UEUk 2016/2017 ikasturtearen hasiera-ekitaldia egin du

Iñaki Alegria UEUko zuzendariak pasa den ikasturteko balorazioa egin eta aurtengoaren erronkak azaldu ditu.  Bere esanetan, aurreko ikasturtea “oso emankorra izan da alde akademikotik. Udan zein neguan izan da igoera hori, baina batez ere neguko ekitaldietan eta online arloan. Gainera, “joera hori, online modalitatean ematen dena, iraunkorra da azken urteetan”.

Lankidetza arloan ere ikasturte emankorra izan dela dio Alegriak. Aurretik zeuden hitzarmenei NUPekin lortutakoa gehitu zaielako. Erakunde publikoekin, aldundiekin eta udalekin ere bideratu dituzte proiektu berriak, baita bestelako eragileekin ere, Jakinekin kasu.

Hala ere ekoizpen zientifiko idatziaren aldetik ez da emankorra izan. Arlo horretan “ez dugu aurrera egiten” Alegriaren esanetan, baina “ez UEUn ez beste unibertsitateetan. Ingumaren datuek esaten digutenez, irakasle/ikerlari euskaldun gehiago egon arren euskarazko ekoizpen idatziak ez du aurrera egiten”. Egiturazko arazo bat dagoela dio.
Datorren ikasturtera begira hiru dira UEUren erronka nagusiak Iñaki Alegriaren hitzetan. Graduondokoetan eta masterretan eskaintza berriak lantzea, online aukera areagotuz; Iruñean egingo den 2. IkerGazte kongresuan lehenengoaren maila berdintzea eta, erronkarik handiena, online unibertsitatea martxan jartzea.

ikasturte-hasiera-1617a

Jarraian, Lorea Agirre Jakineko zuzendariak egin du sarrera hitzaldia “Egin izateko. Euskararen borroka feminista” izenburupean.  Egin izateko. Egiten duguna garela. Praktikak egiten gaituela. “Praktikatzen dugun aldiro gara euskaldun” zioen Agirrek. Euskararen borroka feminista zertarako? Gizartea eraldatzeko. Ahizpak izan arren, euskaltzaletasunak eta feminismoak “harrigarriki” bidean ez dutela topo egin zioen Agirrek, ez kalean ez administrazioan. Azken honetan biak bazterreko bulegoetan egon arren. Bazterrean egotea “oso leku ederra” den arren behin baino gehiagotan azpimarratu zuen legez.

Ahizpak direla euskaltzaletasuna eta feminismoa menderakuntza sistemak oso berdinak direlako leku guztietan. Subalternitatearen kontra borrokatzerakoan, gainerako subalternitateak kontuan hartzen direlako. “Angela Davis euskaltzalea da gu beltzak garen bezala” gaineratu zuen. Era berean, hizkuntzak ez direla neutroak gogorarazi zuen, hizkuntzak botere tresna direla. Eta hizkuntzek azala zuritzen duten legez belztu dezaketela.

Ahizpak. “Iruditeri kolektibo berri bat sortzeko” direla ahizpak dio Agirrek. Diskurtso berriak sortzeko. Identitatetik justizia sozialera salto egin beharra dagoelako. Hizkuntza bat edo beste erabili, edo emakumea jaio, leku jakin batean kokatzen zarelako, eta demokrazia kontua delako ez kontu pertsonala. “Pertsonala politikoa da” azken batean. Gainera, “identitateak eraiki eta deseraiki daitezke. Dena da eraikuntza bat”.

Generoaren eta euskararen hautuaren inguruan ere bada harremana Agirreren esanetan. Gune erabat euskaldunetan adibidez, emakumeek plazarako saltoa ematerakoan gaztelania aukeratu zutelako, prestigioa emango zien zerbaiten bila. Gaur egun emakumezkoak formaziora gehiago jotzen dute, gehiago eskatzen zaielako lan merkatuan eta, beraz, euskara ikasten ari direnak gehiago dira. Ama hizkuntza, amaren hizkuntzarekiko fideltasuna, eta genrroa eta hizkuntzaren arteko beste zenbait ohar egin ditu Agirrek.

Nor izateko eraldatu. Horretarako lehenengo pausua mina sentitzea dela argi du Agirrek. Norberarena edo bestearena. “Minik gabe badago praktikarik?”. Min horrek jakin-mina sortzen du, “zergatik sentitzen dut min hau?”. Jakin-min horrek jakitera garamatza eta jakiteak jabetzera, ahalduntzera eta azkenik boteretzera. “Kontzientziaziotik haratago doan zerbait da boteretzea”. Euskal hiztunak boteretzea behar du Agirreren esanetan. Eta berdin emakumeak. Era horretan, herritar gisa boteretzeko.

Traola honetan ekitaldiak eman zuena aurkituko duzue: #ueu1617

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude