Arkaitz Zarraga: “Hizkuntza irakasteko moduak ere erabat baldintzatzen du gaitasun komunikatiboa”

UEUk eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak elkarlanean “Ahozkotasuna hizkuntza geletan: entzumena, mintzamena eta ahozko elkarreragina lantzen” izeneko ikastaroa antolatu dute. Arkaitz Zarraga Azurmendi irakaslearekin egon gara ikastaroa hasi aurretik.

IKUSI BIDEOA

Arkaitz Zarraga txikia

 

 

 

 

Ahozkotasunean hutsune handia dugu. Jendaurrean hitz egiteko gai den jende gutxi dago. 
Bai, egia esan hor badugu hutsune bat. Baina ez da soilik jendaurrean hitz egitean antzematen, solasaldi arruntetan ere gertatzen da sarri. Lagunarteko egoeretan, euskaldun askok gaitasun handiagoa du alboko erdaretan. Horrek erabileran eragin zuzena du, noski, baina baita hizkuntzarekiko pertzepzioan ere. Alde batetik horretan zerikusi handia du erdarekiko dugun esposizio zabalak eta euskararekiko urriak (telebistan, irratietan, sareetan…). Beste aldetik, hizkuntza irakasteko moduak ere erabat baldintzatzen du gaitasun komunikatiboa: idatzizkoan ardaztutako metodologiak erabiliz gero, ezin dugu pentsatu ikasleak ahozko interakzioan trebeak izango direnik.

Eta hezkuntzan, behar lukeen lekua al du ahozkotasunak ikasgeletan?
 Orain arte ez du izan. Tradizio pedagogikoak eta hizkuntzaren ikuspegiak idatzizkoan oinarrituta egon dira. Hizkuntzalaritzak hizkuntzari sistema linguistikoa den aldetik begiratu dio, hau da, lexikoari, morfologiari, sintaxiari… Esan daiteke, gainera, nagusiki aldaera estandarrean jarri dela fokua. Hizkuntzari berari eman zaio garrantzia eta ez erabilerari. Gainera, orain arte ahozkoa iheskorra izan da. Idatzizkoaren gainean lan egiteak aurrera eta atzera ibiltzeko aukera ematen digu, azpimarratzeko, zuzentzen erraza da… Ahozkoa, ordea iheskorra da, haizeak eramaten du. Baina gaur egun, baditugu ahozkoa gorde eta manipulatzeko tresnak. Horiek baliatu behar ditugu hizkuntzak irakasteko modua iraultzeko.

Nondik hasi behar da egoerari buelta emateko?
 Hasteko, hizkuntzari beste modu batean begiratu behar diogu. Hiztunen ahotan aztertu behar dugu, betiere helburu komunikatibo jakinak betetzera begira eta testuingurua kontuan hartuta. Horrek gure programazioetan oinarrizko unitatea ekintza komunikatiboak izatea ekarri behar du, ez eduki linguistikoak. Ekintza horiek idatzizkoak zein ahozkoak izan beharko dira, baina, orain arte ez bezala, lehentasuna ahozkoek hartu beharko dute.

Zer da zehatz-mehatz ikastaroan landuko dena?
 Hasteko, gaitasun komunikatiboa zer den ondo aztertuko dugu, horretarako egun ditugun neurgailuak erabilita, eta horien arabera programatzen trebatzea bilatuko dugu. Beste alde betetik, ahozkoak dituen ezaugarriei begiratuko diegu, idatzizkoak ez bezalako legeak baitauzka. Ondoren, ikas-irakas prozesuko urrats didaktikoak sekuentziatzen ikasiko dugu. Azkenik, ikasleei gaitasuna eskuratzeko prozesuan laguntzeko ariketen tipologia aztertuko dugu.

Zein helbururekin? Zer da ikastaroarekin lortu nahi zenukeena?
Hizkuntzen irakaskuntzan (eta bereziki euskararen irakaskuntzan) ari direnei ikuspegi komunikatiboa eta ahozko hizkera lantzeko tresnak ematea da helburua. Argi dago irakasleek badutela ahozkoa lantzeko gogoa, baina, askotan, urteetan jasotako eta erabilitako metodoetatik irtetea ez da erraza izaten, eta ez dute baliabide didaktiko egokirik aurkitzen. Pentsaera okerra dago hedatuta: hitz egiten hitz eginez ikasten da. Idatzizkoan bezala, trebatu egin behar ditugu ikasleak, edo, hobeto esanda, treba daitezen bide egokia proposatu. Ikuspegi hori zabaltzea da ikastaro honetako helburu nagusia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude