Luixa Reizabal Arruabarrena, Ainize Sarrionandia Peña eta Maialen Eldua Azkarate: “Gure jendartean ‘maskulino’tzat hartzen diren balioak eta gaitasunak lehenesten dira eskolan”

Nola hezi genero-berdintasunean eskolaren eremuan ikastaroa eskainiko dute on-line Luixa Reizabal Arruabarrena, Ainize Sarrionandia Peña eta Maialen Eldua Azkaratek. 2015ean plazaratutako Genero-berdintasunean hezteko gida izango dute oinarri. “Hala ere, ikastaroan ez dira gidan jorratzen diren gai guztiak landuko, 30 orduk ez baitute horretarako aukerarik ematen”.

Maialen, Ainize eta Luixa elkarrekiin

Ezkerrik hasita: Ainize Sarrionandia, Luixa Reizabal eta Maialen Eldua

Egungo hezkuntza sistema androzentrikoa da?
Bai. Izan ere, modu sotilean errealitatearen ikusmolde bat transmititzen du, zeinak gizonak hartzen dituen ardatz nagusitzat. Baloratzen den pertsona-eredu nagusia maskulinoa da eta emakumeak baztertu eta gutxietsi egiten dira. Gehiago baloratzen dira tradizionalki maskulinotzat hartu ohi diren praktika, jarduera eta motibazioak, femeninotzat hartzen direnak baino.

Nola gertatzen da transmisio hori?
Besteak beste, curriculum formalaren bitartez. Edukiei dagokienez gaitasun batzuk (harremanak, kooperazio eta autonomia pertsonalerako beharrezkoak diren gaitasunak, hezkuntza afektibo-sexuala, hezkuntza sozioemozionala eta bakerako hezkuntza, kasu) baztertu egiten dira eta lan-arloan baliagarri izango diren alderdiak (bereziki hezkuntza intelektualarekin edo instrukzioarekin zerikusia dutenak) lehenesten dira. Irakasgai batzuei (Matematika, Ingurune Natural eta Sozialaren Ezagutza edo Historia, adibidez) garrantzia handiagoa ematen zaie beste batzuei baino (Gorputz Hezkuntza, Arte Plastikoak eta Musika, esaterako). Gainera edukiak modu androzentrikoan jorratzen dira. Baztertu egiten dira emakumezko pertsonaiak, haiek egindako ekarpenak, bai eta emakumeen bizimodu-ereduak ere, eredu maskulinoari jarraitzen ez badiote. Gudei, borrokei eta ekoizpen-moduei ematen zaie garrantzia, baina ez jendarteek bizirauteko egin behar izaten dutenari; hau da, zaintzari, elikadurari, garbiketari, harremanei, lotura afektiboei eta antzekoei.

Hori edukien kasuan eta metodologiari dagokionez?
Didaktika eta irakaskuntza-metodologiak boterean oinarrituta daude —hau da, autoritarismoan oinarritzen dira— eta bertikalak dira, jendarte patriarkala bezala. Izan ere, irakasleek esandakoa onartu edo/eta ikasi egin behar izaten dute ikasleek, zigorra, «gutxiegi»a, gaitzespena eta antzekoak ekiditeko. Botere-mendekotasun harremana sortzen da irakasle eta ikasleen artean eta, «arauak» (besteak beste, genero-aginduak) betetzen ez dituztenak «zigortu» egin behar direla ikasten dute ikasleek. Ondorioz, aniztasunarekiko (esaterako, familia-aniztasuna; sexu-aniztasuna, arraza-aniztasuna…) jarrera negatiboak garatzen dituzte eta «arauak» hausten dituztenak (homosexualak, bisexualak edo transexualak kasu) zigortu egiten dituzte. Gainera, irentsi egiten dute irakasleek transmititutako informazioa, horren inguruan hausnartu gabe. Horregatik guztiagatik, uste dugu ezinbestekoa dela egungo hezkuntza-sisteman indarrean dauden didaktika eta irakaskuntza-metodologiak aldatzea.

