Ainhoa Lasa: “Euskaraz noiznahi eta nonahi eroso aritzea desiragarria ezik, lorgarria ere bada”

“Zenbat aldiz gertatu ote zaigu elkarrizketa bat euskaraz hasi eta gaztelaniaz hitz eginez amaitzea, mintzakideak hartara eraman gaituelako, edo besterik gabe geu ohartu gabe eta pisuzko arrazoirik gabe gaztelaniara pasatu garelako?” Zergatik egiten dugun ulertzeko, deserosotasunik ez sentitzeko eta aldatu nahi duguna aldatzeko gakoak ezagutzen laguntzeko TELP (taller d´espai lingüístic personal) tailerra izango da udaberrian Eibarren. Ainhoa Lasa Agirre EMUNeko aholkulariaren eskutik izango da hori. Hizkuntza portaeretan aditua da bera. Izena emateko epea irekita dago.

AinhoaLasa2

Euskaraz noiznahi eta nonahi eroso aritzea. Horixe TELP tailerraren helburua
Desiragarria, ezta? Lorgarria ere bada, ba! Askotan erdaretara jo ohi dugu deseroso sentitzen garelako euskaraz, ez ondokoekin komunikatzeko ezinbestekoa delako. Are gehiago, batzuetan nahikoa izaten da besteak erdaraz entzutea gu erdaraz hasteko. Kasu askotan, ondoko laguna dugu euskalduna, euskaraz bizi nahi dugu, baina ez dakigu nola egin aldaketa. Aurreiritziek ere ez digute laguntzen; presaka gabiltzalako egiten dugu erdaraz, aurrekoak itxura jakin bat duelako, ustez erdalduna den herri batean gaudelako, hamabosteko talde batean baten batek ez duelako euskaraz hitz egiten… Egoera horietako askotan erdaraz egiten ohitu gara eta euskaraz egitean deseroso sentitzen gara.

Ikasitako portaerak dira. Jende askok euskaraz egiten du euskalduna dela badakien jendearekin bakarrik; baina ikas dezakegu muga horiek gainditzen.

Egoera errazak batzuk eta makurragoak besteak; TELP tailerrean horiek landu eta euskaraz modu erosoan egiten ikasiko dugu.

Sorrera Valentzian du, baina azken urteotan Euskal Herrian asko zabaldu da. Beharra zegoen seinale?
Bai, eta oraindik ere behar handia dagoela esango nuke. Euskaraz bizi nahi dugu, euskaraz bizitzeko aldarria egiten dugu, baina asko kostatzen zaigu ohitura zaharrak aldatzea, ez dakigulako nola egin.

TELPak euskarari modu erosoan eusteko baliabideak emango dizkigu, horren behar handia dugu, ahalduntzeko beharra dugu. Erdarara asko eta erraz jotzen dugu gogoak kontrakoa esaten badigu ere, aurreiritzi eta beldur handia dugu. Horiek beste prisma batetik ikusi behar ditugu, eta gure senari kasu egiteko indartu egin behar gara.

Besteak beste asertibitatea landuko duzue
Hori da. Jokabide asertiboan jarriko dugu arreta, nork bere burua errespetatzen eta bestearena kontuan hartzen ikas dezakegu.

Oro har euskara alde batera uzten ikasi dugu, balizko oztopoen aurrean erdarara jotzen, eta hori bera irakasten ari gara. Horri buelta eman eta beste modu batera jokatzen ikasteak mesede egingo liguke, nahi duguna eta egiten dugunaren arteko koherentzia izaten lagunduko liguke. Egoera anitzen aurrean trebezia anitzak garatuko genituzke, eta deserosotasunak ikaragarri murriztuko lirateke. Hiztun askeak izateko bidea egin behar dugu; eta hori eskubideak eskatzeaz gain, baliatzen ikastea ere bada, modu eroso batean, denboran iraunkorra izango den modu batean.

Norbaitek gaizki jokatzen badu, esaten ikasi behar dugu, kritikak modu egokian egiten, mugak jartzen, nahi duguna eskatzen, eskerrak ematen, ezetz esaten edo jaramonik ez egiten. Nahi dugun eta barruan gordetzen dugun hori esaten eta modu egokian esaten ikas dezakegu.

Gauzak ikusteko modu berri bat da eskaini nahi dena, azken batean?
Bai, betaurreko berri batzuk jantzi behar ditugu. Badira egoera errazak, zailak eta ia gaindiezinak. Horiek desberdinduz gero, euskara edo erdara erabili, eroso sentitzeko modua izango dugu. Gakoa gure buruak esaten digun eta gure barrenak uzten digunaren arteko distantzia txikitzea da; ahal dela, guk nahi dugun moduan biziz. Nahi dugun horri eusten ikasiko dugu, dotoreziaz egiten, inor ez mintzen, eta ondo ari garela sentitzen.

Gogoa eta entrenamendua behar ditugu, besterik ez. Egoerak ulertzeko ikuspegi berri bat gureganatu behar dugu, gure burua ahaldundu, konponbideetarako irudimena landu, asko entrenatu eta erosotasuna etorriko da. Egoera desatseginak murrizten, hizkuntza kudeatzen eta euskaraz zamarik gabe egiten ikas dezakegu; euskaraz eroso egingo dugu.

Zein izango da metodologia?
Elkarrizketa luze bat izango da, bideratua gaietan, parte hartzailea. Tarteka bideoren bat. Eta taldeko ariketak. Garrantzia handia ematen diot ondo pasatzeari, gustura egoteari, bakoitzak esan nahi duena esateko espazioa sortzeari. Kalera eroso aterako bagara, barruan eroso egon garelako izango da. Ez dago beste modurik.

Bizi izandako esperientziak eta kezkak partekatzeko tartea egongo da, bakoitzak ekar dezakeenari heldu eta denon artean gatazkak konpontzeko irtenbideak bilatuko ditugu.

Nori zuzendutako ikastaroa da?
Hartzailea euskaraz bizi nahi duen edota euskara gehiago erabili nahi duen euskalduna da. Ezinetatik harago joan nahi duena, oztopoak ikusi eta gainditu nahi dituena. Euskara gehiago egiteko baliabideak behar dituena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

3 + 7 =