Ester Alvarez Uria “Heriotza bizitzaren parte da. Haurrek bizitzen ikastea bada xedea, ez du zentzurik gaia alboratzeak”

Udazkeneko eskaintzaren barruan, UEUk Galerak, heriotza eta dolua haurren hezkuntzan ikastaroa antolatu du Eibarren. Ester Álvarez Uria irakaslearekin egon gara gai horretan sakontzeko asmoz.

UEUiruñea2 nerea

Zein helburu ditu ikastaroak?
Helbururik garrantzitsuena galera eta doluen inguruan daukagun ezagutza areagotzea izango da, eta norberaren burua abiapuntutzat hartuko dugu, gai honen inguruan ditugun iluntasun eta argitasunak ezagutzeko eta gure errekurtso propioak topatzeko. Haurrak heldua behar du bere garapenean laguntzeko, eta horregatik helduak bere burua ondo ezagutu behar du, ezagutza hau izango baita hezkuntza prozesuaren tresnarik garrantzitsuena. Bestalde, haurra, galerak, heriotza eta doluaren inguruko hurbilketa teoriko-praktikoa eskaintzea ere bada helburu; haurrekin heriotza baten aurrean nola hitz egin jakiteko, eta galeraren ondorioz haurrek esperimentatu ditzaketen emozio-egoerak ezagutu eta laguntzeko bideak aztertzeko.

Zergatik da hain garrantzitsua gai hau haurrekin lantzea?
Galeraren esperientzia nonahikoa delako gizakiaren bizitzan; ematen dugun pausu bakoitzeko, zerbait galtzen dugu. Heriotza bizitzaren parte da eta hezkuntzaren helburua gizakiaren garapen osoa bada, haurrek bizitzen ikastea bada xedea, ez du zentzurik hezkuntzan gai hau baztertzeak edo alboratzeak. Beraz, geure buruari galdetu geniezaioke “etxeetan haurrekin gai hauetaz hitz egiten al da?” edo “zer dela eta orokorrean ez da heriotzaren pedagogia bat lantzen eskoletan?”. Agian heriotza tabu bihurtu delako gure gizartean, sufrimenduarekin lotzen den ideia bat, eta hedonismoaren balorearen aurrean, ekidin beharreko gaia bilakatu da. Bada garaia gai honen gainean begirada jartzeko, hezkuntza prozesuan tokia egiteko, haurrei laguntzeko, beraien bizitzan izango dituzten galera eta dolu prozesuei aurre egiteko ondo hornituak egon daitezen.

Adinaren arabera ezberdin landu beharko da, ezta?
Heriotza kontzeptu konplexua da, eta bere osotasunean ulertzeko bidea luzea izaten da. Adin desberdinetan, eta hauetan ematen den garapenari esker, ulermen desberdinak (gero eta sakonagoak) izango ditu haurrak heriotzaren inguruan. Honen jabekuntzaren prozesuan laguntzeko, hauek ezagutu behar ditugu, baita haurraren garapen aldi desberdinei dagozkien ezaugarriak kontutan hartu ere, dolu prozesu batean laguntzeko gure esku hartzea hobeto egokitzeko.

Eta generoaren ikuspuntutik?
Dolu prozesuak badu bere alde indibiduala, eta bere alde soziala. Honi begira, gure gizartean generoaren arabera topa ditzakegun desberdintasunak ezagutzea garrantzitsua da; alde batetik dolu-prozesuen adierazpen modu desberdinak ezagutzeko, eta bestetik, modu desberdin hauen aurrean gizartean dauden usteak ezagutzea; bai geure buruarengan, bai besteengan izan dezaketen eraginaz jabetzeko.

Zein metodologia erabiliko duzu?
Ikastaroa teoriko-praktikoa izango da. Batzuetan bakarkako lana egingo dute, beste batzuetan talde txikietan edo talde handian arituko gara. Esperientzia bidezko ikaskuntza bultzatzeko rol-playing erako jarduerak izango dira, eta aurkeztuko diren eduki teorikoen hausnarketa bultzatuko da, horretarako taldekideen partaidetza aktiboa sustatuz.

Nori zuzenduta dago ikastaroa?
Gai honetan interesa duten pertsona heldu guztiei zuzenduta dago (irakasleak, hezitzaileak, gurasoak,…).

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

3 + 5 =