Liburuetan ere presentzia txikia dute emakumeek
Hezkuntza materialei dagokienez, mendebaldeko kulturaren genero-aginduak transmititzen dituzte eta heteronormatiboak —hau da, arau moduan heterosexualtasuna hartzen dutenak— dira. Pentsaera androzentriko dikotomikoan oinarrituta daude; hau da, errealitatea kontrajarririk dauden maskulinora eta femeninora mugatzen duen pentsaeran. Zati maskulinoari femeninoari baino balio handiagoa esleitzen dio. Izan ere, alde femeninoa ez da aipatzen, baztertu eta ezkutatu egiten da, horretarako arrazoirik eman gabe —toki eta urte askotan hezkuntzatik at gelditu da— eta, agertzen bada, gutxiago balioesten da. Emakumeak apenas agertzen dira material didaktikoetan, eta soilik agertzen dira eredu maskulinoari hurbiltzen bazaizkio. Ondorioz, neskek itxaropenak mugatzen dizkieten identifikazio-ereduak garatzen dituzte eta ez dute beren burua balioesten. Mutilek, berriz, beren burua giza lanen protagonistatzat ikusteko joera garatzen dute eta balio txikiagoa duten erreferente edo eredu femeninoetatik urruntzeko joera izaten dute.

Curriculum formalaz gainera, ezkutuko curriculumaz ere hitz egin behar dugu, ezta?
Zalantzarik gabe. Gure jendartean «maskulino»tzat hartzen diren balioak eta gaitasunak lehenesten dira eskolan. Esaterako, instrukzioa eta ezagutzaren transmisioa sustatu eta arlo sozioemozionala baztertu egiten da; lehia eta mendekotasun-harremanak sustatzen dira, lankidetza baztertuz; lan ordaindua etxeko lan, zainketa-lan edo lan boluntario ez ordaindua baino gehiago balioesten da; ekoizpena osasun eta ongizatearen gainetik jartzen da; lehia-kirolak jolasak baino gehiago baloratzen dira, etab. Hala, pertsonek ez dute gaitasunik alor sozialean eta afektiboan modu egokian jarduteko eta mendekotasun-harremanak sortzen dira.

Nahita zein nahigabe
Irakasleek, nahi gabe ere, hainbat gauza irakasten dizkiete ikasleei. Besteak beste, generoarekin zerikusia duten gaiak. Demagun mutil txiki bat erori eta negarrez hasten dela. Ez da ezohikoa izaten halako egoeretan irakasleek honako mezu hauek edo antzekoak transmititzea: «mutilek ez dute negar egiten»; «neska ematen duzu». Horrelako egoeretan haurrek sexismoa eta genero-estereotipoak bereganatu ohi dituzte eta gehienetan, esperientziak aurkakoa irakatsi ezean, estereotipo horiek onartu eta etorkizunean izango duten uste-sisteman sartzen dituzte.

Lan-orientazioa ere sexuaren araberakoa izaten da askotan. Izan ere, generoa hartzen da azterketa-kategoriatzat, «segregazio horizontala» —hau da, lanbideak sexuaren arabera banatzea— sustatuz. Hala, ugalketarekin eta zainketarekin zerikusia duten lanetara orientatzen dira neskak eta mutilak, berriz, ekoizpen-rolarekin zerikusia dutenetara. Sexuaren araberako orientazioaren eragina argi gelditzen da ikasketetan matrikulatzen diren neska-mutilen kopurua aztertuz gero. Izan ere, Osasun Zientziekin, Zientzia Sozial eta Juridikoekin eta Humanitateekin zerikusia duten ikasketetan emakumeak izaten dira nagusi, eta Zientziarekin eta Teknologiarekin zerikusia dutenetan, berriz, gizonak.

Espazioen antolaketaren eta mintzairaren bidez ere transmititzen da
Espazioaren antolaketan ere nabarmena da sexismoa. Izan ere, egoteko modu zehatzak sustatzen dituzten espazioak egoten dira eskoletan. Hala, espazio nagusian mutilak ibiltzen dira eta neskak, berriz, baztertuta egoten dira. Gainera, futbolean jolastu ahal izateko ekipamenduei baliabide gehiago eta espazio handiagoa eskaini ohi zaie beste jarduera ludiko batzuetarako espazioei baino.

Mintzairan ere sexismoa izaten da nagusi. Izan ere, gizonak eta emakumeak modu ezberdinean tratatu eta emakumezkoak gutxietsi egiten dira askotan mintzairaren bitartez. Hain zuzen ere, esaten denaren (emakumeen inguruko mezu gutxiesgarriak, kasu) eta esaten ez denaren (maskulinoa generikotzat hartu eta emakumezkoak aipatzen ez direnean, kasu) bidez. Esaterako, Euskal Herrian hitz egiten diren hiru hizkuntzetan maskulinoa erabiltzen da generiko gisa eta eskola askotan hori izaten da araua. Halaber, erabiltzen diren zenbait esaerak —«Neska batek bezala egiten duzu korrika!»—, txisteek, txantxek eta antzekoek emakumezkoak gutxiesten dituzte.

