Gotzon Carcar:” Gizaki bati egin diezaiokegun kalte handienetarikoa bere buruaz arduratzeko ikasbidea lapurtzea da”

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean Coaching Bigarren Hezkuntzako ikasgeletan doako ikastaroa antolatu du UEUk maiatzerako. Gotzon Carcar Muerza coach-a eta UEUkidea izango da irakaslea. Izena emateko epea irekita dago.

Gotzon Carcar

Coaching-a ez da terapia bat, argi utzi nahi izan duzu hasieratik.
Ez, ez da terapia. Coaching zer den argi uzteko, oraindik beharrezkoa da hori esatea, jende askok nahastu egiten duelakoz.

Argi eta garbi utzi behar da Coaching prozesu batean coach-ak ez duela aholkurik ematen, ez irtenbiderik, ezta errezetarik ere. Beraz, ez dio bere bezeroari esaten nola pentsatu behar den, ezta ere zer den berarentzako komenigarriena bizitzako edozein egoeraren aurrean.

Enpresa munduan batez ere asko entzun arren, ezezaguna da oraindik?
Coaching-a bada ezaguna enpresa munduan eta arlo pertsonalean ere bai; hala ere, oraindik askoz gehiago zabaldu daitekeela argi dago. Irakaskuntzaren eremuan etorkizun ederra izanen du ziurtasun osoz; irakasleak oso behartuak daudelakoz ikasleen harremanak ahalik eta hobekien kudeatzera.

Coaching-a berez galderak egiteko artea dela diozu. Galderak zein helbururekin?
Coach baten ardura da, beste pertsona (bezeroa = coachee) sakonki entzutea, berarekin konfiantzazko harremana sortzea, enpatia sakona lortzea da. Behin hori guztia lortuta, bezeroari galderarik garrantzitsuenak egin ahal izango dizkio, eta bezeroak bere baitan, gehien komeni zaiona azalduko dio bere buruari.

Hori da helburua. Sokratesek esan zuen bezalaxe: “Nik ezin dizuet ezer irakatsi, bakarrik laguntzen ahal dizuet zuen baitan ezagutza bilatzen, eta hori nire jakinduria urria zuei eskualdatzea baino askoz hobea da”

Zertarako izan daiteke lagungarri Bigarren Hezkuntzan?
Alda ditzagun aipatutako hitz horiek: coach eta coachee (bezeroa) kendu eta jar ditzagun irakasle eta ikasle.

Kontuan hartu gaur egungo irakaslearen ereduak epailearen ereduarekin antza oso handia duela; eta ez bakarrik azterketak ebaluatzeko unean, orokorrean, harremanetan ere bai. Ardura hori askotan gehiegizkoa da irakaslearentzat, eta ikasleari bere buruarekin arduratzeko ikasbidea lapurtzen zaio aldi berean. Gizaki bati egin diezaiokegun kalte handienetariko bat izan daiteke hori.

Beraz, ez da lagungarria izanen bakarrik Bigarren Hezkuntzan, baizik eta irakaskuntzan eremu guztietan, unibertsitatean barne. Guztien artean harremanak hobetu daitezke coaching-ari esker irakaskuntzan. Eta nola ez, familian ere izanen litzake guztiz lagungarria.

Nola landuko duzu ikastaroan?
Ikastaroaren iraupenak baldintzatzen du nola landu. Teoria ahalik eta gutxien izanen da eta batez ere ariketa praktikoak izango dira, denbora aprobetxatzeko. Parte-hartzaileak egiten duten ariketa bakoitzaren aurretik erakustaldia ere eginen dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

55 − 47 =