanak egokitu zaizkio: dela gudariaren zaintza, dela haurrena. Horrez gain, lehen eleberrigintza gisa sailkatu dugun eleberrietan (1927-1957), emakumezkoak gizonezkoen ideologiara lerratzen dira, kasu hauetan bikotearen ideologia bere eginez.

Dena den, badira genero irudikapen horietatik aldentzen diren zenbait pertsonaia. Esan dezakegu gerrari buruzko euskal eleberrigintzaren iruditegian emakumezkoak aktibista gisa agertzen direnean, anarkista edota antifrankista (ideologia gehiago zehaztu gabe) bezala irudikatzen direla. Koldo Izagirreren Euzkadi merezi zuten (1984) nobelan edota Patxi Zabaletaren Badena dena da (1995) obran horrela ageri dira, adibidez. Oro har, baina, gutxitan eman zaie haien bizipenak kontatzeko ahotsa. Eta ahotsa eman izan zaienean memoria indibidual eta min bat eraiki dute, memoria kolektiboan parte hartzeko aukerarik izan gabe. Ildo horretan, oso gutxi dira emakumezko pertsonaien genealogiak ahalbidetzen dituzten lan literarioak, eta salbuespen horietan (Jokin Muñozen Antzararen bidea (2007) edota Xabier Montoiaren Golgota (2008) kasu), minaren eta traumaren testuinguruan eraikiak izan dira.

Zeintzuk izan dira atera dituzuen ondorioak ikastaroetan? Ikastaro honetan ikusi da generoa literaturan nola eraiki den aztertzeko gogoa badela, ez soilik ikertzaileen aldetik, baizik eta irakurle arrunten aldetik ere bai. Hortaz, bertan eman diren hitzaldietan nabarmen geratu da euskal narratibak genero irudikapenei dagokienez, bere ibilbide laburrean ez duela lortu emakumezkoen irudikapenak berdintasunean eraikitzea. Gizonezko protagonistak gailentzen dira nagusiki, eta emakumezkoak agertzen direnean, ez dute trataera berbera. Halere, azken hamarkadako literaturak aldaketa bat ekarri du esparru honetan, izan ere, hasi dira emakumezkoen ahotsak eta gorputzak agertzen. Horren erakusgarri dira, esaterako, Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua (2001) eta Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat (2013) obrak.

Edozein kasutan, genero literarioen araberako azterketa sakonago bat merezi luke gaiak. Izan ere, hitzaldi sorta honetan narratiba hartu da batik bat ardatz nagusi. Nolanahi ere, komunikazio literarioan berebiziko garrantzia dute kritika literarioek, eta horri ere heldu zaio ikastaroan, 2005era bitarteko kritiketan, bederen, emakumezko sortzaile izatea markatzen zela argi erakutsiz, kritika obran oinarritu beharrean, askotan idazleari zegozkion ezaugarriak agertzen baitziren.

Era berean, sortzaileekin osaturiko mahai-inguruan belaunaldi ezberdinetako idazleek adierazi zuten generoaren auzia haiek nola bizi izan duten idazketan zehar. Haien ikuspuntuak erakutsi zigun garaia aldatu egin dela, eta genero kontzientzia badela, batzuek pertsonaien garapena modu kolektiboan eraiki dutela, guztia zalantzan jarriz, eta beste batzuek, aldiz, pertsonaien eraiketarako errealitatean ezagututako pertsonaiak baliatu dituztela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

85 − 84 =