Generoaren arabera espektatibak desberdinak dira oraindik ere?
Bai. Lasaiak, txukunak, saiatuak, mendekoak eta beste izatea espero da neskengandik. Mutilengandik, berriz, independenteak, mugituak, indartsuak eta beste izatea. Izaera «domestikoa» duten jarduerak (esaterako, kideen zainketa edo gela txukuntzea) neskek haien gain hartzea espero izaten dute. Mutilengandik, berriz, matematika, gorputz-hezkuntzan eta antzekoetan emaitza onak lortzea.

Ezberdina izaten da neska-mutilekiko izaten den tratua. Neskengan pasibotasuna eta konformismoa sustatzeko joera izaten dute irakasleek, eta mutilengan, berriz, independentzia eta indibidualtasuna. Tolerantzia handia izaten dute mutilek izan dezaketen portaera desegokiarekiko (mikromatxismoak, kasu), naturaltzat hartzen dutelako. Gainera, garrantzia kentzen zaie «femeninoak» diren arazoei. Neskek emaitza hobeak dituztenean, jokabide-arrazoiak erabiltzen dituzte («ahalegin handiagoa egin dute»; «gehiago saiatu dira») haien lorpenak azaltzeko; mutilen kasuan, berriz, arrazoi intelektualak («adimentsuagoak dira»; «gaitasun handiagoak dituzte»).

Iraulpenaren araua aipatzen duzue zuek
Bai. Izan ere, ez da batere erraza izaten tratu-ezberdintasunak hautematea, generoaren ikusmolde estereotipatua oso barneratuta izatearen ondorioz «gure» egin baititugu genero-aginduak. Halakoetan, iraulpenaren araua lagungarri izan dakiguke. Oro har, emakumeak dauden tokian gizonak, edo gizonak dauden tokian emakumeak jartzeari dagokio inbertsioaren araua. Imajinatuko dugu gurekin dagoen haurra beste sexukoa dela eta aztertuko dugu ea harekiko dugun jokabidea berdina izango litzatekeen ala ez. Erantzuna baiezkoa bada, geuk aukeratutakoa izango da. Ezezkoa bada, jendartean dauden genero-aginduen araberakoa dela adieraziko luke. Halakoetan gure jokabidea aldatu beharko genuke gure nahien, usteen eta antzekoen araberakoa izan arte.

Buelta emateko hezkidetza beharrezkoa da. Zertaz ari gara hezkidetza aipatzerakoan?
Generoen arteko ezberdintasunak desagerrarazi eta gizonek eta emakumeek eskubide, aukera, tratu, betebehar, itxaropen, baliabide, kargu, espazio, denbora, eskaera eta antzeko berdinak izan ditzaten lortzea helburu duen hezkuntza-prozesuaz.

Eskola eremua landuko duzue ikastaroan, baina hezkidetzak prozesu integrala izan behar duela diozue
Generoaren ikusmolde estereotipatua eta sexista nagusiki sozializazio-eragileen bitartez bereganatzen da eta jai dugu eskolan hezkidetza sustatu eta familian, komunikabideetan eta, oro har, jendartean sexismoa transmititzen jarraitzen bada. Hala, uste dugu eskolan, familian, komunikabideetan, lan-eremuan, lagunartean eta bestelakoetan gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasuna sustatuko duten legedia, praktika sozialak, usteak, ohiturak, arauak eta antzekoak bultzatuko dituen politika integrala behar duela hezkidetzak.

Zein da ikastaroaren helburua?
Androzentrismoa gainditu eta hezkuntza-sisteman hezkidetza sustatze aldera egin beharko liratekeen aldaketen inguruan hausnartu eta eztabaidatzea da ikastaroaren helburu nagusia. Helburu nagusi hori lortzearren, zenbait helburu zehatz planteatzen ditugu. Hain zuzen ere curriculum formalean sexismoa transmititzen den moduez jabetzea, ezkutuko curriculumean sexismoa nola transmititzen den atzemateko gaitasuna eskuratzea, norberaren jokabidearen bitartez hezkidetza sustatzeko gaitasuna garatzea eta hezkidetza sustatze aldera, curriculum formalak eta ezkutukoak izan behar dituzten ezaugarriak ezagutzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

6 + 2 =