Julia Monge: “Emakumeak ‘eragile aktibo’ gisa ikusten baditugu, ekitatezko eredu baten alde egitea lortu daiteke”

Bakea gugandik eraikitzen. Egia, justizia, erreparazioa eta berriro ez errepikatzeko bermea jardunaldietan parte hartuko du Intxorta 1937 kultur elkarteko Julia Mongek. Itziar Salegirekin batera emakumeen begiradatik aztertuko du gaia eta emakumeen aurkako errepresioaren berezitasunak izango ditu mintzagai, besteak beste. 

juliaOroimen historikoak emakumeen begirada behar du derrigor.
Bai, noski. Beste eremuetan bezala emakumeen “agentzia eta presentzia” isilpean gelditu da. Prozesu historikoetan presente egon eta hauetan parte hartzeaz gain, historiografia tradizionaletik kanpo utzi dituzte emakumeak. Iraganaren ezagutza ezak emakumeak erreferente femeninoez gabetu ditu. Nortasun berri bat sortzeko, oroimena, ereduak eta adibideak behar dira, behar ditugu.

Emakumeak eurak ere askotan ez dira kontziente izan duten paperaz, ez diote behar duen garrantzia eman.
Hala da, gerra garaian egin zutenei buruz berba egiteko nahi dugula esaten diegunean sarri “geuk ezer ez” esaten digute eta aita, anaia, semeek egin zutena edo eurei egin zietena edo pasatu zaiena kontatzeko joera dute. Hau ez da kasualitatez, oso barneratuta dute (eta dugu) kontzeptu hau: Gizonen bizitzetako historia pertsonalak, taldeetan bizitakoekin lotura dutenez, hauek direla historia osatzen dutenak. Berriz, emakumeen bizitzetako historia pertsonalak dira (edo kontatzen dira), askotan bakarrik bizitakoak, epikarako biderik ematen ez dutenak, eta ondorioz historia osatzen ez dutenak.

Zenbat historia, istorio, kontakizun isilpean.
Zoritxarrez! Oroimenak kontatzeko, testuinguru sozial baten beharra dugu; testuinguru honen barruan gertaerak, lekuak eta pertsonak kokatzen dira; batzuk bazterretan gelditu dira edo garrantzirik gabeko kontakizun modura hartu dira, beraz, “oroimen pribatuen mundura” pasatu dira. Oroimen hauek isilarazi egiten dira testuinguru publikoan.

Muturreko pobrezia egoeran, amatasuna, ugalketa, egunerokotasunean bizirik irautea, ekonomia familiarra, zaintza lanen etika edota etxeko lanak betidanik egon dira politikaren logikatik kanpo, eta oraindik ere horrela jarraitzen dute. Hala ere, eta gizartearen garapena ulertzeko, alderdi guzti hauek konprenitu beharreko ezinbesteko elementu esanguratsu bilakatzen dira.

Jardunaldian emakumeen aurkako errepresioaren berezitasunak izango dituzue mintzagai. Zer da zehatz-mehatz landuko duzuena?
Errepresioak eta diktadurak eragin ezberdineko genero berezitasunak dakartzate. Izan ere, genero sistemaren posizio hierarkikoek Bizi-esperientzia eta Harreman sozial guztiz desberdinak dakartzate berekin. Bakoitzaren esperientziatik landu duguna partekatzea nahi dugu.

Zein da helburua?
Intxorta 1937 kultur elkarteko kideak 1936tik aurrera ematen den testuinguru historikoan emakumeek izan zuten zeregin aktiboa jasotzen ari gara. Gaur egun, 70 testigantza ditugu. Biktimak izan zirela argi utzita, urrunago goaz. Errealitate hau -gudu eremuaren, erbestearen, torturaren, espetxearen, errepresioaren eta bizi iraupenerako estrategien inguruko narrazio eta bizipenak- emakumezkoaren ikuspegitik antolatutako egitura sozialerako planteamendu, borroka eta aktibismoarekin lotu nahi dugu; “eragile aktibo” gisa ikusten baditugu emakumeak, ekitatezko eredu baten alde egitea lortu ahal dela pentsatzen dugulako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude