Mikel Iruskieta:”Trebakuntza behar da; baita diziplina ezberdinetan aditua den euskal komunitatea ere”

Lehenengoz antolatu du UPV/EHUk, UEUk sustatuta, “IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan, etengabeko formakuntzan, eta hizkuntzen irakaskuntzan” graduondokoa. Berezko titulu berria bakarrik ez, “bakarra da arlo horretan euskaraz” Mikel Iruskieta UPV/EHUko irakasle eta graduondokoaren zuzendariak gogorarazi legez. Irailaren 22an amaituko da izena emateko epea.

iruskietaIKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan. Graduondoko berria da. Zein beharrizanei erantzuteko antolatu da?
Bai, berria eta bakarra da arlo horretan euskaraz, UEU eta UPV/EHUren lankidetzari esker. Sarri askotan aipatzen den beharra da aukera soziotekniko guztiak ez direla aprobetxatzen hezkuntzan edota etengabeko formakuntzan.

Behar horri lankidetzan erantzuteko eTwinning edota CLARIN europar proiektuak aipa daitezke, besteak beste. Hezkuntzan IKTekin ikaslea bere formakuntzaren protagonista egin daiteke, bere irakasleak eta lankideak aukeratu, bere burua edota lankideak ebaluatu eta lankidetzan akatsetatik ikasi.

Egia da hori guztia eginerrazagoa dela ezagun dugun arloan.

Zertan lagundu dezakete IKTek hezkuntzan? Eta zer esanik ez etengabeko formazioan edota hizkuntzen irakaskuntzan? Zein abantaila dakartzate?
IKTek lagun dezakete, bai. IKTekin aritzeak, esaterako, ikasleari moldagarritasuna (talde edo norbanakoaren izaera/egoera ezberdinetarako egokitzeko) eta aniztasuna (iturriak aukeratzeko/eraikitzeko askatasuna) ekar diezaioke. Horrez gain, norbere ikaskuntza edota irakaskuntza prozesua dokumentatzeko eta koaderno multimodala (testua, irudia, audioa edota bideoa) beste edonorekin partekatzeko aukerak ematen dizkio eta horrek norbere lana ezagutarazteaz gain, ikerketa edota norbere buruaren ebaluazioa egin ahal izatea ahalbideratzen du.

Hezkuntza eta etengabeko formazioa aldatu egin dira eremu batzuetan behintzat. Esaterako, IKTak erabiliz, nik ikasteko nituen muga batzuk hautsi ditut. Lehen, zerbait ikasteko, eskola batera joan behar izaten nuen eta lan-ordutegiarekin edota familiarekin hori egitea ezinezkoa egiten zitzaidan. Orain, ordea, IKTekin ordutegia eta erritmoa neuk jar dezaket eta ikasgaiak modu askotakoak (bideo edo audio bidez) dira, batzuk dohanekoak, gainera.

Eskolako lankideez gain, nork esango zidan beste lurralde eta hizkuntza batzuetakoekin lanean horren gustura arituko nintzenik: Kanada, Katalunia, Brasil, eta Txina, besteak beste. Batzuekin bost urteko lankidetzaren ondoren, elkartu izan naiz kongresuren batean. Horrelako lankidetzak pentsaezinak ziren orain dela 13 bat urte eta orain aukera ugari daude, gogor lan eginez gero.

Aukerak asko eta mundialak gainera; pentsa, beste adibide bat ekartzearren, 3 edo 5 urteko umeek euren ipuinak egin ditzakete, euren ahotsarekin, euren marrazkiekin guraso edota irakaslearen laguntzarekin. Gainera, egiten den guztia formatu anitzetan (testua, soinua edo bideoa) egin daiteke eta egiten den guztia dokumentatu. Hori oso garrantzitsua da, ez soilik ikuspegi pertsonaletik. Zer ez genuke emango gure amona edota aitite ipuinak kontatzen ikustearren. Irakasle bati (denbora izango balu eta murrizketarik ez balego) dokumentatutako corpus horrek ahalbidetzen dio egiten dena zehaztasunez ikertzea eta ebaluatzea. Ikasleak eta ikas-prozesuak horrela garrantzia gehiago hartu lezakete.

