Gorka Etxebarria: “Historia pertsonek egiten dute, beren bizi esperientziarekin, erabakiekin, emozioekin eta gogoetekin”

UEUren 45. Udako Ikastaroen barruan, atzo eta gaur, ETAren V. Biltzarra eta ziklo armatu iraultzailearen hasiera” izeneko ikastaroa ematen ari dira Katakrak-en. Gorka Etxebarria Dueñas UPV/EHUko doktoregaia eta UEUko Historia sailburua da arduraduna.

IKUSI BIDEOA

GorkaEtxebarria txikia
ETAren V. Biltzarra egin zenetik 50 urte betetzen dira aurten. Ziklo armatuaren hasiera izan zen. Zalantza barik, biltzar hartan hartutako erabakiek, epe luzeko eragina izan zuten. Euskal Herriko egoera politikoan lehen mailako bihurtu zen ETA handik aurrera, batetik. Eta protesta antifrankistaren egituratzeko eta gogatzeko funtsezko erreferentzia bezala funtzionatu zuen, bestetik. Hain zuzen ere orduan hasitako ziklo armatua hain luzea izan izanak, berebiziko eragina izan du atzera begirakoak egiteko orduan. Nolabait, norbanako eta kultura politiko bakoitzak bere iritziak eta obsesioak ezartzen ditu, fenomeno aldakor eta konplexu baten aurrean kontraesanik gabe kokatzea bilatuz. Ezinbestean, ETAren V. Biltzarrean indarkeriaren erabilera zehatz bat egitearen hautua etengabeko eztabaida iturri izan da eta izango da.

Ikuspuntu desberdinetatik landuko da gaia eta bizipen pertsonalek duten garrantzia azpimarratu nahi izan duzueEsan bezala, fenomeno aldakor eta konplexu baten aurrean gaude. Eta historia ez dute erakundeek, ekonomiak, edo progresoak, modu abstraktu batean egiten. Historia pertsonek egiten dute, beren bizi esperientziarekin, erabakiekin, emozioekin eta gogoetekin. Historia egiteko orduan, marko eta prozesu historiko orokorren garrantzia ukatu gabe, funtsezkoa da pertsona zehatzek fenomeno historiko bat nola gogoratzen duten jasotzea. Beren bizitzan izan zuen eta duen eragina ezagutzea. Horregatik, ikastarora posizio politiko ezberdinak hartzen joan diren protagonistak gonbidatu ditugu.

Genero ikuspuntutik ere landuko da gaia. Ikuspegi androzentrikoa nagusitu izan da orain arte. Genero ikuspuntua ezin da izan emakumezkoen historiari dagokion zerbait bakarrik, ez eta atxiki modazko bat gai bat lantzean. Historiako memento guztietan, gizon izateak eta emakume izateak zer ekartzen duen erabat presente dago, jaio garenetik bizi dugun elementu bat delako. Ikastaroaren planteamenduan ez da kontakizun maskulino bati osoko emendakin bat bilatzen (eztabaida hori presente egon daitekeen arren), are gehiago, kontakizun zehatz batetik ahal bezainbeste urrundu nahi izan dugu, gonbidatu ezberdinekin. Aldiz, nire ustez, pertsonek egiten dugun historia horretan emakumetasun eta gizontasun idealek duten presentzia beti gogoan edukitzea da genero ikuspuntua sakonki txertatzearen esanahia.

Tartean Ipar Euskal Herriko esperientziak ere jasoko dira. Euskal herritarrak mugako komunitate bat gara. Baina mugak pisu izugarria du. Exotiko zaizkigu bestaldeko euskaldunak, bai batzuei zein besteei. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, muga hori, guardia zibilek gogor zaindua, inoiz baino malguagoa izan zen paradoxikoki; eta mugatik alde batera eta bestera joan-etorria egin zuten ideiek eta pertsonek. Baina badirudi belaunaldi hartatik, itzaltzen joan dela joan-etorriko emaria. ETAk iparraldeko jendartean izan zuen eragin politiko eta soziala jasotzea, batetik, eta iparraldeko biztanleek hartutako erabaki propioak ulertzea, bestetik, funtsezko dira gure ikastaroan; mugaren bi aldeetan bizi garen komunitatearen parte gure burua dugunontzat.

Zuen esanetan, ikastaroaren asmoa ez da irakurketa hertsiki politikoak edo moralak mahai-gaineratzeaHistoria ez da neutroa. Ezin da bakoitzaren posizio politikoetatik eta aurreiritzi eta testuinguru moraletik banatu. Hori buruan edukitzea funtsezkoa da historia egiteko orduan. Baina aldi berean, kontziente izate horrek eraman behar gaitu esfortzu ahalik eta handiena egitera: batetik, kontakizun politikoki lerratuetatik eta kontakizun moralizatzaileetatik ihes egiteko; eta, bestetik, historiara bere konplexutasun osoan hurbiltzeko.

Zein da ikastaroaren azken helburua? Helburuen obsesioetatik ihes egitea, agian, kar kar kar. Ez da gure helburua ETAren V. Biltzarrak hasitako zikloaren azalpen historiko behin betikoa eskaintzea. Ez da gure helburua kultura politiko bataren edo bestearen interpretazioak emendatzea edo sostengatzea. Aitzitik, entzutea, batak bestearengatik ikastea eta antolatzaile, irakasle eta ikasleek parte hartzea da nahi duguna. Heziketa eta historia ulertzeko modu baten adierazpen izan nahi du ikastaroak, eta hortik ekarpen txiki bat egitea jendarteari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

99 − 97 =