Baina aukerak bakarrik ez, arriskuak ere badira. Horiek ere aztertzea da zuen asmoa.
Bai, noski, arriskuak ere asko dira eta latzak. Horrelakoak gertatzen direnean ezin da ez ikusiarena egin. Horiei aurre nola egin jakin behar da; hobeto esanda, komeni da gertatu aurretik IKTekin nola jokatzen dugun guk eta nola jokatzen duten besteek aztertzea, eta jokabide horiek zein kalte egin diezaguketen ikustea. Batzuetan momentuan sarean egiten dugunak ez digu axola, baina gerora egindako zerbaitek kalte egin diezaguke. Halaber, IKTek adikzioak ere sor ditzakete; beraz, horrekin ere kontu handia izan behar da eta jakin behar da esku-hartzeak edota prebentzio programak egiten.

Baina ikuspegi kritikoa izateko, konpetentzia digitaletan trebatua izatea beharrezkoa da. Konpetentzia digitaletan trebakuntza nahikoa al dago?
Konpetentzia digitalak hainbeste dira eta nahiko berria da. Gainera, mundu digitalak daraman abiadurak ere arazoak ekar ditzake. Baina konpetentzia digitalak beste konpetentzia askorekin du lotura eta horietan ere gabeziak edo beharrak badaudela esango nuke. Esaterako, DIGCOMP proposamenean konpetentzia digitalak bost zutabe nagusitan sailkatzen dira: informazioa kudeatzea (modu kritikoan), komunikazioa (kultur artekoa ere), baliabide sorkuntza (ikus-entzunezkoak, besteak beste), segurtasuna eta arazoen soluzioa.

Trebakuntza behar da, lankidetza eta elkartasun gehiagoz, eta baita diziplina ezberdinetan aditua den euskal komunitatea ere.

Nori zuzenduta dago graduondoko hau?
Irakasten gogo berritzailearekin jardun nahi duen ororentzat izan daiteke egokia. Gehienbat unibertsitateko ikasketak (diplomatura eta graduatua) dituzten ikasleek ematen dute izena, baina hezkuntzan ari diren profesionalek ere asko ikas edo eskain dezakete. Izan ere, Berezko Titulua osatzen duten irakasleak unibertsitateko irakasle izateaz gain, hezkuntzan eta IKTekin lan egiten duten adituak dira, enpresa-mundukoak edota jendarteko eragileak.

Pertsonengan eta balioetan oinarrituriko ikaskuntza autonomo eta esanguratsua IKTekin eta modu birtualean nola gara daitekeen proposatu nahi duzue.
Bai proposatu eta arloan dabiltzan adituen lanak aurkeztuko ditugu. Baina asmoa ikaslearekin batera jardutea da eta elkarrekin egitea. Horretarako, hainbat jarduera eta tresna ezberdin diseinatu ditugu. Aritua ez denarentzat ere modulu oso bat izango dugu sarrera gisa, arazorik gabe graduondokoa egiteko.

Baten batzuk aipatzearren, ikasleek irakasle rola hartuko dute eta beste ikasle bat digitalki nola ebaluatu daitekeen ikasiko dute, IKTen arriskuei aurre egiteko esku-hartzeak proposatuko ditu, hizkuntza bat nola irakats daitekeen, materiala nola egin edota enpresetan nola jarduten duten ikusiko dute.

Azken batean, zein da graduondo honen helburu nagusia?
Graduondokoa bera erronka da guretzat eta irakasleak bere arloan espezialistak badira ere, beste arloetako irakasleekin lan egiteko eta ikasteko gogotsu dabiltza. Helburu nagusia da arlo ezberdinetako adituak eta ikasleak elkarrekin lanean jartzea online eta ikasleak honako gai hauetan aditu egitea: online irakaskuntza modu arrakastatsuan egiteko zer behar den eta nola ebaluatu jakitea, online komunikatzen edota hizkuntza bat irakasten jakitea, IKTek eskaintzen dituzten aukerak zein diren eta nola egin aurre sor litezkeen eragozpenei jakitea. Non? Ba, enpresetan, Lehen Hezkuntzan, DBHn, Lanbide Heziketan eta unibertsitatean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude